1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1974E/2024 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2024rako gastua baimentzen duena Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzarako, eta maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri arautzaileak aldatzen dituena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 755355.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2024. urterako gastua baimentzea dirulaguntza honetarako: Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntza.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198E/2017 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren, eta maiatzaren 20ko 1462E/2020 Ebazpenaren eta apirilaren 27ko 2322E/2023 Ebazpenaren bidez aldatu.
Deialdia indarrean jarri zenetik igarotako epean hura kudeatzeko eta izapidetzeko esperientziaren ondorioz, 7., 11.1.b), 15., 16.d) eta 23. oinarri arautzaileak aldatzeko beharra atzeman da, hain zuzen, epeak argitzeko, dokumentaziorako, onetsitako proiektuen aldaketen berri emateko eta aplikatu beharreko de minimis araubidea eguneratzeko.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 150.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "Enplegu zentro berezietan inbertsioak egiteko laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 7709 241203 partidaren kargura, dirulaguntza honetarako: Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntza (DDBN 755355).
2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198E/2017 Ebazpenaren oinarrien eranskina; ebazpen horren bidez arautzen dira Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak. Honako hau da aldaketa:
2.1. Deialdiaren 7. oinarria aldatzea, testu hau izateko:
7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izanen da; 25.000 euro gehienez enplegu zentro berezi bakoitzeko.
Hortik aurrera oraindik kreditu baliagarririk baldin badago, soberako kopurua lortutako puntuen proportzioan banatzen ahalko da, betiere %20ko gutxieneko kofinantzaketa eta 15 e) oinarrian baloratutako tartea errespetatuz.
2.2. Deialdiaren 11.1. b) oinarria aldatzea, testu hau izateko:
b) egin beharreko inbertsioaren proiektua (III. eranskina), informazio hau adierazita:
–Kontzeptu diruz lagungarria(k), egin beharreko inbertsioaren proformako fakturak erantsita edo, inbertsioa egina badago eskaera aurkeztu aurretik, haien fakturak erantsita.
–Negozio lerro berriak, merkatu berriak eta/edo bezero berriak lortzeko aurreikuspenak.
–Plantillaren osaera aurreko urteko urriaren 31n, langileen kopuru osoa eta kontratu motak adierazita. Egin beharreko balizko kontratazioen aurreikuspenak edo mugagabe bihurtuko diren kontratuenak.
–Zentroaren finantzaketa berekiaren ehunekoa.
2.3. Deialdiaren 15. oinarria aldatzea, testu hau izateko:
15.–Balorazio irizpideak. Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:
a) Enpleguari eustea: 15 puntu.
15 puntu emanen zaizkio enpleguari eusten dion zentroari.
Enpleguari eustea izanen da zentroak desgaitasuna duten pertsonen plantillari (finkoak zein aldi baterakoak) eutsi dionean edo %5 baino gutxiago murriztu duenean, inbertsioa egiten den egunean eta aurreko urteko urriaren 31n zuen plantillaren aldean.
b) Desgaitasuna duten pertsonen kontratazio berriak: gehienez 15 puntu.
Inbertsioa egiten den egunetik aurrera zentroak kontratatu duen edo kontratatzea aurreikusten duen pertsona desgaitu bakoitzeko 5 puntu emanen dira, betiere kontratazioa epe hautagarrian egiten bada, 5.a) oinarrian ezarritakoaren arabera.
Kontratazio horiek desgaitasuna duten langileen plantilla handitu beharko dute, zentroak aurreko urteko urriaren 31n zuenaren aldean.
c) Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea: 10 puntu gehienez.
Desgaitasuna duten pertsonen kontratuetatik, inbertsioa egiten denetik aurrera zentroak mugagabe bihurtzen duen kontratu bakoitzeko 2 puntu emanen dira, betiere bihurketa epe hautagarrian egiten bada, 5.a) oinarrian ezarritakoaren arabera.
Mugagabe bihurtutako kontratazio horiek handitu beharko dute zentroak dituen langile desgaituen plantilla, aurreko urteko urriaren 31n zuen plantillaren aldean.
d) Enpleguaren kalitatea: 15 puntu gehienez.
Entitate batek kalitatezko enplegua duela ulertzen da, deialdi honen ondorioetarako, plantilla osoa hartuta kontratu mugagabeen portzentajea handia denean, aurreko urteko urriaren 31n zuen plantillaren aldean.
Honela emanen dira puntuak:
–Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %75etik %80ra bitartekoa bada: 5 puntu.
–Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %81etik %89ra bitartekoa bada: 10 puntu.
–Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %90ekoa edo handiagoa bada: 15 puntu.
e) Zentroak proiektuaren finantzaketan laguntzea: 20 puntu gehienez.
–Zentroak inbertsioaren % 21 eta % 30 arteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.
–Zentroak inbertsioaren % 31 eta % 40 arteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.
–Zentroak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.
Inbertsioa egiten den datatzat hartuko da lehendabiziko faktura diruz lagungarriarena.
Irizpide horiek aplikatuta 30 puntura iristen ez diren proiektuak ezetsi eginen dira.
2.4. Deialdiaren 16.d) oinarria aldatzea, testu hau izateko:
d) Onetsitako proiektuen aldaketen berri ematea:
1. Proiektuak edo dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu aurretik, horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, gutxienez bi eguneko epean, haietarako baimena eman dezan.
Aldaketa egiteko eskaeretan behar bezain ongi azaldu beharko da aldaketarako arrazoia, edo zer arazo sortu den proiektua hasieran pentsatu bezala ez egiteko. Proposatutako aldaketa gauzatzen hasi baino lehen aurkeztu beharko da, gutxienez bi eguneko epean.
2. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, NL-NEZek dagokion ebazpena emanen du, eta, hala badagokio, emandako dirulaguntza zati batean murriztu edo kobratzeko eskubidea galdu duela adierazi ahal izanen du, egindako aldaketen garrantziaren arabera.
Aldaketa ez funtsezkotzat jotzen bada, organo kudeatzaileak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.
2.5. Deialdiaren 23. oinarria aldatzea, testu hau izateko:
23.–"De minimis" araubidea.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2832 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresei emandako de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 750.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.
2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste de minimis laguntzak aitortu behar dituzte.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2409846