133. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

258E/2024 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, 2024ko dirulaguntzen deialdia onesten duena, jarduera ekonomikoetarako udal-poligonoak eta -lokalak sustatzeko. DDBN identifikazioa: 768993.

Foru Komunitatearen lurralde-garapen orekatua izatea da Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat, eta, bide horretan, beharrezkotzat jotzen du jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak izatea Nafarroako udalerrietan.

Toki-erakundeek eginiko laguntza-eskaerak jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatzera edo hiri-azpiegiturak hobetzera daude bideratuta, baina baita higiezinak egokitzera ere, bulego, lokal edo tailer txiki gisa erabili ahal izateko. Hala, espazioak jartzen ahal dira haien eskura, ekintzailetza-proiektuak garatu ahal izan ditzaten.

2024ko deialdi honek zenbatetsiriko eskariari erantzuten dio, eta enpresak Nafarroan finkatzeko eta dagoeneko Foru Komunitatean daudenen deslokalizazioak saihesteko dirulaguntzak eman nahi dizkie toki-erakundeei, behar dituzten era guztietako zuzkidurak edo azpiegiturak lor ditzaten.

Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea jarduera ekonomikoetarako udal-poligonoak eta -lokalak sustatzeko 2024ko dirulaguntza-deialdia, 2024ko eta 2025eko aurrekontu-kredituei eragiten diena.

2. Onestea dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honi atxikita daudenak.

3. 1.730.684,19 euroko gastua baimentzea, honela egotzirik:

  • 1.130.684,19 euro indarrean dagoen aurrekontuko 810001-81100-7609-458100 partidaren kargura ("Jarduera ekonomikoetarako udal-poligonoentzako laguntzak").
  • 600.000,00 euro 2025eko Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kontura –alabaina, konpromiso hori behar adina kreditu izatearen baldintzapean gelditzen da–.

Ez bada nahikoa kreditu aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, gehienez ere beste 300.000 euro gehitzen ahal zaizkio zenbateko horri 2024ko gastu-aurrekontuan onetsitako partidaren kargura, eta beste 300.000 euro gehienez 2025eko gastu-aurrekontuari dagokion partidan, betiere aurrekontu-baliabiderik izanez gero eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Baimena gehitzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua betetzea, baldin eta urte anitzeko gastu-konpromisoa 600.000 eurotik gorakoa bada.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote interesdunek Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Horretarako, hilabete izanen dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

Iruña, 2024ko ekainaren 17a.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da industria- edo zerbitzu-poligono berriak sustatzea, udal-eraikinak egokitzea –ondoren alokatzeko bulegoak edo tailerrak jartzeko–, eta industrialdeetarako azpiegiturak gaitzea edo lehendik daudenetan ezohiko konponketak egitea.

Laguntzen onura publikoari dagokionez, Nafarroaren lurralde-garapen orekatua bultzatu nahi da, eta, bide horretan, industria- edo zerbitzu-enpresak hartzeko espazioak eta azpiegiturak eraiki, lan-eskaintza Foru Komunitate osoan barna egon dadin banaturik.

2. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira 3. oinarrian adierazitako diruz laguntzeko moduko jarduerak gauzatzen dituzten Nafarroako toki-erakundeak.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

Dirulaguntzen xede izanen dira jarraian zehazten diren jarduketak, baldin eta gutxienez 15.000 euroko aurrekontua badute (BEZik gabe):

1. Baldintza hauek betetzen dituzten industria- edo zerbitzu-poligono berriak sustatzea:

a) Poligonoa eraikitzeko lursailek eskatzailearen jabetzakoak izan beharko dute.

Eskatzailea sustapenen bateko kide bada konpentsazio-batzorde baten bidez, edo ehuneko jakin baten jabe dela zehazten duen birpartzelazio-proiektu bat onesten bada, justifikatu egin beharko da egitate hori, eta erakunde horri dagokion ehunekoa hartuko da diruz laguntzeko modukotzat.

