Iragarkia
133. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
19E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea behin betiko onesten duena. Aldaketa hori UGPrSa Jenáriz, Linte eta San Marcos II haize-parkeak eta San Marcos-Erriberri ebakuazio-linea bat eraikitzeko proiektuetara egokitzeari buruzkoa da. Sustatzailea Agrowind Navarra 2013 SL da.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 2ko 204E/2023 Ebazpenaren bidez, "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari hasiera eman zaio. Aldaketa hori proiektu sektoriala Jenáriz, Linte eta San Marcos II haize-parkeak eta San Marcos-Erriberri ebakuazio-linea bat eraikitzeko proiektuetara egokitzeari buruzkoa da. Sustatzailea Agrowind Navarra 2013 SL da. Ebazpen hori 2023ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 23koan.
Aldaketaren justifikazioa hau da: indarreko udalez gaindiko proiektu sektoriala (Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez onetsia –2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 22koa–) egokitzea proiektu horretan Linte I, Jenáriz eta San Marcos II parke eolikoetarako eta haien ebakuazio-azpiegituretarako aurreikusitako obren exekuzio-proiektuetara.
Aldaketa horiek guztiek honako udal-mugarte hauei ukitzen diete: Larraga (San Marcos II eta Linte haize-parkeak), Miranda Arga (Jenáriz eta Linte haize-parkeak, eta linea elektrikoa), Berbintzana (Linte haize-parkea) eta Erriberri (linea elektrikoa).
I.–Alegazioak.
Informazio publikoaren eta planteatutako jarduketek eragiten dieten udalei entzunaldia emateko tramiteak aldi berean egin direnean, bost alegazio-idatzi jaso dira: Conrado García Napal jaunarena, Sustraia Erakuntza Fundazioarena, Jon Erro Arbizu jaunarena, Ramón Contreras Lopez jaunarena eta Ecologistas en Acción Comarca de Sangüesa / Ongaiz elkartearena.
Bost idatzi horiek, eduki berdinekoak, jarraian laburbiltzen dira, eta erantzuna ematen zaie.
Edukia:
1. Proiektu horiek aldatzeko proposamenak enpresa horren proiektuen alde egiten duen ad hoc legedia batean sakontzen du.
Interesdunen iritzian, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren maiatzaren 6ko 45E/2021 Foru Aginduaren eta Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua aldatzen duen irailaren 28ko 89/2022 Foru Dekretuaren arabera onetsitako legezko aldaketek koska bat gehiago dira energia-enpresen aldeko ad hoc araudi eta plangintzetan, zeinen helburua baita duela urte asko (kasu honetan, 2016aren aurretik; data horretan jarri zen proiektua jendaurrean lehenengoz) izapidetzeko aurkeztutako proiektuak indarrean izatea epe luzerako eta eguneratze-mekanismorik eta ingurumen-kontrolik gabe.
Gainera, iruditzen zaie aldaketa horrek ez duela inola ere interes orokorra babesten, proiektu horien indarraldia mantentzeak Agrowind Navarra 2013 SL enpresaren interes pribatua bakarrik babesten baitu. Eta parke eolikoa instalatuko balitz, negatiboki eragingo lioke ingurumenari, zeina ondasun eta eskubide komuna eta orokorra baita, Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluan zehazten denez.
2. Ez dago ingurumen-inpaktuaren azterketa eguneraturik.
Alegatzaileen ustez, planteatzen diren aldaketekin, ez denez aurreikusten ingurumen-inpaktuaren beste ebaluaziorik, ingurumenean eragina duten azpiegiturak exekutatzea ahalbidetzen da, haien ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin eta urte askora. Diotenez, ezin da baieztatu duela urte batzuk proiektua definitu zeneko ingurumen-eta gizarte-baldintza berdinak daudenik gaur egun, eta metatze- eta sinergia-efektuak eta -inpaktuak aztertu behar dira, ingurumenaren alorreko legediari jarraikiz.
Adierazi dute, halaber, ezarri beharko litzatekeela duela 10 urte egindako ingurumen-inpaktuaren azterketa iraungita dagoela, eta, betiere, beharrezkoa izanen litzatekeela proiektuaren izapideak zerotik hastea, lurraldearen egungo ingurumen- eta gizarte-egoeretara egokitzeko.
