Iragarkia
168. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
624E/2024 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Landabengo eta Aratzuri-Orkoiengo industrialdeen arteko trenbidearen oinarrizko proiektuaren gainean; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak (Lurralde Kohesiorako Departamentua) sustatu du proiektua.
2023ko azaroaren 28an, Nafarroako Gobernuaren Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7. taldeko c) apartatuan jasotzen da, eta, beraz, hartan xedatuaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatu behar zaio.
Proiektuaren xedea Adif-en Interes Orokorreko Trenbide Sareko (RFIG) Altsasu-Castejon Ebro 710 linearen saihesbide bat definitzea da, 176/181 km bitarteko tartean, Iruñeko geltokiaren inguruan. Saihesbidean eginen den 3,5 km-ko zati berriak Landabengo industrialdearen ingurabidea ekarriko du.
I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen agiriaren alderik aipagarrienak.
Aurrekariak.
Proiektuaren aurrekaria «Landabengo eremuan trenbidea erabiltzeko alternatiben azterlanaren» 2A-2B soluzioa da, 2012ko uztailean idatzi zena Nafarroako Gobernuarentzat. Departamentu honetan ez dago proiektu honen ingurumen izapiderik.
Beste alde batetik, jendaurrean jarri berri den «Iruñerriko mugako informazio azterlanak» (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 77. zk., 2023ko martxoaren 31koa), zeinaren gainean iritzia eman baitu administrazio honek ukituriko administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean, beste jarduketa batzuen artean, «Iruñeko trenbide begizta» kentzea dakar, bi proiektu horiek modu bateraezinean koordinatzeko beharra dakarrelako. Horren ondorioz, beharrezkoa da bi proiektuak koordinatzea, elkarren arteko interferentziarik gerta ez dadin, denboran eta espazioan bateragarriak izanen diren azpiegiturak aurreikusiz.
Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, 2023ko abenduaren 5ean, kontsultak egin zitzaizkien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zitzaien trazadurak berak, instalazio osagarriek, maileguek eta lur soberakinen andelek ukituriko udalei. Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultak
Erantzunak jasotzeko epea amaitu ondoren, Etxauri, Itza, Galar eta Oltza Zendeako Udalen txostenak, Iruñerriko Mankomunitatearen txostenak (bi txosten), Arrantza Kudeaketarako Atalaren eta Plangintza eta Udalez gaindiko Proiektuen Atalaren txostenak jaso ziren. Txosten horien ingurumen alderdiak kontuan hartu dira espedientearen azterketa teknikoan. Kontsultatutako guztien zerrenda eta jasotako txostenen edukiaren laburpena ingurumen eraginaren txosten honen III. eranskinean ageri dira.
Proiektuaren analisi teknikoa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan harturik.
Proiektua Iruñeko hiri eta industria aglomerazioaren hego-mendebaldean garatzen da. Proiektatzen den trenbide saihesbideari esker, egungo trenbide linea (710 Altsasu-Castejon Ebro linea), ez da gurutzatuko Landabengo industrialdean barrena, Volkswagen lantegiaren parean. Automobilgintzako enpresa talde horrek adierazitako beharrak direla-eta, bide konbentzionalaren trazadura aldatu egin behar da epe laburrean, modu horretan, lantegia modernizatzeko azalera nahikoa izan ahal izateko.
Trenbide linea berriaren ibilbidea baldintzatuta dago, hasierako eta amaierako puntuetan lotzen den Castejon-Altsasu trenbideaz gainera, Elortz eta Arga ibaien eta horien uholde lautaden ondorioz, bai eta Landabengo industrialdeko bideen ondorioz ere (batez ere PA-30 errepidea).
Proiektatu den trenbide saihesbideak, hasiera batean, lehorreko lurretan barna eginen du ibilbidea, Barañaingo herriaren hego-mendebaldean. Azken zatian, trenbidearen gaineko pasabide berri batetik, korridore bat dago Landabengo industrialdearen ipar-mendebaldeko mugaren eta Aratzuri-Orkoiengo industrialdearen hegoaldearen artean, eta amaierako puntuan Iruñera iristen da, PA-30 errepidea gurutzatu ondoren, bigarren pasabide baten azpitik.
Oinarrizko proiektuarekin batera doan ingurumen agiriak alternatiben azterketa bat egiten du, eta baztertu egiten du 0 alternatiba, onartezina izateagatik, Volkswagen Nafarroako lantegiaren hedapenerako mugak daudelako. 2A-2B alternatiba hautatu da «Landabengo eremuan trenbidez sartzeko alternatiben azterketan», eta, hura aukeratzeko, irizpide hauek hartu dira kontuan, besteak beste: eraginkortasun teknikoa, Iruñerriko informazio azterlaneko korridorearekin koordinatzeko beharra eta Arga ibaiaren gaineko eragina murriztea.
Trenbide berriaren trazaduran, 3,5 km-tan, ia ez da ingurumen baliorik aintzatesten, Arga eta Elortz ibaietan daudenak izan ezik. Ibai horiek, proiektuaren eremuan, kontserbazio egoera ezin hobean dauden ibaiertzeko basoak dituzte ondoan, industrialde batetik, A-15 autobiatik eta PA-30 errepidetik hurbil egonagatik ere.
Trenbidearen bide berriak Elortz ibaiaren bokaletik gora zeharkatzen du Arga ibaia, eskuinaldetik, PA-30 errepideko zubiaren azpitik, eta Iruñerriko Trenbide Sarearen Informazio Azterlanaren Prestazio Handiko Lerroaren trazadura bera aprobetxatuz. 450 m-ko luzera duen biaduktu bat diseinatu da, honako kilometro puntu hauen artean: 0+480 - 0+920; baina eragin zuzena izanen dute ibai horietan eta ibaiertzetan 0+600 eta 0+750 kilometro puntuen artean; 11 pilare, horietako bi, P4 eta P5, ibaiertzetan egin beharrekoak, eta zehazki, azken hori ia ibilguan eginen da, eta galibo altuera 3,0 ingurukoa izanen da Argaren ibai pasealekuarekin gurutzatzen den eremuan eta PA-30 errepidearen azpian.
Ingurumen agiriak, Arga ibaiaren tarte horretan, 30 m inguruko zabalera duen ibarbaso bat deskribatzen du, trinkoa (zuhaitz estalduraren ehunekoa %40-50 ingurukoa da) eta espezieen osaera mistoa duena: sahatsa (Salix sp.) eta makala (Populus nigra eta Populus sp.), lizar batzuk (Fraxinus excelsior), haltzak (Alnus glutinosa), ugariagoak Elortz ibaiaren ertzetan, astigarrak (Acer campestre eta Acer pseudoplatanus) eta zumar gazteak (Ulmus minor), beren zuhaixka orlarekin. Ez da identifikatu Natura Habitaten eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskineko intereseko habitatik.
Egiturak tarte horretan duen eragina nabarmena da, salbu eta lehendik dagoen biaduktuaren azpiko ibilbidean, hor ia ez baita landarerik hazten; eta are nabarmenagoa da kontuan hartzen badugu biaduktuak altuera txikia duela lurraren kota naturalaren gainean. P3-P4 eta P6-P7 pilareen arteko ibaiertzetako eragin eremua 2500-3000 m² inguru dela zenbatetsi da, belar sastrakak kentzeagatik, lurrak mugitzeagatik, makinak igarotzeagatik eta abarrengatik. Azalera horri ondoan kokatzen diren obra instalazio laguntzaileek duten aldi baterako okupazioa gehitu beharko zaio. Bestalde, biaduktu berriaren galibo altuera txikia dela-eta, ez da argirik sartuko taularen azpian, eta, horregatik, obrak amaitutakoan, zaila izanen da ibaiertzak behar bezala birlandatzea. Bestetik, kontuan izan behar da Arga ibaiaren gaineko biaduktuaren gurutzaketa tangentziala dela-eta, metro gutxiren buruan, ibaiertzetik urrundu eta ingurumen balio nabarmenik gabeko soro batean sartzen dela.