Kanpo-azpiegiturak eraikitzeko lursailen kasuan, ez da beharko haien jabe izatea, baina nahitaezkoa izanen da afekzio-baimenak edukitzea, titularrek sinatuta.

b) Dirulaguntza eskatzen den unean, jarduketak hartuko dituzten lursailek kalifikatuta egon beharko dute industria-, zerbitzu- edo ekonomia-erabileretarako hiri-lurzoru gisa indarrean dagoen udal-plangintzan.

c) Onuradunak konpromisoa hartuko du gutxienez merkatuko prezioan salduko dituela jarduketaren ondoriozko lurzatiak.

d) Poligono berriek 11. oinarrian jasotako betebehar sozialak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonei eta genero-berdintasunari dagokienez.

2. Udal-eraikinak egokitzea, bulegoak, lantegiak, nabe atxikiak edo antzeko espazioak hartzeko, eta, ondoren, bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek edo profesionalek alokatu ahal izateko, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Esku-hartzearen xede den eraikinak eskatzailearen jabetzakoa izan beharko du.

b) Alokatu beharreko espazioak jarduera ekonomikoetarako erabiliko dira, baina ez ostalaritzarako eta turismorako (azken horiek udalerrian jarduera industrialak garatzeko azpiegiturarik ez badago bakarrik onartuko dira).

c) Gaitutako espazioek nahitaez bete beharko dituzte 11. oinarrian jasotako betebehar sozialak, desgaitasuna duten pertsonei dagokienez.

3. Industrialdeei azpiegitura- edo zerbitzu-zuzkidurak gehitzea –dela halakorik ez edukitzeagatik, dela lehendik daudenak gutxitxo izateagatik, dela lehengoak zaharkiturik egoteagatik–, baita lehendik diren azpiegituren mantentze- eta konpontze-lanetarako aparteko obrak egitea ere.

Eskatzaileak ukituriko poligonoaren jabea izan beharko du, urbanizazioa sustatu duelako edo bere garaian jaso zuelako.

4. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Hauek izanen dira jarduketa horietan diruz laguntzen ahal diren gastuak:

a) Obrak egikaritzeko proiektuak idaztea eta obren zuzendaritza fakultatiboa, behar izanez gero.

b) Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egikaritzeko obrak.

c) Poligono berri bat sustatzeko lurrak erostea eta, kasuak hala eskatzen badu, beharrezko zortasun-eskubideak eskuratzea. Lurrak erosteagatik laguntza jasotzen ahal duen aurrekontua lurren katastro-balioen batura izanen da. Ez da jasotzen ahalko laguntzarik eraikinak erosteko.

d) BEZa laguntzen ahalko da diruz, baldin eta ezinezkoa bada gerora jasanaraztea, poligono berriko lurzatiak saltzean edo udal-eraikineko lokalak alokatzean.

2. Diruz laguntzen ahal diren gastuen fakturek eta ordainagiriek 10. oinarrian adierazitako epeetan datatuta egon beharko dute.

5. oinarria.–Obrak egikaritzen hastea.

Diruz laguntzen ahal diren jarduketei dagozkien obrek hasita egon beharko dute 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean.

10. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, zuinketa-aktaren eta obren hasieraren bidez egiaztatuko da inguruabar hori (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikulua). Profesional fakultatibo batek sinatutako proiekturik behar ez duten obretan, Udal Idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Hau izanen da laguntzen zenbatekoa –gehienez ere 400.000 euro–, jarduketa-motaren arabera:

a) Poligono berriak sustatzea (3.1 oinarria): Lurzatien salmentagatik aurreikusitako diru-sarrerak (abal edo salerosketa-kontratu bidez berretsiak) diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastuetatik deskontatzearen ondoriozko zenbatekoaren %30.

b) Udal-eraikinak egokitzea (3.2 oinarria): Diruz laguntzen ahal diren gastuen %30. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko etorkizuneko alokairu-errentak.

c) Poligono bateko azpiegiturak gaitzea edo lehendik daudenetan ezohiko konponketak egitea (3.3 oinarria): Diruz laguntzen ahal diren gastuen %50 edo %60, saneamendu-sare bereizgarri bat eraiki behar bada.

