234. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63/2022 EBAZPENA, urriaren 28koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileak emana, "Zainketen aldeko itunak Nafarroan" programa onesten duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua, 2005. urtean, berdintasun politikak sustatzen hasi zen udal esparruan "Kontziliaziorako Toki Itunak" programaren bitartez. Hala, Foru Komunitatean 39 toki itun sinatu ziren, 170 udalerri eta kontzeju baino gehiago eta Nafarroako 580 erakundetik gora inplikatuz; horiei esker, kontziliazioari eta emakumeen eta gizonen arteko ardurakidetzari loturiko ekintza ugari ekarri ziren udal kudeaketara.

Gaur egun, berdintasun politikak markatzen eta zehazten dituena jada ez da kontziliazioa, baizik eta zainketak. Gainera, pandemiarekin agerian geratu da zainketen banaketa ez dela inola ere bidezkoa eta berdintasunezkoa.

Hori dela eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bere programen esparruan, Kontziliaziorako Toki Itunak eguneratzeko eta eraldatzeko prozesuari ekin zion, Zainketen aldeko Tokiko Itunak gauzatzeko, eta Zainketen aldeko Foru Ituna abian jarri eta garatzeko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak bultzatutako programa honen funtsezko ardatza emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzea da. Berdintasunerako politika publikoen erdigunean bizitza eta herritarren ongizatea jarriz.

Ildo horretan, 17/2019 Foru Legeak, apirilaren 4koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, administrazio publikoei eskatzen die pertsona guztien bizitzaren jasangarritasuna errazten duten baliabideak eskaintzeko, eta etxeko lanaren eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zainketen funtzio sozial eta ekonomikoa aintzatesteko, baita ordainsaririk edo aintzatespen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere.

Gomendio horiek formalizatuta daude bai 2019-2023 legegintzaldiko Programa-Akordioan, bai aipatutako foru legearen garapena zainketei dagokienez ezartzen duen genero berdintasunari buruzko kapituluan, bai Nafarroako Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Plan Estrategikoan (2022-2027). Plan horrek berariaz jasotzen ditu hiru helburu estrategiko zainketa erantzunkideei dagokienez, eta zainketen sektorean baldintza sozioekonomikoak eta lan arlokoak hobetzeari dagokienez.

Programa honetako lehentasunezko araudi erreferenteetan, berariaz aintzatesten da arazo honen ikuspegi integrala, botere publikoen baterako jarduketa eta koordinazio ahalegina eskatzen duena, gizarte guztiaren laguntzarekin, emakumeei "zaintzearen" manu patriarkala egozten dieten estereotipo eta sinesmenak desagerrarazteko.

Horren harira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, bizitzaren jasangarritasunean eta zainketen balioan oinarritutako eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egiteko, "Zainketen aldeko Itunak Nafarroan" programa garatzen du Nafarroako Gobernuaren departamentuekin, tokiko erakundeekin, mankomunitateekin edo tokiko ekintza taldeekin lankidetzan.

Programa hori emakumeen eta gizonen arteko berdintasun gaietan aurrera egiteko, eta politika horien bidez herritarren bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzeko Nafarroak egiten duen proposamena da. Bai Foru Itunean eta bai Zainketen aldeko Toki Itunetan, jarraitu beharreko jarraibideak, helburuak, departamentu eta erakunde parte-hartzaileak, konpromisoak eta Zainketen aldeko Ituneko akordioak jasotzen dira.

Horrenbestez, Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzaren proposamen txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen 260/2019 Foru Dekretuak xedatutakoaren harira,

EBAZTEN DUT:

1. Zainketen aldeko Foru Ituna programaren sinadura onestea Nafarroan, I. eranskin gisa jasotzen diren prozedurarekin eta baldintzekin bat.

2. Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzari eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Zuzendariordetza Juridiko eta Kudeaketakoari ebazpen hau jakinaraztea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 28an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA

Lehena.–Xedea.

Eranskin honen xedea Zainketen aldeko Itunak Nafarroan programa martxan jartzea arautu behar duten edukiak eta baldintzak ezartzea da, bai foru esparruan eta bai tokiko erakundeetan eta toki ekintzako taldeetan.

Bigarrena.–Helburua.

