147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

426E/2024 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, merkataritzak Zangozako gordailu, itzulketa eta itzulera sistemarekin (GIIS) bat egiteko baldintzak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak edarien ontziak kudeatzeko neurri disruptiboak ezarri nahi ditu, eta horrelako neurri bat da Europar Batasuneko legedian eta Nafarroako Hondakinen Planean jasota dagoen gordailu, itzulketa eta itzulera sistema (GIIS). Sistema hori ezarri aurretik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia sustatzen ari da gordailu, itzulketa eta itzulera sistemaren esperientzia baten garapena Zangozan.

GIISa aurreikusita dago Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 26. artikuluan. Lege horren 26. artikuluko 2. apartatuak ezartzen duenez, "Nafarroako Gobernuak, ukitutako alde guztiekin bidezkoa den parte-hartze prozesua egin ondoren, ingurumena eta kudeaketa hobetzeko, gordailu, itzulketa eta itzulera sistema osagarri berria ezartzea erabakitzen ahalko du". Izan ere, sistema horien ezarpena justifikatzeko kontuan hartu behar dira bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, bai eta eragin multzoa ere. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, aipatutako artikuluko 5. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, "gordailurako, itzulketarako eta itzulerarako sistemetatik edozeinen demostrazio-esperientzietan eta proiektu pilotuak" sustatzen eta horietan parte hartzen ahalko du, beharrezkotzat jotzen baditu".

Bestalde, aipatutako 14/2018 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarriak ezartzen duen moduan, Nafarroako Gobernuak "aipatutako azterlan teknikoak eta gordailu, itzulketa eta itzulera sistemaren demostrazio-esperientziak eginez lortutako emaitzak eta ondorioen txostenak aurkeztuko ditu. Horien prestaketan ukitutako alde guztiek parte hartuko dute (udalak, mankomunitateak, enpresak, fabrikatzaileak, kontsumitzaileak, sindikatuak, banaketa-kateak, saltoki txikiak, ostalariak eta ontzien hondakinen egungo kudeatzaileak".

Era berean, GIISa ezartzea aurreikusita dago Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 37. eta 59.2 artikuluetan, erabilera bakarreko plastikozko ontzien bilketa bereiziaren arloan 2023rako eta 2027rako ezarritako helburuak betetzen ez badira, Legearen IV. eranskinaren E atalean aipatutako helburuak hain zuzen. Horrela ziurtatu nahi da 2025erako eta 2029rako ezarritako helburuak betetzen direla, Ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuari jarraikiz.

7/2022 Legearen hamazazpigarren xedapen gehigarriarekin eta 1055/2022 Errege Dekretuaren 47. artikuluarekin bat etorriz, sistema horiek ezartzeko, produktua merkatuan lehen aldiz jartzen denean, kopuru banakatu bat kobratu beharko zaie bezeroei, azken kontsumitzailearengana iritsi arte, transakzioaren xede den ontzi bakoitzeko, salmenta-modalitatea edozein dela ere. Finkatzen den zenbatekoa ez da preziotzat hartuko, eta, beraz, ez da inolako zergaren mende egonen. Kontsumitzaileek gordailua berreskuratzeko eskubidea izanen dute, ontzia saltokietara edo itzultzeko ezar daitezkeen beste puntu batzuetara itzultzen dutenean. Saltokian itzultzen denean, dendariak behartuta daude gordailua itzultzera eta ontziak onartzera. Era berean, azken kontsumitzaileari salmentak egiten dizkioten ukitutako saltokiak behartuta egonen dira kontsumitzaileei gordailuaren zenbatekoaren berri ematera. Argi eta garbi ikusteko moduan eta ohar ezaguterraz eta irakurterrazen bidez eman behar diote informazio hori kontsumitzaileari, produktuaren preziotik bereizita, eta gordailua itzultzeko eta berreskuratzeko moduaren berri ere emanez.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, "GIIS HIRI JASANGARRIA" proiektu pilotua eginen da Zangozan 2024. urtean. Udalerriaren barruan, gordailua egin eta ontziak itzultzeko sistemaren demostrazio-esperientzia bat eginen da, eta supermerkatu handiek, ertainek, txikiek eta komenentziako dendek aukera izanen dute proiektu horrekin bat egiteko. Horretarako, baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zangozako "Hiri jasangarria" izeneko Gordailu, Itzulketa eta Itzulera Sistemaren proba pilotuarekin bat egiteko baldintzak onestea. Baldintza horiek 1. eranskinean ageri dira.

