Iragarkia
134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
301E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita, 2024. urtean "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programan sartutako proiektuak garatzeko. DDBN identifikazioa: 762876.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea du helburu, horretarako baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita eta uztailaren 28ko 68/2021 Foru Dekretuaren bidez aldaturik dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki erakundeen nahikotasun finantzarioa.
Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, zainketaren arloan erantzunkidetasunaren aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta laguntzea.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Bestalde, 17/2019 Foru Legeak, apirilaren 4koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, administrazio publikoei eskatzen die pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak eskaintzeko, eta etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zainketen funtzio sozial eta ekonomikoa aintzatesteko, baita ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere.
Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Nafarroako Zainketen aldeko Itunak" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin eta tokiko erakundeekin lankidetzan.
Toki erakundeen errealitateen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau onesten du, zuzenduta dagoena "Nafarroako Zainketen aldeko Itunak" programan parte hartzen duten eta "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programaren bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzera eta bultzatzera bideratutako proiektuak gauzatzen dituzten toki erakundeetara. Ebazpenak deialdi honetan aurreikusten du "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programaren barneko ekintzak garatuko dituztela eskaera egiteko unean Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta duten toki erakundeek edo, NABIri programan 2024ko otsailaren 15a baino lehen parte hartzeko eskatuta eta horrek eskaera onartuta, 2024an sinatzeko dutenek.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, 2024. urtean "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programan parte hartzen dutenei, haren baitan proiektuak gara ditzaten.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 150.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "080001-08100-4609-232200: Toki erakundeentzako transferentziak berdintasun-politikak eta Zainketen aldeko Itunak" partidaren kargura.
4. Ebazpen hau, oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko. Erakunde horiek Zainketen aldeko Tokiko Itun bat sinatuta izan beharko dute eskaera egiten den unean, edo, programan parte hartzeko eskatu badiote NABIri 2024ko otsailaren 15a baino lehen eta hark eskaera onartuta badu, 2024an sinatzeko eduki beharko dute. Helburua da itun horiek bultzatu eta sustatzea, toki erakundeek zainketen arloan planifikatzen eta egiten dituzten ekintza zehatz eta neurgarrien bidez.
2. oinarria. Erakunde onuradunak.
Nafarroako toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte.
3. oinarria. Betebeharrak.
Nafarroako toki erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte.
1. Zainketen aldeko Itunak programan parte hartzea, deialdi honen 1. oinarrian jasotako baldintzei jarraikiz eta "Nafarroako Zainketen aldeko Itunak" programa onesten duen urriaren 28ko 63/2022 Ebazpenarekin bat (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/234/16).
2. Dirulaguntza hau eskatu duen edo eskatzen ahal duen beste mankomunitate edo udalez gaindiko toki erakunde baten parte ez izatea, "Nafarroako Zainketen aldeko Itunak" programa onetsi zuen urriaren 28ko 63/2022 Ebazpenaren arabera.
3. Dirulaguntza honetatik baztertuta egonen dira zainketen aldeko itunen bat sinatuta duten eta tokiko ekintza talde baten parte diren toki erakundeak.
4. oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin beharko dira.
4.2. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.
4.3. Ekintza diruz lagungarriak:
Zaintza arloan erronkei eta beharrei aurre egiteko konponbide partekatuak bilatzera bideratutako ekintza zehatzak eta neurgarriak, Nafarroako toki erakundeek garatutakoak, baldin eta deialdi honen 1. oinarrian adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
Prozesu hori gauzatzeko, jarraian zehazten diren bost esku-hartze ardatzetako batekin edo batzuekin lotutako ekintzak eginen dira:
a) Sentsibilizazioa zainketen arloan, balioak aldatzeko eta orokortzeko.
Zainketari eta horri eskaintzen zaion denborari ikusgarritasuna eta garrantzia emateko ekintzak: gure burua zaintzea/zaintza pertsonala, beste pertsona batzuk zaintzea eta gure ingurua zaintzea (fisikoa, soziala eta naturala).
Atal honetako ekintza diruz lagungarritzat joko dira laguntza teknikoaren kontratazioa barne hartzen dutenak, helburuak hauek direnean:
–Dinamizazio-saioak eta lan-bilerak, erakundeek Zainketen aldeko Tokiko Itunarekin bat egin dezaten.
–Dinamizazio-saioak, erakundeek eta udal-arloek Zainketen aldeko Tokiko Itunean parte hartzeko eta sendotzeko.