Faunaren gaineko eraginei dagokienez, obrekin bat datozen ibai tarteak eskualde ziprinikolaren barruan daude, eta, horretan, ingurumen agiriak adierazten duen bezala, zenbait espezie daudela jasota dago, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola) eta miru gorria (Milvus milvus), hots, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan galzoriko gisa katalogatutako espezieak (https://www.boe.es/buscar/pdf/2011/BOE-A-2011-3582-consolidado.pdf). Zerrendatutako beste espezie batzuen presentzia ere ezaguna da: apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis), baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina, kaltebera), martin arrantzalea (Alcedo atthis), igaraba paleartikoa (Lutra lutra), eta abar, bai eta kastorea ere (Castor fiber), hots, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan zerrendatutako espeziea, Iruñerriko Mankomunitatearen txostenak adierazten duen bezala.
Arga ibaiaren inguruko lanek, P4 eta P5 pilareei dagokienez, ibilgua ukituko dute, batez ere P5 pilarea. Hori dela eta, zapatak zimendatzeko lanetan urik ez sartzea bermatzen duten eraikuntza metodoak erabili beharko dira, bai eta uretara nahi gabe hormigoia isurtzeko arriskua minimizatzen dutenak ere, horrek ibaiko uretako faunan oso ondorio negatiboak eraginen bailituzke. Eraikuntza proiektuak azpiegitura hori egiteko azken diseinua eta eraikuntza metodoa zehaztu beharko ditu, obra osagarriak barne, kontuan hartuta ahalik eta azalera gutxien okupatzea eta Arga ibaiaren ibilguari eta urei ahalik eta kalte gutxien eragitea.
Adierazi den bezala, biaduktu berriak oso hurbiletik eta paraleloan zeharkatzen du etorkizuneko Prestazio Handiko Lerroaren trazadura. Horren ondorioz, eragin sinergiko eta metagarri oso esanguratsuak sortuko dira, eta, ondorioz, habitat galera are handiagoa izanen da fauna espezieentzat, habitataren zatiketa areagotuko da (ibai korridorea) eta zarata eta asaldatze mailak areagotu eginen dira.
Ingurumen agiriak zenbait babes neurri jasotzen ditu, hemen adierazitako zenbait ondorio minimizatze aldera, hala nola enborretarako zurezko babesgarriak instalatzea eta obra eremua hesi zurrun eta ikusgarri batekin mugatzea; obra egutegiak ezartzea, fauna babesteko; hegaztien talken aurkako pantailak instalatzea biaduktu berrian; ezpondetan hidroereintzaren bidez birlandatzea; eta ibaiertzetan, biaduktuaren taularen azpian, landaketak egitea, ibilguak gurutzatzen diren gunean eta pilare eta estribuen zapaten okupazio azaleraren inguruan.
Gainazaleko uren gaineko eraginari dagokionez, biaduktuaren gurutzagunearen hedadura ibai jabariaren gainean oso zabala denez, ezinbestekoa da hor hainbat pilare jartzea, Iruñerriko Prestazio Handiko Lineako biaduktua eraikitzearen ondorioz neurri handiagoan gertatuko denaren antzera. Uholde lautadan eta lehentasunezko fluxu eremuan izanen diren ukipenek Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldeko txostena beharko dute. Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, drainatze neurrien diseinuak, bai zeharkakoak, bai luzetarakoak, zuzeneko eragina izateko arriskua arinduko du, bai azpiegituran, bai hirugarrenei eragindako kaltean. Horretarako, biaduktu berriarekin batera doazen lubeta iragazkorrak edo harbetadun drainatzaileak diseinatuko dira, 0,5 m-ko kotaraino, Q500-entzat urpean geratzen ahal den altueratik gora.
Halaber, lanak egiten diren bitartean, inausketa hondakinen ondoriozko sedimentuetatik babesteko hesiak jartzea aurreikusten da, ibai ibilguaren ertzetan edo zapaten inguruan materialak arrastatzea saihesteko, horrek ibaietako uraren kalitateari kalte eginen liokeelako.
Erliebearen aldaketari dagokionez, trenbidea hego-mendebaldetik ipar-ekialdera zuzentzen duen bihurgune tartetik (1+500 kilometro puntua) proiektuaren ia amaieraraino, trazadurak ez du %15,9ko malda baino jasaten, eta Landabengo industrialdean dagoen egungo lur erauzketa (berma eta zati bat gunitatuta) handituz eta azken zatian lubaki handi bat (18 m-ko altuera) sortuz garatzen da. Tarte horretan egindako lanen ondorioz, 300.000 m³-tik gorako hondeaketa materialaren soberakinak lortu dira.
Ingurumen agiriak jasotzen duenez, izapidetzen ari diren trenbideko biaduktu berriak zuzenean eragiten dio IGMEren (2022) inbentarioko PS026 «Iruñeko Arga ibaiaren meandroak eta terrazak» interes geologikoko lekuari. Obrek eremu horretan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten, biaduktuaren pilareak mugatik aldentzea komeni zen, batez ere P4 eta P5 pilareak. Aurreko kasuan bezalaxe, teknikoki ezinezkoa izateagatik, ez da posible neurri hori hartzea.
Ondare kulturalari dagokionez, ingurumen dokumentazioan ez da jasotzen trenbidearen trazadurak zuzenean eragindako aztarnategi arkeologikorik, ezta indusketako soberakinak gordetzeko eremuetan eta maileguetarako erabiltzen diren azaleretan ere. Gertu geratuko lirateke Ultzaispea eta Sadar ibaiko aztarnategiak. Horri dagokionez, adierazi behar da Itzako Udalak aztarnategi arkeologiko bat aurkitu duela P1 maileguaren lurzatietan.
Ingurumen agirian jasotakoarekin bat etorriz, Ardoiko harrobietako hobia (trazadurarekin bat datorrena) eta Beriaingo hobia (Getzeko hondeaketa materiala gordetzeko tokiaren ondoan dagoena) memoria historikoko tokiak ukiturik geratzen ahal dira. Azken kasu horretan, sarbide osagarriak zuzenean okupatzeagatik hartu beharreko prebentzio neurriekin, ez litzateke eraginik izanen. Azkenik, Leteko harrobirako proposatu den hondeaketa materialaren biltegia Iharteko monasterioko kultura intereseko ondasunaren inguruan dagoela adierazten da.
Obrek iraun bitartean eta, neurri txikiagoan, ustiatu bitartean, zarataren eragina nabarmena izanen da, bai trenbidean bertan, bai proposatutako mailegu eremuan, Zuastiko urbanizazioaren inguruan. Hala ere, eragin hori mugatu egiten da denboran, eta eragin zuzenak izanen ditu. Nolanahi ere, eremurik sentikorrenak, katalogatutako fauna dutenak (obran parte hartzen duten bi ibaien ertzak) eta olgeta eta bizitegi erabilera dutenak dira.
