1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
511E/2024 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Daga Green Power SL enpresak Lekunberriko udalerrian sustatutako "Oztegin eta Sasita energia biltegiratzeko instalazioa" ezartzeko aurreproiektuaz ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena.
2024ko apirilaren 9an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera helarazi zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 n) multzoan dago sartuta.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 6 kontsulta egin dira eta hirigintzari lotutako erantzun bat jaso da Lekunberriko Udaletik.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen inpaktuaren txostena dagokion.
–Proiektuaren deskribapena.
Jarduketaren helburua da Oztegin izeneko 0,07 hektarea inguruko biltegiratze instalazio bat eraikitzea eta instalazioaren perimetroa hesitzea. Instalazio horrek Lekunberriko 12. poligonoko 1082. lurzatiaren zati bat okupatuko du. 13,2 kW-eko Lekunberri T2 TAEaren bidez konektatuko da sarera, eta 5 MW-eko konexio-potentzia eskatu da. Lurzati berean antzeko ezaugarriak dituen Sasita izeneko biltegiratze instalazioa ere jarriko da.
Bi biltegiratze instalazioek litio-ioizko bateriak eta transformazio zentroa izanen dituzte. Instalazio bakoitzak 5 MW-eko potentzia izendatua, biltegiratzeko 4 edukiontzi, transformadore bat eta edukiontzi bakoitzeko 48 bateria modulu izanen ditu. Edukiontziak hormigoizko lauzen gainean jarriko dira.
Bi instalazioek lur azpitik ebakuatuko dute energia, Lekunberriko TAEaren mugakide den industrialdeko bideetatik, 13,2 kV-eko tentsioan.
Baterien bidez biltegiratzeko instalazioen helburua da iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren eskuragarritasunari malgutasuna eta eraginkortasuna ematea.
Lur-eremua prestatzeko, belarrak eta sastrakak garbituko dira, dagoen landare geruza kentzeko. Ondoren, lurra trinkotuko da eta hormigoizko zolata bat eraikiko da edukiontziak instalatzeko.
Instalazioa ezartzeko lursaila elkor gisa ageri da lurzoruaren erabileren mapan, eta baso-larre gisa ageri da katastroko informazioan. Topografia laua edo malda leunekoa duela adierazten da informazio horretan. Hala ere, Lekunberriko Udalak jakinarazi du lursail hori industria erabilerarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dagoela. Ondoko industrialdetik du sarbidea lursailak.
Bi instalazioak Altzo errekatik 50 metro ingurura daude, ibilgu horren polizia-eremuaren barruan, beraz. Erreka isurialde mediterraneoko hirugarren mailako ibaiadar bat da.
Sustatzaileak perimetroko hesia jartzea proposatzen du, landa-heskairik jarri gabe. Hesi hori zinegetikoa izanen da, alanbre galbanizatuzko bihurdura sinpleko sareaz egina, eta 2 m-ko altuera izanen du. Lurretik 20 cm-ra egon beharko du gutxienez, eta 30x30 cm-ko baoak izanen ditu hesiaren 50 metroko tarteetan. Altzairu galbanizatuzko hodiak 40x40x40 cm-ko hormigoizko dadoen bidez finkatuko dira lurrean. Zutoin batetik bestera 3 metroko tartea egonen da. Ikusgarritasuna emateko eta talkak saihesteko, 25x25 cm-ko metalezko edo plastikozko plakak jarriko dira.
–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.
21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Lekunberriko Udalari eta zenbait talde ekologistari, bai eta instalazio berriak ukituriko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legean aurreikusitako epean ez da kontsulta horien erantzunik jaso, Lekunberriko Udalarena izan ezik. Udal horrek aurkeztutako txostenean baloratzen da hirigintza aldetik zer-nolako bateragarritasuna duen indarrean dagoen udal planarekin.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Irizpide ugariren analisia egin eta gero, 3. alternatiba aukeratu da. Ebakuatzeko lerroari dagokionez, hiru alternatiba aztertu dira, eta hirugarren aukera hautatu da: 481 metroko lerroa lurpetik, egun dauden bide asfaltatuetatik.
Instalazioa ezartzeko eremuaren morfologia laua da batik bat. Azaleraren zatirik handienak % 5etik beherako malda du eta, neurri txikiagoan, % 10etik beherakoa; beraz, ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen lirateke, eta horrek aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen lituzke. Hori horrela izanik, bateragarria izanen litzateke geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua.