3. Proiektuak antzekotasun handiak ditu, natura-ingurunean izanen lituzkeen eraginengatik, duela gutxi ingurumen-inpaktuaren adierazpen (IIA) negatiboa jaso duten proiektuekin.
Proiektua aurreikusten den ingurune naturalari dagokionez, interesdunek argudiatu dute urtarrilaren 17ko 42E/2023 Ebazpenean –2023ko otsailaren 20an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean– baztertutako proiektuenaren oso antzekoa dela; Akermendia, Valdetina eta Santa Ageda parkeez ari dira, eta elementu hauek izanen lituzketen inpaktuen zerrenda luze bat gaineratu dute arrazoitzeko: fauna (bereziki, fauna hegalaria: hegaztiak eta kiropteroak), landare-estaldura (barne direla interes komunitarioko habitatak), zorua, agrosistemak balio ekologiko handiko habitat gisa, nekazaritza- eta baso-matrizearen konektagarritasuna, gertuko gune babestuak eta paisaia, besteak beste. Irizten diote, oraingo kasu honetan, ingurumeneko elementuek eragin berdin-berdinak jasango dituztenez ñabardura batzuk alde batera utzita, IIAk koherentea izan behar duela azaldutakoarekin, eta proiektu horren kontrakoa izan behar duela.
4. Proiektuak ingurumen-inpaktu larriak ditu.
Interesdunen ustez, aurreikusitako hiru parke eolikoek ingurumen-inpaktu larriak eragiten dituzte, hala nola Nafarroako estepa-hegaztiak kontserbatzeko gune garrantzitsuei eragitea, paisaia-inpaktu handia Jenariz inguruan eta Vergel meandroaren inguruan eta hegazti urtarren migrazio-korridoreari eragitea.
5. Proiektua sustatzen duen enpresak gorabehera ekonomiko handiak izan ditu. Haren interesa erabat espekulaziozkoa dela erakusten du horrek.
Alegatzaileen iritziz, proiektuaren espekulazio-helburuaren adierazgarri dira enpresaren ahalmen ekonomikoa justifikatu gabe egotea, instalazioen ustiaketa ez egotea enpresaren xede sozialean eta haren kapital sozial urria. Adierazi dutenez, hasieratik zirudien enpresaren asmoa proiektu osoa hirugarren batzuei saltzea zela, haiek garatu zezaten; diotenez, inbertsio-funts saudi batekin saiatu zen hori egiten lehenengo, Energías de Portugal (EDP) enpresarekin gero, eta, azkenik, 2022an, lortu du enpresa bera eta haren parke eolikoak saltzea Alfanar talde saudiari.
6. Erakunde publikoek energia berriztagarria sortzen parte hartzea galarazi du proiektuak.
Alegatu dutenez, UGPrS honetako parke eolikoen garapenean, enpresa pribatuen ekimenak dira nagusi, eta proiektu eolikoak publikoki garatzeko aukera eragozten du. Diotenez, enpresa sustatzaileak hitzarmenak sinatzera "behartzen" eta "bultzatzen" ditu udal-arduradunak, eta erabaki autonomoak eta zuhurrak zailtzen ditu. Zehazki, esaten dute San Marcos II proiektua onartuta (Larragan), ezinezkoa dela "Altos de San Marcos inguruko energia eolikoko parke publikoa" proiektua egitea; proiektu hori Red Eléctrica de España SAk onetsia zuen, eta Nafarroako Gobernuak uneren batean erabaki zuen izapideekin ez jarraitzea.
Iruditzen zaie, halaber, zentral eolikoen proiektuen sustatzaileek haien ustiaketa bermatu nahi dutela: beharrezko baimenak eta kokapen egokiak lortzen dituzte, eta baliabide naturalen ustiaketa birsaltzeko eskubidea hartzen dute beretzat, urte askoan zentral horiek eraiki ere egin gabe.
