Iragarkia
147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZUÑIGA
Udal ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduei buruzkoa. Behin betiko onespena
Osorik ematen da argitara herri-lurretako aprobetxamenduei buruzko udal ordenantza, zeina Udalak hasiera batez onetsi baitzuen 2024ko martxoaren 7ko osoko bilkuran. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari. Iragarkia argitaraturik iragarki taulan eta 2024ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16an, ez da haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu legezko epean. Beraz, aipatutako udal erabakiarekin bat etorriz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.
Zuñigan, 2024ko ekainaren 13an.–Alkatea, Pedro María Oteiza Díaz.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA ZUÑIGAKO UDALAREN HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arau bat ezartzea, udal honen laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako. Honako hauek dira aprobetxamenduak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
d) Bestelako aprobetxamenduak.
2. artikulua.
Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatzen eta erabiltzen ahal dituztenak.
3. artikulua.
Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik beren gain.
4. artikulua.
Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, Toki-korporazioen Ondasunen Erregelamendua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-ondasunei buruzko ordenantza hau, eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak.
XEDAPEN OROKORRAK
5. artikulua.
Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.
b) Udalerriko biztanle erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, lau urteko antzinatasunez, gutxienez.
c) Zuñigan bizitzea urtean 9 hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Udaleko zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.
Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Zuñigako Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.
6. artikulua.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendu moduak.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako hauek izanen dira:
a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Udalak zuzenean ustiatzea.
Aprobetxamenduak adjudikatzeko, modalitate horiek aplikatuko dira hurrenez hurren, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENDAKO APROBETXAMENDUAK
7. artikulua.
Onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik egon.
Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.
Errenta mailak zehazteko, jarraituko zaie datu objektiboetan oinarritutako irizpideei. Beraz, honako hauek hartuko dira kontuan: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena; soldatak; laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea; landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria; hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta) eta horren gisako beste edozein datu.
8. artikulua.
Ereduzko lotearen azalera 50 erregu-lurrekoa da lehorreko lurretan, eta ez dago ureztaketarako herri-lurrik.
Laborantzako herri-lurren %50 emanen dira, gutxienez, aprobetxamendu-modalitate honetarako.
Zehazteko zer lote emanen zaizkien 7. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:
a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 50 erregu-lur.
b) 4tik 6 kide bitarteko familia-unitateak, 100 erregu-lur.
c) 7tik 9 kide bitarteko familia-unitateak, 150 erregu-lur.
d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 250 erregu-lur.
9. artikulua.
Aprobetxamenduari onura ateratzeko epea zortzi urtekoa izanen da, eta gehienez ere 15 urtez luzatzen ahalko da. Toki entitatearen baimen espresik gabe, adjudikaziodunek ezin izanen dituzte baliatu adjudikazioan zehaztutakoak ez beste erabilera edo laborantzetarako.
10. artikulua.
Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan: 5 euro kobratuko dira erregu-lur eta urte bakoitzeko. Udalak urtero eguneratuko du zenbateko hori, jarraikiz KPIari (kontsumoko prezioen indizea) edo egoki iritzitako beste parametro batzuei. Nolanahi ere, kanonak gutxienez izan beharko du Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa. Zenbatekoaren muga gisa ezartzen da antzeko kategorietako lursailen errenta-prezioen %50.
11. artikulua.
Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ez dituzte errentan ematen ahalko edo lan pertsonala ez den beste era baten bidez ustiatzen ahalko.
Adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 7. artikuluko baldintzak.
12. artikulua.
Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da norbanako batek bere kabuz eramaten duen ustiategia, edo familiakoen laguntzaz eramandakoa. Gainera, gaixotasuna dela-eta edo Udalaren ustez lanean aritzea eragozten duen beste zerbait dela-eta, ustiatzaileak soldatapeko bat edo bi kontratatu arren, ez da galduko laborari pertsonalaren izaera.
13. artikulua.
Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik titularrak zuzenean eta modu pertsonalean landu ezin dituen lurzatiak Udalak adjudikatuko ditu, berak zehazten duen moduan, zuzeneko adjudikazioaren edo enkantearen bidez. Udalak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, ordaindu beharreko kanona kendu ondotik.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie, adjudikazio aldia bukatu arte.
Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartuko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
14. artikulua.
Honako kasu hauetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:
a) Adjudikatutako lurzatiak norberak zuzenean lantzen ez baditu, 11. artikuluan xedatzen denaren arabera.
c) Nekazaritzako etekinak aitortzen ez badira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean.
d) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarren batzuei errentan ematen badizkiete.
e) Erretirodunak eta pentsiodunak.
