156. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

195E/2024 EBAZPENA, uztailaren 11koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Enpresetan garraio jasangarriko planak egiteko laguntzak".

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak (NEP2030) helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

NEP2030ean, garraio-sektorerako, energia berriztagarriak azken energia-kontsumoaren %28 izateko helburua ezartzen da 2030erako.

Klima Aldaketari eta Trantsizio energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 47. artikuluak ezartzen du zenbait enpresa eta erakundek garraio jasangarriko planak egin behar dituztela.

Horregatik, 2024an garraio jasangarriko planak enpresetan egiteko deialdi honen xedeak hauek dira: 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesten laguntzea eta martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legetik eratorritako betebeharrak betetzea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Enpresetan garraio jasangarriko planak egiteko laguntzak" izeneko 2024ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

"Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea. Deskarbonizazio planak" izeneko 820001 82500 7701 467300 partida.

2024

81.044

Halaber, 35.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko uztailaren 11n.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, enpresetan garraio jasangarriko planak egiteko jarduerak sustatuz, lortuko da lantokira langileen mugikortasun jasangarria bultzatzea, joan-etorrien beharrak murriztea, eta garraio publiko kolektiboan, oinezkoen garraiobide autonomoetan eta zero emisioko garraiobideetan joan-etorriak ahalbidetzea eta lehenestea.

Garraio jasangarriko plan horien edukia deialdiaren II. eranskinean zehazten da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Nortasun juridikoa duten enpresak eta enpresa-taldeak izaten ahalko dira onuradun, baldin eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Betekizun hori egiaztatzeko, laguntzen eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

b) Garraio iraunkorraren planak onuradunak Nafarroan dituen establezimenduei zuzenduta egon behar du.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

d) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, kanpoan geratuko dira aipatutako erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektoreetan eta baldintzetan jarduten duten erakundeak.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezingo dira onuradun izan Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten zuzenbide publikoko erakundeak ez diren pertsona fisiko eta juridikoak, 3/2004 Legea, abenduaren 29koa, merkataritza-eragiketen berankortasunari aurre egiteko neurriak ezartzen dituena.

Ordainketa-epeak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona juridikoak: pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiriaren bidez edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatutako ziurtagiriaren bidez horren baliokidea, ordezkaritza-ahalorde nahikoa duena. Bertan, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila lortzen dutela adierazten dute. Inguruabar hori egiaztatu ahal izango dute, halaber, b) letran aurreikusitako frogabideren baten bidez.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoak, honako hauen bidez:

1.–ROACen (Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean) izena emandako auditoreak emandako ziurtagiria, jasotzen duena ikuskatutako azken urteko kontuen memorian deskribatzen den ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, horietatik ondorioztatzen denean abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila lortzen dela, zeina apartatu honetan zehazten den (%90), uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak eskatutako informazioan oinarrituta.

Ziurtagiri hori baliozkoa izango da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatzen diren arte.

2.–Aurreko ziurtagiria ematerik ez badago, "Prozedura Adostuen Txostena", ROACen inskribatutako auditoreak egina, eta sozietateko hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin adierazgarri baten azterketan oinarritua, erreferentzia data batean (deialdiaren argitaratze data baino geroagokoa izan behar duen betetze ziurtagiria egiteko kontuan hartutako data), abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik hauteman gabe amaitu bada, edo, horrelakorik detektatuz gero, hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea eragozten ez badute.

Ondorio horietarako, baldintza betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ahal izango da aukeran, eta, une horretan aurkezten ez bada, hilabeteko epea emango da dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada epe hori baino lehen lortu, eskatu izanaren frogagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.

Epe hori igaro eta adierazitako dokumentazioa aurkeztu ez bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu egin dela deklaratuko da.

3. Betekizunak betetzen direla eskabide telematikoaren formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, eta laguntza ordaindu arte mantendu beharko da.

4. Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioari jarraituko zaio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enpresa handitzat hartzeko, aldiz, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak (2021, 2022 eta 2023), bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

3. oinarria.–Aplikatu beharreko laguntzen araubidea.

1. Eskatutako laguntzak esparru arautzaile hauetako batean sartzen ahalko dira:

a) "de minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2831/2023 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko EBAO L, abenduaren 15koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek urtean zehar eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

b) "de minimis" laguntzak, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea, nekazaritza-sektorekoari zuzendutakoak.

c) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan aipatzen den jakinarazpen-betebeharraren salbuespena, Batzordearen 2014ko ekainaren17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 36. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeagatik, zeinaren bidez laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten baita, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO L187, 2014ko ekainaren 26koa). Erregelamendu hau aplikatzeko aldia honakoa izan da: 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da, 2023ko ekainaren 23ko Batzordearen 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala L 167/1, 2023ko ekainaren 30ekoa).