2. Laguntzaren ehunekoa %5 igotzen ahalko da, baldin eta eskatzaileek genero-ikuspegia kontuan hartzen duen inpaktu-azterketa bat aurkezten badute diruz lagundu beharreko jarduketari buruz. Azterketa hori balioesteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko langileen aholkularitza izanen da.

Azterketa horretarako, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen galdetegia erantzun beharko da, eta gehienez ere bost orrialde izanen ditu.

Galdetegiaren helburua da emakumeen lan-egoeraren irudi bat izatea, baita emakumeen talentua atxikitzeari eta enplegua sustatzeari buruzko aurreikuspenak egitea ere, batez ere industria-sektorean.

3. Toki-erakundeek, gainera, %95eko hobaria jasoko dute ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, dela poligonoak sortzeko lurren eskualdaketari dagokionez, dela toki-erakundeek poligonootan kokatzen diren enpresei aplikatzen dizkietenei dagokienez (Tokiko jarduera ekonomikoetarako poligonoak sustatzeko laguntzei buruzko 2/1997 Foru Legea, otsailaren 27koa, 4 c) artikulua).

4. Deialdirako baimendutako gastua ez bada agortzen diruz lagundu beharreko jarduerekin, onuradun guztien artean hainbanatuko da soberakina (jarduketa bakoitzari dagokion laguntza-portzentajeari aplikatuko zaio emandako laguntza guztiekiko soberakinak berekin duen ehunekoa).

7. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta iragarkia argitaratu zen egun berean amaituko da, epemuga-hilabetean.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/convocatoria-de-2024-de-subvenciones-para-la-promocion-de-poligonos-y-locales-municipales-para-el-desarrollo-de-actividades-economicas (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira (dokumentu bereizietan eta bere izenarekin behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-formularioa, bi erantzukizunpeko adierazpen biltzen dituena: batetik, ingurumen-helburuei kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzeari buruzkoa, eta, bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan eskatutakoa.

b) Erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria, alderdi hauek egiaztatzen dituena:

–Jarduketaren xede diren lursailen eta eraikinen jabetza (zortasunek soilik ukituriko lursailen kasuan, ziurtatuko da badirela jabetzaren afekzio-baimenak).

–Lursailaren hirigintza-kalifikazioa, bai eta egin nahi diren obrekin bat etortzea ere. Xede horretarako hirigintza-planik onetsita badago, aipatu eginen da ziurtagirian.

c) Jarduketaren azalpen-memoria, gehienez ere 20 orrialdekoa; alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Egin beharreko obren deskribapena eta, kasuaren arabera, ondoriozko lurzatien edo lokalen zerrenda, zein bere azalera zehazturik.

–Jarduketa definitzeko planoak (ukituriko lursail edo eraikinen kokalekua, ondoriozko lurzatiak edo lokalak, ukituriko azpiegiturak, eta abar adierazita).

–Jardueraren aurrekontua, 4. oinarrian adierazitako diruz laguntzen ahal diren gastu guztiak bildurik (gutxienez 15.000 eurokoa izan beharko du, BEZik gabe).

–Jarduketa egikaritzeko beharrezko ekintzen egutegia (kontratazioa, obrak egikaritzea, eta abar).

Proiektu tekniko bat aurkezteak ez du salbuetsiko memoria hau aurkezteko eginbeharretik.

d) Bideragarritasun ekonomikoari buruzko aurretiazko azterlana, zehazten dituena inbertsioari ekiteko finantzaketa-iturriak, finantza-kostua (kasuaren arabera) eta lurzatiak saltzeagatik edo lokalak alokatzeagatik aurreikusitako diru-sarrerak.

e) Poligono berri bat sustatu behar den kasuetan (3.1 oinarria), agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Toki-erakundeak etorkizuneko lurzatien salmenta-prezioari buruz hartutako akordioa, edo, bestela, horiek merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa.

