1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
299E/2024 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena. Instalazioa Martzillako udal-mugartean dago, eta haren titularra Refresco Iberia SAU da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 449/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 184E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 102E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2023ko otsailaren 9an, titularrak Martzillako instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, honako hauek egiteko:
–Hondakin-uren araztegiaren arazketa hobetzea, 1.200 m³ homogeneizazio-andel berria instalatuta (isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarria 700 m³ eguneko batez besteko emariraino igotzea).
–Autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa instalatzea.
–Errendimendu hobeko PET linea berria instalatzea, bi lerro zahar ordezkatuko dituena, ekoizpen-ahalmenari eutsita.
–Langileen aldagelak handitzea: orain dauden aldagelak birmoldatzea, eta 100 m²-ko azalera handitzea.
–Ura hartzeko putzu berria.
–Lehengaia (azukrea) biltegiratzeko silo berria.
–CO2 biltegiratzeko biltegi berriak.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2023ko ekainaren 8an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio-prozedura izapidetzeko. Beraz, 2023ko ekainaren 8an, prozedura horri ekin zitzaion, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko eta, zehazki, honako hauek egiteko: autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa, PET linea berria, langileen aldagelak handitzea, arazketa-sistema hobetzea (1.200 m³ homogeneizazio-andel berria, isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarria 700 m³ eguneko batez besteko emariraino igotzeko), ura hartzeko putzu berria, azukre solidoaren silo berria eta CO2 biltegi berriak.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea edari freskagarriak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmenerako. Aldaketaren bidez, honako hauek egin nahi dira: autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa jartzea, PET linea berria, langileen aldagelak handitzea, arazketa-sistema hobetzea (1.200 m³ homogeneizazio-andel berria, isurketaren gehieneko kontzentrazio onargarria 700 m³ eguneko batez besteko emariraino igotzeko), ura hartzeko putzu berria, azukre solidoaren silo berria eta CO2 biltegi berriak. Baimenaren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak. Instalazioa Martzillako udal-mugartean dago, eta haren titularra Refresco Iberia SAU da.
Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Refresco Iberia SAUra, Martzillako Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura eta NILSAra.
Iruñean, 2024ko uztailaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2410692