147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ULTZAMAKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, berdintasun teknikariaren lanpostu bat, lanaldi osokoa eta B mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta izangaien zerrenda bat osatzeko, sortzen diren ordezkapen, baja edo beharrei erantzuteko

Mankomunitateko buruak azaroaren 29an emandako 18/2023 Ebazpenaren bidez, mankomunitate honen lan publikoaren eskaintza onetsi zen 2023. urterako.

Mankomunitateko buruaren abenduaren 29ko 22/2023 Ebazpenaren bidez, honako deialdi hau onetsi da: deialdia, berdintasun teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura jardun dezan.

Lanpostua betetzen duenak Ultzaman zein Leitzaldean jardun beharko du, eta, hortaz, kontratatzen den langileak bi lanpostuen edo egoitzen artean ibili beharko du joan-etorrian, ezarritako proportzioan. Gerta liteke, etorkizunean, lanpostu horretako zereginak beste modu batean banatzea geografikoki, eta lanaldi osoa betetzea mankomunitate honen eremuaren barnean edo beste batzuetan. Dena den, horretarako, akordioak sinatu beharko dira Nafarroa iparraldeko beste toki-erakunde batzuekin.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko berdintasun teknikariaren lanpostu bat betetzea, lanaldi osokoa eta B mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez.

Halaber, deialdi honen bidez hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 9. oinarrian xedaturikoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

1.2. Izangaia, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatu ondotik, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean sartuko da, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesean.

1.3. Hautapen-prozesua gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen den pertsona B mailan edo taldean egokituko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak jasoko ditu.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barnean (deialdiaren 7.2 apartatuan adierazia), eta lanpostuaz jabetu arte, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Unibertsitateko gradudun, diplomadun, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoaren titulua edo balio berekotzat hartzen den beste titulu bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasturteak osorik gaindituak izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

d) Euskara jakitea. Frogatzeko, aurkeztu beharko da C1 titulua, gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean eta NAPIn indarrean den baremoarekin bat, edo maila horretako beste tituluren bat (EGA edo beste batzuk...), ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.

Maila hori frogatzen ahalko da, orobat, berariazko proba bat gaindituta, izangaiak behar adinako hizkuntza maila baduela zehaztekoa. NAPIko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalak eginen du proba hori. Betiere, proba hori eginen da oposizio-lehiaketako gainerako probak egin baino lehen. Baldintza hau betetzen ez dutenek (edo aipatutako tituluak ez aurkezteagatik, edo euskara jakiteari buruzko proba ez gainditzeagatik), ezin izanen dira aurkeztu, ez eta parte hartu ere, oposizio-lehiaketako gainerako probetan.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa, eta ibilgailu bat eskuragarri edukitzea.

h) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Baldintza horiek deialdiaren 7.2 apartatuan ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskabidearekin batera aurkeztu behar direnak.

3.–Eskaerak aurkeztea.

3.1. Eskaerak.

Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabide eredua Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Idazkaritzan emanen da. Horretarako 948 305353 telefono zenbakira deitu behar da 9:00etatik 14:30era bitartean. Mankomunitatearen web-orritik ere deskargatzen ahalko da, edo info@gzultzamaldea.es posta elektronikoko helbidera idatziz eskatu. Bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean egonen da eskuragarri, argitaratzen denean.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean (San Pedro kalea 8 bis, behea, 31797 Larraintzar, Ultzama). Orobat, aurkezten ahalko dira erakunde deitzailearen egoitza elektronikoaren bidez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak noiznahi zuzentzen ahalko dira, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.

3.3. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Izangaiek, eskabidearekin batera, aurkeztuko dituzte alegaturiko merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, baremoaren ondorioetarako, bai eta eskatutako titulazioaren frogagiriak eta NANaren eta gidabaimenaren fotokopia konpultsatuak ere.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Era berean, aurkeztu beharko dute desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta epaimahaiaren behin betiko osaera onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Izangai bazterturik ez bada, besterik gabe onetsiko da onartuen zerrenda behin betiko gisa.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den. Gainerako ariketak egiteko tokia eta eguna Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian iragarriko dira.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

1.–Epaimahaiburua: Jesús M.ª Larretxea Lazkano, Ultzama Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Martín M.ª Picabea Aguirre, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

2.–Mahaikide teknikaria: Begoña Laquidain Azpiroz, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako berdintasun teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako beste oinarrizko gizarte-zerbitzu batean berdintasun teknikari gisa lanean ari den norbait; Mankomunitateko buruak aukeratuko du.

3.–Mahaikide teknikaria: M.ª Idoia Lecue Peña, berdintasunaren arloan aditua den profesionala.

Ordezkoa: berdintasunaren arloko beste profesional bat; Mankomunitateko buruak aukeratuko du.

4.–Epaimahaikidea: Nekane Gartzia Razquin, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkari gisa.

