147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ODIETA

Ordenantza, laguntzak arautzen dituena eraikinak bizitegi-erabilerarako birgaitzeko edo eraberritzeko, lehentasunez birgaitu beharreko arean. Behin betiko onespena

Odietako Udalak, 2024ko martxoaren 12an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: "Ordenantza, laguntzak arautzen dituena Odietako udalerrian eraikinak bizitegi-erabilerarako birgaitzeko edo eraberritzeko, lehentasunez birgaitu beharreko arean".

Hasiera batez onesteko erabakia argitara eman zen Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta 2024ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 26koan, eta jendaurrean egoteko epea iragan da alegaziorik, kexarik edo oharrik gabe. Dena den, Udalak berak proposatu du, ofizioz, aldaketa txiki bat egitea ordenantzaren 7. artikuluaren testuan.

Odietako Udalak, 2024ko ekainaren 11n egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen honako ordenantza hau: "Ordenantza, laguntzak arautzen dituena Odietako udalerrian eraikinak bizitegi-erabilerarako birgaitzeko edo eraberritzeko, lehentasunez birgaitu beharreko arean".

Horrenbestez, testu osoa argitaratuko da, bidezko ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuarekin.

Erripan (Odieta), 2024ko ekainaren 11n.–Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.

ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA ODIETAKO UDALERRIAN ERAIKINAK BIZITEGI-ERABILERARAKO BIRGAITZEKO EDO ERABERRITZEKO, LEHENTASUNEZ BIRGAITU BEHARREKO AREAN

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Odietako Udalak ezarritako laguntzak, eraikinak birgaitzeko bere udal-mugartean, lehentasunez birgaitu beharreko eremuan.

Laguntza ekonomikoen erregulazioa ezarri nahi du, sustatzeko eta dinamizatzeko udalerriko etxebizitza partikularren parkea, gizarte-arrazoiengatik eta interes orokorragatik, horiek birgaitzeko jarduketak lagunduz eta indartuz, eraikin horietan obren sustapen pribatuaren bidez, baldin eta, zehatz-mehatz izan gabe, ohiko etxebizitzarako egokitzeko eta erabiltzeko jarduketa integralei buruzkoak badira. Beraz, diruz laguntzen ahalko dira inguratzaileak hobetzeko lanak, kanpoko arotzeriakoak, barrualdea egokitzeko lanak, egitura sendotzeko lanak eta, oro har, lehendik dauden eraikinak erabiltzeko aukera ematen duten lan guztiak, horretarako ezarritako lege-eskakizun guztiak betez.

2. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntzak jasotzen ahalko dituzte aurreko artikuluan deskribatutako obrek eta, oro har, honako hauek:

a) Etxebizitzak zati batean edo osorik zaharberritu edo konpontzea (fatxadak konpontzeko lanak, kanpoko arotzeriak, estalkiak, berreraikuntzak, eraikinaren egitura sendotzeko eta indargarriak jartzeko obrak...), baldin eta lan horiek gainditzen badituzte kontserbazio hutsera bideratutakoak, Eraikingintzaren Kode Teknikoak zehazten dituen bezala, eta betiere ohiko etxebizitza izateko.

b) Zati batean eta/edo osorik konpontzea ekonomia-jardueretara bideratutako lokalak edo nagusiki bizitegi-erabilerari lotutako eraikuntza osagarriak.

c) Eraikinaren inguratzailearen isolamendu termikoa hobetzeko obrak (fatxada eta estalkia).

d) Barnealdean egiten diren obrak edo jarduketak, etxebizitzak egokitzeko, irisgarritasuna hobetzea helburu, arkitektura-oztopoak kenduz.

e) Etxebizitzen egokitzapen funtzionalerako obrak, haien bizigarritasuna helburu, definitzen den bezala 142/2004 Foru Dekretuan edo hura ordezten duen xedapenean (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak).

f) Jarduera ekonomiko, administratibo, kultural edo aisialdikoetara bideratutako lokalen egokitzapen funtzionalerako obrak, aplikatzekoa zaion araudian ezarritakoari jarraituz.

