1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
272E/2024 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita zerri-ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua. Instalazioa Mendigorriko udal-mugartean dago, eta haren titularra Granja Laserna SA da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0861/2008 Ebazpenaren bidez emana. Horren ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 31ko 383E/2022 Ebazpenaren bidez, instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikusi zen, eta egiaztatu zen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri baitziren, bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du ezen ingurumen baimen integratuak emateko eskumena duen organoak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.
Bestalde, azken urteotan, ingurumen arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, erreferentziako instalazioari eragiten diotenak, hala nola apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) apartatuan xedatutakoa betetzeko, berrikusi dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu da, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, barne hartzen da atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Kasu honetan, ondorioztatu da gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran adierazitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori), eta, horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta Industriako Isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Zerri-ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioa Mendigorriko udal-mugartean dago, eta haren titularra Granja Laserna SA da.
Bigarrena.–Bere horretan mantentzea apirilaren 30eko 0861/2008 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan lurzoru urbanizaezinari eta hondakinen produkzio eta kudeaketari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten bitartean.
Hirugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan edozein aldaketa izanez gero, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.
Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1670100073/3/2 plana eguneratzea.
Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua, (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori).
Seigarrena.–Halaber, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan izandako aurrerapenek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gaineko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urtera gehienez ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori).
Zazpigarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) gaur egun ez du aurreikusten ingurumen baimen integratua berritzea.
Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Bederatzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2024ko irailaren 30a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.
Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.
Hamaikagarrena.–Ingurumen baimen integratuaren ofiziozko berrikuspen hau onesten da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 (EE) Erregelamendua.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamalaugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Granja Laserna SAri, Mendigorriko Udalari eta Abeltzaintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2410011