Ingurumen agiriak eragin «larria» aitortzen du, proiektuak Iruñerriko Ibai Parkean duen erasana dela-eta. Iruñerriko Mankomunitateak halaxe berresten du ukituriko administrazio publikoei kontsulta egiteko izapideari dagokion erantzunaren txostenean. Biaduktua 3,0 m eta 3,22 m arteko altueran dago, eta ibaiaren pasealekua 0+760-0+780 kilometro puntutik igarotzen da. Bidearen zati horri dagozkion azalerak zabaldu eginen dira, baldin eta, gainera, kontuan hartzen bada bideko tarte horren inguruan aldi baterako zein behin betiko egonen diren obrako azalera osagarrien okupazioa. Obrak egiten diren bitartean, erabiltzaileek bidea erabili ahal izan dezaten konpromisoa hartzen du proiektuak, bai eta behin mantentze lanak eginda daudenean ere.
Proiektuaren eragin positibo gisa ondorioztatzen da planteatzen den proposamenak hobetu egiten dituela Volkswagen Nafarroako lantegiaren baldintza espazialak, eta aukera ematen duela haren instalazioak handitzeko eta modernizatzeko (automobilgintzako eredu efizienteagoak eta jasangarriagoak fabrikatzera bideratutako jarduerak). Horrek garapen industrial eta sozioekonomiko handiagoa ekarriko dio ingurune osoari.
Hondeaketa soberakinen maileguen eta deposituen ingurumen azterketa.
Lur mugimenduei dagokienez, proiektuaren egungo fasean (oinarrizko proiektua) eta, atariko zenbatespen gisa, lurren balantzeari buruzko gutxi beherako datu hauek aurkezten dira:
–Obrara hornitu beharreko bolumena: harrobia/pikor hobia: 66.358 m³; eta mailegua: 25.906 m³.
–Material soberakinak: 305.868,2 m³.
Zuastin mailegu eremu bakarra proiektatu da, etxebizitzetatik oso hurbil (1. mailegua), 3. industrialdeko 11., 12., 14. eta 15. lurzatietan (50.000 m³). Obrara arteko distantzia 7-8 km-koa izanen da, eta hondeaketa materiala gordetzeko ere erabiliko da. Ingurumen agiriaren arabera, eremu horretako eragina zeharkakoa da, eta gutxieneko magnitudekoa; beraz, Nulua dela jo da. Itzako Udalak jotzen du eremu horrek udalerriko hiri lurzoruaren garapen eredua mugatu egiten duela, eta herritarrei eragin ahal zaizkien eragozpenak jasotzen ditu.
Kontsulten izapidean jasotako txostenak aintzat hartuta, eragin horiek minimizatze aldera, eraikuntza proiektuak eragin txikiagoa duten hondeaketa materialak mailegatzeko eta gordetzeko beste eremu batzuk aurkitzea gomendatzen da. Eremu horiek landare estalki naturalik gabeko lurzoruetan kokatuko dira nagusiki, urpean geratzen ahal diren eta lehentasunezko fluxua duten eremuetatik kanpo, eta jendea bizi den guneetatik urrun.
Hondeaketa soberakinen biltegi gisa, eremu degradatuak proposatzen dira, hala nola Potasaseko meatze ustiategi zaharreko hondakindegiak, zehazki, Olatz Nagusiko hondakindegia eta Getzeko Lautadako (Getzeko Morea) industrialdeko hondakindegia. Biak ala biak, ingurumen agiriko ondorioen arabera, erabilera probabilitate txikia dute, haien tamainagatik eta distantziagatik. Horri Galar Zendeako Udalak bidali duen txostenaren kontrako iritziak gehitu behar zaizkio. Izan ere, txosten horretan, besteak beste, argudiatzen da bigarren guneak baduela jada erabilera bat esleituta. Gainera, jarduerarik gabeko Etxauriko harrobia (ingurumen agiriaren arabera, ez da lehentasunezkoa) eta Leteko harrobia hautatu dira, baita Alaitz mendilerroko harrobi aktiboak ere (azken aukera hori ere ez da onartu). Azkenik, Landabengo industrialdean bertan lurrak isurtzeko aukera kontuan hartzen da.
Etxauriko harrobi abandonatua paisaia babestu berezi baten barruan dago. Paisaia hori LAP3 eremu nagusian dago aitortuta, PN9-Paisaia eranskinean. Hala ere, kasu horretan, harrobia betetzeak ingurumenean eta paisaian integratzea eragiten ahal du (eragin positiboa). Hala ere, gunearen berezitasuna dela eta, berariazko leheneratze proiektu bat izan behar da, izapidetzen ari den proiektuaren helburuez gaindikoa.
Leteko harrobian dagoen hondeaketa materialaren biltegia, leheneratze bidean dena, bat dator Iharteko monasterioaren babes perimetroarekin, lehen aipatu den bezala; beraz, kultura intereseko ondasun honen ingurune babestuan egiten den edozein jarduketa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren koordinaziopean egin beharko da. Puntu horretan, halaber, «Ofita triasiko-jurasikoak, euskal kantauriar eremukoak. Leteko harrobia» Interes Geologikoko Lekuari eraginen zaio. Kasu horretan, espazioa leheneratzeko lanekin jarraitzeak lagundu egiten du eremua Interes Geologikoko Lekutzat izendatzea ekarri duten balioak babesten.
Hondakinen Atalak, ukituriko administrazio publikoei egindako kontsulten izapideei erantzuteko txostenean, adierazten du hondeatutako lurzoruei dagokienez, erauzitako tokian edo obran beren egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen ez badira –izapidetzen ari den proiektuaren kasuan bezala–, apirilaren 8ko 7/2022 Legea aplikatu behar zaiela, eta hasierako ekoizleak edo edukitzaileak ezarritako prozeduren bidez bermatu behar dutela tratamendu egokia izanen dutela, baimendutako erakunde baten eskutik.
Proiektu honetan, leheneratze, egokitze edo betetze jardueretan hondeatutako lurzoruen kanpo kudeaketa egiten da. Hondakinen Atalak jakinarazten du eragiketa hori R0508, R1001 edo R1002 erakunde baimendu batek egin beharko duela, baimen eta komunikazio horietarako ezartzen diren mugekin eta komunikazio mekanismoarekin. Gainera, jakinarazten da helmugako kokalekuak dagozkion baimenak izan behar dituela, kalifikazioen arabera, eta, era berean, nabarmendu behar dira kudeaketa mota hori gauzatzeko ezartzen diren mugak, kutsatzen ahal duten jarduerak izan dituzten kokalekuetatik datozen lurzoruen kasuan.
Aurreko guztia ikusita, kontsulten emaitzak kontuan hartuta, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrainen Kudeaketaren Zerbitzuak jotzen du Landabengo eta Aratzuri-Orkoiengo (Nafarroa) industrialdeen arteko trenbidearen oinarrizko proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako jarraibideak aplikatzen badira, bereziki, eragindako ibaien, ibai parkearen, uholde lautaden eta lehentasunezko fluxu eremuen biodibertsitatearen gaineko eraginak minimizatzera, leheneratzera eta konpentsatzera bideratutakoak.
Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),
EBAZTEN DUT:
1. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak (Lurralde Kohesiorako Departamentua) sustatutako Landabengo eta Aratzuri-Orkoiengo industrialdeen arteko trenbidearen oinarrizko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
2. Nolanahi ere, baimentzeko, honako neurri hauek hartu beharko dira, bestela ingurumenerako ondorio kaltegarri nabarmenak ekartzen ahal dituztenak prebenitzeko:
1.–Sistema hidrologikoa babestea.
