1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
65/2024 FORU DEKRETUA, ekainaren 12koa, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 2-XXVI Sektorearen nekazaritza azpiegituretan (Lerinen) jarduketa bat egitea onesten duena, lurzatiak berrantolatzeko eta ureztalur bihurtzeko, eta jarduketa hori onura publikokoa eta presakoa dela adierazten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeak adierazten du Nafarroako Ubidearen eraginpeko eremuetako nekazaritza azpiegituretan egiten diren esku-hartzeak onura publikokoak eta interes orokorrekoak direla.
Irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuak onesten du Nafarroako Ubidearen 1. Fasearen handitzea Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planeko jarduketen zerrendan sartzea, eta deklaratzen du egin beharreko jarduketak onura publikokoak eta interes orokorrekoak direla.
Era berean, azaroaren 4ko 81/2020 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko proiektuko eremu ureztagarriaren eremu osagarriak sartzea Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendan.
Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko araubidea ezartzea du xede azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legeak.
Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen behar diren jarduketak hastea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko 1. fasea handitzearen ondoriozko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren eta Toki Administrazioko kontseilariaren azaroaren 28ko 470/2013 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 2-XXVI Sektorearen nekazaritza azpiegituretan (Lerinen) jarduketak hastea.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 15eko 256/2016 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Leringo udalerriko Ega 2-XXVI Sektorearen perimetroa aldatzea eta perimetro berrian jarduketak hastea.
Eremu ureztagarriaren eraikuntzari jarraipena emateko eta Ega 2-XXVI Sektorean aldatutako perimetroa ureztalur bihurtzeko beharrezko jarduketak koordinatzeko, bidezkoa da une honetan nekazaritza azpiegituretako jarduketa onestea, lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalur bihurtzeko.
Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko otsailaren 12an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. Onespena.
Onetsi egiten da jarduketa egitea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 2-XXVI Sektorearen nekazaritza azpiegituretan (Lerinen), lurzatien berrantolamendua egiteko eta ureztalur bihurtzeko.
2. Onura publikoaren eta presaz egin beharraren deklarazioa.
Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 2-XXVI Sektorean nekazaritza azpiegituretan eginen den jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.
3. Proiektuaren deskribapena.
Eremu horretako nekazaritza azpiegituretako jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzati berrantolamendua ureztaketak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak eta, bigarrenik, ureztalur bihurtzeko beharrezkoak diren obrak; horretarako, hargunea, sektoreko eta eremuko oinarrizko sarea eta ur emaria ureztaketa unitateak hornitzen dituzten hidranteetaraino presioz banatzeko sarea egin beharko dira; horiek lurzatiko ureztaketa sistemez hornituko dira; azken horiei nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie.
4. Ingurumen arloko alderdiak.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2013ko abuztuaren 19an emandako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren bidez (Nafarroako Ubidearen eta eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektorialari buruzkoa), eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren bidez (Nafarroako Ubidearen eta eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektorialaren eremu osagarriei buruzkoa), ezarri beharreko neurri zuzentzaileak zehazten dira, eta neurri horiek betetzea bermatzen duen ingurumena zaintzeko programa ezartzen dute.
5. Erabili beharreko prozedura.
Nafarroako Ubidea abian jartzeko eta Ega 2-XXVI Sektorea hornitzeko aurreikusi diren epeak ikusirik, lurzatiak berrantolatzeko prozedura Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen IV. kapituluan aurreikusten den prozedura arrunta izanen da. Aipatu prozedura garatzeko orduan, lurzatien berrantolamendurako lehenagoko prozesuetako sailkapen eta ikerketa lan teknikoak edo bestelakoak erabiltzen ahalko dira, baldin eta Aholku Batzorde berriak balidatzen baditu.
6. Jarduketaren lurralde-eremua mugatzea.
Jarduketaren xedeko eremuak gutxi gorabehera 1.321 hektarea hartzen ditu. Horietarik 966 bat hektarea bihurtuko dira ureztalur.
Lurzati berrantolamenduaren eremuko behin-behineko mugak honako hauek dira:
–Iparraldean: Alloko udal-mugartea.
–Hegoaldean: Carcarko udal-mugartea.
–Ekialdean: Iparraldean, Leringo ureztalur tradizionala. Hegoaldean, NA-122 errepidea, eta Leringo Sarda alderdia.
–Mendebaldean: Alloko udal-mugartea eta Leringo Pradogarraza alderdia.
Ega 2-XXVI Sektoreko eremu ureztagarria lurzatien berrantolamendurako eremuaren barnean dago, eta mugaketa hori bateragarria da Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko udalez gaindiko proiektu sektorialarekin, bai eta ondoren onetsitako aldaketarekin. Izan ere, proiektua onetsi zen Nafarroako Gobernuaren 2013ko irailaren 25eko erabaki baten bidez, eta aldaketa Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 27ko erabaki baten bidez.
1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera aldatzen ahalko da azpiegituretako jarduketaren perimetroa.
7. Ustiatzeko oinarrizko azalerak zehaztea.
Inguruko ekoizpen joerekin bat, lehorreko lurrak ustiatzeko oinarrizko azalera 225 hektareakoa izanen da gehienez, eta 45 hektareakoa gutxienez. Ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azalera 25 hektareakoa izanen da gehienez ere, eta 5 hektareakoa gutxienez. Ureztalurrak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 9,0 izanen da. Ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azaleraren beheko muga ureztatzeko oinarrizko azalera izanen da.
8. Laborantzako gutxieneko unitateak.
Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 45 hektarea lehorreko lurretarako, eta 5 hektarea ureztalurretarako.
9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.
Lurren Funtseko esleipen-hartzaileek pagatu beharreko prezioa zehazterakoan lurren balioa ezartzearren, nekazaritza sozietateak osatzean ekarririko lurren balioa finkatzearren eta ustiatzeko oinarrizko azalerak osatzeko eta nekazaritzako ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzearren, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuan (azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatu zuen horretan) lehenengo mailako lurrentzat ageri den balioa izanen da eskualde honetan lurzati berrantolamenduko arauetan lehenengo mailako lurren sailean sarturiko lurrei aplikatu beharreko modulua. Izan ere, aipatutako 334/2001 Foru Dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezin batzuk baloratzeko prozedura onetsi zen, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodoa aplikatuz, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketari dagokionez. Bigarren mailatik aurrera sailkatu diren lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzati berrantolamenduko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.
10. Azpiegiturak exekutatzea.
Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeari eta ustiatzeari buruzko azaroaren 22ko 12/2005 Foru Legearen arabera eraikiko dira Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko Ega 2-XXVI Sektorea ureztalur bihurtzeko azpiegiturak, haren 2.1 artikuluari jarraituz: "azpiegitura horiek osorik edo haien zati bat eraiki eta ustiatzeko, herri-lanak emateko kontratua egiten ahalko da, Nafarroako Gobernuak finkatzen dituen aldi baterako programazioaren eta parametro tekniko eta ekonomikoen arabera".
11. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
12. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.
13. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:
–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2409435