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Garraio jasangarriko planak egiteko dirulaguntzak eman ahal izango dira. Horien edukia deialdiaren II. eranskinean zehazten da.

Garraio jasangarriko planak egin ahal izango dira industrialde berean kokatutako enpresa-multzo batentzat.

Garraio jasangarriko plan bat enpresa bati baino gehiagori zuzenduta badago, eskaera desberdinak egin ahal izango dira enpresen izenean. Diruz lagundu daitekeen gastua eta eskaera bakoitzari dagokion laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, garraio-planaren aurrekontu osoaren ehuneko bat hartuko da kontuan, aldeen artean egindako akordio baten bidez enpresa bakoitzari esleitzen zaiona.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

3. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aldia honakoa izango da:

a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren barruko laguntzen kasuan, laguntza-eskaera egiten denetik 2024ko azaroaren 15era arte.

b) "de Minimis" araubideko laguntzen kasuan, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko azaroaren 15era arte.

4. Eskaera dirulaguntzaren zer araubidetan aurkezten den, horren araberakoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa, 3. oinarrian zehaztutakoaren arabera:

a) Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren barruko laguntzen kasuan, honako hau izango da laguntzaren intentsitatea:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%)

Enpresa handia

40

Enpresa ertaina

50

Enpresa txikia

60

b) "de Minimis" erregimenera bildutako laguntzetarako, diruz lagun daitekeen gastua %60 izanen da.

5. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

ENPRESAREN TAMAINA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA
(eurotan)

Enpresa txikia

5.000

Enpresa ertaina

7.500

Enpresa handia

10.000

Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du pertsona edo hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskabide telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Enpresa eskatzailearen ordezkariaren ordezkaritza-ahalmenak egiaztatzen dituen agiria.

b) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta guztietako langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.

c) Aurrekontua.

d) 6.2 oinarrian ezarritako balorazio irizpideak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

e) Enpresa bati baino gehiagori zuzendutako garraio jasangarriko planen zati bat egiteko eskabideen kasuan, plan hori egiten duten enpresa guztien artean sinatutako akordio bat aurkeztu beharko du, parte-hartzearen ehunekoak adierazita.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

3.c atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkezten diren eskaerak alderatuko ditu ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, haien artean lehentasuna ezartzeko.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio altuena lortzen duten eskabideei 3. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako dagoen aurrekontu kreditua agortu arte.

Aurrekontuan dirua badago, eskabide mugatuen dirulaguntzaren zenbatekoa handitu ahal izango da, kasu bakoitzean ezarritako gehieneko ehunekora arte, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituz.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Planaren irismena. 80 puntu emango dira, baldin eta honako hauetako baldintzaren bat betetzen bada:

–Garraio-plana 200 pertsona baino gehiagoko lantokiak dituzten enpresei zuzenduta dago.

–Garraio-plana enpresa multzo batentzat da, eta enpresa horiek industrialde berean kokatuta egon behar dute eta 200 pertsonari baino gehiagori eragiten die.

–Garraio-plana merkataritza-gune handietarako da, Nafarroako merkataritza arautzen duen legeriaren definizioren araberakoa (produktuak saldu eta erakusteko 2.000 metro karratua baino gehiagoko azalera erabilgarri dutenak).

b) Genero-berdintasuna. 5 puntu lortuko dira, 10 puntu gehienez, baldintza hauetako bakoitza betetzeagatik. Hauek dira baldintzak:

–Plantillako gizonen batez besteko orduko lansari gordina emakumeen batez besteko lansari gordinaz zatitzerakoan (2023ko ekitaldiko datuak), zatidura 1,05 edo hortik beherakoa izatea. Egiaztapena egiteko: 2023ko lansarien erregistroa.

–Enpresako langileen artean emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: eskaera-orria, eta entitateak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagokion lan bizitzaren txostena (2023ko abenduaren 31ra artekoa), Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emana.

–Enpresan erantzukizuneko edo zuzendaritzako lanpostuetan dauden emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: berariazko izendapena eraketa-eskrituretan, Merkataritza Erregistroaren zuzendaritza-karguei buruzko ziurtagiria edo enpresaren Zuzendaritza Batzordearen ziurtagiria.

–Langileei informazioa, sentsibilizazioa edo prestakuntza eman izana laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo edo neurri espezifikoei buruz, langileen ordezkariekin negoziatuta eta ezarrita. Egiaztapena egiteko: prestatzaileen zerrenda eta haien gaikuntza.