2. ATALA.–HERRITARREN ARTEKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOA
15. artikulua.
Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira herritarren artean.
Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute: 10 euro urteko. Kuota hori udalbatzak ezarritakoaren arabera eguneratuko da, urtero, egokitzat jotzen dituen parametroen arabera.
16. artikulua.
Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden, horietako bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikaziodunak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan.
Adjudikazio hori egitean, Udalak hasierako azalera osoaren %5 gordeko du onuradun berriei emateko. %5 hori behin-behinean adjudikatuko da, eskaera berririk ez dagoen bitartean.
Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, baztertu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten titularren eskaerak.
17. artikulua.
Adjudikazio-epea 8 urtekoa izanen da, eta Udalbatzak gehienez 15 urtera arte luzatzen ahalko du. Data horren ondotik, berriz adjudikatuko da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioan. onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez den beste zerbaitetarako edo beste laborantza mota baterako, baldin ez badute toki entitateak espresuki emandako baimenik.
3. ATALA.–ENKANTE PUBLIKOA ETA UDALBATZAK ZUZENEAN USTIATZEA
18. artikulua.
Zuñigako Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa. Hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.
Lurraren kalitatea kontuan hartuta finkatuko den erregu-lurreko hasierako prezioa izanen da urte bereko herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko bera, baina Udalak aldatzen ahalko du, bere iritziaren arabera.
Enkantea egin ondotik laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
19. artikulua.
Udalak erabakia hartuta eta iragarki taulan ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek.
20. artikulua.
Eskaerekin batera honako hauen frogagiriak aurkeztu behar dira:
a) Zuñigako biztanle izatea, gutxienez 4 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Udaleko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
c) Familia-unitateko kideen kopurua, eta horren frogagiriak (familia-liburua).
d) Familia-unitatea osatzen duten kideen diru-sarrerak. Zinpeko deklarazio bat egin behar da, zeinak jasoko baititu familia-unitatea osatzen duten kide bakoitzaren diru-sarrera guztiak, eta hori justifikatuko da honako agiri hauek aurkeztuz:
–Errenta aitorpenaren fotokopia.
–Besteren konturako langileek, diru-sarreren ziurtagiria.
–Pentsiodunek, Gizarte Segurantzaren ziurtagiria.
e) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena familia-unitateko kide guztien zerga-kapitala, udal honetakoa eta beste batzuetakoa, kenduta familia etxebizitzari dagokiona.
Zinpeko deklarazioa, agertzen dituena errentan jasotako diren lurrak, edo jabetzaz bestelako titulu baten bidez jasotakoak.
Ziurtagiri bat, agertzen duena egunean duela Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa, eta, hori izan ezean, Gizarte Segurantzan alta izateko eskaera.
21. artikulua.
Udaleko buruak proposaturik, Udalbatzak onetsiko du adjudikazio modu bakoitzerako onartu direnen zerrenda (lehentasunezko edo herritarrentzako adjudikazioa). Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
22. artikulua.
Behin-behineko zerrenda iragarki taulan argitaratuko da 15 eguneko epean, aurkez daitezen egokitzat jotzen diren alegazioak eta eragozpenak. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da zuzenean.
23. artikulua.
Osoko bilkurak alegazioak ebatziko ditu, eta akatsak zuzendu, eta onetsiko du lurrak izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda.
24. artikulua.
Behin betiko zerrendan dauden bizilagunendako adjudikazioa zozketa bidez eginen da, lehentasunezko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondotik, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioetarako, era honetan:
1. Zenbakituko dira modu batean nahiz bestean onartutakoen behin betiko zerrendak.
2. Zozketaren bidez, edo komenigarritzat jotzen den moduan, zenbaki bat aterako da, dagokiona zerrendan lehenik dagoen eskatzaileari, zenbakizko ordenaren arabera.
3. Ondotik, zerrendako hurrengoak aterako dira, zenbakizko ordenaren arabera.
4. Lurzatien hautaketa bukatutakoan, iragarki taulan argitaratuko da. Alegazioak egiteko 10 egun iragan ondotik, zerrenda behin betikoa izanen da.
HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
Zuñigako Udala bere jurisdikzioko herri-basoen jabe da, bai eta nekazaritza laborantzarako herri-lurren jabe ere.
Ordenantza honetan dauden herri-larreen aprobetxamendua arautzen da jarraikiz Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari eta Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Erregelamenduari.
26. artikulua.
Herri-larreak hurrenez hurren adjudikatuko dira, honela: Lehenik, herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez; bigarrenik, ohitura tradizionalaren bidez; eta hirugarrenik, enkante publikoaren bidez adjudikatuz.
