1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
128/2024 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deklaratzen baita iraungi dela Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 158/2023 Ebazpenaren bidez hasitako prozedura, xede zuena Nafarroako Foru Komunitatea deklaratzea Severino Usunáriz Hurtado jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2016094).
Artaxoako Virgen de Jerusalen zahar-egoitzaren 2016ko uztailaren 12ko eta Iruñeko Estafeta kaleko 41eko jabeen erkidegoaren idazkien bidez, Ondare Zerbitzuari jakinarazi zitzaion Severino Usunáriz Hurtado jauna etxebizitza baten ehuneko berrogeita hamarraren jabea zela, hil zela ondorengo ezagunik gabe eta eskatu zuela, hitz batez, Nafarroako Foru Komunitateak deklara dezala bere burua legezko oinordeko.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.
Ondasunen ez-tronkalen legezko oinordetzari dagokionez, Foru Berriaren 304. legeak, aipatu jauna hil zen egunean indarrean zegoen idazketan (1980ko abenduaren 26an), ondasun ez-tronkalen legezko oinordetzaren ordena ezartzen du. Horrela, 1. zenbakitik 6.era bitarteko zenbakietan bata bestearen atzetik egin beharreko deiak finkatzen ditu, eta 7. zenbakian dio ezen, aurreko zenbakietan adierazitako ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Diputazioari dagokiola jaraunspena aplikatzea, Kode Zibilaren 956. artikuluan ezarritako helburuetarako. Era berean, Foru Berriaren 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".
Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak ekainaren 19an emandako 158/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Nafarroako Foru Komunitatea Severino Usunáriz Hurtado jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2022182) deklaratzeko prozedurari. Ebazpen hori 2023ko 150. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 24koan, 2023ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 11koan, eta Eguesibarko eta Iruñeko udalen iragarki-tauletan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatzen du administrazio publikoak behartuak daudela administrazio publiko guztiei buruzko berariazko ebazpena ematera. Eta gaineratzen du ebazteko epea izanen dela prozesura bakoitzaren arauetan finkatutakoa, eta, ofizioz hasitako prozeduretan, epe hori hasiko dela prozedura hasteko erabakiaren egunean. Kasu honetan, prozedurari dagokion araua Nafarroako Ondareari buruzko Legea da, 24.6 artikulua, non xedatzen baita prozedura ebazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen dela, prozedura hasten den egunetik kontatzen hasita.
Kontuan harturik prozedura hasteko ebazpena 2023ko ekainaren 19koa dela eta urtebete joan dela prozedurari bukaera emateko ebazpenik eman gabe, prozedura iraungi dela deklaratzeko ebazpen bat ematea besterik ez dago.
Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Iraungitzat jotzea Nafarroako Foru Komunitatea Severino Usunáriz Hurtado jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Eguesibarko eta Iruñeko udaletara igortzea bertako iragarki tauletan jar dadin hilabeteko epean.
3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalari eta Ondare Zerbitzuari (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa), bai eta departamentu horretan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari ere, behar diren ondorioak izan ditzan. Halaber, ebazpena jakinaraztea Artaxoako Virgen de Jerusalén zahar egoitzari eta Iruñeko Estafeta kaleko 41eko jabeen erkidegoari.
Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauak urratuz gero, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuaren arabera, betiere administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri baino lehen.
Eskumenen eta prozeduraren gaineko arauen urraketa kasuetatik aparte, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 24.6 artikuluak adierazten du abintestato jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioaren alde esleitzeagatik kaltetuak sentitzen direnek (ustez jaraunspenean eskubide hobea dutelako edo beste eskubide zibil bat dutelako) bidezko egintzak erabiltzen ahalko dituztela jurisdikzio zibileko organoen aurrean.
Iruñean, 2024ko ekainaren 28an.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.
Iragarkiaren kodea: F2410511