1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
397E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Turismoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zenbait eskumen eskuordetzen baitzaizkio Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko zuzendariari.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.
Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daitekeela, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela. Ezartzen du, orobat, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.
Zuzendaritza nagusiaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jotzen da Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Turismoko Zuzendaritza Nagusiko zuzendariari dagozkion zenbait eskumenen erabilera.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzea indarreko xedapenen arabera Turismo Zuzendaritza Nagusiko zuzendariari dagozkion eskumen hauek, turismoaren arlokoak:
a) Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak izapidetutako dirulaguntzak ordaintzeko, haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta itzulketak eskatzekoa eskumena.
b) Nafarroako Turismo Erregistroarekin lotutako prozedurak.
2. Ebazpen hau Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzura igortzea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 31n.–Turismoko zuzendari nagusia, Ana Rivas Allo.
Iragarkiaren kodea: F2409411