168. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

327E/2024 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Tuterako udal-mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 96E/2021 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 86E/2022 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2024ko otsailaren 28an, titularrak ingurumen baimen integratuaren baldintzak aldatzeko eskaera egin zuen. Hain zuzen ere, hondakin arriskutsuen sortzailearen inskripzioa aldatu nahi da, hondakin arriskutsuen sorrera handitu baita.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aurkeztutako eskaera berrikusi du eta onartezina dela adierazi du; izan ere, instalazioak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena duen bitartean (15G04232093432017), ez da bidezkoa hondakin-sortzaile gisa inskribatzea, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 35.4 artikuluan adierazitakoaren arabera (7/2022 Legea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa). Arrazoi beragatik, kendu behar zaizkio hondakin ez-arriskutsuen sortzailearen inskripzioa (15P03232093432020) eta hondakin arriskutsuen sortzaile txikiarena (15P02232093432020). Hala ere, salbuespen horiek gorabehera, instalazioa hondakin-sortzailetzat hartuko da lege honetan araututako gainerako ondorioetarako.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea Tuterako udal-mugartean olio-hondakinetatik abiatuta oleinak lortzeko, hidrogel desinfektatzailea ekoizteko eta eskualanoa fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Oleofat Trader SL da.

Bigarrena.–Kentzea hondakin ez-arriskutsuen sortzailearen inskripzioa (15P03232093432020) eta hondakin arriskutsuen sortzaile txikiarena (15P02232093432020), Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Inskripzioak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistrokoak dira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Oleofat Trader SLra eta Tuterako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko uztailaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2411434