–Lurzatiak erosteko eskaerarik izanez gero, jarritako fidantzen edo salerosketa-kontratuen kopia.

f) Azpiegitura-zuzkiduren edo aparteko konponketen kasuan (3.3 oinarria), Udal Idazkaritzaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, adierazten duena zer inpaktu izanen duen gastuak jarduketaren onuradun izanen diren enpresen artean, dela kontribuzio bereziaren bidez, dela beste zernahi tresnaren bidez.

g) Genero-ikuspegia kontuan hartzen duen inpaktu-azterketa, 6.2 oinarrian aipatzen dena, baldin eta %5eko laguntza gehigarria lortu nahi bada.

h) Eskabidea 8.3 oinarriko balorazio-irizpideen arabera ebaluatzeko eta, hartara, dagokion puntuazioa lortzeko aukera ematen duen dokumentazioa.

4. Eskabidearekin batera ez badira aurkezten oinarri honetan adierazitako agiriak, laguntzak kudeatzen dituen organoak 10 egun balioduneko epea emanen dio eskatzaileari, eta adieraziko dio hori egin ezean ulertuko dela atzera egin duela eskaeran eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Norgehiagoka izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, eta, beraz, alderatu eginen dira aurkeztutako eskabideak, oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.

Baloraziorik handiena lortu duten eskabideei 6. oinarrian ezarritako laguntzen ehunekoak aplikatuta lortuko da eman beharreko zenbatekoa, harik eta agortu arte hurrengo aurrekontu-ekitaldietan deialdirako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua:

2024ko gastu-aurrekontua

1.130.684 euro

2025eko gastu-aurrekontua

600.000 euro

2. Eskabideen hurrenkera zehaztu ondotik, aurrekontu baten edo beste baten kargura emanen da laguntza, eskabidearekin aurkezten den memorian jasotako egutegian aurreikusitako amaiera-dataren arabera (7.3.c oinarria).

Laguntza bi aurrekontuen kontura ematen ahalko da. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da zer justifikatu behar den eta noiz.

2024an aurrekonturik ez egoteagatik ezetsita geratu diren eskabideak laguntzen ahalko dira diruz 2025eko aurrekontuaren kargura, lehentasun-ordenari jarraituz.

3. Hauek dira eskabideak balioesteko irizpideak (3.1 eta 3.3 oinarri-arauetan deskribatutako obretarako 41 puntu lortzen ahalko dira guztira, eta 3.2 oinarri-arauan deskribatutako obretarako, berriz, 36 puntu):

a) Poligono berriak sustatuz gero (gehienez 10 puntu):

Lehendik dauden jarduerak kokaleku desegokian egoteagatik edo jarduera zabaltzeagatik lekuz aldatzeko beharrak justifikatzen direnean, bai eta jarduera berriak instalatzeko eskaerak justifikatzen direnean ere: 0,1 puntu, saldutako edo fidantza-gordailuarekin edo banku-abalarekin eskatutako lurzatien azaleraren ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez 10 puntu).

b) Udal-eraikinak egokitzeko (gehienez 5 puntu):

–Nabe atxikiak lortzeko: 5 puntu.

–Bulegoak edo lokalak lortzeko: 3 puntu.

–Lehendik dauden nabe edo lokalak egokitzeko obra txikiak: puntu 1.

c) Poligono baterako azpiegitura-zuzkidurak egitea edo lehendik daudenetan ezohiko konponketak egitea (gehienez 10 puntu):

–Saneamendu-sare bereizlea: 10 puntu.

–Ur beltzen saneamendu-sarea: 9 puntu.

–Euri-uren saneamendu-sarea: 8 puntu.

–Ur-hornidurako sarea: 7 puntu.

–Energia- edo telekomunikazio-sareak: 6 puntu.

–Zoladura: 5 puntu.

–Aparkalekuak: 4 puntu.

–Argiteria publikoa: 3 puntu.

–Bide-seinaleak: 2 puntu.

–Berdeguneak edo hiri-altzariak: puntu 1.