27. artikulua.
Onuradunak izanen dira ordenantza honen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituen titularraren familia-unitateak.
28. artikulua.
Adjudikaziodunak mota guztietako abereak bazkatzen ahalko ditu herri-lur bakoitzean. Udal-mugarte osoa bi herri-lurretan banatzen da:
Lehen herri-lurrak hartzen du gaur egun itxita dagoen herri-baso osoa, eta Zuñigan bizi diren bizilagunendako dago gordea.
Bigarren herri-lurrak biltzen ditu herri-basoaren gainerakoa eta herri-laborantzako lurrak biltzen.
Lehen herri-lurrean 12 euroko urteko kuota kobratuko da azienda larriko abelburu bakoitzeko, edo azienda xeheko 8 abelburuko edo 2 ahuntzeko, zeinak baitira azienda larriko buru baten baliokidea. Herri-lur honetan onar daiteke azienda larriko 70 abelburu bazkatzea. Beraz, herriko bizilagunen abelburuekin kopuru horretara iritsi ezean, zilegi da kanpoko bizilagunen abelburuak bazkatzea bertan, baina abelburu eta urte bakoitzeko 30 euroko kuota ordainduz.
Bigarren herri-lurreko belarrak urteko 5 euroan tasatzen dira.
Bigarren herri-lurraren erremategileak ezin izanen du azienda lehen herri-lurrean sartu bazkatzera ez eta edaten ematera ere.
Aldiz, aukera du azienda gordetzeko presaren ondoan dagoen itxituran, udako hilabeteetan, ekainaren 21etik irailaren 21era arte.
29. artikulua.
Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 eguneko epea irekiko da, herri-larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek, aitzinetik ediktua jarrita Udalaren iragarki taulan.
Eskabidearekin, Udalek ezarritako baldintzez gain, hauek ere aurkeztu beharko dira:
–Abelburu kopurua Zuñigako katastroan.
–Erabili nahi diren larreen zerrenda ordenatua.
–Familia egoera.
–Elkarrekin bizi diren kideak.
Jasotako datuak egiaztatuko ditu Udalak, eta alderatuko ditu Udalean dauden datu ofizialekin eta lortzen dituenekin. Larreen %20 gordeko da urtero adjudikatzeko, badaezpada ere, onuradun berririk agertzen ote den. %20 hori behin-behinean adjudikatuko da, eskaera berririk ez badago.
30. artikulua.
Udalak eginen du behin-behineko adjudikazioa. Eskabideekin batera, aurkeztu beharko dira 5. artikuluko baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak eta Udalean katastroan dauden abelburuen kopuruaren ziurtagiria eta osasun ziurtagiria. 10 eguneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko, eta hori iragatean, halakorik ez bada, adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da. Zuzenean aprobetxatuko dira larreak, eta debeku da errentan ematea edo lagatzea. Zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan egindakoa; betiere, baldin kideek 5. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.
31. artikulua.
Udalak eginen du balorazioa, kontuan hartuta guneko ohiko prezioak, eta ezin dira izan larreen balio errealaren %80tik beherakoak, ezta %90etik gorakoak ere. Udalak larreen balioa eguneratuko du egokitzat iritzitako moduan, erreferentziatzat hartuta KPIa (kontsumoko prezioen indizea) edo erreferentziazko beste indize batzuk. Lehentasuna emanen zaie diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.
32. artikulua.
Adjudikazio-epea 8 urtekoa izanen da, eta gehienez 15 urtera arte luzatzen ahalko dira; data horren ondotik, berriz adjudikatuko da.
33. artikulua.
Adjudikaziodunak, betebeharrei erantzuteko, fidantza jarri beharko du adjudikazioaren egunetik, hots, 8 urteetako adjudikazioaren zenbateko osoaren %5, eta fidantza hori KPIarekin eguneratuko da Udalak egoki irizten dionean.
34. artikulua.
Adjudikazioaren prezioa seihileko aitzinatuetan ordainduko da.
35. artikulua.
15 egun iragaten badira prezioa ordaindu gabe, adjudikazioa deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.
36. artikulua.
Adjudikaziodunak hartuko du bere gain bere aziendak sortzen dituen kalteen erantzukizuna. Mota horretako urraketak eragozteko, adjudikaziodunak aurkeztu beharko du aseguru erakunde batek emandako ziurtagiria, horren bidez bermatzeko aprobetxamenduaren ondoriozko balizko kalteen estaldura, Udalak egoki iritzitako zenbatekorainokoa. Betebehar hori adjudikazioa egin eta hilabeteko epean egin beharko da.
