1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
303E/2024 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, biodieselaren eta olio-produktuen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago eta haren titularra Tech Natural Oleo SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko kontseilariaren 0360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, gero eguneratu zena Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren 2E/2019 eta 141E/2019 ebazpenen bidez eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 80E/2023 eta 199E/2023 ebazpenen bidez.
2024ko otsailaren 20an eta 26an, titularrak eskaera egin zuen ingurumen baimen integratuaren baldintzak aldatzeko. Hain zuzen, zerbitzu orokorretatik datozen hondakinak sartu nahi dira ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, hots, sortutako hondakinen zerrendan, eta R0302 kanpoko azken kudeaketa sartu nahi da 190809 EHZ kodea duen hondakin baimenduan.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
15 01 01 | Paperezko eta kartoizko ontziak | Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 01 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (papera eta kartoia), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari |
15 01 03 | Zurezko ontziak | Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 38 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (Zura: paleak eta bilgarriak), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari |
15 02 03 | Arropa eta norbera babesteko ekipamenduak 15 02 02 izeneko kodean zehaztutakoez bestelakoak diren xurgatzaileak, iragazteko materialak, garbitzeko trapuak eta babesteko arropak | Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 03 01 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (Zaborraren gainerakoa), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari |
17 04 05 | Burdina eta altzairua: produkzio plantaren elementu metalikoak | Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 40 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (Txatarra), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari |
19 08 09 | Prozesuko urak, olio eta koipeen nahasketa dutenak | Onartu egiten da R0302 azken kanpo-kudeaketa sartzea, aurretik baimendutako kudeaketa-eragiketekin batera |
20 03 04 | Hobi septikoen lohiak | Hondakina ezabatzen da sortutako hondakinen zerrendatik. Hondakin hori 19 08 05 EHZ kodearekin kudeatzen da (Hiriko hondakin-uren tratamenduko lohiak), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onestea biodieselaren eta olio-produktuen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago, eta haren titularra Tech Natural Oleo SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Tech Natural Oleo SLra eta Caparrosoko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko uztailaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2410689