2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JAITZ
Ordenantza fiskala, arautzen duena ur gaziaren aprobetxamendua. Behin betiko onespena
Udalak, 2024ko martxoaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena ur gaziaren aprobetxamendua Jaizko udal-mugartean.
Hasierako onespenaren iragarkia 2024ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 16an.
Jendaurreko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jo eta argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
Jaitzen, 2024ko ekainaren 13an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA UR GAZIAREN APROBETXAMENDUA JAIZKO UDAL-MUGARTEAN
I. TITULUA
I. KAPITULUA.–OINARRIAK
1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da babes harturik Nafarroako toki-erakundeen ahalmenak –hain zuzen ere, toki-erakundeei aplikatzekoa zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenak– eta haiekin bat.
II. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENAREN IZAERA
2. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen tasen oinarria da ur gaziaren erabilera kontrolatzeko zerbitzua ematea eta aurrekoarekin zerikusia duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea. Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, tasak dira, zerbitzuak eta jarduerak egiteagatik, hots, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta geroko aldaketetan araututako zerbitzuak eta jarduerak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
III. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
3. artikulua. Ordenantza hau Jaizko udal-mugartean aplikatuko da.
IV. KAPITULUA.–ZERGA-EGITATEA
4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea –benetan edo aukeran– edo erabiltzea –benetan edo aukeran– ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak, zeinek tasak sortzen baitituzte; hona hemen zerbitzu eta jarduera horien zerrenda:
a) Ur gazia erabiltzea honako hau ez den beste zerbaitetarako: "gatza lurrun naturalaren bidez lortzeko" helburuarekin eta horretarako baino ez, betiere herritar bakoitzak dituen gatz larrainen azaleraren arabera.
b) Zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea ur mota hori erabiltzeko beharrezkoak diren jarduketen gainean. Instalatutako kontagailuen jabea Udala izanen da beti.
c) Ikuskatzailetza lana, administrazioko langileek egina, xede duena egiaztatzea ezarritako arauak hertsiki betetzen diren.
V. KAPITULUA.–SUBJEKTU PASIBOAK
5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibo izanen dira, zergadun gisa, pertsona fisikoak edo juridikoak, eta erakundeak, baldin eta osatzen badute unitate ekonomiko edo ondare banatu bat, zergapetzen ahal direnak, nahiz eta izaera juridikorik ez izan, baldin eta jasotzen badituzte ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jarduketen onura erreal edo potentzialak, edo haiek ukitzen badituzte.
Zehazki, honako hauek dira ordaintzera behartutako subjektu pasiboak:
a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasetarako, hornidura eskatu duena.
b) Aurreko c) hornidura motako eskaerarik ez dagoen kasuetan, ikuskaritza zer lur, eraikin, establezimendu edo ibilgailu ur-eramailetan eginen den, horien jabeak izanen dira subjektu pasiboak.
VI. KAPITULUA.–ZERGA-OINARRIA
6. artikulua. Aurreko 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:
a) Aurreko 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, metro kubikotan adierazitako kontsumoaren araberakoa, eta kontagailua instalatzeko kostua.
b) Aurreko 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: jasotako zerbitzuaren kostuaren araberako kuota.
c) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ur kantitate kontsumitua, metro kubikotan, edo horren estimazioa, eta kontagailua instalatzeko kostua.
VII. KAPITULUA.–TARIFAK
7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Udalaren osoko bilkurak ekitaldi bakoitzean ezarriko du zer tarifa aplikatu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari.
VIII. KAPITULUA.–TRIBUTU-KUOTAK
8. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.
9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une bakoitzean ezartzen dituzten zeharkako zergak, lege horiek xedatutako moduan eta baldintzetan.
IX. KAPITULUA.–SORTZAPENA
10. artikulua.
1. Dagokion hiruhilekoan ura zein egunetan erabili den azkenekoz, egun horretan sortuko dira 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako tasak eskatzaile guztientzat.
2. Ordenantzako 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako tasak sortuko dira zerbitzuak ematen diren unean.
3. Ordenantzako 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako tasak sortuko dira ikuskaritza-bisita egiten den unean edo uraz hornitzeko kontratua egiten den unean.
XI. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENA
12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak honako arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:
a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren tasak hiru hilean behin ordainduko dira.
XII. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA
13. artikulua.
1. Ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabeko"tzat hartuko dira.
14. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, epe exekutiboan ordaintzen ahalko dira honako errekargu hauekin, jarraikiz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52. eta 117. artikuluei:
a) %5ekoa, eta interesen likidaziorik gabe, borondatez ordaintzeko 30 egun naturaleko epea bukatu eta premiamendu probidentziaren jakinarazpena jaso aurretik ordaindutako zorraren gainean.
b) %10ekoa, eta interesen likidaziorik gabe, premiamendu-probidentzia jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean ordaindutako zorraren gainean.
c) %20koa, aurrekoak ordaintzeko inguruabarrak gertatzen ez direnean. Kasu horietan, borondatez ordaintzeko epea bukatu ondoko egunetik sortutako berandutze-interesak ere ordaindu beharko dira.
Borondatez ordaintzeko epea bukatu eta zorrak kitatu ez badira, premiamendu aldia hasiko da.
XIII. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENA
Ura kontsumitzen bada "gatza lurrun naturalaren bidez lortzeko" helbururekin eta horretarako baino ez, betiere herritar bakoitzak dituen gatz larrainen azaleraren arabera, ez da ezer ordaindu beharko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, ordenantzari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra ordenantza honek.
1. ERANSKINA
Ur gazia erabiltzea gatza lurrun naturalaren bidez lortzeaz bestelako xedeetarako. 2024ko tarifak.
1. Kuota, zerbitzuan alta emateagatik: kontagailua instalatzeak dakarren kostua.
Dagokion kontagailua instalatzeak eragindako kostua ordaindu beharko da.
Ez da kontagailurik instalatu beharko ura kontsumitzen bada "gatza lurrun naturalaren bidez lortzeko" helbururekin eta horretarako baino ez, betiere herritar bakoitzak dituen gatz larrainen azaleraren arabera.
2. Ura kontsumitzea gatza lurrun naturalaren bidez lortzeaz bestelako helburuekin (4. artikulua).
2.1. Kuota aldakorra: Kontsumitutako metro kubikoaren prezioa:
–1,00 euro, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko.
3. Ikuskapena. 4. c) artikuluan aurreikusiak. Egindako ikuskapen bakoitzeko: 200,00 euro.
Iragarkiaren kodea: L2409590