147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47/2024 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baten deialdia onesten baita unibertsitateko tituludunentzat edo goi mailako teknikarientzat, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 766904.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Proposatzen da prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, unibertsitateko tituludunei edo goi mailako teknikariei zuzenduta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko, zerbitzu horretan gauzatutako jarduerak ezagut ditzaten zuzenean, modu praktikoan eta espezializatuan. Zerbitzuaren eskumen eremuko jardueretan eginen da prestakuntza, zehazki, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 256/2023 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Prestakuntza beka baten deialdiaren oinarriak onestea, destinoa Turismoko Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan duena, eta Turismoko unibertsitateko gradudunei, Turismo Gidaritza, Informazioa eta Laguntzako goi-mailako teknikariei, eta Bidaia Agentziak eta Ekitaldien Kudeaketako goi-mailako teknikariei zuzenduta dagoena.

2. Baimentzea 3.091,98 euroko gastua Nafarroako 2024ko gastuen aurrekontu orokorretako partida honen kargura: A30001 A3100 4800 432100 partida, "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izenekoa.

3. 60,99 euroko gastua baimentzea 2025eko Gastuen Aurrekontuan, 2024ko abenduko gizarte segurantzari dagokiona; 2025eko urtarrilean ordainduko da, 2024ko Gastuen Aurrekontuetako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A30001 A3100 4800 432100 partidaren baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau igortzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzura eta Turismoaren Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.

6. Adieraztea ezen foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA.–TURISMOAREN ANTOLAMENDU, KUDEAKETA ETA KALITATEKO ZERBITZUAN DESTINOA DUEN PRESTAKUNTZA BEKA BATERAKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da turismoko prestakuntza beka bat emateko oinarriak ezartzea. Beka hori norgehiagokako araubidean emanen da eta zuzenduta dago Turismoko unibertsitateko gradudunei, Turismo Gidaritza, Informazioa eta Laguntzako goi-mailako teknikariei, eta Bidaia Agentziak eta Ekitaldien Kudeaketako goi-mailako teknikariei. Bekaren destinoa Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko 39.671,68 euroko kreditua gorde da. Horietatik, 2024an 3.081,29 euroko kreditua baimentzen da eta 71,68 euroko kreditua 2025ean, 2025eko aurrekontuan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzarekin. Luzapenik baldin bada, 2025., 2026. eta 2027. urteei dagozkien zenbatekoak baimentzea aurreikusten da, aldez aurretik balidatu den aurrekontu erreserbaren arabera. Beka ekitaldi horietako bakoitzean kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean gelditzen da.

3. Bekaren iraupena.

Prestakuntza bekak 3 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik aurrera, eta 2024ko abenduaren 31n bukatuko da. Prestakuntza 2024ko urriaren 1ean hastea aurreikusten da, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.

Edonola delarik ere, Turismoko zuzendari nagusiak luzatzen ahalko ditu, hiru urte bete arte, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak kontuan hartuta. Beraz, luzapenak 2025. eta 2026. urteak hartzen ahal ditu, oso-osorik, eta 2027. urtean, zenbat hilabete falta diren hiru urteak betetzeko, beste hainbeste, betiere partidan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Prestakuntza bekan aurreikusirik dago gehienez ere 1.100,00 euroko aurrekontua hilabetean, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.

Bekadunak 990,00 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Bekadunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. Eskatzaileak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke bekaren onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitateko edo goi-mailako heziketa zikloetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzean eta betiere deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.

Interesdunek eskabideak aurkeztu ahal izanen dituzte deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko abuztuaren 15era bitartean (egun hori barne).

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/beca-de-formacion-para-personas-tituladas-universitarias-o-tecnicas-superiores-en-dg-de-turismo. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve eduki beharko da.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Ahal dela, dokumentazioa euskarri informatikoan aurkeztuko da.

Eskaera egiteko, deialdi honen II. eranskineko inprimaki normalizatua bete beharko da. Inprimaki hori, halaber, goian aipatutako tramiteen katalogoko fitxatik jaisten ahalko da, eta bekaren eskatzaileak sinatuta bidali beharko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:

–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez erroldaturik egotea frogatzen duena.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

Eskabide-orriak honako hau izanen du erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.

–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:

a) Bekari buruzko titulazio akademikoaren fotokopia: Turismoko unibertsitateko gradua, Turismo Gidaritza, Informazioa eta Laguntzako goi-mailako heziketa zikloa, eta Bidaia Agentziak eta Ekitaldien Kudeaketako goi-mailako heziketa zikloa.

b) Norberaren ikasketen ziurtagiri ofiziala, ikas-maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat, bereziki hauek:

–Bekarekin zuzeneko zerikusia duten beste titulu akademiko batzuk.

–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Estatuko zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.

–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartu izana (bekak, praktikak, etab.): unibertsitateak edo enpresak emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan adieraziko da egindako praktikak, bekak eta abar curriculumetik kanpokoak direla, eta aipatuko dira betetako eginkizunak, hasiera- eta amaiera-datak eta egindako orduak.

–Hizkuntzak jakitea.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu gehienez. Espedientearen batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan baloratuko da, eta kalifikazio hori % 75eko koefizientearekin haztatuko da 1. oinarrian aipatutako goi-mailako heziketa zikloen kasuan.

b) Beka emateko eskatzen ez diren beste titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 4 puntu gehienez.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak. Kontzeptu horrengatik 0,20 puntu emanen dira kredituko edo prestakuntzako 10 orduko, eta kopuru horietatik beherako unitateak proportzionalki baloratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.

d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.

Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak. Ziurtagirian ez denean jasotzen jarduerak zenbat hilabete iraun duen, ez da kontuan hartuko.

Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko. Ez dira atal honetan baloratuko hasiera- eta amaiera-datak jasotzen ez dituzten ziurtagiriak.

e) Hizkuntzak jakitea. 5 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.

–Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).

Ez da merezimendurik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merezimenduak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

8. Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.

Kide hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea:

Batzordeburua: Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko burua.

Ordezko batzordeburua: Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Miguel Elizalde Urdaci, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

Ordezko epaimahaikidea: Malen Ayesa Aristu, Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

Idazkaria: Lorea Mei Ojer Suzuki, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko APT juridikoa.

Ordezko idazkaria: Davinia Ruiz Gordillo, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko APT juridikoa.

9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.

Eskaerak hartutakoan, ebaluazio batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.

Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako dirulaguntza Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.

11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

Onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen ditu eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuraduna behartuta dago zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko ditu bere jarduerak, beka ematen dion ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.

Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.

13. Tutoretzak eta jarduerak.

Beka duen pertsonari eskatu zaion titulazio bera edo altuagoa duen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Beka bakoitzaren arabera, prestakuntza bekak honako alderdi hauek jaso ditzake:

a) Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan jarduera batzuk gauzatu beharko dira Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko teknikariek lagunduta; besteak beste, honako hauek:

–Turismoaren sektoreko enpresei informazioa eta aholku ematea jarduera bat (ostatuak, jatetxeak, turismoko bitartekaritza eta turismo aktiboa eta kulturala) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko egin beharreko tramiteei eta bete beharreko baldintzei buruz.

–Turismoaren sektoreko enpresek turismoko establezimenduak edota jarduerak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko aurkezten dituzten erantzukizunpeko adierazpenak (alta, baja, datuen aldaketa) behar bezala bete direla egiaztatzea.

–Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalean Nafarroako Turismo Erregistroaren kudeaketarekin loturik sortzen diren txostenak eta mota guztietako agiriak (erregistroa eta ikuskapena) prestatzea, idaztea eta igortzea.

–Turismoko jarduera bat betetzeko araudian ezarritako bermeak edo erantzukizun zibileko aseguruak betetzearen gaineko kontrol eta jarraipen lanetan laguntzea.

–Turismo jarduerari lotutako erreklamazioak eta salaketak tramitatzen laguntzea.

–Turismoaren arloko intrusismoa eta lehia desleiala kontrolatzen laguntzea.

–Antolaketarekin, datu bilketarekin eta txostenak eta aurkezpenak prestatzearekin lotutako lanak, betiere Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalaren eskumenei dagokienez.

–Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko artxiboa antolatzeko lanak.

–Turismo Zuzendaritza Nagusian egiten diren bestelako lan guztiak.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 orduz, eta atsedeneko 2,5 egun natural izanen ditu bekak dirauen hilabete bakoitzean.

Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Bekaren onuradunak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

15. Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2 Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

4. Beken onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.

Ondorio horietarako, prestakuntzan aritzen direnek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

16. Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

17. Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO TITULUDUNEI EDO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA BEKA BATERAKO DEIALDIA, DESTINOA TURISMO ZUZENDARITZA NAGUSIKO TURISMOAREN ANTOLAMENDU, KUDEAKETA ETA KALITATEKO ZERBITZUAN DUENA

DATU PERTSONALAK

Deiturak eta izena

NANa

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea

(kalea, zenbakia, atea

Herria

Posta kodea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

FROGATZEN DITUEN DATUAK ETA EKARRITAKO DOKUMENTAZIOA

A) Nortasunari buruzkoak.

.–NANa

.–Erroldaren ziurtagiria

B) Ikasketen gaineko datuak.

Titulazioa

Noiz eman edo eskatu zen titulua

Batez besteko nota

Hasiera urtea

Amaiera urtea

Aurkeztutako frogagiria

C) Gaiarekin zerikusia duten beste titulu akademiko batzuk.

Titulazioa

Adierazi gradua/masterra... den

Aurkeztutako frogagiria

(*) Behar adina errenkada gehitu.

D) Prestakuntza ikastaroak.

Ikastaroaren izena

Ordu kopurua

Zer erakundek emana

Aurkeztutako frogagiria

(*) Behar adina errenkada gehitu.

E) Titulazioarekin lotutako proiektuetan izandako parte-hartzea (bekak, praktikak eta abar).

Beka/curriculumetik ­kanpoko praktikak

Entitatea

Hasiera eguna

Bukaera eguna

Aurkeztutako frogagiria

(*) Behar adina errenkada gehitu.

F) Hizkuntzak.

Hizkuntza

Frogatzen den maila

Zer erakundek emana

Aurkeztutako frogagiria

(*) Behar adina errenkada gehitu.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluko betebeharren gaineko aitorpena

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, adierazten dut ez nagoela artikulu horretan bekaren onuradun izateko ezarri diren debeku-egoeretatik bakar batean ere.

5. g) oinarria betetzeari dagokionez, aitortzen dut ez dudala desgaitasun fisikorik, ez eta eritasunik ere, prestakuntza jarduera betetzea galaraz dezakeenik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko, haiekin zorrik ez dudala egiaztatzeko.

(*) Lortutako datuak beketarako deialdi honen espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute.

Sinatzailea:

.....................................(e)n, .............(e)ko ......................................aren ......... (e)(a)n

Iragarkiaren kodea: F2409266