–Berariaz debekatuta dago ibai ibilguan eta ibaiertzetan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak, erretxinak, pinturak, morteroak edo hormigoia. Substantzia fresko horiek uretara iristeak berehala akabatzen du arrain fauna.
–Zeharkako edo luzetarako drainatze obren dimentsionamenduak azaleko urek behar bezala funtzionatuko dutela eta Arga eta Elortz ibaien sistema hidrologikoa egoki husten dela zainduko du.
–Ingurumen eraginaren azterketan adierazi bezala, solidoak atxikitzeko barrerak, dekantazio istilak edo beste dispositibo batzuk, hormigoizko upelak garbitzeko sistemak, makineriako parkeen iragazgaiztasuna eta abar instalatuko dira, solidoak ukituriko ibaibideetara arrastatzea ekidin ahal izateko.
–Obran erabiliko diren bideek, baldin eta ukituriko ur ibilguak igaro behar badituzte, egitura osagarriak (ur-agorrak, hodiak...) instalatzea aurreikusi beharko dute, haien funtzionamendu hidrologikoa bermatzeko eta urak uhertzea saihesteko. Horren harira, ubideen gaineko sakanguneen aurrean egitura finkoak (markoak edo drainatze hodiak) dituzten ibiak gomendatzen dira.
–Pentsatzekoa den arren Arga ibaiaren ibilguan eginen diren obrek urtebetetik gora iraunen dutela, ubidetik gertu dauden pilareen indusketa eta zimenduak agorraldi garaiarekin bat etorrarazten saiatu beharko da.
2.–Landaredia eta fauna babestea.
–Obrak hasi aurretik, batez ere ugalketa sasoia bada (martxoaren hasieratik abuztuaren amaierara bitartean), faunaren laginketa eginen da Arga eta Elortz ibaietan eragina jasaten duten ibaiertzetako tarteetan. Lagindu beharreko espezieak, gutxienez, honako hauek izanen dira: baso-igel jauzkaria, apoarmatu istilzalea, miru gorria, kiropteroak, bisoi europarra, kastorea eta igaraba. Espezie horietakoren bat egonez gero, ingurumen administrazio honi jakinaraziko zaio, hemen proposatutako neurriez gain beste batzuk ere har ditzan, espezieak behar bezala babesteko.
–Obrak egiteko ezinbestekoa den ibaiertzeko landaretza baino ez da kenduko. 15 cm-tik gorako diametroa duten zuhaitzak mozteko, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinarazi beharko zaio, egokitzat jotzen dituen aleak marka ditzan. Ez da kenduko aipatutako zerbitzuak aldez aurretik markatzen ez dituen zuhaitzak.
–Lanerako kalea behar bezala balizatuta geratuko da, ongi ikusteko moduko sistemekin, eta zuhaitz ale sendoen enborrak zurezko taulen edo antzeko babes sistemen bidez babestuta egonen dira.
–Haltzei (Alnus glutinosa) ez eragiten saiatu behar da beti. Ibaiertzeko landaredia inausteari emanen zaio lehentasuna, erabat kendu beharrean. Landaredia mozteko, motozerra erabiliko da, eta mozketa garbiak eginen dira. Apeoak ubidera ez erortzeko moduan zuzendu beharko dira. Atzerakako hondeamakinaren burruntzalia ez da inola ere erabiliko zeregin horretarako.
–Landare hondakinak zatitu eta ibai ingurunetik kendu beharko dira. Horiek egur gisa erabiltzen ahalko dira, eta, bestela, erauzitako gainerako materialekin batera, hondakinen kudeatzaile baimendu batek eraman beharko ditu, araudian bertan ezarritako baldintzetan.
–Obrako instalazio osagarri iraunkorren eremuak, ZIA 1 eta 2 proiektuan, Arga eta Elortz ibaien ertzetatik urrunduko dira, eta uholdeak maiz gertatzen diren eremutik kanpo kokatuko dira (errepikatze denbora: T=50).
–Obratik datozen materialak ubidera edo ibaiertzeko basora erortzea saihestuko da. Horretarako, egoera hori saihesteko neurri egokiak hartu beharko dira. Halakorik gertatuz gero, ahalik eta azkarren erretiratu beharko dira.
–Eraikuntza uraren mugan edo ur barruan egin behar bada, makineria sartu eta/edo hormigoia erabili aurretik:
- Lehorrean lan eginen da hormigoia erabiltzen den guztietan.
- Sustatzaileak arrain fauna erretiratzeko lanak eginen ditu, eta arrantza elektrikoaren teknikan espezializatutako enpresa bati enkargatuko dizkio.
Enpresako langileek eginen dituzte lanak, eta Ingurumen Zaintzako langileek gainbegiratuko dituzte.
–Ingurumen agiriak adierazten duenez, ingurumen administrazio eskudunak geldialdi biologikoetarako egutegiei buruz xedatutakoa beteko da. Horri dagokionez honako hau adierazten da:
- Ur ibilgua ukitzen duten lanak uztailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira, ziprinidoen ugalketa aldia ez oztopatzeko.
- Bisoien gaineko erasan posibleei dagokienez, espeziearen hazkuntza aldian (apirilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean) saihestu egin behar dira espezieari eragiten ahal dioten jarduerak oro har. Horretarako, honako kasu hauek hartu behar dira kontuan:
- Jarduerak landaredia dagoen gune jakin batzuetan egiten badira, eta horietan sastrakak kendu behar badira jarduerak gauzatzeko, jarduketaren xede den eremuan aldez aurretik sastrakak garbitzen ahalko dira apirilaren 1a baino lehen. Modu horretan, ez dute hazkuntzarako gordelekurik ezarriko, landarerik ez egoteagatik. Hartara, gainerako jarduerak egiten ahalko dira hazkuntza aldian.
- Aldez aurretik sasiak kendu beharrik ez dagoen jardueretan edo apirilaren 1a baino lehen belar sastrakak garbitzea ezinezkoa denean eta jarduketei ekin behar zaienean, lanak hazkuntza aldian egiten ahalko dira, betiere langile espezializatuek ingurumen zaintza egiten badute eta egiaztatzen bada ez dagoela gordelekurik edo biao lekurik jarduketaren eremuan.
–Ahal den guztietan, obrako sarbideetarako, obraren traza bera eta lehendik dauden bideak erabiliko dira.
–Izapidetzen ari den azpiegitura eraikitzeko proiektua gauzatzeak baso azaleran izanen duen eragina dela eta, eraikuntza proiektuak antzeko ezaugarriak dituen inguruan kaltetutako azalera baino txikiagoa ez den baso berritzea jaso beharko du.
–Ingurumen agiriak adierazten duen bezala, eraikuntza proiektuak kontuan hartuko du katenariaren zutoin irekiak, sareta zutoinak eta hegaztien talken aurkako pantaila instalatzea proiektatutako biaduktuan.
–Oro har, proiektatzen diren eta eraikuntza proiektuan sartzen diren egituretarako, faunaren azpiko pasabide (zeharkako drainatze obra) gisa funtzionatzen ahal badute eta ura zirkulatzen badute, 50 cm-ko pasabide lehorrak eta zoru zimurtsukoak jarriko dira, eta horiek ibaiertzetatik hurbil konektatuko dira haiekin, uretan gora eta uretan behera, malda leuneko (30º baino gutxiago) arrapalen bidez. Onena harrizko enkatxoz egitea litzateke, eta, beharrezkoa izanez gero, igarobide mailakatuak eginen dira: bi igarobide lehor paraleloan, baina maila desberdinetan. Trazaduraren sestrak aukera ematen duen guztietan, gutxienez 2,5 m-ko diametroko drainatze egokituak erabiliko dira, eta ez da material metalikorik erabiliko. Halaber, luzetarako drainaduretan, arrapala zimurtsuak jarriko dira areketan eta kutxatiletan.
