147. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

198E/2024 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena "Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko" udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatu bat, erabilera araudiari buruzkoa eta sektorizatze akustikoa aldatzekoa, NASUVINSA enpresa publikoak sustatua.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 59E/2024 Ebazpenaren bidez, aldaketa honen tramitazioa abiarazi zen. Ebazpen hori 2024ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18koan.

Aldaketa Iruñeko Garraioaren Hiriko (IGH) 3. eta 4. faseei dagokie, eta bi helburu ditu.

Alde batetik, sektorizatze akustikoa aldatzea proposatzen da, "hirugarren sektorekoa" izateari utzi eta "nagusiki industria erabilerako lurralde sektorea" izan dadin, "bat etorriz bertan nagusi den eta, hortaz, gailentzen den erabilerarekin, hau da, industriako logistika erabilerarekin".

Bestetik, erabilerei buruzko arauzko determinazioak aldatzea planteatzen da. Zehazki, IGHko 3. eta 4. faseetan industria-ekoizpen arineko erabilera txertatzea proposatzen da; askotariko erabilera logistikoa duten IGHko lurzatietan txertatuko litzateke, erabilera onartu gisa, hura definituta eta gehieneko azalera eraikia mugatuta.

Sailkapen akustikoaren zuzenketari dagokionez, lehen aipatutako 59E/2024 Ebazpenak sustatzaileari esaten dio, non eta ez duen justifikatzen zergatik ez den bidezkoa, IGHko lehen bi faseetara zabaldu behar duela zuzenketa, hots, udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) barnean "Imarkoainen Iruñerriko garraio terminala ezartzeko" dagoen esparrura.

I.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramiteak.

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalari entzunaldia emateko tramiteak egin bitartean, alegazio idazki bat erregistratu zuen Sebastián Marco Zaratiegui jaunak, Noain Elortzibarko Udalaren izenean. Jarraian, laburtuta ematen da eta erantzuten zaio.

Edukia:

Alegazioa egin duen toki erakundeak alegazio idazkiaren hasieran esaten duenez, ez dute aldaketaren helburuaren aurkako eragozpenik, uste dute sektorizatze akustikoa dagoen egoerara egokitu beharko litzatekeela bateraezintasun eta inkongruentziak saihesteko, eta egokitzat dute eta bat datoz industria-ekoizpen arineko erabilera txertatzearekin eta, areago, NASUVINSAri adierazia zioten ildo horretako aldaketa baten premia, malgutasuna handitu eta jarduerak ezartzen laguntze aldera, esparruaren izaera nagusiki logistikoa galdu gabe, betiere.

Aurrekoa gorabehera, onartutako erabilera berrirako proposatutako erregulazioari dagokionez, toki erakunde interesdunaren iritziz, pentsatzekoa da garatzen diren azken lurzatien eskubideak mugatuta geldituko direla, gerta baitaiteke erabilera horretarako proposatutako gehieneko azalera eraikia agortzea.

Hori dela-eta, dokumentuan bi eduki eranstea proposatzen du toki erakunde alegazio-egileak. Alde batetik, esparruaren erabileren egungo egoera, azaleren taula bat, tramitazioa abiarazteko ebazpenean jasotako taularen arabera, non adierazten baita esparruan, guztira, zenbateko azalera potentziala bidera daitekeen erabilera bakoitzera. Bestetik, baimenak nola kudeatu arautuko lukeen erregulazioa, kontuan hartuta egungo egoera, ezarpen berriak eta jardueren balizko aldaketak.

Puntu honetan, interesdunak gaineratu du "baldin eta, aurreikus daitekeen bezala, onargarritasuna lurzati guztietan balia badaiteke" egokiagotzat jotzen duela erabilera onartu horrek lurzatien osotasunean izan dezakeen gehieneko azaleraren kalkulutik kanpo uztea udalari lagatako lurzatiak, bere ustez udala desabantaila egoeran dagoelako partikularren aldean, ez baitago bere esku haietan jarduketak gauzatzea, eta jakinik hirugarren faseko lagatako lurzatiak oraindik udalaren izenean erregistratu gabe daudela, eta haren urbanizazioa amaitu gabe; beraz, determinazioak dauden bezala utziz gero, litekeena da udalak erabilera hori okupatzeko inolako aukerarik ez izatea.

Erantzuna:

Erabileren erregulazioaren kontrolari dagokionez, plangintzan ohikoa da lurzatia baino eremu handiagoetarako mugatzea erabilera onartuen azalerak, eta udalak dira, beren eskumenak baliatuz, kontrol horretaz arduratzen direnak.

Lurzatien egungo egoerak ez du eraginik araudiaren aplikazioan; izan ere, araudia aplikatuko litzaieke, nola ez, lurzati guztiei, okupatuei zein hutsik daudenei, bi kasuetan baita posible erabilera onartu berria ezartzea, lehendik eraikita dauden lurzatietan erabilera aldaketa gisa, eta eraikuntzarik gabeko lurzatietan erabilera berri gisa. Ezin da justifikatu hirigintza trataera bereizia; dispentsa erreserbak debekatuta daude hirigintza legerian.

Ondorioz, txertatuko den erabilera onartuari dagozkion lizentziak eta baimenak aldaketa hau onesten denetik aurrera emanen dira, eta toki administrazioaren eskumena izanen da. Horrela, azalerak kontrolatu eta zenbatzen ahalko ditu.

Baldin eta "egungo egoera" aipatzean esan nahi badute egun erabilera bateragarrietara bideratuta dauden azalera eraikiak ezagutzeko beharra dagoela, argituko dugu horiek ez direla UGPSaren aldaketa honen xede. Gainera, kasu horretan, lurzati bakoitzari aplikatzen zaio ratioa eta, beraz, ez litzateke beharrezkoa izanen UGPSaren esparruko gainerakoak zenbatzea.

