156. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Laguntza teknologikoa ezartzea, trafikoa zaintzeko, kontrolatzeko eta erregulatzeko eginkizunetarako

Aiegiko Udaleko alkateak, 2024ko uztailaren 2an, honako ebazpen hau eman zuen:

Aurrekariak.

Aiegin ibilgailuen trafiko handia dago. Udalaren aburuz, ibilgailu asko eta ziztuan ibiltzen direnez herriko kaleetan, eta kale batzuk estuak izaki, ohiko moduak ez dira nahikoak, hots, trafikoa zuzenean erregulatzea eta kontrolatzea, eta komeni da laguntza teknologikoa ezartzea, trafikoa zaintzeko, kontrolatzeko eta erregulatzeko eginkizunetarako, zeinak alkatearen esku baitaude. Horregatik, Aiegiko Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak.

Lehenbizikoa.–Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez: "Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun DBLO) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, Lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz".

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea):

–4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira irudiak jasotzeko eta erreproduzitzeko bideokamerak eta beste edozein baliabide, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko.

–Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera.

–Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

–Udaletxe plaza (udaletxea).

–Lizarrako Merindadearen kalea (zakur parkea).

–Errepideko kalea (Aiegiko sarbidea Lizarratik).

–N-1110 (IR-2, IR-1 urbanizazioetako sarbidea, Rafael Alberti kalea).

–Foru plaza (udal eraikinak).

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesa dutenek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez.

Tratamendu-jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Aiegiko Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduna.

Tratamendu jardueren erregistroa udal webgunean kontsultatzen ahalko da.

Datuak babesteko ordezkaria. Aiegiko Udalak datuak babesteko ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein iradokizun edo erreklamazio egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, erreklamazioa jaso eta bi hilabeteko epean jakinaraziko dio datuak babesteko ordezkariak interesdunari zer erabaki hartu den erreklamazio horren gainean.

Ordezkariarekin harremanetan jartzeko, erabil daiteke dpd@ayegui.org helbide elektronikoa edo, posta bidez, Udalaren helbidea (Udaletxe plaza 1).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisi bat eginen du irudien segurtasuna bermatze aldera aplikatu beharreko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko, irudiak ustekabean edo legez kontra aldatu, galdu edo suntsitu ez daitezen, edo baimenik gabe ikusi edo komunikatu ez daitezen.

Hirugarrena.–Alkatea edo berak eskuordetza emaniko pertsona arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Bosgarrena.–Indarrean jartzea. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Seigarrena.–Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Aiegin, 2024ko uztailaren 4an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

Iragarkiaren kodea: L2410674