–Norabide bakoitzean ihes egitura bana eraikiko da, 1+240 eta 1+600 kilometro puntuen artean. Kontuan eduki beharko da, hesiaren muturreko garaierara iristeko, arrapalen malda ezin dela izan 45º-tik gorakoa, animalientzat erabilgarriak eta erakargarriak izanen badira.
3.–Proiektuaren ingurumen integrazioa.
–Obrek ukitzen ahal duten landare lurra berreskuratu eginen da, gero leheneratze lanetan erabiltzeko. Lur pilaketak horretarako berariaz jarritako azaleretan pilatuko dira, edo trazan zehar, 2 m baino gehiagoko altuera izanen ez duten piloetan, trinkotu ez daitezen. Emankortasun baldintzak mantentzeko, erein, ureztatu eta ongarritu eginen dira aldian behin.
–Eraikuntza proiektuak teknikari eskudunak sinatutako birlandatze proiektu bat izanen du. Proiektu horrek, ingurumen agirian aurreikusitako neurriak (hidroereintzak eta landaketak) integratzeaz gain, honako hauek ere izan beharko ditu kontuan:
- Eraikuntza lanak eta landaretza berritzeko lanak ongi programatzea, halako moldez non azken horiek mailaka egin daitezen obra zibilaren akaberak egin ondoren.
- Ukituriko lubeten edo eremu lauen zuhaitz eta zuhaixken landaketetan, eremuko landaredi potentzialaren serieko espezieak erabiliko dira: Harizti pubeszenteen Pirinioetako mendebaldeko eta Nafarroako eta Arabako seriea (Roso arvensis - Querco pubescentis S): Quercus pubescens, Acer campestre, Acer pseudoplatanus, Cornus sanguínea, Viburnum lantana, Lonycera etrusca Rosa sp, Ligustrum vulgare, Crataegus monogyna edo Prunus spinosa, besteak beste.
- Hidroereiterako belar eta zuhaixka espezieen hazien nahasketa bat etorriko da honako konposizio honekin edo antzekoarekin: belar hazien nahasketa: Lolium perenne, %15; Festuca rubra, %10; Poa pratensis, %10; Medicago sativa, %25; Medicago lupulina, %10; Lotus corniculatis, %10; Trifolium fragiferum, %5; Onobrychis viciefolia, %10; Sanguisorba minor, %5; zuhaitz eta zuhaixka hazien nahaskina, lur erauzketetan gehitzeko, 1g/m²: Quercus pubescens, Clematis vitalba, Dorycnium pentaphillum, Genista hispanica, Santolina chamaeciparissus eta Thymus vulgaris.
- Ibaiertzei dagokienez, eta bisoi europarraren habitata leheneratzeko eta sustatzeko, haiek babesteko eta hazteko guneak sortuko dira (neurri horiek igarabentzako eta kastoreentzako ere egokiak dira), eta birlandatzeko honako jarraibide hauei jarraituko zaie:
- Lehen lerroan, ubidearen ondoan, bertoko zuhaixken zerrenda bat jarriko da, gutxienez 3 metroko zabalerakoa. Zati honetan, honako espezie hauen nahasketaz osatuta egonen dira espezieak: Alnus glutinosa, Salix fragilis, Salix triandra, Salix purpurea subsp lambertiana eta Salix eleagnos subsp. angustifolia; eta hurritzak ere gehitzen ahalko dira (Coryllus avellana).
- Lehen zerrenda horren ondoren, landarediaren bigarren zerrenda bat jarriko da, ibaiertzeko zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoen nahasketaz osatua: Populus nigra, Populus alba, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Cornus sanguínea, Clematis vitalba eta abar.
- Zerrenda horiek Arga ibaiaren eskuinaldean dagoen bideraino instalatuko dira, Arga ibaiaren ezkerraldearen ondoan dauden soroen eremuaren mugaraino.
- Espezie guztien aukeraketa teknikoki justifikatu beharko da. Ingurunera (lurzorua, klima eta abar) egokituta egon beharko dute eta aurreikusiko da klima aldaketaren egungo egoerak behartzen dituen baldintzei aurre eginen dietela.
- Hesolako landareak 2-3 cm inguruko diametroa eta 60-80 cm bitarteko luzera izanen ditu. Sustrai biluziko edo albeoloko landareak, berriz, gutxienez 2 izerdi izanen ditu.
- Ugalketarako basoko material guztiek (hesolak eta landareak) mintegi baimenduetatik etorri beharko dute eta jatorrizko ziurtagiria izan beharko dute. Materialaren jatorria jarduera eremuari dagokion berbera izan beharko da.
- Landareen oinarriak kastoreen ekintzatik babestuta egonen dira, dela metalezko sare zurruna instalatuz, edo, eraginkortasun gutxiagokoa izan arren, 1-2 m-ko altuerako geotextil-poliesterrezko sarea instalatuz. Hesi elektrikoa ere jartzen ahalko da altuera egokian, birlandatzen diren azaleren inguruan.
- Higadura prozesuak areagotu ez daitezen, landatu aurreko lur prestaketa eskuz eginen da, ahal dela lurraren degradazio handiena hautematen den lekuetan.
- Landaketa azaro-abenduan edo otsail-martxoan eginen da, izozteen alditik kanpo, eta ureztatze eta zainketak ere eginen dira, landaketaren ondorengo bost urteetan, gutxienez. Haren bilakaeraren jarraipena eginen da, gertatzen diren hutsarte guztiak berriro jarriz.
4.–Hondeaketa materialaren maileguak eta gordailuak.
–1. mailegua Zuastiko urbanizaziotik hurbil egoteak biztanleei zarata eta eragozpen orokorrak eragiten dizkietenez (hautatutako lurzatietatik 100 m baino gutxiagora kokatutako etxebizitzak daude), gomendatzen da ingurumenean eta gizartean eragin txikiagoa duten mailegu eremuaren beste aukera batzuk aztertzea.
–Hondeaketako lur eta harri soberakinak gordetzeko lekuei dagokienez, jotzen da Leteko harrobia egokia dela obretako lur soberakinak jasotzeko eta, horrela, ingurumena leheneratzen laguntzeko. Leheneratzeko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena izan beharko da.
5.–Neurri osagarriak.
–Ingurumenaren zenbait osagaitan (landaredia, fauna, lur gaineko urak eta abar) detektatutako eraginak kontuan hartuta, honako neurri osagarri hauek aplikatu behar dira:
- Kontuan hartu beharko da Altsasu-Castejon Ebro egungo 710 lineatik alde batera uzten den bidea eraisteko aukera. Arga ibaiaren gaineko zubiaren kasuan, egungo tren begiztaren kasuan, proposamen bat aurkeztuko da aisialdirako integratzeko, herritarrentzako korridore berde posible gisa.
- Arga ibaian, proiektuaren eremutik beherago, (baita nekazaritzako lurzati mugakideetan ere) galeriako basoa hobetzeko eta zabaltzeko neurriak zehaztuko dira aurrekontuan, haren egoera ekologikoa eskasa den zatietan. 3 ha inguruko azalera osagarria proposatzen da. Gainera, bisoi europarraren eta apoarmatu istilzalearen hazkuntza eta babesa erraztuko duten neurriak ezarriko dira, bai eta sakabanaketarekin, esplorazioarekin eta kastorearen bizilekuarekin lotutako mugimenduetarako ordezko guneak ere. Eremu horiek diseinatzeko, espezie horietan adituak diren langileen aholkularitza izanen da.
