Iragarkia
156. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CINTRUÉNIGO
Deialdia, Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzeko, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez
Cintruenigoko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2024ko uztailaren 4ko bilkuran, deialdi bat onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Cintruenigoko Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostu bat betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez. Lanpostu hori funtzionarioen araubidekoa da, C mailakoa, eta A07 zenbakia du plantilla organikoan. Barne igoerako txandaren bidez beteko da, eta Cintruenigoko Udaltzaingoko kideek parte har dezakete.
Deialdi honen bidez bete nahi den lanpostua 2021erako lan publikoaren eskaintzan sartuta dago (eskaintza hori 2021eko 287. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 23an).
1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen den izangaia bihurtuko da Cintruenigoko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko agente lehen. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio bertan, eta araubide horren babespean geldituko da.
Baldin eta deialdi honetako xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa jada afiliaturik badago eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, aukera izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.
1.3. Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean, jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
1.4. Izendatzen den izangaiak izanen ditu martxoaren 23ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Kategoriaz igotzeko barne igoerako lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agente lanpostuan.
b) Cintruenigoko Udaltzaingoko jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.
3.2. Izangaiek parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dituzte betebehar horiek.
4. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.2. Deialdian parte hartzeko eskaeren aurkezpena nahitaez telematikoki egin beharko da, esteka honen bitartez:
https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.3. Izangaiek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
4.3.1. Izangaiak espedientean sartuko du gutxienez hiru urteko antzinatasuna baduela frogatzen duen dokumentazioa, Nafarroako polizia kidegoko bateko agente lanpostuan jabetza hartu zuen egunetik zenbatzen hasita, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.
4.3.2. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak, horien zerrenda ordenatu batek lagunduta, jarraikiz baremoan ageri den puntuazio-eskemari. Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak administrazio honen esku badaude, esan egin beharko du, eta berariaz adieraziko du zein prozedura zehatzetan dauden.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, zuzendu beharreko akatsak adierazita, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.
Ezarritako epean inork eskaerarik aurkezten ez badu, kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen da.
5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hau bakarrik agertuko da: identifikazio profesionaleko zenbakia.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik deitutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa nola eginen den.
6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketak hiru fase izanen ditu, lehenbizi lehiaketaldia, gero proba teoriko-praktikoa eta hondarrean trebakuntza ikastaroa, oinarri hauetan adierazten den bezala.
Ariketak 2024ko azarotik aurrera eginen dira.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak argitara emanen dira, 48 ordu lehenago, Udalaren Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) eta iragarki-taulan.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Prozesutik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak. Probak hasita daudela bertaratzen direnak ere kanporatuak izanen dira.
6.2. Lehiaketaldia.
6.2.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 82,50 puntu emanen dira:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.
b) Polizia eginkizunarekin lotuta dauden prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta/edo alemana: gehienez ere 20,00 puntu eskuratzen ahalko dira.
d) Sariak: gehienez ere 2,5 puntu.
Aurreko ataletarako aurkeztu eta justifikatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdi honen II. eranskineko baremoaren arabera. Merezimendu horiek aurkeztu eta agiri bidez frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez egiaztatu ez den merezimendurik dagoenik, eta ezin izanen du, atal bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago eman.
Epaimahaiak lehiakideek aurkeztutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak eskazen ahalko ditu.
Fase hau bukatutakoan, epaimahaiak Cintruenigoko Udaleko iragarki-taulan eta Interneko atarian (deialdiaren web fitxan) argitaratuko ditu behin-behineko puntuazioak, eta erreklamazioak aurkezteko 5 egun balioduneko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik hasita, izangaiek beren eskubideen arabera komeni zaiena alegatu ahal dezaten.
Behin epaimahaiak ebatzirik behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak onetsiko ditu, eta Cintruenigoko Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan) argitaratuko ditu.
6.3. Oposizioaldia.
6.3.1. Oposizioan 220 puntu lortu ahal izanen dira gehienez eta ariketa hauek izanen ditu:
a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere 150 puntu lortzen ahalko dira. Idatziz erantzun beharko zaie test motako 100 galderari. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, eta bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzagatik 1,50 emanen dira, eta gaizki erantzundako bakoitzagatik 0,50 puntu kenduko dira.
Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako material edo gailu elektronikorik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.
b) Proba psikoteknikoaren helburua izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehaztea da.
Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du. Proba horretan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen. Lortutako puntuazioa loteslea izanen da kalifikazio-epaimahaiarentzat.
Probek bi zati hauek izanen dituzte:
–Lehenengoan, 2 galdera-sortari erantzun beharko zaie; nortasunari eta/edo lanerako gaitasunari buruzkoak izanen dira.
–Bigarrenean, elkarrizketa ba eginen da, taldeka edo banaka.
Kalifikazio bat lortzeko, ezinbestekoa izanen da bi zatietara agertzea.
Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, epaimahaiari kontsulta egin ondotik, profil profesiografikoari buruzko proposamena igorriko dio alkateari. Epaimahaiak profil hori onetsi eta ebaluatuko diren ezaugarriak eta intereseko beste alderdi batzuk argitaratuko ditu proba psikoteknikoak egin aurretik.
Proba teoriko-praktikoa gainditzen duten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
6.4. Proba bakoitza kalifikatu ondoren (proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak) epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Cintruenigoko Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko atarian (deialdiaren web fitxan), eta 5 egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama eta alega dezaten balorazio horri buruz.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak izangaien behin betiko guztizko puntuazioen zerrenda onetsi eta aipatutako tokietan argitaratuko du, gaikuntza ikastarora onartutako izangaien zerrendarekin batera. Edonola ere, trebakuntza ikastarora onartutakoen kopuruak ezin du izan deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa.
Berdinketarik bada, lehenetsiko dira administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasun onarturik handiena dutenak. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.
7. oinarria.–Trebakuntza ikastaroa.
7.1. Zerbitzu berezien egoeran deklaratzea.
Cintruenigoko Udaltzaingoko agente lehena izateko ikastaroa egiteko, zeina emanen baitu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak, hautapen-prozedura gainditu duen izangaia deklaratuko da zerbitzu berezietako egoeran, jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluari (Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea).
Trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen zerrendarekin batera adieraziko da ikastaroa zer toki, egun eta ordutan hasiko den.
7.2. Izaera baztertzailea.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako trebakuntza ikastaroa baztertzailea da. Ikastaroa bukatutakoan, izangaiei "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie, eta azken horiek ezin izanen dira izendatu.
Trebakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak erabakitzen duena iraunen du.
"Ez gai" kalifikazioa lortzen duten pertsonak bazterturik geldituko dira.
Trebakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarentzat.
7.3. Ikastaroa bukatutakoan, izangaia jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.
Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, segituko baitu jatorrizko lanpostuan zuenarekin.
Zerbitzu berezietako egoeran deklaratuta dagoen izangaiak, Nafarroako polizia kidegoetako kideak mailaz igotzeko trebakuntza ikastaroak egin bitartean, jasoko ditu bere jatorrizko lanpostuan aitortuta dauzkan ordainsariak, osorik, deialdia egiten duen administrazio publikoarengandik, egoera horrek dirauen bitartean.
Zerbitzu berezietako egoera bukatutakoan, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta horrek ez du ekarriko eskuratutako eskubiderik, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Óscar Bea Trincado, Cintruenigoko alkatea.
–Ordezkoa: Ana Isabel Lacarra Ridruejo, Cintruenigoko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Iruñeko Udaltzaingoko agente lehena.
–Ordezkoa: Javier Cuevas Azcona, Iruñeko Udaltzaingoko agente lehena.
–Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Ordezkoa: Francisco José Orta Quinto, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.
–Epaimahaikidea: Julio Martínez Villafranca, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.
–Ordezkoa: Ángel Marquina Oliveros, Tuterako Udaltzaingoko agente lehena.
–Idazkaria: Isabel Garbayo Aliaga, Cintruenigoko Udaleko administrari-ofiziala.
–Ordezkoa: Elia Bea Sesma, Cintruenigoko Udaleko langileen ordezkaria.