Birgaitzeko dirulaguntzetan ez dira sartuko eraikinean aldaketa estetiko hutsak bakarrik ekarriko dituzten eraberritzeak. Energia-efizientzia, segurtasuna, irisgarritasuna eta abar hobetzeko obrak izan beharko dute.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Laguntzak aplikatuko zaizkie soilik Odietan lehentasunez birgaitu beharreko arean dauden eta gutxienez 50 urteko antzinatasuna duten eraikinetan egiten diren jarduketei.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Laguntzak Odietako Udalak onuradunei emandako dirulaguntza edo ekarpen gisa hartuko dira, ordenantza honetan araututako baldintzetan, eta honelakoak izaten ahalko dira:

–Obrak egiteagatik ezarritako udal tributuen ehuneko jakin bateko dirulaguntza; hala ere, aldez aurretik, onuradunek ordaindu beharko dituzte dagozkien eskubide eta tasa guztiak.

–Bide publikoa materialekin eta aldamioekin okupatzearen tasa, gehienez ere 4 hilabetez. Udalak okupazio hori onetsi beharko du. (Udal Zerbitzuek erabakiko dute bide publikoaren zer azalera okupatuko den, obraren beharren arabera).

5. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan ezarritako laguntza ekonomiko guztiei aplikatzeko baliabideen guztizkoak udal aurrekontuan zehaztutakoak izanen dira. Espresuki xede horretara bideratutako partidak agortuko balira, beste batzuk ere erabiltzen ahalko dira. Nolanahi ere, bermatuko da biztanle eta urte bakoitzeko etxebizitza-modulu haztatuaren %1etik gorako gutxieneko zenbatekoa.

6. artikulua. Laguntza ekonomikoen onuradunak.

Ordenantza honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Odietako udalerrian lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinen jabe diren pertsona fisikoak eta juridikoak.

Sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile diren pertsona fisikoak edo juridikoak ere onuradun izaten ahalko dira, baldin eta jabeen berariazko baimena badute obrak egiteko. Azken kasu horietan, onuradunek ordenantza honen 8. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzeko moduan egon beharko dute, kontratu bidez eta beste dokumentu fede-emaile baten bidez, zeinaren bidez frogatzen baita dirulaguntzaren xedeko etxebizitza erabiltzeko ahalmena dutela, aipatutako apartatuan ezarritako baldintzetan.

Ezin izanen dira laguntzen onuradun izan udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelako betebehar publiko edo pribatuak egunean ez dituzten pertsonak edo erakundeak; betebehar hori familia-unitateko kide guztiendako izanen da. Ordenantza honen ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko dira higiezin berean bizi diren pertsonak; erroldako orri berean daudenak, alegia.

Betebehar hori jabe diren pertsona edo erakundeentzako ere bada, baldin eta laguntza eskatzen dutenak badira sustatzaileak, maizterrak, errentariak edo erabiltzaileak.

Ordenantza honetako apartatu horretan ezarritako laguntzen onuradun izateko, udalerrian erroldatuta egon beharko dute familia-unitateko edo erakunde juridiko eskatzaileko kide guztiek, edo alta eman beharko dute laguntza eskatzeko unean.

7. artikulua. Jarduketen baldintzak.

Obrak eginen dira 50 urtetik gorako eraikinetan. Antzinatasun hori zehaztuko dute katastroan adierazitako datak edo behar bezala justifikatutako agiriek.

Obra gauzatzeko aurrekontua 20.000,00 eurokoa izanen da gutxienez. Egin beharreko obren artean, betiere jaso beharko da eraikinaren inguratzaile termikoa birgaitzeko jarduketaren bat eta bertako elementuak indarrean diren arau eta ordenantzetara egokitzeko jarduketaren bat.