- Saguzarrentzako habia kutxak jarriko dira.
- Argako Ibai Parkea hobetzeko eta dinamizatzeko jarduketak garatzeko neurriak ezarriko dira, Iruñerriko Mankomunitatearekin adostu beharko direnak.
6.–Hondakinak.
–Leteko harrobia leheneratzeko erabiliko diren hondeaketa lurrak R0508, R1001 edo R1002 erakunde baimendu batek kudeatu beharko ditu, baimen eta komunikazio horietarako ezarritako mugekin eta komunikazio mekanismoarekin.
Helmugako kokalekuak dagozkion baimenak izan behar ditu, kalifikazioen arabera... Era berean, kudeaketa mota hori egiteko ezartzen diren mugak nabarmendu behar dira, kutsatzen ahal duten jarduerak izan dituzten kokalekuetatik datozen lurzoruen kasuan, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuarekin (lurzorua kutsatzen ahal duten jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) bat etorriz. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua, Hondakinen Atala Telefono zenbakia: 848-421490 residuos@navarra.es.
–Lurzoruaren azken kudeaketa hondakinak hondakindegi batera eramatea bada, baimendutako D05 instalazioetan egin beharko da, eta dagokion hondakinaren karakterizazioaren arabera.
–Aurreikusitako eraikuntza jardueran sortuko diren beste hondakin batzuk: –Hondakinei buruzko oinarrizko legedian ezarritakoa betetzeaz gain, bereziki apirilaren 8ko 7/2022 Legea, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.
7.–Beste neurri batzuk.
–Eraikuntza proiektuak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Erregistroko Atalaren (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) aldeko txostena izan beharko du, ondare historikoaren gaineko erasana baztertzeko, hori guztia Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen eta Espainiako etorkizuneko ondare historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearekin bat etorriz.
8.–Ingurumen jarraipena.
–Ingurumen agiriaren jarraipen plana beteko da (10. kapitulua).
Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari (Lurralde Kohesioko Departamentua), Etxauriko, Itza Ibarreko eta Galar Zendeako udalei, Iruñerriko Mankomunitateari eta Basozaintzari (Iruñeko barrutia) helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Proiektuaren helburua Altsasu-Castejon Ebro 710 linearen saihesbide bat definitzea da. Linea hori Adifen sare konbentzionalekoa da, eta Interes Orokorreko Trenbide Sarearen (RFIG) parte da. Gaur egungo Landabengo industrialdea iparraldetik inguratuko du.
Azkenean, «Landabengo eremuan trenbidea sartzeko aukeren azterketako» 2A-2B soluzioa hautatu da. Saihesbideko zati berriak 3,5 km inguruko luzera du, egungo lineako 176/100 km-tik 178/300 km-ra bitartean. Luzetarako malda ‰15,9koa da, eta oinplanoko lerrokaduren gutxieneko erradioa, berriz, 494 metrokoa. Beheko abiadura maximoa 80 km/h eta 110 km/h artekoa da, eta goiko abiadura maximoa, berriz, 140 km/h da. Egungo linearen ezaugarriak errespetatzen dira: trenbide bakarra, elektrifikatua, bidaiarien eta salgaien trafiko mistoa eta 1668 mm-ko trenbide zabalera. Lubeten ezpondak 2H:1V erlazioarekin diseinatu dira, eta lur erauzketakoak, berriz, 3H:2V erlazioarekin. Itxitura bat jarri da gutxienez bide nagusiaren (saihesbidea) eta industrialdearen etorkizuneko garapenaren ondoko bideen artean.
Proiektuak egungo bidea eta Iruñerriko Informazio Azterketaren (IP 2023ko martxoa) trazadura gurutzatzen diren ingurunean du jatorria. Lehen kilometroetan, azterketa horren paraleloan eginen da (ipar-mendebaldeko orientazioa), eta Arga ibaiaren gainetik 450 m-ko luzera duen biaduktua zeharkatuko du, eta aurrerago, PA-30 errepidean dagoen zubiaren azpitik. Biaduktuak, estribuez gainera, 11 pilare izanen ditu, 4 m inguruko sakoneran, harkaitzaren gainean, zimendatzeko, Arga ibaiaren ertzetan kokatzen diren bi pilareak izan ezik, horiek sakonak izanen baitira. Arga ibaiaren parkeko bidearen gaineko biaduktuaren galiboa 3 m ingurukoa da.
Arga ibaia gurutzatzen den tokitik, proiektua hiri lurzoru gisa kalifikatutako lurzoruetan sartzen da, eta 1+300 kilometro puntuaren parean bihurgune zabal bat du, non hego-mendebalde ipar-ekialderako orientazioa hartzen baitu, Landabengo industrialdearen saihesbide bat deskribatuz (habearte eremuaren eta Volkswagen lantegiaren proba pistaren eta goiko plano batean dauden eraikin mugakideen artean igarotzen da). Nagusiki lubakian eginen den gune horretan, euste hormak jarri beharko dira, trenbidearen lur berdinketa berria bertan egin ahal izateko.
Halaber, lehendik dagoen eta etenda dagoen bidearen jarraitutasuna aurreikusten da, eta horrek maila desberdinetako bi bidegurutze egitura eta birjartze eraginen ditu (gaineko pasabideak): PS-1.8 C.ª Landabengo eta Aratzuri-Orkoiengo industrialdeetarako sarbidea; eta PS-2.7 Landabengo 4. aterako sarbidea, Volkswagen lantegitik iparraldera.
Lurren balantzeak adierazitako hasierako datuen arabera, 25.906 m³-ko mailegu materiala eta 66.358 m³-ko harrobi edo pikor hobi baimenduetako materiala behar izanen dira. Erabiltzeko egokia ez den soberako materiala, indusketa materialen gordailura eraman beharrekoa, 305.868,2 m³ da.
Mailegu eremu bakarra proiektatu da Itzako udal mugapeko Zuasti urbanizazioaren inguruan. Eremu horretan indusketetako soberakinak gordeko dira jatorrizko topografia berreskuratzeko. Gainera, erabilera horretarako beste eremu batzuk ere aurkitu dira Getzeko Lautadako industrialdeko eta Olatz Nagusiko Potasas meatze ustiategi zaharreko hondakindegietan. Etxauriko eta Leteko harrobi zaharrak eta Alaitz mendilerroan aktibo daudenak ere kontuan hartzen dira.
Industrialdeari zerbitzua ematen dion eta Volkswagen lantegiaren esparruan garatzen den egungo trenbidea desegitea aurreikusten du proiektuak.

Jarduketen oinplanoko planoa
II. ERANSKINA.–INGURUMEN AGIRIAREN LABURPENA
Alternatiben azterketak honako hauek jasotzen ditu: 0 alternatiba; 2012ko uztailean idatzitako «Landaben eremuan trenbidea sartzeko alternatiben azterlaneko» 2A-2B alternatibak; eta Arga ibaia gurutzatzen den aldean iparraldera lekualdatutako 3A eta 3B alternatibak (Iparraldeko alternatiba. PA-30 errepidea gurutzatzea azpiko pasabide batekin eta iparraldeko alternatiba batekin. PA-30 errepidea gurutzatzea gaineko pasabide batekin).