–Legezko agindua gainditzen duten kontziliazio-neurriak itundu izana. Egiaztapena egiteko: azpi-irizpide hori egiaztatzeko, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako akordioaren kopia aurkeztuko da, adostutako neurrien zerrendarekin.

–Aitortzaren edo bereizgarriren bat edukitzea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik (esaterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" edo genero-berdintasunaren arloko beste batzuk).

c) Erronka demografikoa. 10 puntu lortuko dira garraio jasangarriko plana eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.

Puntuazioetan berdinketarik izanez gero, irizpide bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, azaltzen diren hurrenkeran. Jarraitzen badu, laguntza-eskaera aurkeztu den eguna eta ordua lehenetsiko dira.

3. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateaz ebazteko.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jardueraren justifikazioa.

1. Onuradunek laguntzen xede diren jarduketak gauzatu dituztela frogatu beharko dute 2024ko azaroaren 15ean beranduenez, eta horretarako honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean.

b) Fakturen ordainagiriak, onuradunaren izenean.

c) Garraio iraunkorraren planaren kopia. Garraio jasangarriko planak kuantifikatu egingo du plan horretan sartuta dauden eta etorkizunean neurriak hartzearen onura jaso dezaketen enpresetako langileen kopurua.

d) "Pertsona edo erakunde hornitzailea hautatu izanaren justifikazioa" inprimakia, diruz lagundu daitezkeen gastuetako batek 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen duenean, BEZik gabe.

e) Dirulaguntza jasoko duen banku-kontua eguneratzea. Tramite hau egin ahal izango da "Banku-kontuak jakinaraztea eta ordainketak kontsultatzea" izapidearen bidez edo laguntzen fitxan eskuragarri dagoen transferentzia bidezko ordainketaren eskaera-inprimakia aurkeztuz.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

4. Frogagiriak atal honetan ezarritako epean aurkezten ez badira, laguntzarako eskubidea galduko da.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra ez badute betetzen, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute edo laguntza itzuli beharko dute, bietatik dagokiona.

b) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek abenduaren 29ko 3/2004 Legearen 2. oinarrian aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, laguntzak eskatzean egin ez badute.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 8. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak egiten ahal ditu beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

9. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Eskatzaileak emandako posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da jakinarazpena edo komunikazioa bidali dela.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

12. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko helburuarekin. Halaber, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan erabil daitezkeela, laguntzen fitxan adierazitako moduan.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–GARRAIO JASANGARRIKO PLANAREN EDUKIA

Enpresen eta erakundeen Garraio jasangarriko planek (GJP) beharrezko neurriak definitu beharko dituzte langileek lantokira egiten dituzten joan-etorrietan mugikortasun iraunkorra izan dezaten laguntzeko, joan-etorrien beharrak murrizteko eta taldeko garraio publikoan, oinezkoen garraiobideetan eta zero isurpeneko bitarteko autonomoetan erabiltzaileen joan-etorriak ahalbidetzeko eta lehenesteko. Era berean, neurrien jarraipenerako oinarrizko adierazleak eta helburuak jaso beharko dituzte.

IDAEren "Lanerako garraio-planak egiteko eta ezartzeko gida praktikoa"-ren metodologiaren arabera egin ahal izango da GJPa. Gida hori helbide honetan dago eskuragarri: www.idae.es:

https://www.idae.es/sites/default/files/documentos/publicaciones_idae/guia-idae-019_ptt.pdf

Ondoren, GJPean sartu beharreko neurri nagusiak adierazten dira:

–Batez ere langileei zuzendutako neurriak:

  • Informazioa, kontzientziazioa eta esperimentazioa.
  • Garraio publiko kolektiboaren erabilera sustatzea.
  • Garraio kolektibo pribatua eskaintzea.
  • Bizikletaren erabilera eta oinezko joan-etorriak sustatzea.
  • Autoan elkarrekin bidaiatzea sustatzea (carpooling).
  • Aparkaleku propioa kudeatzea.
  • Bidaia-kopurua murriztearekin lotutako neurriak.
  • Modu iraunkorrenak sustatzeko beste neurri batzuk.
  • Gidatze eraginkorra.
  • Mugikortasun elkarte edo mahaietan parte hartzea.
  • Ordutegi-malgutasuna.
  • Mugikortasun seguru eta jasangarrirako taula sortzea.

–Nagusiki bisitariei, bezeroei edo hornitzaileei zuzendutako neurriak:

  • Lantokira garraio publikoan sartzeko informazioa ematea.
  • Bezero edo bisitarientzako anezkak.
  • Hornitzaileei garraio-sisteman iraunkortasun-neurriak har ditzaten eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2411341