Era berean, obrak gauzatzerakoan aurreikusiko da hondakin-uren saneamendu-sareak eta euri-uren sareak behar bezala bereiztea, eta inola ere ezin izanen da hondakin-urik isuri euri-uren sarean, eta alderantziz. Baldin lizentziaren xede den etxebizitzan, eraikinean edo instalazioan era horretako disfuntzioren bat badago, nahitaez zuzendu beharko da eskatutako obra egiten denean, Udalaren txosten teknikoek adierazten duten moduan.

Obrak, oro har, nahitaez egin beharrekoak direla agertu beharko da behar den txosten teknikoan, hots, Odietako Udalarentzat hirigintza- eta obra-arloko aholkularitza ematen duten zerbitzuek espediente bakoitzerako eman behar duten nahitaezko txosten teknikoan. Txosten horrek zehaztuko du ordenantza honetako kasuetara egokitzen den eta nola egokitzen den.

Laguntza jasotzen duten bizitegi-erabilerarako eraikinak ezin izanen dira erabili hostalak, landetxeak, turismo-establezimenduak edo antzekoak paratzeko. Debeku horrek 10 urtez iraunen du, laguntzak jasotzen direnetik zenbatzen hasita.

8. artikulua. Mugak.

Ordenantza honetan jasotako laguntzak izan dituzten etxebizitzak ez dira inola ere lagatzen ahalko, bost urteko epean, laguntzak jaso dituzten obrak bukatzen direnetik zenbatzen hasita, non ez zaion Udalari itzultzen ordenantza honetan araututako laguntzaren kontzeptupean jasotako diru guztia.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik, nahiz eta, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, lagapen edo eskualdaketa bat gertatu bada eta une horretan beste titular bat badu.

9. artikulua. Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.

–Laguntza ekonomikoa izanen da %75eko hobaria aplikatzea obrak egiteagatik ezarritako udal tributuen eta tasen gainean; hala ere, aldez aurretik, onuradunek ordaindu beharko dituzte dagozkien eskubide, zerga eta tasa guztiak. Hobariak bi alderdi hauei eraginen die: batetik, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren (EIOZ) kalkuluari, eta, bestetik, ordaindu beharreko tasei. Laguntza honen gehieneko zenbatekoa, osotara, 750,000 eurokoa izanen da.

10. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

Oro har, Odietako Udalak interesdunei jakinaraziko die, horiek hala eskatuta, ohiko publizitate bitartekoen bidez edo obra-lizentziak eskatzen direnean, laguntzak badaudela eta zein diren horiek jasotzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko agiriak, bai eta, hala badagokio, behar den dokumentazio teknikoa ere horiek eskuratu ahal izateko.

Odietako Udalari aurkeztuko zaizkio laguntza ekonomikoen eskaerak, ordenantza honetan jasotako zaharberritzeetarako direnean, honako dokumentazio hau erantsita:

–Eskatzaileak duen ordezkaritza frogatzeko agiria, hala badagokio.

–Odietako Udalarekiko zerga-betebeharrak ordainduta daudela dioen ziurtagiria.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena onuraduna ez dela sartzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeretako bakar batean ere eta, hala badagokio, adierazten duena etxebizitza hori jabearen edo maizterraren ohiko etxebizitza dela edo izanen dela.

–Egin beharreko obren deskripzio-memoria teknikoa, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo, bestela, ikus-onetsitako proiektu teknikoa, obra motaren arabera, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legeari jarraituz.

–Obretarako hirigintzako lizentziaren eskaera.

–Jabe den pertsonaren edo erakundearen edo jabeen erkidegoak duen ordezkariaren NANaren edo IFZren fotokopia, eta horien berariazko baimena, obrak egiteko sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa, eta kasu horietarako 5. artikuluan berariaz aipatzen diren agiriak.

–Jabeen erkidegoaren erabakia: obrak egitekoa, laguntza-espedientearen kudeaketarako ordezkaria izendatzekoa, eta jabekide bakoitzak obran duen ehunekoa zehaztekoa, hala badagokio.