0 alternatiba onartezina da, Volkswagen Nafarroa lantegiaren hedapena mugatzen duelako. 3A-3B alternatibak baztertu egin dira, erasan handiagoa sortuko delako uholde arriskua duten eremuetan, biaduktu luzeagoak izanen dituztelako eta etorkizunean auto lantegia handitzeko lurrak okupatuko dituztelako. Azkenik, 2A-2B alternatiba hautatu da, abantaila hauek kontuan hartuta: Iruñerriko Informazio Azterlaneko korridoreari atxikitzen zaio, erdian korridore bakarra irudikatuz eta Arga eta Elortz ibaien ingurumen balioen gaineko eragina murriztuz, ahalik eta bidegurutze perpendikularrenarekin, bai eta paisaia balioen gaineko eragina murriztuz ere; halaber, proiektatu den biaduktuaren diseinuak mugatu egiten du pilare kopurua, Arga ibaiaren ertzei eta ubideari eragindako kaltea albait hein handienean saihesteko; PA-30 errepidearen azpiko bidegurutzea Iruñerriko Informazio Azterlanaren gurutzagunearen alboko baoaren azpian eginen da, eta, ondorioz, ingurumen eragina mugatu egiten da, tren azpiegiturak paraleloan jarriko baitira.
Ingurumen agiriak ingurumen inbentario osoa egiten du, baina ez du kastorea identifikatu Arga eta Elortz ibaien ertzetan dagoen espezie gisa.
Ingurumen eraginen ebaluazioari dagokionez, azterketak trazadurak eragin «larriak» dituela uzten du agerian, jabari publiko hidraulikoan eta uholde arriskua duen eremuan, Argaren ibai pasealekuan, landaredian eta faunan, aztarnategi arkeologikoetan eta memoria historikoko guneetan, eta interes geologikoko leku batean. Gainerako eraginak «Bateragarri» edo «Nulutzat» hartzen dira. Lurralde erasanari dagokionez, eraginak nagusiki positiboak direla jotzen da.
Hondeaketa soberakinen maileguen eta deposituen ingurumen eraginaren arabera, hautemandako eraginak bateragarriak, nuluak edo are positiboak dira. Leteko harrobia leheneratzeak izaten ahal duen eragina baino ez da jasotzen, «Iharteko monasterioa» kultura intereseko ondasunari eragiten ahal diolako.
Ingurumen agiriak orotariko eraginak prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak deskribatzen ditu. Honako hauek dira neurri nagusiak: ibaiertzetako landaredia kontserbatzea; faunari zaratak eragindako eragozpenak minimizatzea; azpiegiturak hegaztiekin talka egitea saihestea; balio naturalak (ibilgua bera eta ibaiertzeko landaredia nahiz uren kalitatea) babesteko aukera ematen duen eraikuntza metodo bat diseinatzea, batez ere biaduktuan; hondakinak behar bezala kudeatzea; eta ondare historikoa babestea.
Horiez gain, paisaian integratzeko neurriak proposatzen dira: lubeten eta lur erauzketen ezponden hidroereintza, hondeaketa materialaren biltegia leheneratzea. Arga ibaiaren ertzetan, hidroereintzak eta landaketak sartzen dira biaduktuaren azpian eta estribuen inguruan, honako espezie hauekin: Populus sp: P. alba, P. nigra, Salix sp: S. fragilis, S. triandra, S. purpurea eta S. eleagnos subsp. Angustifolia, Sambucus nigra, Cornus sanguinea edo Rubus ulmifolius.
Azkenik, ingurumen agiriak ingurumen jarraipenerako apartatu bat du, osoa eta nahikoa dena.
III. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN EMAITZAK
2023ko abenduaren 5eko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei.
Honako hauei egin zaie kontsulta: Oltza Zendeako Udala; Barañaingo Udala; Zizur Nagusiko Udala; Orkoiengo Udala; Iruñeko Udala; Itzako Udala; Galar Zendeako Udala; Etxauriko Udala; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia; Lurralde eta Paisaia Zerbitzua; Arrantza Kudeaketarako Atalak; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Iruñerriko Mankomunitatea; Iruñeko Ekologistak Martxan; Gurelur-Nafarroako Ingurumen Funtsa; Lurra - Lurraren Defentsarako Elkartea; Nafarroako Arrantza Federazioa; eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.
Behin proposamenak aurkezteko epea bukatuta, honako hauek jaso dira:
–Etxauriko Udalak txostena egin zuen 2023ko azaroaren 28an, eta bertan behera utzitako harrobia dagoen eremuaren berezitasuna nabarmendu zuen. Izan ere, obra indusketako materiala gordetzeko aukera gisa hautatu zen, paisaiaren aldetik balio handia duen eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezina baita, aparteko identitate balioa duena, ingurumen interes handiko lekua izateaz gainera. Indarrean dagoen Udal Planaren arabera, erabilera hori debekatuta egoten ahal da. Horrez gain, jakinarazi dute horiek erabiltzeko udal bideetatik igaro behar dela, Etxauriko hiriguneko bizitegi lurzoruan.
–Itzako Udalak, 2023ko abenduaren 19ko txostenean, ohartarazten du bere udalerrian albo erasanak gertatzen direla, linearen trazadura mugartetik urrun geratzen delako. 1. maileguaren erasana aipatzen dute, aldi berean indusketa materialaren gordailu gisa erabiliko dena; gainera, Leteko harrobia proposatu da. Espazio horiei dagokienez, eragindako lursailen hirigintza sailkapenaren berri ematen dute.
1. mailegua, bere zatirik handienean, Babestu beharreko Lurzoru Ez Urbanizagarria da (Zuastiko Urbanizaziotik hurbil dagoen eremua). Horren harira, jakinarazi dute erauzketa eta ondorengo isurtze jarduerak arriskuan jartzen dituela hirigintza planak babestu beharrekotzat jotzen dituen etorkizuneko hirigintza hazkundeak. Bestalde, adierazten dute obrako material soberakinaren mailegua eta gordailua etxebizitzetatik hurbil geratzen dela, eta horrek ingurumen agirian kontuan hartu ez diren beste arazo batzuk sortzen dituela. Azkenik, eremu horri dagokionez, 3. industrialdeko 11. lurzatian aztarnategi arkeologiko bat dagoela ohartarazi dute.
Leteko harrobiaren kasuan, adierazi dute ukituriko lurzatiak Babeseko Lurzoru Urbanizaezin gisa eta Kultur balioko Lurzoru gisa sailkatu direla, eta Iharteko monasterioko kultura intereseko ondasunak eragindako lurzoruaren barruan daudela. Iharteko monasterioko kultura intereseko ondasunaren babes espazioa apirilaren 29ko 89/2002 Foru Dekretuan definitzen da. Beraz, hura edozein modutan erabiltzeko, Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena behar da.
–Galar Zendeako Udalak, 2024ko urtarrilaren 11ko txostenean, proiektuak bere lurraldean duen eraginari buruzko gogoetak azaltzen ditu. Olatz Nagusiko hondakindegiko indusketetako soberakinen biltegiei dagokie. Hondakindegi hori 6. poligonoko 116. lurzatian eta urtegian dago, Getzeko Lautadan, 4. industrialdeko 218. lurzatian.