Alegatzaileen ustez, jabetza pribatuak ustiatzen, banatzen eta merkaturatzen du energia. Horren kausaz eta ondorioz, gero eta tamaina handiagoko proiektuak egiten dira, eta proiektu horien ingurumen- eta gizarte-kostuak gero eta handiagoak dira, gure lurraldean ikusten denez, gure paisaia zentral eoliko, goi-tentsioko linea, proiektu hidrauliko eta prestazio handiko tren ugariz josita dago.
Alegatutako guztia kontuan hartuta, interesdunek irizten diote proiektua gauzatzea kaltegarria dela Nafarroako ingurumen- eta gizarte-balioentzat, eta eskatzen dute bidean diren mota horretako proiektu guztiak geldiarazteko, eta Nafarroan behar den eredu energetikoari buruzko gogoeta- eta plangintza-prozesu egoki bat abian jartzeko.
Erantzuna:
Interesdunen ustez, ingurumen-ebaluazio negatiboa egin behar zaie aurkeztutako aldaketei. Testuinguru horretan, gogoan izan behar da ingurumena ebaluatzeko prozedurak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean arautzen direla. Ebaluazio horiek nahitaezkoak dira kasu jakin eta mugatu batzuetan.
Dagokigun kasuan, Ingurumen Eraginaren Atalak 2023ko irailaren 26an argitaratu zuen txostenaren arabera, "Planteatutako aldaketek ez dituzte betetzen, berez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. edo II. eranskinetan ezarritako atalaseak; beraz, lege horren 7. artikuluaren arabera, ez dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazio berririk behar, eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenak babesten ditu. Ebazpen horren bidez, San Marcos I, San Marcos II, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulina haize-parkeen eta haien ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Gainera, aldaketa horiek ez dute jada ebaluatu direnez landa bestelako ingurumen ondorio esanguratsurik".
Alegazio-idatzietan ez da adierazten edo arrazoitzen ezarritako atalaseak betetzen ez direnik; beraz, jo behar da ez dela behar izapiderik edo ingurumen-ebaluaziorik.
Proiektuaren espekulaziozko izaera posibleari eta "Altos de San Marcos inguruko energia eolikoko parke publikoa"ri buruzko alegazioak aurkeztu ziren Nafarroako Proiektu Eolikoa udalez gaindiko proiektu sektorialaren informazio publikoaren entzunaldiaren tramiteetan. Nafarroako Gobernuak "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatua, onesteko 2018ko urriaren 3an emandako ERABAKIan alegazio horiei eman zitzaien erantzuna errepikatzen da; akordio hori 2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22an.
Martxan dauden mota horretako proiektuak geldiarazteari dagokionez, gogorarazi behar da Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak aitortzen duela energia elektrikoa ekoizteko jardueran aritzeko enpresa-ekimen askea. Horrenbestez, etorkizuneko erregelamenduak, Nafarroako eredu energetikoaren plangintza eta erakunde publikoen parte-hartze posiblea ezertan galarazi gabe, aurkeztutako aldaketak aplikatu beharreko araudia betetzen duen bitartean, ezin da ukatu hura onestea. Bestalde, tasatutako edo araututako kasuetan bakarrik eteten ahal dira administrazio-izapideak.
Enpresa horren proiektuen alde egiten duen ad hoc legediari dagokionez, alegazioak ez du zerikusirik Nafarroako Proiektu Eolikoa UGPSa aldatzeko izapide honekin, beren informazio publikoaren tramiteak eta baliabideak dituzten beste arau edo administrazio-espediente batzuei lotzen baitzaio.
Ezetsi egiten da alegazioa, horrenbestez, ezertan galarazi gabe interesdunek beren eskubiderako komenigarritzat jotzen dituzten akzioak baliatzea.
II.–Txosten sektorialak.
Espedientean erakunde hauen txostenak jasotzen dira: Ingurumen Eraginaren Atalarena (2023ko irailaren 26koa), Nafarroako Memoriaren Institutuarena (2023ko abuztuaren 3koa), Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuarena (2023ko abuztuaren 24koa), Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiarena (2023ko azaroaren 27koa) eta Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiarena (2023ko azaroaren 28koa).