2. Proba pilotuari atxikitzeko dokumentua onartzea (2. eranskina).

3. 12.000 euroko gastua onestea partida honetatik: 740001-74100-2276-456200: Ekonomia zirkularrari buruzko azterketa eta lan teknikoak: 2024. urteko aurrekontuko esperientzia pilotuak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Zangozako Udalaren iragarki taulan argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Hondakinen Partzuergoari, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateari, Zangozako Udalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–ZANGOZAKO UDALERRIAN GORDAILU, ITZULKETA ETA ITZULERA SISTEMAREN (GIIS) PROBA PILOTUAREKIN BAT EGITEKO BALDINTZAK

Zangozan eginen den erreferentziazko proba pilotuarekin bat egiten duten supermerkatu, saltoki eta komenientziako denden lankidetza, beren ezaugarrien eta Foru Gobernuaren helburuen arabera, honela gauzatuko da:

Lehenengoa.–Zangozako "GIIS HIRI JASANGARRIA" proiektu pilotuak 0,1 eta 3 litro arteko edari ontziei eraginen die, PETezkoak izan edo altzairuzko edo aluminiozko latak izan. Proba Kontrolatzeko Bulegoak monitorizatu eta kontrolatuko du proiektua, eta supermerkatu handiek, ertainek, txikiek eta komenientziako dendek izanen dute proiektuarekin bat egiteko aukera, taula honetan deskribatutako zirkuituen barruan:

PROBA

GIIS HIRI JASANGARRIA

TOKIA

ZANGOZA (NAFARROA)

EPEA

2024ko bigarren seihilekoan

abian jartzea aurreikusten da

IRAUPENA

4 HILABETE

PROBAREN MONITORIZAZIOA ETA KONTROLA

Proba Kontrolatzeko Erakundea

GORDAILUAK ALDATZEKO EPE GEHIGARRIA

PROBA AMAITU ETA HILABETERA

RVM kopurua

(Ontziak itzultzeko makinak)

2

ZIRKUITU KOP.

2 (ERDIKO ZIRKUITUA eta SUPER BM ZIRKUITUA)

EDARI

ONTZIAK

MATERIALAK

PET, ALTZAIRUZKO LATAK, ALUMINIOZKO LATAK

PRODUKTUAK

Edariak

FORMATUAK

0,1-3 litro

GORDAILUAREN BALIOA

0,10 euro ontzi bakoitzeko

BERRESKURATZEA espero dena (gutx.)

%77

SALTOKIAK

Supermerkatu handiak, ertainak, txikiak eta komenentziako dendak

Bigarrena.–Zangozako "GIIS HIRI JASANGARRIA" proiektu pilotuarekin bat egiten duten saltokiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Gordailupean dauden produktuak salduko eta kontabilizatuko dituzte, gordailuari dagokion 0,10 euroko balio bereizia aplikatuz, ohiko salmenta prezioarekin batera, eta behar bezala etiketatuta.

–Berreskuratutako ontzien itzultze-tiketak gordeko dituzte eta gainerakoetatik bereizita kontabilizatuko dituzte. Era berean, berreskuratutako tiket horiek Proba Kontrolatzeko Bulegoari emanen dizkiote. Erakunde horrek eginen du masen balantzearen eta balantze ekonomikoaren gaineko doikuntza.

–Proba Kontrolatzeko Bulegoari jakinaraziko diote dendan saltzen diren eta proban dauden produktuen eta formatuen zerrenda (edarien 0,1 eta 3 litro arteko plastikozko botilak eta metalezko latak).

–RVM makinak piztu, itzali, mantendu eta garbitzeko oinarrizko lanak beteko dituzte, eta ontziak dituzten poltsak erretiratuko dituzte, aurreikusitako kasu eta baldintzetan.

–Proba Kontrolatzeko Bulegoarekin koordinatuko dira eta berehala jakinaraziko dizkiote probak iraun bitartean gertatzen diren anomaliak, edozein gorabehera konpontzeko. Era berean, lortutako datuak jakinaraziko dituzte, proba behar bezala egiteko egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

–Saldutako eta berrerositako gordailuen likidazioa kontrolatuko dute Proba Kontrolatzeko Bulegoan.

Hirugarrena.–Makina denda bakar bati zerbitzua emateko instalatzen bada, makina garbitzen eta husten ahal dela bermatu beharko da, eta itzulitako materialak Zangozako Eskualdeko Mankomunitateari emateko gordeko dira.

Laugarrena.–Zangozako "GIIS HIRI JASANGARRIA" proiektu pilotua 2024. urtean gauzatuko da, eta ahaleginak eginen dira urte horretako bigarren seihilekoan abian jartzeko. Gehienez ere 4 hilabeteko iraupena izanen du. Aurrekoa gorabehera, proba amaitu ondoren gordailuak trukatzea errazteko, bi hilabeteko epe gehigarria ezartzen da epea amaitzen denetik.

Zangozan, 2024ko ................................................................aren ...............................(e)an

2024KO BIGARREN SEIHILEKOAN ZANGOZAN EGITEKOA DEN GORDAILU, ITZULKETA ETA ITZULERA SISTEMAREN PROBA PILOTUAREKIN BAT EGITEA

…………................................................................................................................. jaunak/andreak (IFZ: ………………………….), ........…………………....….…………. entitatearen (IFK: …….............……, helbide soziala: …………...……….., eta posta kodea: ..…….................................) ................................. den aldetik, dokumentu honen bidez

ADIERAZTEN DU

.................................................................................................................. izeneko saltokiak Zangozako Gordailu, Itzulketa eta Itzulera Sistemaren (GIIS) esperientziarekin bat egiten duela eta harekin elkarlanean aritzeko konpromisoa duela.

Sin.: (entitateko arduradunaren izena)

Iragarkiaren kodea: F2410082