Iragarkia
156. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
498E/2024 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak onesten dituena garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikatuak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko dirulaguntzen deialdian. DDBN identifikazioa: 768587.
2024ko ekitaldirako Nafarroako gastu-aurrekontuan "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partida dago, 122.604 euroko zenbatekoarekin.
2024ko aurrekontuen eta aipatutako aurrekontu-partidaren kargura, 7.870,29 euroko zenbatekoa egotzi da, 2022ko urritik 2023ko irailera bitarte Petö metodoarekin garun-paralisia duten haurren tratamendurako dirulaguntzen deialdiko esleipenean egindako erregularizazioei dagokiena; beraz, deialdi honetarako ondoriozko zenbatekoa 114.733,71 eurokoa da.
Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, ezarri zen zer araubide orokor aplikatu behar zaien Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatutako foru legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua ordaintzeko.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago adostasuna eman duela Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuak.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologikoak diagnostikaturik dituzten 16 urtetik beherako pertsonei 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era arte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez ematen zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko, eranskin gisa atxikitzen diren oinarri arautzaileei jarraikiz.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea.
3. Gehienez 114.733,71 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuaren "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partidari egotziko zaiona.
4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko ekainaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.
ERANSKINA.–GARUN-PARALISIA EDO ANTZEKO PROZESU NEUROLOGIKOAK DIAGNOSTIKATURIK DITUZTEN 16 URTETIK BEHERAKO PERTSONEI 2023KO URRIAREN 1ETIK 2024KO IRAILAREN 30ERA ARTE, BI EGUN HORIEK BARNE, PETÖ METODOAREN BIDEZ EMATEN ZAIEN TRATAMENDUA OSORIK EDO HEIN BATEAN ORDAINTZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1.–Dirulaguntzaren xedea eta helburua.
Dirulaguntza hauen xedea da osorik edo hein batean ordaintzea garun-paralisia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten hamasei urtetik beherako pertsonei 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, Petö metodoaren bidez errehabilitazio tratamendua emateko egindako gastua. Laguntzen onura publikoko helburua da adingabe horiek dituzten tratamendu beharretan laguntzea.
Jarduera osasun jarduerak egiteko akreditatutako zentroetan eginen da.
2.–Deialdiaren zenbatekoa.
Deialdi honek 114.733,71 euroko zenbatekoa izanen du, partida honen kargura finantzatzekoa: 2024ko gastu-aurrekontuko "Garun-paralisia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrentzako laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311102 partida.
3.–Onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.1 artikuluaren arabera, onuraduntzat joko da "jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran dagoena", eta, 13.1 artikuluaren arabera, "dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdietan adierazitako egoera dutenak".
Horrenbestez, onuradunak izan daitezke honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.
–Garun-paralisia edo antzeko prozesu neurologiko bat izatea, neuropediatra profesional batek diagnostikatua.
–Nafarroan modu egonkorrean bizitzea, hau da, onuradunak gutxienez urtebete eramatea Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzen dirulaguntzaren xede den aldia bukatu baino lehen, hots, 2024ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da.
Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.
–Tratamendua hartzeko gomendioa neuropediatra profesional batek egina izatea.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.
4.1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.
4.2. Eskaerak beti onuradunaren izenean egon behar du, eta aurkezten duen pertsona izanen da ordezkaria.
4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean bukatuko.
4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan dagoen fitxaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña), Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.
4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, atal instrukzio-egileak interesdunari eskatuko dio zuzendu dezala, 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio hala egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egiten diola, eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.
4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
5.–Betebeharren frogagiriak.
Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Onuradunaren NANaren, AIZaren edo identifikazio-agiriaren fotokopia.
b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna adierazita, edo, kasua bada, asilo-eskubidea emateko ebazpena.
c) Neuropediatra profesional baten txosten medikoa, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko patologia neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia. Txosten hori lehenago aurkeztu bada dirulaguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.
d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.