Udaletxearen hesian sortzen diren kalteen erantzule ere izanen da.
37. artikulua.
Herri-larreak aprobetxatzen duen aziendak beharko du osasun ziurtagiria, horrela frogatuko baita betetzen direla azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea), eta bete beharko ditu foru lege horretako eta haren erregelamenduko baldintza guztiak.
38. artikulua.
Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:
–Azienda katastroan edukitzera, adjudikazioak dirauen bitartean.
–Adjudikatutako belarrak azpierrentan ez ematea, ezta eskualdatzea ere.
–Herri-larreak baliatzea haren interesekoa ez bada, adjudikazioari uko egin beharko dio eta larreak Udalaren esku utzi beharko ditu.
–Eragindako kalte-galeren erantzule izatea.
39. artikulua.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
–Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.
–Hildako abereak bertan uztea.
–Aziendarekin sartzea baimendu gabeko leku eta denboran, laborantza eremuen kaltetan.
–Kalte egitea labore eta ondasunetan.
–Ez errespetatzea belarren adjudikazio epeak.
–Ez ordaintzea ezarritako epeen barnean.
–Errentamendua azpierrentan ematea edo eskualdatzea.
40. artikulua.
Aurreko 39. artikuluko jokabideen zehapenak hauek izanen dira:
–Emakida azkentzea, baldin azpierrentamendua egiten bada, araudi sanitarioa betetzen ez bada, edo ezarritako epeetan ordaintzen ez bada. Halakoetan, fidantza konfiskatu eginen da.
–Gainerako arau-hausteek 6 eurotik 150 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen. Horrek ez du eragotziko ondasun publikoetan eragindako kalteak ordaintzea.
41. artikulua.
Enkanteko iragarkiak adjudikaziodunak ordainduko ditu.
42. artikulua.
Udalak beste inoren azienda sartzeko baimena ematen ahalko du larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean; horretarako, adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu beharko du aitzinetik. Diru-sarrera gehigarriak toki entitateari dagozkio, eta adjudikazioduna konpentsatuko da ordaindu behar duen urteko kanonarekin. Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.
43. artikulua.
Toki entitateak noiznahi eginen ditu egoki iritzitako egiaztapenak, baldintzak betetzen direla ziurtatzeko. Honako kasu hauetan ulertuko da larreak ez direla zuzenean erabiltzen ari:
–Udalean aziendari baja ematea.
–Errenta zergan ez aitortzea abeltzaintza etekinik.
–Bazka-lurren jabe izanik ere, haiek errentan emanda izatea.
–Hala eskatuta ere, ez aurkeztea abeltzainen gizarte segurantzaren ziurtagiriak eta albaitariaren frogagiriak, esaterako.
ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
44. artikulua.
Orain arte bezala eginen da. Aitzinetik Foru Aldundiko mendietako langileek markatutako egur epaitza bat adjudikatuko da, eta onuradunak 5. artikuluko baldintzak bete beharko ditu.
45. artikulua.
Epaitzen adjudikaziodunek honako arau eta betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Egurra ezin izanen zaio inola ere saldu edo doan laga adjudikazioduna ez den beste bati. Adjudikatutako epaitzak adjudikaziodunak bakarrik erabiltzen ahalko ditu.
b) Bideak libre utzi beharko dira, hara iristeko moduan.
c) Garbiketaren eta mozketaren hondar guztiak lurzatian bertan gelditu beharko dira.
d) Adjudikazioaren baldintza-agirian ezarritako guztiak.
46. artikulua.
Aitzineko punturen bat betetzen ez bada, adjudikaziodunak ezin izanen du berriz epaitza bat eskuratu, harik eta arau-haustetik 4 urte igarotzen diren arte.
47. artikulua.
Garbiketarako ezarritako epea bete ezean, ezin izanen da hurrengo urtean beste epaitza bat jaso, eta bete ez den epaitza garbitu eta aprobetxatu beharko da.
48. artikulua.
Epaitza bakoitzari dagokion egurra kentzeko gehieneko epea izanen da adjudikazioa egin eta 2 urtera artekoa, eta epe hori bukatu baino lehen luzapen bat eskatzen ahalko zaio Udalari. Nolanahi ere, ohiko epean edo luzaturiko epean erretiratzeko betebeharra betetzen ez bada, adjudikaziodunak ezin izanen du berriz epaitza bat eskuratu, harik eta arau-haustetik 4 urte igarotzen diren arte.
Iragarkiaren kodea: L2409958
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