Programa honen helburua da Nafarroako Gobernuko departamentuak eta Foru Komunitateko erakunde sozial, publiko eta pribatuak parte hartzera gonbidatzea, eta Tokiko erakundeei, tokiko ekintza taldeei eta tokiko gainerako eragileei laguntza ematea, zainketen arloko erronka eta beharrei aurre egiteko konponbide partekatuak bilatzeko orduan. Horretarako, zainketen eredua egungo errealitatera eta une politiko eta sozialera egokitu behar da, erantzun eta proposamen berri eta presazkoak behar baitira, pertsona guztiak ahalik eta ongizate eta oreka handienarekin bizi ahal izateko. Programaren xedea zainketa lanak banatu eta partekatzea da, berdintasun politikak Nafarroako biztanleriaren uneko gizarte eta kultura errealitatera egokituz.

Programa Zainketen aldeko Foru Ituna eta Zainketen aldeko Tokiko Itunak formulatzeko jartzen da martxan. Itun horretan urtero zehaztuko dira neurriak, tartean diren pertsona eta erakundeak, baita behar diren aurrekontuak ere.

Itunak Nafarroako Berdintasunerako Institututik bultzatzen dira, Nafarroako Foru Komunitateak eta bertako tokiko erakundeek zainketen alde duten konpromisoa gauzatzeko, gizartearekin koordinatuta eta hitz eginez, bizitzaren jasangarritasunaren funtsezkoa alderdia baita, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzeko bidean.

Itunek kontuan hartuko eta aintzatetsi eginen dute Nafarroako Foru Komunitatean eta udalerrietan zainketen arloan eskuragarri dauden baliabideen optimizazioa.

Hirugarrena.–Erakunde parte-hartzaileak.

Foru esparruan, programan parte hartzea eskatzen ahalko dute Nafarroako Gobernuko departamentuek eta/edo zuzendaritza nagusiek, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte erakunde publiko zein pribatuek, enpresen edo denden elkarteek eta gizarte izaerako elkarteen federazioek, erakunde batzordeek edo koordinatzaileek.

Zainketen aldeko Foru Itunean, Nafarroako Berdintasunerako Institutua aintzatetsiko da, Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako Zuzendariordetzaren titular den pertsonak ordezkatuta. Foru Itunaren zuzendaritza Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzaileari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariari egokituko zaie.

Toki esparruan, programan parte hartzea eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako Nafarroako tokiko erakunde guztiek.

Tokiko erakundeek Zainketen aldeko Tokiko Ituna sinatzeko aukera izanen dute, udalerri bakarrean garatu eta ezartzeko edo, espazio, biztanleria edo bestelako arrazoiengatik, Mankomunitatea edo Tokiko Ekintza Taldea osatzen duten udalerriak inplikatzen dituzten Tokiko Itunak sinatzeko aukera izaten ahalko dute.

Zainketen aldeko Tokiko Itunetan, Udala joko da tokiko erakunde koordinatzailetzat, alkateak ordezkatuta, edo mankomunitatea edo tokiko ekintzako taldea, haren presidenteak ordezkatuta.

Mankomunitateetako edo tokiko ekintza taldeetako itunetan mankomunitatea joko da tokiko erakunde koordinatzailetzat, haren burutza duen alkateak ordezkatuta, edo tokiko ekintza taldearen presidenteak ordezkatuta.

Erakunde koordinatzaileak izanen dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko solaskideak, baita beren udalerriko erreferente ere, Zainketen aldeko Tokiko Ituna adostuko duten erakunde eta pertsona guztiak deitzeko.

Laugarrena.–Programazioa.

Urtero, sinatutako itun bakoitzak prozedurak ezarriko ditu, eta urteko lan programan sartzen diren ekintzak programatu, koordinatu eta antolatuko ditu. Programa hori departamentuek, udalek, mankomunitateek edo tokiko ekintza taldeek eta parte hartzen duten gizarte erakunde publiko eta pribatuek adostuko dute, beren beharren eta egoera espezifikoaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta erakunde horrek kontratatutako laguntza teknikoaren laguntzarekin eta aholkularitzarekin.

Itun bat diseinatzeko eta martxan jartzeko lan planak, funtsean, honako urrats hauek izanen ditu:

1. Zainketen aldeko Itunak Nafarroan programan parte hartzeko eskaera egitea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

2. Itunei atxikitzeko eskaera eta konpromisoen adierazpena.

3. Organoen eraketa eta itunaren antolaketa prozedura.

4. Ituna diseinatu eta prestatzea. Edukiak:

5. Urteko lan programa.

6. Ituna sinatzea. Publizitatea eta zabalkundea.

7. Ituna abiaraztea eta garatzea.

8. Jarraipena eta ebaluazioa.

9. Itunari atxikitzea, hasi ondoren.

10. Ituna berritzea.

Bosgarrena.–Laguntza teknikoa.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak itunak diseinatu eta abian jartzeko prozesuari ekiteko behar duten laguntza emanen die tokiko erakundeei eta tokiko ekintza taldeei, Nafarroako Gobernuko departamentuei eta itunak sinatu dituzten erakundeei. Halaber, Komunikazio Planaren eta Zainketen aldeko Itunak Nafarroan programaren dokumentu teoriko, informatibo eta dibulgatzaileen diseinuaren arduraduna izanen da.

Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak laguntza teknikoa kontratatuko du, Zainketen aldeko Itunak Nafarroan programa martxan jartzeko aholkularitza, prestakuntza eta koordinazioa izateko, bai Foru Itunerako eta bai Zainketen aldeko Tokiko Itunetarako.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, gainera, berdintasun teknikari bat du kontratatuta, programaren arduradun dena. Horrek koordinatuko eta ikuskatuko du laguntza teknikoaren lana.

–Zainketen aldeko tokiko itunak. Tokiko erakundeak edo tokiko ekintza taldea, bere langile zein bitartekoen bidez, programaren garapena bultzatu, dinamizatu eta errazteaz arduratuko da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikariarekin eta laguntza teknikoarekin adostuta ezartzen diren jarraibide eta orientazioei jarraituz, urtero onartzen den egutegiarekin bat.

–Zainketen aldeko Foru Ituna. Nafarroako Gobernuko departamentu eta erakunde sinatzaile bakoitza, bere langile zein bitartekoen bidez, programaren garapena bultzatu, dinamizatu eta errazteaz arduratuko da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikariarekin eta laguntza teknikoarekin adostuta ezartzen diren jarraibide eta orientazioei jarraituz, urtero onartzen den egutegiarekin bat.

Garapenean zehar, Foru Itunak eta tokiko itun guztiek Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien eta Zainketen aldeko Ituna Nafarroan programako laguntza teknikoaren laguntza eta aholkularitza izanen dituzte.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ezartzen dituen publizitate eta zabalkunde ekintza orokorrez gainera, beharrezkotzat jotzen duten tokiko erakundeek programaren tokiko zabalkunderako berezko ekintzak egiten ahalko dituzte prentsaurrekoen edo bestelako aurkezpen publikoen bidez. Horretarako, honako baldintza hauek kontuan hartu beharko dituzte:

–Prentsaurrekoetan eta bestelako aurkezpen publikoetan ongi ikusteko moduko tokian jarriko da programaren informazio kartela, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandakoa.

–Jakinaraziko da programa Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duela, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez.

–Kasu guztietan errespetatu egin beharko dira programaren irudia eta marka, eta agertu beharko dira Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Zainketen aldeko Ituna Nafarroan programaren logotipoak, tokiko erakundearen logotipoarekin batera.

–Nolanahi ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari posta elektroniko bidez jakinarazi beharko zaio zabalkunde ekintza, eta ondorioztatzen diren dokumentu froga guztiak entregatu beharko zaizkio ondoren.

Seigarrena.–Itunen iraupena eta berritzea.

Bai Zainketen aldeko Foru Itunak eta bai Tokiko Itunek, 4 urteko indarraldia izanen dute, sinaduraren egunetik. Urtero, urteko lan programa bat diseinatuko, prestatuko eta onetsiko da, Itunaren indarraldiko lau urte horietan martxan jarri beharreko neurri zehatz eta neurgarriekin.

Aldi hori igarotakoan, ituna beste lau urtez berrituko da isilbidez, alderdietako batek berariaz uko egiten badu izan ezik.

Zazpigarrena.–Programan parte hartzeko irizpideak.

Zainketen aldeko Foru Ituna. Programan parte hartzea eskatzen ahalko dute honako hauek:

–Nafarroako Gobernuko departamentuek eta/edo zuzendaritza nagusiek.

–Nafarroako Foru Komunitateko gizarte erakunde publiko zein pribatuek.

–Enpresen edo denden elkarteek.

–Gizarte izaerako elkarteen federazioek, erakunde batzordeak edo koordinatzaileak.

Departamentu/erakunde horiek NABIri eskatuko diote parte hartzea, webgunean xede horretarako eskuragarri dagoen dokumentuaren bidez: https://pactoscuidados.igualdadnavarra.es/eu/.