6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkieeskatzaileei.
e) Adingabearen legezko ordezkaritza egiaztatzeko dokumentazioa.
Aita edo ama baldin bada, familia liburuaren kopia eta guraso baten NANarena edo AIZarena.
Dibortzio edo banantze kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta guraso horren NANa edo AIZa.
Tutorea bada, edo legezko beste ordezkari bat, horren frogagiria.
f) Bankuko titulartasunaren ziurtagiria edo transferentzia bidez ordaintzeko eskaera; Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen bazaio dirulaguntza bat, edo aldatu bada aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua, erantsi beharko da "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri dagoena, zehazki, atal honetan: "Nafarroako Foru Administrazioaren inprimaki orokorrak":
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
g) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasota:
–Onuradunaren izena.
–Tratamendua eman duen entitatea edo profesionala.
–Jasotako tratamendua, honako hauek adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna eta iraupena.
–Ordaindutako zenbateko osoa.
h) Egindako ordainketaren frogagiria.
i) 6.3 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktorea aplikatzen ahal zaien onuradunek aurkeztu behar dute gizarteratze-errenta edo errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.
j) Jasotako beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.
k) Eskatzailearen baimena bere datu pertsonalak tratatzeko, bat etorriz deialdiaren 13. oinarrian ezarritakoarekin, eta adierazpen bat, non deklaratzen baitu betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, adierazi behar du baimena ematen duela Osasun Departamentuak Ogasun Publikoari nahiz Estatuko Administrazio Orokorrari egoki den informazioa eska diezaien.
Kontsultarako baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu behar diren ziurtagiriak, adierazten dutenak egunean dagoela aipatutako betebeharretan.
Ez dira aurkeztu beharko a), b), c), e) eta f) puntuetan aipatzen diren agiriak, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta aldatu ez badira haietan zehaztutako datuak.
6.–Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.
6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.
6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–Concepción M.ª Moreno Sousa andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, batzordeburua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.
–Nerea Gorria Redondo andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko barrutiko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Sergio Aguilera Albesa jauna izanen da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko barrutiko fakultatibo espezialista.
–Patxi Ander Galiano Ureña jauna, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria, Batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Carmen Anoz Antoñanzas andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria.
6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:
–Dirulaguntzak tratamenduaren oinarrizko ziklo bat finantzatuko du onuradun bakoitzarentzat, 1.182 eurorekin, baldin eta benetan egindako gastua zenbateko horren berdina edo handiagoa bada, eta aurrekontu-baliabideak gainditzen ez badira; halakoetan, hainbanaketa eginen da aurkeztutako eskaera guztien artean.
–Laguntzak onuradunek finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izan daitezen, baldin eskatutako zenbateko guztien batura handiagoa bada oinarrizko zikloa deskontatu ondoren gelditzen den aurrekontu erabilgarria baino, dagoen dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, eta, hala, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jasoko du.
–Dirulaguntza jasotzean ekitate handiagoa izan dadin, baldin onuradunaren familia unitateko edozein kide 2023. urtean eta/edo 2024. urtean genero-indarkeriaren biktima izan bada, edo gizarteratze-errenta edo errenta bermatua jaso badu, onuradun hori hainbanaketatik kanpo geldituko da, behin oinarrizko tratamendua deskontatuta.
–Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere handiagoa izanen jasotako tratamenduaren guztirako kostua baino, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.
7.–Ebazpena.
7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak proposamena egin ondoren.
7.2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jotzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpen berariazkoa ematera.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak, modu anonimoan), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira.
Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.es), deialdiari dagokion atalean.
8.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko benetan hartutako eta ordaindutako tratamenduaren guztirako kostua.
9.–Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.
Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, betiere, laguntzak emateko ebazpena eman baino lehen.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
10.–Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.
11.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.
12.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
13.–Datuen babesa.
Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos.
14.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.
Iragarkiaren kodea: F2410449
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