–Zainketaren arloan udaletan dagoen errealitatea ezagutzeko azterlanak, ikerlanak eta diagnostikoak. Ekintza horien artean, ezin izanen dira diruz lagundu langileen barneko berdintasun planak eta plan horien aurreko diagnostikoak.
–Zainketei buruzko sentsibilizazio kanpainak. Kanpaina horien helburua izanen da zuzenean eragitea herritarrengan, administrazio publikoetan eta udalerrietako erakunde sozial, publiko eta pribatuetan, zainketei dagokienez.
–Zaintzari eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunaldiak.
b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza/gaikuntza.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta zainketari lotutako beste ezagutzak, metodoak, jarrerak eta balioak ikasteko eta jasotzeko jarduketak, pertsonen eta ingurukoen bizitzaren eta ongizatearen hainbat alderditan eragina dutenak. Prestakuntza horren helburua da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea eta zainketaren banaketari buruzko esperientziak ezagutzea, zabaltzea eta elkarrekin partekatzea.
Prestakuntzaren baldintzak:
PRESTAKUNTZA PROGRAMA, ZAINKETARI ETA EMAKUMEEN | |
Norentzat: | Zainketen aldeko Tokiko Itunak sinatu dituzten erakundeetako pertsona guztiak, parte hartu nahi duten teknikariak eta politikariak eta herritarrak. |
Prestakuntzaren edukiak: | "Zainketaren oinarriak" agiriaren esparru teorikoa eta kontzeptuala eta zainketaren esparruan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealaren eraikuntzaren esparruan kontziliazioari eta erantzunkidetasunari buruz beharrezkoak eta argitzaileak direnak. Txertatuz joanen dira "Nafarroako Zainketen aldeko Itunak" programa osatuko duten prozedura, metodo eta tresna guztiak. Prestakuntza proposamenak egiten dituzten tokiko itun guztiek izanen dute NABIko teknikarien aholkularitza. –Edukiak prestakuntzan parte hartzen dutenen ezagutzen eta esperientzien arabera diseinatu edo egokituko dira. Horrela lortuko da tokiko itunaren benetako beharretara egokitzea. |
c) Barne neurriak zainketak administrazioko eta erakunde sozial, publiko eta pribatuetako langileen artean banatzeko.
–Kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta zainketa-lanen banaketa ekitatiboa bultzatzeko neurriak administrazioko eta erakunde sozial, publiko eta pribatuetako langileentzat, eta pertsona horien ongizatearen eta osasunaren aldeko neurriak.
–Zainketaren arloko langileen lan, gizarte eta osasun arloko baldintzak hobetzeko neurriak eta zainketa-lan hori balioestekoak.
d) Zainketei buruzko politika publikoak edo herritarrei zuzendutako ekintzak, administrazioak eta erakunde publiko eta pribatuek bultzatutakoak.
Pertsonak zaintzea bultzatzen duten eta herritar guztiei arreta eta zaintza errazten laguntzen duten neurriak, arreta berezia eskainiz haurrei, adinekoei eta/edo mendekoei eta kolektibo bereziki zaurgarriei.
e) Zainketak banatzearren herritarrei zuzendutako neurriak eta ekintzak, gizarte erakundeek proposatu eta bultzatutakoak, Tokiko Itunerako.
Pertsonak zaintzea bultzatzen duten eta herritar guztiei arreta eta zaintza errazten laguntzen duten neurriak, arreta berezia eskainiz haurrei, adinekoei eta/edo mendekoei eta kolektibo bereziki zaurgarriei.
4.4. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.
Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, laguntza behar duten pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.5.1.e) atalean xedatutakoa salbu.
b) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.
c) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
d) Kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea, Nafarroako Gobernuaren edo Estatuko beste deialdi edo programetan jasota daudenak.
e) Zainketei buruzko aisialdi edo josteta jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.
f) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasleak, familiak eta ikastetxeetako langileak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.
g) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
4.5. Gastu diruz lagungarriak.
4.5.1. Proiektuari loturiko zuzeneko gastuak:
Dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira.
a) 4.3 (Ekintza diruz lagungarriak) klausularen a eta b ataletan, kontratazioetan dirulaguntza jasotzeko, kontratatutako pertsona fisiko edo juridikoek egiaztatu beharko dute erakunde publiko edo unibertsitateek (publikoek zein pribatuek) zuzenean edo haiekin lankidetzan emandako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza egiaztatzeko, kontratatutako pertsonak edo entitateak prestakuntzaren titulua aurkeztu beharko du, hori eman duen erakundeak igorritakoa.
Toki erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, salbu eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan ezarritakoa.
