156. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Uharte Kirola SL tokiko merkataritza-sozietatea sortzea eta haren estatutuak argitaratzea

Uharteko Udalak, 2024ko ekainaren 27an egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Uharteko Udalak 2024 otsailaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen, aho batez, hasiera batez onestea memoria bat eta estatutuak, merkataritza-sozietate bat sortzeko. Kapital guztia Udalarena izanen da.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egun naturaleko epean, iragarkia argitaratuta 2024ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Udal enpresa hori sortzeko, egin beharreko gauza bat da sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak izendatzea, estatutuen 17. artikuluaren arabera.

Enpresa publikoa denez, Administrazio Kontseiluko kideek behar dute izan Uharteko Udaleko ordezkariak; hau da, Udalbatzako zinegotziak.

2024ko ekainaren 24an, komunikazio bat jaso zen Merkataritzako Erregistro Nagusitik, non ziurtatzen baita ezen proposatuko izena, Uharte Kirola SL, ez dela eskaeraren aurretik inskribatu.

Ikusirik espedienteko txosten juridikoak eta ekonomikoak; haien zuzenbideko oinarrietara lotzen da Osoko Bilkura.

Gaiaz osoko bilkuran eztabaidatuta eta botoak emanda,

ERABAKITZEN DU:

Lehenbizikoa.–Estatutuen 18. artikulua aldatzea, aukera izan dadin Administrazio Kontseiluko bileretara gonbidatzeko politikariak, teknikari espezializatuez gain. Beraz, honela geldituko da artikulu hori:

Administrazio Kontseiluko bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe, teknikari espezializatuek eta/edo alkateak edo udalburuak izendatutako politikariek, baldin edozein kontseilukidek proposatzen badu.

Bigarrena.–Behin betiko onestea administrazio espediente bat, eratu dadin Uharte Kirola SL izeneko merkataritza-sozietate publikoa, zeinak izanen baitu udal kapitala bakarrik. Eratuko da jarraituz espedienteko memoriari eta estatutuei (behar bezala eginbidetuak); azken horiek ere behin betiko onetsirik gelditu dira.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Uharte Kirola SL sozietateari 3.300 euroko kapital soziala ematea, zeina zatituko baita sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio nominala du, eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Uharteko Udalak jarriko du zenbatekoa, osorik.

Bosgarrena.–Alkatetzari ahalmena ematea, sina ditzan erabaki hau aplikatzeko eta gauzatzeko behar diren agiri guztiak.

Seigarrena.–Izendatzea Uharte Kirola SL sozietatearen Administrazio Kontseiluko kideak, aplikatuz estatutuen 17. artikulua. Honako hauek dira kideak, zeinek, presente egonik, onartzen baitute izendapena:

–Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkate udalburua, kontseiluburu karguan.

–Edorta Beltzunegi Lopez, Uharteko Udaleko zinegotzia, kontseiluburuorde.

–Santiago Argibide Ekisoain, Uharteko Udaleko zinegotzia.

–Fernando Ventura, Uharteko Udaleko zinegotzia.

–Julen Sesma Redondo, Uharteko Udaleko zinegotzia.

Zazpigarrena.–Erabaki hau jakinaraztea Administrazio Kontseiluko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zortzigarrena.–Egiten diren Administrazio Kontseilu guztietara gonbidatzea –deialdiari dagokionez berme berberak emanik– Patricia de Pedro Aparicio, Uharteko Udaleko zinegotzia, hitza duela baina botorik ez.

Uharten, 2024ko ekainaren 28an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

UHARTE KIROLA SLren UDAL MERKATARITZA-SOZIETATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

1. artikulua.

Uharte Kirola SL izeneko merkataritza-sozietatea eratu da, erantzukizun mugatuko tokiko sozietate gisa. Arautuko da Kapitaleko Sozietateei buruzko Legearen bidez, toki araubidearen gaineko legeen bidez eta estatutu hauen bidez.

2. artikulua.

Erantzukizun mugatuko sozietatea da Uharte Kirola SL, Udal enpresa, eta nortasun juridikoa izanen du bere helburuak betetzeko, legezko xedapenen eta estatutu hauen mugen barnean.

3. artikulua.

Sozietatearen helburua da eraginkortasun handiagoa lortzea udal jardunean. Horretarako, honako xede hau du sozietateak: Uharteko kirol-instalazioen zerbitzuak ematea. Haren EJSN kodea 9311 da (ekonomia-jardueren sailkapen nazionala).