Foru Ituneko zuzendaritzak baloratuko du ituneko parte-hartzea onestea, eta asanbladak baliozkotu eta onartu behar du atxikimendu hori.

Zainketen aldeko Tokiko Itunak. Programan parte hartzeko baldintzak ezartzen dira:

2023. urtea:

Zainketen aldeko Itunak Nafarroan programan parte hartzeko eskabideak NABIri zuzendutako eskaera ofizialaren ordena zorrotzean onartuko dira, webgunean xede horretarako eskuragarri dagoen dokumentuaren bidez: https://pactoscuidados.igualdadnavarra.es/eu/ 2023. urterako, eskaerak aurkezteko epea 2022/12/31n amaituko da.

Honako hauek eskabidea bidali ahalko dute:

–Uneren batean Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin kontziliazioaren aldeko tokiko ituna sinatu eta formalizatu duten tokiko erakundeak edo tokiko ekintza taldeak.

–Egitura organikoan berdintasunerako teknikaria duten tokiko erakundeak edo tokiko ekintza taldeak.

2024. urtetik aurrera:

Gehienez ere 20 eskabide onartuko dira urtean, indarreko urtearen urtarrilaren 1a eta otsailaren 15a bitartean bidaliak. Eskabideak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

–Lehenik, lehentasuna izanen dute uneren batean NABIrekin sinatu eta formalizatutako kontziliazioaren aldeko tokiko ituna izan duten tokiko erakundeek edo tokiko ekintza taldeek.

–Bigarrenik, 3.000 biztanleko edo gehiagoko populazioa duten tokiko erakundeak, mankomunitateak, tokiko ekintza taldeak edo udal elkarteak*, kontziliazioaren aldeko tokiko itunik inoiz izan ez dutenak, honako ordena honetan:

  • Egitura organikoan berdintasunerako teknikaria dutenak.
  • Egitura organikoan berdintasun arloko zinegotzigoa, batzordea edo berdintasun alorra edo berdintasun gaietan funtzioak dituztenak.
  • Berdintasun gaietarako berariazko aurrekontua dutenak.

Talde bakoitzaren barnean berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emanen zaie biztanle gehieneko tokiko erakundeen, mankomunitateen, tokiko ekintzako taldeen edo udal taldeen eskaerei.

–Tokiko erakundeen mankomunitate eta elkarteen kasuan, berdintasun teknikaria dutenen kasuan izan ezik, zainketen aldeko ituna kudeatzeko lan mahai bat eratu beharko da. Mahai horretan, nahitaez egon beharko dute ordezkatuta tokiko erakunde edo erakunde elkarte horretako kide diren udalerri guztiak. Ordezkaritza hori zehazteko, mahaian berdintasun arloko eskudantziak dituzten alkatetzak edo zinegotzigoak integratuko dira, udalerri guztietakoak. Lan mahai hori arduratuko da lurralde guztiko urteko lan programetako ekintzen plangintza onesteaz.

Elkartutako tokiko erakundeen guztizko populazioak ez du, inola ere, 12.000 biztanle baino gehiago izaten ahalko.

Gehienez ere, tokiko bost erakunde elkartzen ahalko dira. Lurralde despopulatuei laguntze aldera, kopuru hori handitzen ahalko da, gehienez hamar izateraino, baldin eta elkartutako erakundeen erdiak gutxienez kilometro karratuko 25 biztanleko edo gutxiagoko populazio dentsitatearen indizea badu. Dentsitate indizea zehazteko, erreferentziatzat hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak prestatutako adierazle demografikoak (erakunde horren webgunean daude argitaratuta:

Zortzigarrena.–Lankidetza eta informazio konpromisoa.

Itun bakoitzeko tokiko erakundeak, tokiko ekintza taldeak, Nafarroako Gobernuaren departamentuak edo erakunde sinatzaileak Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin lankidetzan jardun beharko du, zainketen aldeko ituna behar bezala garatzeko eta eskatzen den informazio oro eskaintzeko, erakunde autonomoari jarduketaren segimendua egiten laguntze aldera.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztu beharko diote sortzen den eta/edo Programa ezagutu eta kudeatzeko behar den dokumentazio guztia, baita Itunari lotuta egiten diren zabalkunde eta komunikazio material guztiak ere.

Tokiko itunen kasuan, behin itun bakoitza sinatu ondoren, tokiko erakundeak parte hartzen ahalko du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programaren esparruan ezartzen dituen dirulaguntza, sentsibilizazio eta prestakuntza prozesuetan, besteak beste.

Iragarkiaren kodea: F2214500