Aldaketa-dokumentuak jaso behar ditu Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren eta Trenbide Plangintzako zuzendariorde nagusiaren txostenetan (2023ko azaroaren 27koa eta 28koa, hurrenez hurren) zehaztutako indikazioak.
III.–Hasierako ebazpenari buruzko kontsiderazioak.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 2ko 204E/2023 Ebazpenean, zeinak aldaketa-espediente honen izapideak hasten baititu, adierazten da enpresa sustatzaileak 2023ko urriaren 2ko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenean jasotakoaren arabera osatu beharko duela, espedientearen ebazpenaren aurretik.
2023ko irailaren 27an, sustatzaileak Ebazpen horri erantzuteko dokumentazioa aurkeztu du, zeinak partzialki jasotzen baititu Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txosteneko indikazioak, hauek jaso gabe:
–Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuari jarraikiz, dokumentazio grafikoa berraztertu egin beharko da, foru-dekretu horretan jasotako preskripzioetara egokitzeko. Zehazki, dokumentazio grafikoak 300 ppp-ko bereizmena izan beharko du gutxienez, eta, behar denean, orri guztiek lau izkinen koordenatu geografikoak eduki beharko dituzte, foru-dekretu horren eranskinean zehazten den erreferentziako sistema geodesikoan.
–LI-10 haize-sorgailuaren aldaketa justifikatzen da UGPSa onesten duen Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakian xedatutakoan. Beraz, aldaketa hori hizpide dugun UGPSaren aldaketatik kanpo utzi behar da.
–San Marcos II, Jenariz eta Linte parke eolikoetan haize-sorgailuen modeloak aldatzeari dagokionez, argitu behar da parke horietako posizio guztietarako planteatzen den eta aldaketa horrek haien potentzia areagotuko lukeen. Halaber, justifikatu beharko da ordezkapen horiek bermatua dutela sarerako ebakuazioa, sustatzaileak dituen sarbide- eta konexio-baimenekin bat etorriz.
–Bestalde, Linte parke eolikoko LI-05etik LI-07 arteko eta LI-11 posizioei dagokienez, hau jasotzen da aurkeztutako dokumentuan: "LI-05tik LI-07 bitarteko posizioak ezabatu dira, eta San Marcos II haize-parkearen eremura eraman dira; LI-11 posizioa ere ezabatu da, dauden makinak nahikoa baitira beharrezko potentzia instalatua lortzeko, REEk emandako sarbide-potentziarekin bat etorriz. ... /... LI-11 posizioari dagokionez, kentzea arrazoitzen da dauden makinekin nahikoa delako beharrezko potentzia instalatua lortzeko, bat etorriz REEk 220 kV-eko Erriberriko TAEari emandako sarbide-potentziarekin. ... /... Halaber, beste kokapen bat eman zaio neurketa-estazioari (22. irudia), irispidea errazteko. Izan ere, ezin da sarbide espezifikorik sortu, LI05etik LI07rako posizioak ezabatu ondotik, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak apirilaren 24an emandako 73E/2023 Ebazpenarekin bat etorriz; ebazpen horrek "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea behin betiko onesten du, San Marcos II haize-parkeari dagokiona eta Agrowind Navarra 2013 SLk sustatua.
Adierazi den ebazpenak (73E/2023) ezartzen du San Marcos II haize-parkeko SMII04tik eta SMII06ra bitarteko posizioak kendu behar direla, gaur egun ez baitute sarerako sarbideko eta konexioko baimenik. Ez du ezer ezartzen Linte haize-parkeko LI05tik LI07ra bitarteko posizioei dagokienez. Aipatutako aldaketa San Marcos II parke eolikoari buruzkoa zen esklusiboki.
Bestalde, LI-05etik LI-07ra bitarteko posizioak kendu izan balira haien ebakuazioa bermatuta ez egoteagatik, ezin izanen lirateke beste toki batean jarri, harik eta parkearen sarbide- eta konexio-baimena aldatu dela ziurtatu arte.
Gainera, dokumentuan ez da zehazten nora aldatu diren posizio horiek, ez zein den haien izen berria.