Proiektuaren eremuak ez du aurreikusten Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko figuraren bat duten guneetan ere. Instalazioaren lursaila bera gaur egungo industrialdearen mugakide da, eta banaketa sarearekin konektatzeko lotunetik hurbil dago. Lekunberriko Udalaren txostenaren arabera, "Biltegiratze planta urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruetan (urbanizatuta eta garatuta jadanik) eta industria-erabilerara bideratutako lurzoruetan dago". Horrek adierazten du jarduketaren eremua oso antropizatuta dagoela, bide eta eraikuntza azpiegitura batzuetatik hurbil; horrenbestez, interes handiagoko fauna edo landare komunitateak bertan egoteko aukera txikiagoa da.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezarri aurretik, lurzoruak eta landarediak jasoko dituzte inpakturik handienak obra fasean; faunak, berriz, instalazio fasean. Hiru inpaktu horiek moderatutzat jotzen dira. Lurzoruaren eta landarediaren kasuan, inpaktuak bateragarritzat jotzen dira, obra hasi aurretik lurrak mugitu, trinkotu eta belar sastrakak kendu behar direlako. Lan horiek tamaina txikikoak badira ere, obraren ondoren neurriak hartu beharko dira lurzoruak eta landarediak hasierako balioak berreskura ditzaten. Faunaren kasuan, inpaktua moderatutzat jotzen da, hegaztiek talka egiten ahal dutelako jarriko den hesiarekin. Gainerako ukipenak bateragarritzat jotzen dira.
Inpaktuak minimizatzeko, hainbat prebentzio eta zuzenketa neurri proiektatu dira. Neurri horiek lur mugimenduak minimizatuko dituzte, bai eta landarediaren gaineko ukipena ere. Laburbilduz, ukipen eremuak minimizatu eta lan eremuak balizatuko dira, eremu baimenduak soilik erabiliz. Era berean, balio horietan eraginik ez izateko, arreta berezia jarriko da zuinketan.
Faunari dagokionez, hainbat neurri hartuko dira, hala nola aurrez ingurua aztertzea, gaueko lanak saihestea, sare zinegetikoa jartzea eta elementu oso ikusgarriak instalatzea, talka egiteko arriskua murrizteko.
Azkenik, intsektuen hotelak jarriko direla aipatu beharra dago. Proiektua gauzatzean eragindako ukipenak konpentsatuko dira neurri horren bidez.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.
Hala, Lekunberriko udal-mugartean jartzeko proiektatu den "Oztegin eta Sasita energia biltegiratzeko instalazioa ezartzeko aurreproiektuaren aldeko txostena egiten da, bertan jasotako baldintzak betetzeko beharrarekin, eta adierazten da ez dagoela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Lekunberriko udalerrian "Oztegin eta Sasita energia biltegiratzeko instalazioa" ezartzeko aurreproiektuak ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. apartatuan aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Aurreproiektuaren sustatzailea Daga Green Power SL da.
2. Hala ere, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Ebakuatzeko lerro guztiak lurpekoak izanen dira, hondeaketa zanga berrien edo lehendik dauden kanalizazioen bidez.
–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.
–Lanak egin bitartean lur azpian aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
−Biltegiratze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak industria guneetan edo gune antropizatuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredia naturalak estalitako eremuetan.
–Behar bezala leheneratu beharko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Leheneratzeko lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako zoruak harrotzea.
–Ukipen handiagoa ekidite aldera, perimetroko hesia zutoinen bidez bakarrik ainguratuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Ahal bada, sare zinegetiko deritzon motakoa izanen da; ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da txarrantxarik erabiltzen ahalko inolako kasutan.
–Obrak hasi aurretik, lan eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Nahitaezkoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.
–Induskatzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare lurraren geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.
−Ahal den neurrian, lursailaren mugetan eta lursail mugakideetan landarediaren eta/edo sastraken gaineko ukipenak saihestuko dira.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra-hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, ukitutako eremuak leheneratuko dira.
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali behar dio Sakana-Mendialdea barrutiari (gmasakana@navarra.es), edo 679996810 telefonora deitu.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lekunberriko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari (Sakana-Mendialdea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2410046