Obrek aurreko kontzeptuetako bati baino gehiagori eragiten badiote, puntuaziorik altuena emanen da.

d) Sustatutako espazioen hirigintza-kalifikazioa industriala bada: 5 puntu.

e) Proiektua hiri-espazioen edo -zerbitzuen premiara egokitzeagatik, proiektuaren dimentsioak benetako eskaeretara hobeki egokitzeari eta kostuak minimizatzeari dagokienez (gehienez 5 puntu):

–Obraren dimentsioa beharrizanetara egokitzea: 2,5 puntu.

–Proposamenaren ekonomia: 2,5 puntu.

f) Udal-mugartean ez badago alokairu-eskaintza alternatiborik, titulartasun publikoko industria-lurzati edo -lokalen ordezko eskaintza gisa (gehienez 10 puntu):

–Eskaintza publikorik ez izatea: 10 puntu.

–Eskaturikoa baino eskaintza publiko txikiagoa izatea: 5 puntu.

g) Toki-erakundeak gastuaren zati bat 3.3 oinarriaren jarduketaren onuradun izanen diren enpresei jasanarazten dienean: puntu 1, jasanarazitako gastuaren %10eko (gehienez 3 puntu).

h) Udalerriko biztanleriaren arabera; horretarako, kontuan hartuko da 8/2023 Foru Agindua, otsailaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako kontzejuetako populazioaren zifrak, 2022ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen dituena (NAO, 44. zk., 2023ko martxoaren 2koa). (Gehienez ere 8 puntu):

–1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak: 8 puntu.

–1.001 eta 5.000 biztanle arteko udalerriak: 6 puntu.

–5.001 eta 10.000 biztanle arteko udalerriak: 2 puntu.

–10.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak: 0 puntu.

4. Berdinketa gertatuz gero, 2.c) irizpidean lorturiko puntuazioaren arabera erabakiko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza eman aurretik, txosten bat eskatuko zaio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, erakunde eskatzaile bakoitzak diruz laguntzen ahal den jarduketatik eratorritako betebeharrei aurre egiteko duen gaitasun ekonomikoari buruz.

Txostena negatiboa bada edo ez bada ematen ahal hilabeteko epean –toki-erakundeak ez duelako aurkeztu 2023ko aurrekontuen likidazio-espedientea–, ukatu eginen da dirulaguntza.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Atala) aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskabideak, eta ebazpen-proposamena eginen dio organo eskudunari, zeinak adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak.

3. Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusia izanen da eskudun dirulaguntza ematen den ala ez ebazteko.

Laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zein gastu-aurrekonturen kontura emanen diren, 10.2 oinarrian xedatutakoaren ondorioetarako.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da administrazio isiltasunez ezetsi direla eskaerak. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak emateko edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, betiere oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Dirulaguntza eman ondotik laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adierazten bada, edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio –eta, horregatik, kreditu nahikoa libratzen bada–, kreditu hori baliatzen ahalko da aurrekontu-eskasia dela-eta ezetsita geratu diren eskabideak hartzeko. Dirulaguntza horiek emateko dataren arabera, beste epe batzuk ezartzen ahalko dira diruz lagundutako jarduera justifikatzeko.

10. oinarria.–Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1. Onuradunek justifikatu egin beharko dute eginiko jarduera, eta, horretarako, telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, laguntzen fitxaren bidez:

a) 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean obrak hasi direla egiaztatzen duen agiria: zuinketa-akta eta Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 167. artikuluko obren hasiera edo, proiekturik behar ez duten obren kasuan, Udal Idazkaritzaren ziurtagiria.

b) Diruz laguntzen ahal diren gastu guztien fakturak eta ordainagiriak. Horien datek aldi hauetako batean egon beharko dute:

–2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko azaroaren 14ra bitartean, laguntza 2024ko gastuen aurrekontuaren kargura eman bada.

–2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean, laguntza 2025eko gastuen aurrekontuaren kargura eman bada.

c) Laguntzari onuradunaren webgunean emaniko publizitatearen justifikazioa, betiere laguntzen fitxan eskura dagoen ereduari jarraikiz.

d) Kontratu guztiak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera esleitu direla egiaztatzen duen ziurtagiria.