Alderdi horiek guztiak argitu behar dira, eta UGPSko eta dagoeneko onetsitako aldaketako posizioez bestelako posizio berriak planteatzen badira, egiaztatu beharko da bermatua dutela sarerako ebakuazioa, sustatzaileak dituen sarbide- eta konexio-baimenekin bat etorriz.
Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko urriaren 2ko txostenean ohartarazi zen aldatzeko espediente hau ezin zela ebatzi, harik eta sustatzaileak bidali arte 73E/2023 Ebazpenetik eratorritako aldaketak jasotzen dituen dokumentu bat. Ebazpen hori Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak eman zuen, apirilaren 24an, "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea behin betiko onesteko, San Marcos II haize-parkeari dagokiona eta Agrowind Navarra 2013 SLk sustatua.
2023ko ekainaren 12an, Agrowind enpresak dokumentu hori aurkeztu du, eta haren edukia Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak baliozkotu du, 2024ko urtarrilaren 15ean, eta proposatu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko adierazitako ebazpena.
Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2024ko urtarrilaren 16an egindako txostena, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin, eta dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarra, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.
2.a "Proyecto Eólico de Navarra" udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea behin betiko onestea. Aldaketa hori UGPSa Jenáriz, Linte eta San Marcos II haize-parkeak eta San Marcos-Erriberri ebakuazio-linea eraikitzeko proiektuetara egokitzeari buruzkoa da, eta Agrowind Navarra 2013 SL enpresak sustatzen du.
3.a Erakunde sustatzaileari eskatzea 204E/2023 Ebazpenetik (Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 2an emana, aldaketa-espediente honen tramitazioa hasteko) artatu gabe zeuden eta azalpenetan jaso diren alderdiak jasotzen dituen dokumentu bat bidal dezan, paperean eta formatu digitalean. Dokumentu horrek, halaber, jaso behar ditu Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren eta Trenbide Plangintzako zuzendariorde nagusiaren txostenetan (2023ko azaroaren 27koa eta 28koa, hurrenez hurren) zehaztutako indikazioak.
4.a Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta, ondorioz, aldaketa honen determinazioak indarrean sartzeko, dokumentu hori aurkeztu eta baliozkotu beharko da.
5.a Sustatzaileak bete egin beharko du espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa. Bereziki, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak 2023ko abuztuaren 24an emandako txosteneko baldintzak bete beharko ditu sustatzaileak. Bestalde, sustatzaileari gogorarazten zaio Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritako legezko preskripzioak bete behar dituela; zehazki, 11.2 artikuluari dagokionez, zeinean adierazten baita norbaitek giza gorpuzkinak aurkitzen baditu Nafarroako hilobi-mapan mugatutako eremuetan edo are hortik kanpo ere, berehala jakinarazi beharko diola hori Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloko eskumena duen departamentuari.
Halaber, obra horiek egiteko, interesdunak behar den baimen oro lortu beharko du, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duen organoaren eskutik. Besteak beste, erakunde hauen baimenak: ADIF (Trenbide Azpiegituren Administrazioa), Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia (AESA), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; eta AP-15, Autopistas de Navarra SAren enpresa emakidadunaren aldeko txostena.
6.a Obrak egikaritu aurretik, azpiegiturek eta zortasunek izan ditzaketen eraginak direla eta behar diren baimen guztiak aurkeztu beharko ditu, gaiaren arabera eskumena duten organoek emanak. Besteak beste, ADIFen, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESA) baimenak.
7.a Ebazpen hau eta sustatzaileak 3. puntua betez aurkezten dituen antolamendu-planoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentu hori eskuragarri egonen da Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean ere.
8. Ebazpen hau helaraztea Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari, Larraga, Miranda Arga, Berbintzana eta Erriberriko udalei eta sustatzaileari, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.
9.a Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio-bideari eta beronen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.
Nolanahi ere, administrazio publikoek aurrez errekerimendua egin dezakete Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.
Iruñean, 2024ko urtarrilaren 18an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.
Udalez gaindiko plan sektoriala (PDFa)*.
(*) Fitxategia 20 Mb-tik gorakoa da.
Iragarkiaren kodea: F2409688
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