Ordezkoa: Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko beste langile bat, mankomunitateko langileen ordezkari gisa.

5.–Mahaikide-idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: idazkari karguan aritzen den beste norbait, beste oinarrizko gizarte-zerbitzu batekoa; Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak izendatuko du.

5.2. Kalifikazio epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko eta jarduketak egiteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea epaimahaiburua eta epaimahaikide-idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute kalifikazio-epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Euskara proba.

Ahozkoa eta idatzizkoa izanen da. Izangaiek bi proba egin beharko dituzte, eta bien gaineko kalifikazioa izanen da "gai" edo "ez gai". Baztertu eginen dira "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak. Jakite maila izanen da C1 maila, EGA edo parekoa.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Lehiaketaldian 100 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

7.2. Oposizioaldia.

7.2.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Gero, kalifikazio-epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, erregelamenduari jarraikiz.

7.2.2. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nor diren frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

7.2.3. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: Teorikoa. 60 eta 90 galdera artean erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko lau aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri den gai-zerrendakoak izanen dira. Okerreko erantzun bakoitzagatik zuzen erantzuten denaren balioaren herena kenduko da. Ariketa egiteko izangaiek gehienez zenbat denbora izanen duten, hura hasterakoan adieraziko du kalifikazio-epaimahaiak. Ariketa honek, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du.

Bigarren ariketa: teorikoa eta praktikoa. Epaimahaiak proposatzen dituen gai eta kasu praktikoak idatziz garatu eta ebatzi beharko dira. Gai horiek II. eranskineko gai-zerrendako bigarren zatikoak izanen dira. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora izanen duten izangaiek horiek ebazteko.

Ariketa ahoz azaldu eta defendatu beharko da, euskaraz, epaimahai kalifikatzailearen aurrean, hogei minutuz. Epaimahaiak erabakiko du zein egun eta ordutan eginen den azalpena. Ariketa horrengatik 40 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez: 30 idatzizko zatian, eta 10 ahozko azalpenean.

7.2.4. Pliken sistema erabiliko da ariketak egiteko.

7.2.5. Proba egiten ahalko da Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan (gaztelania eta euskara).

7.2.6. Probak egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

7.2.7. Lehen eta bigarren ariketak baztertzaileak izanen dira, eta, hortaz, baztertu eginen dira honako puntu hauek, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak:

–Lehen ariketa: 15 puntu.

–Bigarren ariketa, osotara: 20 puntu.

7.2.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.9. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak plikak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko da, eskuratutako kalifikazioak adierazita, ariketak egin diren tokian eta Mankomunitatearen iragarki-taulan. Orobat, zerrenda hori kontsultatzen ahalko 948 305353 telefono zenbakira deituta, eta lortzen ahalko da info@gzultzamaldea.org posta elektronikoko helbidearen bidez ere. Bi egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

7.3. Lehiaketaldia.

7.3.1. Aldi honetan parte hartuko dute oposizioaldia gainditu dutenek soilik.

7.3.2. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoarekin bat, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabilita; eta hala egin ezean, merezimendu horiek alegatu ez direla ulertuko da.

7.3.3. Alegatu eta frogatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera.

7.3.4. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak:

a) Berdintasunaren arloan espezializatutako graduondoko edo masterreko tituluak: Gehienez ere 12 puntu.

b) Arlo horretan egindako zerbitzuak edo eskarmentua: Gehienez ere 15 puntu.

c) Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak: Gehienez ere 3 puntu.

7.3.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, aipatu baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3.6. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.

7.3.7. Merezimenduen kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta 5 egun balioduneko erreklamazio epea ezarriko du, izangaiek alega dezaten eskubideko jotzen duten guztia merezimenduen balorazioaren gainean.

Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki-taulan paratuko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian ateratako puntuazioak adierazita. Puntuazio horiek oposizioaldian eskuratutakoari gehituko zaizkio, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.

8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautaprobak buruturik, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak adierazita, probak egin diren tokian eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan. Halaber, zerrenda hori eta espediente osoa Mankomunitateko buruari igorriko dizkio, bai eta probak puntuazio handienarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien eskuratu dutenen alde ebatziko da. Hala eta guztiz ere berdinduta segituz gero, lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Azkenik, berdinketak irauten badu, zozketa bidez ebatziko da.

8.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturalen barnean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko dizkio Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, frogatzeko interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.3. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak lanpostua beteko du 8.1 apartatuko zerrendan –probak gainditu dituztenen zerrendan– hurrengoa den izangaiarekin, eta horrekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke proposatutako izangaiari, eta hark deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko ditu.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Hautapen-prozesua bururatutakoan, hautatu den izangaia izendatuko du Mankomunitateak.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako langile lan-kontratudun finkoaren izaera emanen diete izendatutakoei, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finkoen arloan indarrean diren xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.