Toki erakundeak laguntza teknikoa kontratatzen ahalko du 4.3 puntuan jasotako bost esku-hartze ardatzetako batekin lotutako proiektuak egiteko.
b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.
c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.
e) Diruz lagundutako jarduerak gauzatu bitartean soilik laguntza beharra duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.
4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Ematen den dirulaguntzaren %10 arte zeharkako gastuei egozten ahalko zaie, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, eta betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.
4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:
a) Toki erakundeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean laguntza behar duten pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.5.1 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.
b) Toki erakundearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak, 4.5.2 oinarrian jasotakoak izan ezik.
c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.
d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).
5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren onartutako eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.
5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez, zein den ere aurkezten den proiektuaren guztirako kostua:
Gehienez 5.000,00 euro jasoko dituzte dirulaguntza eskatu duten eta deialdi honen 1. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki erakundeek.
5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza, honako hau aplikatuta:
Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 60 puntuko balorazioa lortu badu oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera:
–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, emanen den gehieneko kopuruaren %100.
–81-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, emanen den gehieneko kopuruaren %90.
–71-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, emanen den gehieneko kopuruaren %80.
–60-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, emanen den gehieneko %70.
Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
6. oinarria. Agiriak.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, ondoko atal hauei dagozkien agiri bereizietan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:
a) III. eranskina. Eskaera-orria, memoriarekin batera. Azken horretan proiektuaren deskribapena eta deialdiaren aurrekontu osoa egonen dira. Aurkeztutako proiektuaren zenbatekoa emanen den diru kopurua (5.000,00 euro) baino gehiago bada, adierazi beharko da proiektu horretan zer ekintza diren diruz lagunduko direnak, eta aintzat hartu beharko da dirulaguntza hau jasotzeko proiektutzat hartuko direla dirulaguntza eskatzeko III. eranskinean adierazitako ekintzak gauzatzea aurreikusten dutenak. Aurrekontua proiektuaren deskribapenaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Eskaeraren eredu hori agiri bakar batean aurkeztu behar da, agiri desberdinetan banandu gabe.
Mankomunitateen kasuan, lehendakariak sinatu beharko du eskaera.
b) IV. eranskina. Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria, 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.
c) V. eranskina. Gardentasun betebeharren adierazpena, egiaztatzen duena Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua betetzen dela, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
d) VI. eranskina. Proiektua kofinantzatzeko adierazpena. Eranskin hori bete behar da aurkeztutako proiektu osoa kofinantzatuko badu toki erakundeak.
6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako agirietan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko agiriak ez dira zuzentzen ahalko. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Fitxa horretan, esteka bat dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Agiriak bereizita aurkeztuko dira, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio-organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien laguntza izanen du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.
Kontzeptuak argitzea:
–"NABIk onartutako proiektu aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, NABIri eskatutako dirulaguntzaren aurrekontuaren izenarekin. Aurkeztutako proiektuaren aurrekontua emanen den zenbatekoa baino gehiago bada, dirulaguntzarekin finantzatuko diren ekintza zehatzak adierazi beharko dira. Halakoetan, eskaera baloratzeko aintzat hartuko dira bakarrik dirulaguntza jasoko duten ekintzak.
–"Kontzesioaren ehunekoa": deialdiko 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza.
Deialdi honetan emanen den zenbatekoa izanen da aurkeztutako proiektuaren 2024ko urriaren 1etik 31ra bitarteko jarduerak gauzatzeko aldiari dagokiona.
8.4. Proiektuari dagozkion irizpideetan gutxienez 60 puntura iristen ez diren proiektuak desegokitzat hartuko dira, eta ez dira diruz lagunduko.
8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenarekin batera, txosten lotesle bat egonen da, Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzan eginikoa, eta adieraziko duena entitate onuradunek dagozkion dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak baloratzeko beharrezko baldintzak betetzen dituztela.
9. oinarria. Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua" den zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoarekin bat etorriko dena.
9.3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
9.4. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9.5. Toki erakunde onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, ezarrita dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluan, baldin dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzen gaineko araudian jasotako baldintzetan. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da V. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.
10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.
11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Deialdi honetan emandako zenbatekoak ordainketa bakarrean pagatuko dira, gehienez ere 3 hilabeteko epean, 11.2 puntuaren arabera aurkeztutako justifikazioaren muga-egunetik aurrera.
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Arestiko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki eta/edo laguntzen fitxaren bidez, bertan eskuragarri dauden ereduetara egokituta eta epemuga 2024ko azaroaren 5a izanik: NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren justifikazio osoa eginen da eta 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte eginiko gastuen agiri tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da.
Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 atalean xedatutakoa.