8.2. Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
9. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
Trebakuntza ikastaroa bururatu ondoan, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak kalifikazio-epaimahaiari igorriko dizkio izangaiak trebakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak, haren aldeko izendapena egin dezan.
Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.
Epaimahaiak izangai baten aldeko izendapen-proposamena egin dezan, ezinbestekoa da "gai" kalifikazioa lortzea trebakuntza ikastaroan.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak mailaz igotzeko lehiaketa gainditzen duen izangaia izendatuko du Cintruenigoko Udaltzaingoko agente lehen, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izendatutako izangaiak karguaren jabetza hartuko du izendapenean ezartzen den egunean. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duenak igoerarako eskubidea galduko du.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Cintruenigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da deitutako lanpostu hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat betetzeko.
- Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Cintruenigon, 2024ko uztailaren 12an.–Alkatea, Oscar Bea Trincado.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.
1. Nafarroako polizietakoren batean modu finkoan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente postuan.
2. Nafarroako polizia kidego batean, bitarteko langile gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Administrazio publiko baten mendeko beste segurtasun-kidego eta indar batzuetan modu finkoan emandako zerbitzuak: 1,50 puntu polizia edo agente lanpostuan.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
B) Formazioa, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu, gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean sartuko dira, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.
2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifikoak edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 3 puntu gehienez. Kalifikazio-epaimahaiak baloratuko du, kontuan hartuta lana edo jarduera bakarrik edo taldeka egin den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, estatukoa edo nazioartekoa den ere.
3. Sektore publikoaren arloko prestakuntza-jarduerak antolatzea eta/edo horietan irakasleek parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, kalifikazio epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.
4. Deialdian eskatutakoaz bestelako titulazio eta espezialitate akademikoak: gehienez ere lau (4) puntu.
5. Doktore edo lizentziatura gradua, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: gehienez ere bi (2) puntu.
6. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, bekak edo prestakuntza-egonaldiak, kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.
Oharra B atal osoari:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Agente lehenaren lanpostua eskuratzeko prestakuntza ikastaroak ez dira inondik ere baloratuko.
C) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa, alemaniera eta/edo euskara (20,00 puntu gehienez).
1. Ingelesa, frantsesa, alemana eta/edo euskara jakiteagatik (hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez):
a) A1 maila: puntu bat.
b) A2 maila: 2 puntu.
c) B1 maila: 3 puntu.
d) B2 maila: 4 puntu.
e) C1 maila: 5 puntu.
Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Goragoko mailari dagokion puntuazioa emanen da, eta ez dira inoiz batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
D) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu eskuratzen ahalko dira.
1. Zerbitzu goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.
2. Zerbitzu goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.
3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.
4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
2.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.
3.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.
4.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.
5.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
6.–Zigor Kodea. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: III. titulua. VI. titulua. VIII. titulua. IX. titulua. XIII. titulua. XVII. titulua. XVIII. titulua. XXII. titulua.
7.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea. I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa. VI. titulua: II. kapitulua: atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua, eta VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.
8.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, baldintzak arautzen dituena aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko, eta ezartzen dituena sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak.
9.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.
10.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.
11. gaia.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra onesten duena.
12.–16/2014 Jarraibidea, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzarena, jarduteko protokoloa onesten duena Segurtasun Indar eta Kidegoentzat, diskriminazioaren lege-arauak urratzen dituzten gorroto-delituen eta jokabideen aurrean.
13.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
14.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
15.–Cintruenigoko ordenantza, arautzen duena terrazak eta merkataritzari nahiz ostalaritzari lotutako elementuak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea.
16.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena, eta eguneratzeak.
17.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, hizpide duena Segurtasun Indar eta Kidegoek bideokamerak erabiltzea eremu publikoetan (Estatuko Aldizkari Ofizalean argitaratua abuztuaren 4an).
18.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa.
19.–Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa.
20.–Udal ordenantza, biltzeko lokalak edo gastronomikoak arautzen dituena.
Oharra: Gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legeriari; nolanahi ere, epaimahaiak baloratzen ahal ditu egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak.
Iragarkiaren kodea: L2410916
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
