1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
262E/2024 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, baimena ematen duena aldaketa funtsezkoa egiteko esnetarako behi-aziendaren ustiategi batean. Instalazioa Artaxoako udal-mugartean dago, eta haren titularra Olagorria 660 NA ENS da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman zitzaiona; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.15 taldean.
2023ko ekainaren 13an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, helburua duena biometanoa ekoizteko behi-gorozkiak prozesatzeko instalazio bat jartzea. Planta horren titularra Cycle 0 SVP1 SL izanen da.
2023ko irailaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak irizpen baten bidez erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Lege horren 7.2 c) artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaie I. eranskineko edo II. eranskineko jardueren aldaketa ekartzen duten jarduerei, zenbait irizpide betetzen badituzte, hala nola, izaten ahal diren zenbait inpaktu gainditzea. Kasu honetan, kudeatu beharreko hondakinen kopurua handitzen da, beraz proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 339E/2024 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela adierazita.
Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ezarrita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean egon ziren hogeita hamar egunez.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimentzea esnetarako behi-aziendaren ustiategi baten aldaketa funtsezkoa, helburua duena biometanoa ekoizteko behi-gorozkiak prozesatzeko instalazio bat ezartzea. Beraz, instalazioak eta hango jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak. Instalazioa Artaxoako udal-mugartean dago, eta haren titularra Olagorria 660 NA ENS da, baina instalazio berriaren titularra CYCLE 0 SVP1 SL izanen da.
Bigarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioaren baimena ematea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena. Halaber, bidezkoa da hura inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, 15G04038006942024 erregistro-zenbakiarekin.
Hirugarrena.–Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Baimena zortzi urterako ematen da gehienez, eta epe hori iraganda automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua (hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa) aplikatuta.
Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.
Instalazioaren titularrak Nafarroan badu egoitza soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazioa baimentzeko eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioa baimentzeko eskaeran jaso ziren baldintza berberetan emanen du ustiatzaile baimena.
Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 0380120357-2-3 Plana onestea. Ebazpen honen I. eranskinean dago.
Bosgarrena.–Olagorria 660 NA ENS eta Cycle 0 SVP1 SL izanen dira instalazioaren titularrak dira, bakoitza dagokion zatiarena. Beraz, erantzukizun solidarioa izanen dute instalazio osoaren ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak betetzearen eta hango funtzionamenduak izan ditzakeen ondorioen aurrean.
Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, aldaketa funtsezkoaren baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Zazpigarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin harik eta titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu arte abian jartzearen gainean, hala xedatua baitago abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak). Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da baldin eta betetzen baditu neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak. Horretarako, aurkeztu beharko da zati bat abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.
Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Txosten bat (memoria eta dokumentazio grafikoa), ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako landareztatzeko neurriak betetzen direla eta gauzatutako landareztatzeen egoera erakusten duena.
–Biometanizazio-instalazioan jarduten duen entitatearen baimena, hondakinak kudeatzeko instalazioen operadore-ustiatzaile izatekoa.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan, zehapen-araubideari buruzkoan (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak), deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.
Hamaikagarrena.–Aldaketa funtsezkoa egiteko baimen hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Olagorria 660 NA ENSra, Artaxoako Udalera, Greenpeacera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2410012