Sozietate hori hartuko da, ondorio guztietarako, Udalaren bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat, Uharteko Udalaren kirol-instalazioen zerbitzuak hari esleitzeko.

4. artikulua.

Sozietateak aukera du aurreko artikuluan aipatutako jarduera zeharka gauzatzeko, parte hartuz xede bera edo antzekoa duen edozein elkartetan (nortasun juridikoa izan nahiz ez izan).

5. artikulua.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta sozietate-jardunean hasiko da eraketaren eskritura egilesten den egunean.

6. artikulua.

Sozietateak hemen izanen du egoitza soziala: Uharteko udaletxea, San Juan plaza 1, 31620 Uharte (Nafarroa).

Administrazio organoaren eskumena izanen da egoitza soziala aldatzea udal-mugarte bereko beste toki batera.

II. KAPITULUA

7. artikulua.

Kapital soziala 3.300 eurokoa da, zeina zatituko baita sozietateko 110 partaidetza banaezin eta metagarritan. Partaidetza bakoitzak 30 euroko balio nominala du, eta elkarren segidako zenbaki bana dute, 1etik 110era bitartekoak, biak barne. Uharteko Udalak jarriko du zenbatekoa, osorik, eta bera izanen da kapitalaren partizipazio guztien titular bakarra. Kapitala ezin izanen da transferitu, eta, orobat, ezin da erabili enpresaren xedea ez den beste deusetarako, baina handitu edo txikitu egin daiteke, legezko xedapenei jarraikiz.

Kapital soziala handitu edo txikitzen ahalko da, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aurretik, Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena egin behar du hori justifikatzeko.

III. KAPITULUA

8. artikulua.

Honako organo hauek zuzenduko eta administratuko dute sozietatea:

–Batzar Orokorra.

–Administrazio Kontseilua.

–Kudeatzailea.

9. artikulua.

Batzar Orokorra da sozietateko organo gorena. Uharteko Udalbatzako kideek eratuko dute, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalbatzako burua izanen du buru, edo Batzarrak izendatzen duena.

10. artikulua.

Batzarreko buruari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea; deialdiak gai-zerrenda izan beharko du. Kontseilari bakoitzari idatziz jakinarazi beharko zaizkio deialdiak (gutunaren edo mezu elektronikoaren bidez), bilkura eguna baino 15 egun lehenago gutxienez. Deialdian adieraziko da bilkura egiteko eguna, ordua eta tokia, bai eta aztertzeko gai-zerrenda ere. Segurtatu beharko da kide guztiek jaso dutela deialdia.

Batzar Orokorrerako deialdia eginda geldituko da, eta modu baliodunean eratuta, edozein gairi heltzeko, behin Udalbatzako kide guztiak bildu ondoren eta aho batez bilkura egitea erabakitakoan.

11. artikulua.

Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamenduak jarraituko die –prozedurari eta erabakiei dagokienez–, toki araubideari buruzko legeei, eta sozietatearen gainerako arloetan aplikatuko dira erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak.

12. artikulua.

Udalbatzak, sozietateko Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

–Estatutuak aldatzea.

–Kapitala handitu edo txikitzea.

–Onestea inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena.

–Auditoreak izendatzea.

–Kapital Sozietateen Legeak Batzar Orokorrari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

13. artikulua.

Batzar Orokorra, nahitaez, urtean behin bildu beharko da ohiko bilkura egiteko, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa onesteko edo ez onesteko, aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko (hala behar denean), mozkinen xedea erabakitzeko (halakorik bada), eta behar diren erabakiak hartzeko, bere eskumeneko aferei buruz, gai-zerrendaren arabera.

14. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako ohiko bilkuraz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik buruak deituta, Administrazio Kontseiluak hala galdaturik, edo aurretiaz horretarako eskaera eginez gero Udalbatzako legezko kideen laurdenak, gutxienez.

15. artikulua.

Batzar Orokorreko idazkariak bilera bakoitzaren akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezalaxe onetsiko dira, baldintzen, formaren eta ondorioen aldetik. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, buruak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak gordeko ditu.

16. artikulua.

Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hitzarekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere, halakorik egonez gero.

17. artikulua.

Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako 5 kidek osatuko dute.

Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak. Hori hala izanik ere, Udalbatzako kide diren aldetik izendatzen dira kontseilukideak, eta beraz, izaera hori galtzen badute, kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe, kide berriek ordezten dituzten unean berean. Kargu-uzte hori berariaz erabaki beharko du Batzarrak eta, ondoren, Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da.

18. artikulua.

Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute, eta kontseilukideek izanen dituzte, beren ordezkaritza karguetan jarduteko, indarreko legediak ezarritako ezgaitasun eta bateraezintasunak.

Uharteko Udaleko alkatea izanen da Administrazio Kontseiluko burua, baldin kontseilukidea bada. Orobat, Udalbatzako edozein ordezkari izan daiteke burua, baldin kontseilukide izendatu badute. Administrazio Kontseiluak hautatutako kontseiluburuordea kontseiluburuaren lekuan ariko da, hura dagoenean kanpoan, gaixorik edo karguan aritzeko ezindurik, eta haren eskudantzia guztiak izanen ditu.

Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Izan daiteke kontseiluko kidea nahiz kontseilutik kanpokoa, eta bigarren kasuan, hitza bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.

Administrazio Kontseiluko bileretan parte hartzen ahalko dute, hitzarekin baina botorik gabe, teknikari espezializatuek eta/edo alkateak edo udalburuak izendatutako politikariek, baldin edozein kontseilukidek proposatzen badu.

Kontseilukideek ez dute ordaisaririk jasoko karguan aritzeagatik.

19. artikulua.

Kontseiluak sei hilean behin gutxienez eginen du ohiko bilkura, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deialdia egiten duenean edo bi kontseilukidek gutxienez hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan eginen dira, edo Kontseiluak hautatzen duen tokian.

Kontseiluko buruari dagokio deialdiak egitea, edo haren eginkizunak betetzen dituenari, edo kontseiluburuordeari, behar denean. Deialdiak gai-zerrenda izan beharko du. Deialdiak idatziz jakinarazi beharko zaizkio kontseilari bakoitzari (gutuna edo mezu elektronikoa), bilkura egiteko ezarritako eguna baino 48 ordu lehenago gutxienez. Deialdian adieraziko dira bilkura egiteko eguna, ordua eta tokia, bai eta aztertzeko gai-zerrenda ere.

Ez da beharrezkoa deialdia egitea, baldin kontseilukide guztiak bilkuran badaude, eta aho batez erabakitzen badute bilera egitea.

Kontseilua modu baliozkoan eratuko da, behin bildutakoan kontseilukideen edo haien ordezkarien erdiak gehi bat.

Erabakiak hartuko dira bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen gehiengo osoz, eta berdinketarik gertatuz gero, kontseiluburuaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira, eta aktak dagokion liburuan transkribatuko dira. Kontseiluburuak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.

20. artikulua.

Kontseiluak sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu, eta sozietatea ordezkatuko du, judizioan nahiz judiziotik kanpo. Bereziki, Kontseiluari esleitzen zaizkio jarduera horiei dagokienez Legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarentzat gordetzen ez dituzten ahalmenak. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak ere izanen ditu, besteak beste:

1. Behar diren egintza guztiak, honako hauek administratzeko, eskuratzeko, xedatzeko eta, oro har, besterentzeko eta kargatzeko: ondasun higigarriak eta higiezinak, landa-lurrekoak nahiz hiri-lurrekoak, eskubide gorpuzgabeak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak. Horretaz gain, eta horiei dagokienez, ahalmena izanen du horrelako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta azkentzeko. Era berean, ahalmena izanen du hipotekak eta, oro har, eskubide errealak eratu, aldatu eta azkentzeko.

2. Honako hauek egitea: elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak –horiek eratuz jabetza horizontalaren araubidean edo esleituz kuotak edo elementu komunen eta gastuen partizipazioak–, sortzen diren erkidegoak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren nahiz beste kontzeptu batzuen zuzenketak, eta zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta azkentzea.

3. Sozietateko langileak izendatzea eta kentzea, haien soldatak eta ordainsariak ezartzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.

4. Egitea sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketa; kontabilitatearen ardura izatea, eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; formalizatzea eta aurkeztea kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak.

5. Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, emanez txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak.

6. Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratzea eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, barnean direla hipoteka-bermeak eta berme pignoratizioak; zorren ordainketa gisa onartzea edozein motatako ondasunen lagapenak, barnean direla higigarrien eta eskubide errealen lagapenak, eta egitea eskubide eta aukerei dagozkien transakzioak; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta, oro har, gutuneria jasotzea aduanetatik, aireportuetaik, tren geltokietatik, biltegietatik edo gordailuetatik, bai eta administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.

7. Zenbatekoak maileguz hartzea eskudirutan edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, adibidez, hitzartzen diren interes eta baldintzekin, eta era guztietako bermeak onartu eta ematea, baita hipotekak ere.

8. Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idaztea eta prestatzea, galera-irabazien kontuan, eta funts bereziak nonbait jartzeari buruz erabakitzea.

9. Sozietatea ordezkatzea judizioan nahiz judiziotik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aurrean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien aurrean, Etxebizitzako ordezkaritzen aurrean edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen aurrean, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen aurrean, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen aurrean eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aurrean, espedienteetan, akzioak eta salbuespenak egikaritzean, sustatzaile gisa, auzi-jartzaile gisa, laguntzailekide gisa edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, judizioa edo jurisdikzioa, eta haietan frogak proposatzea, lekukoak arbuiatzea, funtzionarioak errekusatzea, errekurritzea, prozeduretan amore ematea eta atzera egitea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.

10. Sozietatearen xedea betetzea eta gauzatzea, eta horretarako egitea aurretik egin beharrekoa eta ezinbestekoa den oro.

11. Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, horien bidez kontratatzeko zerbitzuak, obrak eta produktuen, materialen nahiz manufaktura-gaien hornidurak; agiriak, adierazpenak edo dokumentuak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.

12. Ahalorde orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, behar diren ahalmenak emanez epaiketan ordezkari aritzeko; emandako ahalordeak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea eta, oro har, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.

13. Sozietateko kudeatzailea izendatzea.

14. Ekitaldi ekonomiko bakoitza bukatzean, Udalbatzari aurkeztea sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketari buruzko memoria.

21. artikulua.

Kontseiluburuari dagokio ordezkaritza ahalordea, estatutuetan zehaztutako xede sozialean sartzen diren egintza guztietan.

22. artikulua.

Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatuko du, eta hark izanen ditu zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak. Gaitasun berezia duen pertsona bat izendatuko da.

Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.

–Organo berezia administratiboki ordezkatzea.

–Agintzea berariazko diru-izendapena duten ordainketa guztiak.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua.

Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta mendeko langile guztiak, kudeatzaileak proposaturik, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira, eta enpresarekin lan-harremana izanen dute.

IV. KAPITULUA

24. artikulua.

Sozietatearen ondareak biltzen ditu kapital soziala eta haren jabetzako era guztietako ondasun eta eskubideak, hala eskuratu direnak erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan, nola lortu direnak lagapenak, dohaintzak eta dirulaguntzak jasota Uharteko Udaletik, Nafarroako Foru Komunitatetik, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuetatik, Estatutik edo partikularrengandik.

25. artikulua.

Sozietatearen ogasunak honako baliabide hauek biltzen ditu:

–Kapital soziala, eta ondasunen, kredituen eta eskubideen errentak emaitzak edo interesak.

–Uharteko Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.

–Dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak, jaso dituenak (jaso baditu) Uharteko Udaletik, Nafarroako Foru Komunitatetik, beste autonomia erkidego, probintzia edo udalerri batzuetatik, Estatutik edo partikularrengandik.

–Ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.

–Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.

–Entitateek edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak, eta sozietateak eskuratzen duen legezko beste diru-sarrera oro.

V. KAPITULUA

26. artikulua.

Sozietatearen ekitaldia urte naturala bera izanen da.

Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoko hiru hilabetean, sozietateak eginen du aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea, eta Udalbatzari aurkeztuko dio legezko epearen barnean, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, aurkeztuko dio egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, adieraziz zer zuzendu behar den, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.

27. artikulua.

Sozietatea deseginen da gertatzen direnean toki araubideari buruzko legedian eta Kapital Sozietateen Legean ezarritako kasuak, Batzar Orokorraren erabaki bidez.

Sozietatea likidatzen bada, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak ekarriko du Administrazio Kontseiluaren ahalmenak bukatzea.

Likidazio aldia burutu arte, Batzar Orokorrak segituko du egiten urteko ohiko bilkurak eta egin beharreko bilkura berezi guztiak, indarreko xedapenen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2410444