Gainera, kontuan hartu behar da indarrean dagoen UGPSak ez duela azaleren banaketa lurzatien arabera jasotzen, baizik eta esparru osorako azaleren arabera. Hori bat dator lurzatiek duten izaera orientagarriarekin eta, beraz, udalak baimenak eta lizentziak emanez eta bere eskumenak baliatuz egiten duen lana da horiek egiaztatu eta betetzeko bermerik onena.

Horregatik guztiagatik, ez da beharrezkotzat jotzen alegatutako edukiak sartzea, baina sartuko da erabilera onartuaren esparru osorako gehieneko azalera eraikigarriaren zifra, argigarritzat jotzen baita.

Udalari lagatako lurzatiei trataera berezia emateko eskaerari dagokionez, aurreko alegazioari emandako erantzunari lotzen gatzaizkio, alegia, ezinezkoa dela lurzatiei hirigintza trataera bereizia ematea, aurreko kasuan egungo jardueraren arabera, eta kasu honetan jabetzarekin zerikusia duten inguruabarrengatik.

Bestalde, indarreko UGPSa gauzatzearen inguruan udalak aipatzen dituen alderdi batzuek ez dute inongo zerikusirik aldaketa honen xede den hirigintza tresnarekin.

Horregatik guztiagatik, aurreko alegazioak ezestea proposatzen da.

II.–Txosten sektorialak.

Honako erakunde hauek emandako aldeko txostenak daude espedientean: Iruñerriko Mankomunitatea, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia, Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Bestetik, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, ekainaren 19ko txosten batean, onartu du aldaketa, baina zenbait determinazio ezartzearen mende. Determinazio horiek baldintzatuko dute "industria-ekoizpen arineko" erabilerako ezarpenetarako lizentzia lortzea, lehendik dauden ezarpenen erabilera aldaketaren ondorio direnean edo haien batura 50.000 m² edo 75.000 m² baino gehiago denean, harik eta lehenengo zatia gauzatu arte edo trafiko azterlanean bide sistema indartzeko zehaztutako obra guztiak bukatu arte, hurrenez hurren.

Araudian sartu behar dira erabilera berria baldintzatzen duten determinazio horiek.

Gainera, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 2ko 257E/2024 Ebazpenaren bidez, aldaketaren aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin zen.

III.–Dokumentu berria.

Sustatzaileak, 2024ko ekainaren 14an eta 18an, aldaketaren dokumentu berri bat eta trafiko azterlan bat aurkeztu ditu.

Dokumentu berria aztertuta, ikusi da dokumentua aldatu dela abiarazte ebazpeneko oharrei erantzuteko, txertatu den erabilera onartuaren kontzeptu berriaren justifikazioa sartuta eta idazketa akatsak zuzenduta.

Era berean, alegazioak kontuan hartuta, sartu da erabilera onartuaren esparru osorako gehieneko azalera eraikigarriaren zifra.

Gainera, trafiko azterlanaren ondorioak kontuan hartuta, bide publikoen sistema orokorrak eta tokiko sistemak indartzeko kargak sartu dira bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko azterlanean, eta "industria-ekoizpen arineko" erabilera berriaren gehieneko azalera eraikigarria murriztu da, hasieran finkatutako % 40tik % 25era.

Bestalde, ez da onartzen sustatzaileak, finkarik ez duela-eta, plangintzan zuzenketa bat egiteko legitimaziorik ez duelako justifikazioa. Horregatik, sailkapen akustikoaren zuzenketa Iruñeko Garraioaren Hiriaren lehenengo bi faseetara zabaldu behar da, hots, udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) barnean "Imarkoainen Iruñerriko garraio terminala ezartzeko" dagoen esparrura. Horretarako, dagozkion antolamendu planoak gehitu beharko dira, indarrean dauden UGPSko planoen ondotik modu korrelatiboan zenbakituta.

Azkenik, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txosteneko determinazioak, erabilera berriaren ezarpena baldintzatzen dutenak, ofizioz sartu dira araudian, zehazki, erabilera baldintzei buruzko 33. eta 58 bis artikuluetan.

Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2024ko ekainaren 21ean egindako txostena, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin, eta dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarra, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea "Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko" udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatu bat, erabilera araudiari buruzkoa eta sektorizatze akustikoa aldatzekoa, NASUVINSA enpresa publikoak sustatua.

3. Sailkapen akustikoaren zuzenketa udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) barnean "Imarkoainen Iruñerriko garraio terminala ezartzeko" dagoen esparrura zabaltzea, hots, Iruñeko Garraioaren Hiriko lehenengo bi faseetara.

Horretarako, sustatzaileak dagozkion antolamendu planoak aurkeztu beharko ditu, indarrean dauden UGPSko planoen ondotik modu korrelatiboan zenbakituta.

Gainera, formatu bektorialean (shp, dwg edo dgn) aurkeztu beharko da determinazio egituratzaileak eta xehatuak erakusten dituen dokumentazio grafikoa.

4. Aldaketa garatzeko eta gauzatzeko garaian, espedientea tramitatu bitartean emandako txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, bereziki, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 19ko txostenean xedatutakoari.

5. Ebazpen hau eta onetsitako araudia, eranskinean jasota dagoena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Onetsitako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.

6. Ebazpen hau eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 19ko txostena igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Noain Elortzibarko Udalera, Ingurumen Ebaluazioaren Atalera, Iruñerriko Mankomunitatera, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusira, Babes Zibilerako Zuzendaritza Nagusira, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusira eta espedientea sustatu duen enpresara.

7. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 24an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Udalez gaindiko plan sektoriala (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2410413