Udal Planaren arabera, Olatz Nagusiko hondakindegiko lurzatia zuhaitzik gabeko basoko lurzoru urbanizaezin gisa dago sailkatuta. Planaren arabera, lurzati horren bokazioa basoberritzea da, eta Getzeko Morea lurzoru urbanizaezina da, generikoa, eta jarduera lizentzia du Potasaseko (meatze jarduera) zepa isurtzeko. Beraz, lur mugimendua Udal Planean jarduketa baimengarritzat ez hartzeaz gainera, jotzen da ezin dela isurketa berri hori baimendu, lurzati hau zati den jarduera aurretiaz kontuan hartu gabe. Gaineratu dutenez, bi gune horiei buruzko proiektuak jada ez du beharrezkotzat jotzen horiek erabiltzea; horrez gain, uste dute Olatz Nagusiko hondakindegiak edukiera txikia duela eta urrunegi dagoela. Ondorioz, Udal horrek bi gordailu horien aurkako txostena eman du eta horien erabilera ezestea eskatu du.
–Iruñerriko Mankomunitatea. Azpiegitura Zerbitzuak, 2023ko abenduaren 21eko txostenean, azpiegitura berriak zein zerbitzuri eragiten dien adierazi du. Zehazki, C-2 saneamendu kolektorea aipatzen dute, zeinak erasana baitu 0+245 kilometro puntuan eta 1+745 kilometro puntuan. Zerbitzu honek, kolektore horri dagokionez, hura babesteko neurriak aipatzen ditu (trazadurari eustea, bai oinplanoan, bai altxaeran, eta karga gehiegi ez jasatea). Neurri horiek guztiak kontuan hartu eta zehaztu egin behar dira proiektuaren behin betiko proposamenean eta ingurumen ebaluazioari eta babes eta zuzenketa neurriei buruzko ingurumen agiriko dagozkien kapituluetan (7.2.4 eta 9.11). Azkenik, adierazten duenez, soberakinen mailegu eta gordailuak berriro aukeratzekotan, dauden horniketa kanalizazioak hartuko dira kontuan.
–Iruñerriko Mankomunitatea. Ingurumen Zerbitzuak, 2023ko abenduaren 21eko txostenean, ingurumen agiriaren apartatu bakoitzean aipatzen diren honako alderdi hauek aipatzen ditu. Agirian, hain zuzen ere, jotzen da ez direla behar bezala tratatu edo ebaluatu, eta aldatu edo zuzendu egin behar direla:
- Arga ibaiaren gaineko biaduktuak Iruñerriko Ibai Parkeko oinezkoen bidean izanen dituen eraginak. Proiektuan Arga ibaiaren gaineko biaduktuaren diseinu berria aurreikusi behar dela adierazten dute. Biaduktuak, gutxienez, bidearen trazaduratik 5 m-ra egon behar du, edo, hala badagokio, beste trazadura bat ezarri behar da.
- Ingurumen agirian Iruñerriko Ibai Parkearen UPSa, haren araudia eta erabilera arautzen duen ordenantza kontuan hartu behar dela diote.
- Faunari buruzko apartatuetan kastore europarra (Castor fiber) jasotzea kontuan hartzea, espezie hori proiektuaren eremuan dagoela egiaztatu baita.
- Obrak egin bitartean beharrezkoak diren jarduketa guztiak aurreikusi behar dira, herritarrak Ibai Parkeko pasealekutik igaroko direla bermatzeko.
–Oltza Zendeako Udalak, 2024ko urtarrilaren 2ko txostenean, azken urteetan ibai pasealekuak sustatzeko egin den ahalegina nabarmendu du. Ekimen horrek ibai ingurunea eta hari lotutako ekosistemak babestea ekarri du, eta, aldi berean, jasangarritasuna sustatu du, eta landa bideen bidez komunikatu ditu udal mugarteko herri guztiak. Hori dela eta, eskatzen du kontuan har daitezela Iruñerriko 3. ZJPak babestutako ibai ingurunea eta ibai pasealekuak babesteari buruzko bere kontsiderazioak («Ondare Naturala PN6 Arloko Legediak Babestutako Lurzorua» kalifikatutako lurzoruak, azpikategorian: Legedia sektorialaren arabera babestu beharreko lurzoru urbanizaezina. Kultura balioa duen lurzorua, «Bide berdeak») eta Iruñerriko Ibai Parkearen UPSa.
–Arrantza Kudeaketarako Atalak, 2024ko otsailaren 12an bidalitako txostenean, Arga eta Elortz ibaietan eta haien ertzetan izandako erasanei buruzko informazioa eman du. Proiektuak arrain faunan, ibai horien ertzetan dagoen faunan eta landaredian bertan (bai obra fasean, bai bide berriaren ustiapenean) izanen dituen eraginei buruzko informazioa eman dute. Ez dituzte proiektuaren erasan hidrologikoak baloratu, eta adierazi dute proiektuak kontuan hartu beharko dituela Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren zehaztapenak eta irizpena. Eraginak minimizatzeko, hainbat neurri proposatzen dituzte. Neurri horiek guztiak ingurumen eraginari buruzko txosten honetan jaso dira.
–Lurraldearen Antolamendu eta Paisaia Zerbitzuko Plangintzaren eta Udalez gaindiko Proiektuen Atalak, 2024ko urtarrilaren 18an igorritako txostenean, ondorioztatu du proposatutako trazadura bateragarria dela igarotzen den udalerrietan (Barañain, Oltza Zendea eta Iruña) indarrean dagoen plangintzarekin. Hala ere, ohartarazi du Bigarren Mailako Industria Eremuan Xehetasun Azterketa bat izapidetu eta onartu behar dela aldez aurretik (aurreikusita dagoen Altsasu-Castejon Ebro trenbidea lekualdatzeko behar den espazioa zehaztea). Era berean, "Aratzuri-Orkoien industrialdea" UPSan mugatutako ibaiaren babes eremua errespetatu behar dela jotzen dute, behin Arga ibaiaren ubidea zeharkatuta, Barañaingo eta Oltza Zendeako udal mugarteen arteko mugan, azpiegitura ibaiarekiko paralelo doan ibilbide osoan.
–Hondakinen Atalak, 2024ko ekainaren 18ko txostenean, hondeatutako lurzoruei dagokienez dituen eskumenei buruzko informazioa eman du, eta bi aukera aipatu ditu:
- Induskatutako lurzoruei dagokienez, eta Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, adierazten dute lege hau ez dela aplikatuko lurzoru kutsatutzat jotzeko irizpideak eta estandarrak gainditzen ez dituzten induskatutako lurzoruetan eta eraikuntza jardueretan induskatutako beste material natural batzuetan, baldin eta ziur badakigu material horiek eraikuntza lanetarako erabiliko direla, haien egoera naturalean erauziak izan ziren tokian edo obran.
- Obran erabili gabeko indusketa material gehiegi badago edo material horiek kutsatuta badaude, induskatutako lurzoruei apirilaren 8ko 7/2022 Legea aplikatuko zaie, eta hasierako ekoizleak edo edukitzaileak bermatu beharko du baimendutako erakunde batek tratamendu egokia emanen diela, Legean ezarritako prozeduretako batzuen bidez.
- Azken kasu horretan, eta leheneratze, egokitze edo betetze lanak badira, egin beharreko kudeaketa adierazten dute (ingurumen eraginaren txosten honetako baldintzetan sartzen da).
Aurreikusitako eraikuntza jardueran sortuko diren beste hondakin batzuei dagokienez: –Hondakinei buruzko oinarrizko legedian ezarritakoa betetzeaz gain, bereziki apirilaren 8ko 7/2022 Legea, ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.
Iragarkiaren kodea: F2410793
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
