1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
309E/2024 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baita burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioa Tafallako udal-mugartean dago, eta haren titularra Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboa da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2250/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 462E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, ondoren, otsailaren 24ko 63E/2023 Ebazpenaren eta abuztuaren 25eko 295E/2023 Ebazpenaren bidez berrikusia, biak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarenak.
2019ko abenduaren 16an, titularrak laborategi akreditatuaren txostena aurkeztu zuen instalazioaren perimetroan jarduerak sortutako zarata-immisioen mailak neurtzearen inguruan. Txosten horretan ondorioztatzen denez, inmisioen balioak ez dira betetzen instalazioaren lurzatiaren iparraldeko hegalean, ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.
2020ko apirilaren 22an, titularrak ekintza-plan bat aurkeztu zuen jarduerak sortutako ingurumen zarataren mailak murrizteko, teknika erabilgarri onenetan oinarritutako neurri zuzentzaileak aplikatzearen bidez.
2023ko apirilaren 17an, titularrak berriro aurkeztu zuen zarata immisioen mailak neurtzeari buruzko laborategi akreditatuaren txosten bat. Txosten horretan ikusten da balio horiek nabarmen hobetu direla neurri zuzentzaileak aplikatzearen ondorioz, baina ez dira bete ingurumen baimen integratuan ezarritako immisioko muga-balioak.
2024ko urtarrilaren 24an, titularrari eskatu zitzaion txosten bat bidaltzeko, ez-betetzearen arrazoiak ebaluatzeko, eta, inpaktu akustikoa murrizteko ezintasuna justifikatzekotan, instalazioaren ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatzeko.
2024ko martxoaren 21ean, titularrak egiaztagiriak aurkeztu zituen, egiaztatzeko instalazioak jada ezin duela lortu immisio akustikoaren maila gehiago murriztea, hori teknika erabilgarri onenak aplikatzeari esker. Dokumentu horretan azpimarratzen da neurri zuzentzaileak aplikatuta zaraten immisio balioak nabarmen murriztu direla, bai eta ez-betetzea gertatzen den puntuak autobidetik hurbil dagoen eremu huts batekin muga egiten duela ere; izan ere, eremu horretan ez dago arrazoi horrengatiko kexarik, ezta salaketarik ere.
Gainera, azterketa akustikotik ondorioztatzen da ezin direla aplikatu teknika berri erabilgarri onenak, teknikoki zein ekonomikoki hobeak eta, beraz, ez da bidezkoa hobekuntza akustikoko plan berri bat prestatzea.
Horregatik, instalazioaren titularrak eskatu du ingurumen baimen integratuan ezarritako zarata-immisioen muga-balioak alda daitezen instalazioaren lurzatiaren iparraldeko hegalean, ezarrita gera daitezen azterketa akustikoaren emaitzen eta ondorioen arabera.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Tafallako udal-mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboa da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboari eta Tafallako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko uztailaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2411275