2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ESTERIBAR
Lur-ondasunen Erregistroko datuen berritze kolektiboa
Esteribarko Udaleko alkateak, 2024ko uztailaren 3an, ebazpen hau eman zuen:
"Urdaizko Kontzejuak txostena eskatu zion Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atalari, Asketako udal-mugartean dagoen 19. poligonoko 305. lurzatiaren mugaketari buruz katastroan egin behar den aldaketaren gainean, titularrak hala eskatuta; erreklamazioak Urdaizko Kontzejuko 19. poligonoko 306. herri-lurrari eragiten dio.
Eremua neurtu ondoren, aipatutako Herri-lurren Atalak txostena egin du, eta bertan agerian jartzen da katastroko akats bat dagoela 305. lurzatiaren adierazpenean. Gainera, akats horrek lurzati gehiagori eragiten die, Asketako katastroko lurzatien desplazamendu orokorra egiten baita. Txostenean azaltzen den beste akats bat da Urdaizko Kontzejuaren eta Esnozko mugartearen arteko muga irudikatzen duen katastroko lerroa desplazatuta dagoela neurtutako mugarriekiko. Ildo horretatik, onartzen da ohikoa dela katastroko muga definitzen duten katastroko lurzatiek bat ez egitea muga fisikoekin, katastro-doikuntzako lan bat egin arte.
Azkenik, txostenak adierazten du bidea Kontzejuaren katastroko mugan amaitzen dela, jarraipenik gabe, bai 1931ko argazkian ikusten den bidezidorretik, bai basoaren mugatik doan egungo bidezidorretik, 2. mugarritik 3. mugarrira.
Hala, txostenak ondorioztatzen du ezin dela txosten honetan sartu erreklamatutako lurzatiaren katastro-aldaketaren proposamen zehatzik, 305. lurzatiaren mugen aldaketak gainerako lurzatiei eragiten dielako.
Horrenbestez, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako oinarrizko datuen aldaketa oro legez ezarritako prozedurak izapidetu ondoren egin behar da. Kasu honetan, 270., 271., 272., 273., 274., 275., 276., 277., 278., 279., 280., 281., 282., 283., 284., 285., 286., 287., 288., 289., 290., 291., 292., 293., 294., 295., 296., 297., 298., 299., 300., 301., 302., 303., 304., 305. eta 306. katastroko lurzatiei dagokienez (guztiak 19. poligonokoak), Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako oinarrizko datuen eta inskriba daitekeen errealitatearen arteko zehaztasunik eza edo desegokitasuna zuzendu daiteke, lurzatien planoko udal-eremu jakin bateko oinarrizko datuen berritze kolektiboko prozedura baten bidez, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 28 bis artikuluak adierazten duen bezala. Hortaz, udal-katastroa lurzati horietako errealitate fisikora egokitzeaz ari gara.
Beraz, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluaren 2. apartatuak Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 21.1 s) artikuluari dagokionez ematen dizkidan eskumenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Ebazpen honen azalpen zatian adierazitako katastroko lurzatietan, Urdaizko (Esteribar) Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuta dauden oinarrizko datuen berritze orokorra egiteko prozedurari hasiera ematea, datuok modu desegokian jasota badaude edo bat ez badatoz inskribatu beharreko errealitatearekin; hori guztia, jarraikiz Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 28.bis artikuluan xedatutakoari.
2. Ukitutako titularrei hilabete bateko epea ematea deklarazioa egin dezaten, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, jabetza tituluak eta bidezko iruditzen zaien dokumentazio osagarria aurkez dezaten.
3. Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Argitara ematen da, orok jakin dezan.
Esteribarren, 2024ko uztailaren 10ean.–Alkatea, Guillermo Larrayoz Otazu.
Iragarkiaren kodea: L2410853