–Babestutako zaharberritzearen behin-behineko edo behin betiko kalifikazioa, hala badagokio.

–Dirulaguntzak zer kontutan sartzea nahi den, haren zenbaki osoa.

Eskaera egin beharko da obretarako hirigintzako lizentzia eskatu aurretik edo eskatzearekin batera.

11. artikulua. Laguntza ekonomikoak ematea.

Laguntza ekonomikoak urtero ebatziko dira Odietako alkatetzaren ebazpen bidez, behin obrak bukatu eta interesdun edo eskatzaile den pertsonak edo entitateak kasu bakoitzari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren.

Obren bukaera justifikatzeko aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

–Lehen erabilerako lizentzia, beharrezkoa denean hirigintzako araudiaren arabera.

–Obraren bukaerako ziurtagiria edo akta, teknikari eskudunak sinatua, obra motagatik esku hartu behar izan duenean eta lehenengoz erabiltzeko lizentziarik behar izan ez denean, barnean dela horien benetako kostua frogatzen duen dokumentu teknikoa; dokumentu horrek likidazioaren balioa izanen du.

–Onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, baldin teknikari eskudunak esku hartzea nahitaezkoa ez bada.

–Egindako jarduketen edo obren fakturak eta ordainagiriak. Haien zenbatekoa ez badator bat Odietako Udalak aitortutako EIOZren zerga-oinarriarekin, zerga horrengatik eta hirigintza-jarduketengatiko tasagatik ordaindu beharreko zenbatekoa erregularizatuko da.

–Obrak etxebizitzaren bizigarritasun-zedula lortzeko badira, zedula hori Udalean izapidetu, lortu eta aurkeztu beharko da (martxoaren 22ko 5/2004 Foru Dekretua, arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak, edo hura ordezten duen xedapena).

–Babestutako zaharberritzearen behin-behineko edo behin betiko kalifikazioa, hala badagokio.

12. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, zehazki, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean, eta jasotakoa itzultzeko ere eskatzen ahalko da.

Laguntzen deuseztapena bati bakarrik egiten ahalko zaio, baldin jabeen elkarte batean bat bakarra bada baldintzaren bat bete ez duena.

Ordenantza honetan araututako laguntzak galduko dira, halaber, baldin pertsona edo erakunde eskatzaileek, zaharberritze obrak egitean, ez badituzte betetzen Odietako Udal Plan Orokorreko arauak edo obra lizentzia ematean ezarritako baldintzak.

13. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Eskatutako laguntza ekonomikoek aurrekontuan esleitutako zenbatekoa gainditzen badute, Odietako Udalak, beharraren eta premiaren arabera, diruz lagun daitezkeen jarduketak hautatzen ahalko ditu, eta uneko ekitaldian laguntzarik jaso ez duten jarduketak automatikoki igaroko dira hurrengo ekitaldira.

Horiek emateko lehentasun-ordenak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

–Eskatzailearen eta/edo haren familia-unitatearen errenta (norbanakoen eskaeretan baino ez da erabiliko).

–Eraikinaren katalogazioa edo interesa.

14. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da beste batzuekin, betiere guztien artean ez bada gainditzen planteatutako obra gauzatzearen kostuaren %100. %100 hori gaindituz gero, soberakina itzuli beharko du onuradunak.

15. artikulua. Xedapen osagarriak.

Oro har, eta ordenantza honetan berariaz jasota ez dauden egoera partikular guztietarako, kontuan hartuko da Nafarroako Gobernuak jarraitutako irizpidea aplikatzeko irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua edo hura ordezten duen xedapena (foru dekretu horrek arautzen ditu etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak; 2013ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 25ekoa).

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotarako, aplikatuko dira, modu osagarrian, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorra, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, Estatuko Lurzoruaren Legea eta haiekin bat datorren legedia.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau behin betiko onetsitakoan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza honek, foru lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta behin iragan ondoren ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioek erabiltzeko toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko errekeritzeko duten ahalmena.

Iragarkiaren kodea: L2409600