2. Justifikazio-agiriak aurkezteko epea zehazteko, kontuan hartuko da laguntza zer gastu-aurrekonturen kargura eman den (dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da hori):

–2024ko azaroaren 14ra arte (egun hori barne): baldin eta dirulaguntza 2024ko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada.

–2025eko urriaren 31ra arte (egun hori barne): baldin eta dirulaguntza 2025eko gastu-aurrekontuaren kargura eman bada.

–Laguntza bi aurrekontuen kargura ematen bada, 2024ko laguntza kobratzeko, 2024ko azaroaren 14an aurkeztu beharko da 1. apartatuan eskatutako dokumentazio guztia, baina fakturak eta ordainagiriak b) letrako lehen aldiari dagozkionak baino ez dira izanen. 2025eko laguntza kobratzeko, berriz, nahikoa izanen da 2025eko urriaren 31ra arteko b) letrako bigarren aldiko gastuak eta ordainketak justifikatzea.

Ez dira diruz lagunduko epe barruan justifikatzen ez diren gastuak.

3. Justifikazio-agiriak aztertu ondotik, laguntzak kudeatzen dituen organoak dagokion ordainketaren ebazpen-proposamena igorriko dio Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusiari; han, adieraziko du onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak bi hilabeteko epean emanen dira, justifikazio-agiriak aurkezten direnetik zenbatzen hasita.

11. oinarria.-–Onuradunen betebeharrak eta ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera aurreko oinarrian adierazitako moduan egitea eta justifikatzea.

b) Desgaitasuna duten pertsonei eta genero-berdintasunari dagokienez, eginbehar hauek betetzea, poligono berrien kasuan (3.1 oinarriko jarduketa):

–Gurpil-aulkian ibiltzen diren edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako egokitutako guneetarako irisgarritasuna bermatuko da.

–Argiztapenak ibilbide seguruak lortzeko bezainbestekoa izan beharko du, eta saihestekoak izanen dira gune ilunak edo ikuspen txarra dutenak.

Udal-eraikinetan egokitutako lokalen kasuan (3.2 oinarriko jarduketa), ahal den guztietan bermatuko da gurpil-aulkian ibiltzen diren edo mugikortasun murriztua duten pertsonak sartzea.

c) Dirulaguntza zein helburutarako eman den, xede horretarako erabiltzea ondasunak. Erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, erabilera hori ez da izanen zazpi urtetik beherakoa, ezta bi urtetik beherakoa ere, gainerako ondasunen kasuan.

d) Egokiro ematea dirulaguntzaren xede diren jarduketen finantzaketaren publikotasunaren berri onuradunaren webgunean, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz.

e) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea eskuratu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, hurrengo oinarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako. Halakoen berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, galtzen ahalko da onetsitako dirulaguntza jasotzeko eskubidea, edo, kasuaren arabera, itzuli egin beharko da diru hori, Foru Lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat partzialki betetzen ez bada, berriz doitzen ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioa aplikatuta, edo, kasua bada, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo estatuko zein nazioarteko partikularren beste dirulaguntza batzuekin.

Nolanahi ere, jarduera bera egiteko emaniko dirulaguntzen zenbateko osoa ez da izaten ahalko, bakarka edo batera, onuradunek egikaritutako kostua baino handiagoa.

13. oinarria.–Harremanak bitarteko elektronikoz izatea.

1. Erakunde interesdunek bide telematikoz aurkeztuko dituzte laguntzen eskabidea eta eman beharreko agiri guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren administrazio-egintzak eta gainerakoak jakinarazteko, interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarra baliatuko da. Eskatzaileak emandako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da bidali dela jakinarazpena edo komunikazioa.

14. oinarria.–Emaniko dirulaguntzen publizitatea.

Industria Lurzoruaren eta Azpiegituren Atalak publiko eginen ditu emaniko dirulaguntzak, eta Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko ditu (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/inicio). Han, zehazturik agertuko dira deialdia, egotziriko aurrekontu-kreditua, onuradunak eta emaniko zenbatekoa.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote interesdunek Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Horretarako, hilabete izanen dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: F2410040