11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria).
Horretarako, jarraian adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 5a baino lehenago, honako atal hauei dagozkien agiri bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):
–VII. eranskina: Justifikazio memoria.
–VIII. eranskina: Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk Onartutako Proiektuaren Aurrekontua" (8.3 oinarria).
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.
–IX. eranskina: Gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin eta ordainketa egiaztagiriekin bat etorrita.
–Toki erakundearen izenean behar bezala jaulkitako fakturen eta horien ordainketa egiaztagirien kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Zeharkako gastuak justifikatzeko, aski izanen da zeharkako gastuaren kontabilitateko kontu-laburpena, eta dirulaguntza honi egotzi beharreko ehunekoaren justifikazioa.
NABIk diruz lagunduko dituen ekintzen fakturak eta ordainketa egiaztagiriak besterik ez dira atxikiko.
–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Egiaztagirietan jaso beharko da Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako jardueretan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra betetzen dela, egiten den publizitatean eta zabalkundean, erabilitako edozein bitartekotan, bai eta horrekin lotuta egiten den agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoen arabera.
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ikur grafikoa ere sartuko da, "Subvenciona / Diruz laguntzen du" testuarekin eta Nafarroako Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoarekin. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoa eta Zainketen aldeko Itunak programaren logotipoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan, zeinaren esteka oinarri hauen testuaren amaieran baitago. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko agiri guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: bideoak, liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
–X. eranskina: Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza, dagokion tituluarekin batera. 4.3 (Ekintza diruz lagungarriak) klausularen a eta b ataletan jasotako ekintzak kontratatu badira, egiaztatu beharko da zerbitzu teknikoa emateko kontratatutako enpresek edo aholkulariek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz duten prestakuntza, 4.4.1 puntuko atalean jasotakoari jarraikiz.
11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean.
11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko guztizko kostua gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastua egiaztatzeko agirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada ("NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria), Emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da (emakidaren ehunekoa aplikatuz NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoari), betiere asmoa guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada, eta argi eta garbi egiaztatu bada bere konpromisoak betetzeko asmoz aritu dela onuraduna; proiektuaren balorazioari bere horretan eutsiko zaio.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.
Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen agirian jasoa.
13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Dirulaguntzaren xedeko ekintzetan aldaketa nabarmenik ez dakarren gorabeherarik baldin bada, NABIri jakinarazi beharko diote, eta aldaketa egiteko baimena eman dezala eskatu beharko dute, idatziz. Hala badagokio, beharrezkoa izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileak berariaz onartzea. Ekintzak gauzatzean aldaketa nabarmen bat izanen da, eskaera egitean hori sartu izanez gero kontzesioa emateko bestelako puntuak izatea eraginen lukeena, eta, beraz, kontzesioaren zenbatekoa aldatzea eraginen lukeena.
c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz laguntzen den proiektuko jardueren esparruan prestatzen diren agiri guztietan ere, honako testu hau idatziz: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagunduta".
h) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.
14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
17. oinarria. Araudi osagarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
A. PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 50 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua | 35 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 5 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 5 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 5 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B. LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ERAKUNDEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN | 15 |
Emakumeen elkarteak | 5 |
Tokiko kolektiboak | 5 |
Toki erakundearen beste eskumen arlo edo instituzio batzuk (Osasuna, Hezkuntza, etab.). | 5 |
C. PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ERAKUNDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 10 |
D. PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 10 |
Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (mota askotako publikoa) | 5 |
Webguneetan, sare sozialetan, tokiko aldizkarietan, prentsan, eta abarrean argitaratzea (denetariko komunikabideak). | 5 |
E. TOKI ERAKUNDEAK AURKEZTUTAKO PROIEKTU OSOA KOFINANTZATZEA (15 puntu gehienez ere) | 15 |
Proiektu osoaren zenbatekoaren %5 baino gutxiago kofinantzatzea. | 0 |
Proiektu osoaren zenbatekoaren %5 eta %10 bitartekoa kofinantzatzea. | 5 |
Proiektu osoaren zenbatekoaren %11 eta %20 bitartekoa kofinantzatzea. | 10 |
Proiektu osoaren zenbatekoaren %21 baino gehiago kofinantzatzea. | 15 |
BALORAZIOA, GUZTIRA | 100 |
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik tramitatu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:
https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-dirigida-a-entidades-locales-de-navarra-para-desarrollar-en-2024-proyectos-incluidos-en-en-programa-pactos-locales-por-los-cuidados?back=true&pageBackId=7572859
Iragarkiaren kodea: F2408436
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