9.3. Izendapena eta, bidezkoa bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Izangai izendatuak 10 egun naturaleko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita. Lan loturaren kasuetan, interesdunek epe horretan izenpetu beharko dute kontratua.

Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun langile finkoa izateko. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak.

10.1. Jarraikiz xedatua dagoenari Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean kontratatzeko zerrenda.

Epaimahaiak hautapen espedientea igorri ondoren, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehenengo proba gainditu dutenen zerrenda onesteko; hori guztia, une horretan indarrean diren kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek argitara emanen dira Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 94. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Mankomunitatearen indarreko akordioa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuan.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.

10.3. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Deialdi honen, oinarrien edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.11.3 Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Larraintzarren (Ultzama), 2023ko abenduaren 23an.–Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua, Jesús M.ª Larretxea Lazkano.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, PARTE HARTZEKO ULTZAMAKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ZERBITZUKO BERDINTASUN TEKNIKARIAREN LANPOSTU BAT, LANALDI OSOKOA ETA B MAILAKOA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN

I.–HAUTAPEN-PROZESUA:

Deialdia egiten duen erakundea: Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.

Lanpostuaren izena: BERDINTASUN TEKNIKARIA (B MAILA).

II.–DATU PERTSONALAK:

Deiturak eta izena: .................................................................................................................................

Helbidea: .................................................................................................................................................

1. telefonoa: .......................................................... 2. telefonoa: ..........................................................

Helbide elektronikoa: ...............................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa. BAI / EZ

–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea. BAI / EZ

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

III.–ADITZERA EMATEN DUT:

Eskabide honekin batera merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditut, deialdiaren 3.3 oinarrian jasotzen den eran.

–Desgaitasun-baldintzak:

  • BADUT / EZ DUT aitortua desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %.......................(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.

–Euskararen jakite-mailaren egiaztapena:

  • BAI / EZ Euskararen jakite-maila egiaztatzeko agiririk aurkeztu ezin dudanez, hura bete beharreko baldintza izanik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen dituen egiaztapen probetara aurkezteko konpromisoa hartzen dut.

Horiek horrela, ADITZERA EMATEN DUT:

1. Betetzen ditudala deialdiaren oinarrietan hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak guztiak.

2. Ez nagoela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

3. Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako ezgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik.

4. Alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak errealitatearen isla zehatza direla.

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUDALA eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.

Eguna eta sinadura

Adierazpenaren egileak baimena ematen dio toki erakundeari, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, espedientean eta izapideetan jasota dauden bere datuak trata daitezen, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzeko eta hobetzeko jarduketak; eta badaki, aipatu lege organikoan xedatutakoaren arabera, toki erakundearengana jo dezakeela datu horietan sartzeko, haiek zuzentzeko, haiek ezerezteko, eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabiltzeko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paraturik.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA. GEHIENEZ: 30 PUNTU

A) Berdintasunaren arloan espezializatutako graduondoko edo masterreko tituluak: 12 puntu gehienez.

Genero berdintasuneko teknikari-lanari lotutako unibertsitateko graduondoko edo masterreko ikasketa amaituak, 200 ikastordutakoak gutxienez, eta behar bezala aitortutako unibertsitateek edo goi-mailako ikastetxeek emandakoak.

Ez da baloratuko 200 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-ikasketetako titulurik.

1,5 puntu emanen dira, graduondoko edo masterreko 200 orduko. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 200 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.

Atal honetan gehienez ere 12 puntu lortzen ahalko dira.

Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

B) Arlo horretan egindako zerbitzuak edo eskarmentua: 15 puntu gehienez.

B.1) Entitate publiko batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko teknikariaren lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 3,00 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

B.2) Entitate pribatu batean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko teknikariaren lanpostuan (B maila) egindako zerbitzuak: 1,50 puntu lan egindako urte bakoitzeko.

Goian adierazitako puntuak lortzeko, urte osoa egin behar izan da lan, eta lanaldi-osoan. Lanaldia bestelakoa bada, puntuak hainbanatu beharko dira.

Frogaturiko lan-eskarmentuak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da, hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, gutxienez hilabete batekoa, osorik, izan beharko du.

Aurreko apartatuetako merezimenduak zenbatzeko, honako zerbitzuak hartuko dira kontuan: lan araubidean, behin-behineko langile edo langile finko gisa, edo administrazio araubidean, bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izanik egindako zerbitzuak. Baina apartatu batean baino gehiagotan sartutako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.

Merezimendu horiek baloratzeko, hautagaiek entitate kontratatzaileek, publiko zein pribatuek, egindako eta sinatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Agiri horietan alderdi hauek jaso beharko dira: Lanpostuaren eta haren zereginen definizioa; kontratuaren iraupena; lanaldi mota (osoa edo partziala, eta azken kasu horretan, ehunekoa adierazita). Datu horiek falta dituzten ziurtagiriak ez dira baloratuko da ez dira kontuan hartuko merezimenduak zenbatzeko.

C) Berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak: 3 puntu gehienez.

Genero berdintasunari buruzko ikastaro amaituak, administrazio publikoek antolatuak: 0,20 puntu ikastordu bakoitzeko.

Ez da baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gutxieneko iraupen hori gainditurik, 10 ordutik beherako zatiei esleituko zaie gainerako denborari dagokion puntuazio proportzionala.

Merezimenduak hautaprobak egin eta gero baloratuko dira; gainditutako izangaiei soilik baloratuko zaizkie merezimenduak.

Oharrak:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza-jardueren ondoriozko eskola-orduen zatiak hainbanatuko dira.

2.–Iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

3.–Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 600 orduren balorazioa emanen zaie.

4.–Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, baldin delako prestakuntza ekintzak Administrazioak agindurik, baimendurik edo berak baliodundurik badira.

5.–Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Lehenengo zatia.–Oinarrizko araudia eta araudi orokorra.

1A gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua, II. titulua, IV. titulua, V. titulua, IX. titulua.

2A gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua eta I., II., III. eta IX. tituluak.

3A gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua. Prozeduran interesdun direnak.

4A gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua. I. kapitulua. Jarduteko printzipio orokorrak. III. titulua. I. kapitulua. Administrazio egintzen betekizunak. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.

5A gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. IV. titulua. II. kapitulua. Prozedurari hasiera ematea. III. kapitulua. Prozeduraren antolamendua. IV. kapitulua. Prozeduraren instrukzioa. V. kapitulua. Prozedura amaitzea. VII. kapitulua. Betearaztea. V. titulua. II. kapitulua. Administrazio errekurtsoak.

6A gaia.–13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. I. titulua. Nafarroako foru erakundeak. II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

7A gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak.

8A gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Eskubideak eta betebeharrak. II. titulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. III. titulua. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea.

9A gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. IV. titulua. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. V. titulua. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.

10A gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. VI. titulua. Gizarte zerbitzuetako profesionalak. VII. titulua. Ekimen pribatua. VIII. titulua. Gizarte zerbitzuen kalitatea. IX. titulua. Ikuskapena eta zehapen araubidea.

11A gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa.

12A gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

Bigarren zatia.–Araudi berariazkoa.

1. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. gaia.–1616/2020 9 Errege Dekretua, urriaren 26koa, berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena. III. kapitulua.

3. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

4. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena.

5. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa:

6. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

7. gaia.–Foru Lege hori garatzeko plana, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23an onetsia.

8. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.

9. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, irailaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

10. gaia.–Politika publikoetara aplikatutako genero teoria eta genero ikuspegia. Zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa (esanahia, zer eremutan gertatzen diren, horiek hautemateko estrategiak). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa txertatzeko "estrategia duala". Ekintza positiboa eta genero zeharkakotasuna administrazioan (lege esparrua, definizioa, filosofia).

11. gaia.–Genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzea. Aplikatu beharreko araudia. Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16an hartua, Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko foru legeen aurreproiektuetan, legegintzako foru dekretuetan, erregelamenduzko xedapenen proiektuetan eta plan eta programetan genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostena egiteko argibideak onesten dituena.

12. gaia.–Aukera berdintasuneko agentearen figura. Lanbide profila. Eginkizunak.

13. gaia.–Genero berdintasuna Nafarroako toki entitateetan. Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.

14. gaia.–Genero berdintasuneko planak: Diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horien ebaluazioa.

15. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa. Emakumeen aurkako genero indarkeria. Nafarroako egoera eta dauden baliabideak.

16. gaia.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Nafarroako plan estrategikoa 2022-2027 aldirako.

17. gaia.–Estatuko egiturak: Berdintasun Ministerioa. Emakumeen Institutua. Genero indarkeriaren aurkako gobernu-ordezkaritza. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Estatuko behatokia.

18. gaia.–Genero indarkeriaren aurkako estatu ituna. 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa.

19. gaia.–Profesionalentzako gida. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa. (NABI 2008).

20. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida. (NABI 2008).

21. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan. Zainketen aldeko tokiko itunak.

22. gaia.–Genero berdintasunari buruzko klausulak kontratu, dirulaguntza eta hitzarmen publikoetan.

23. gaia.–Komunikazio eta hizkuntza inkluskoa: gomendioak eta erabiltzeko jarraibideak.

24. gaia.–Genero berdintasunaren aldeko Europako estrategia 2020-2025 aldirako.

25. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.

26. gaia.–Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean indarrean diren araudiak, planak eta egitura berariazkoak berdintasunaren arloan: Berdintasun Plana, genero indarkeriaren aurkako itunak eta abar.

27. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen dituena.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2409959