116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

279E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2024. urtean Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. DDBN identifikazioa: 759873.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumenen artean dago LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politikak koordinatzea eta kudeatzea, haren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen eskubideen egiazko berdintasun eraginkorra bermatzeko, eta, horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako. 2024an zehar Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren proiektuak dira, genero ikuspegia dutenak eta berdintasuna bultzatzera eta sustatzera bideratuak daudenak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarriak onestea, dirulaguntzak emateko 2024. urtean LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. Ebazpen honen eranskinean daude oinarri arautzaileak.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 50.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako 2024ko aurrekontu orokorren "080001 08300 4819 232206 Toki entitateentzako dirulaguntza sexu eta genero aniztasunari buruzko proiektuetarako" partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitatean, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasuna lortze aldera, proiektuak garatzen dituzten LGTBI+ elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kredituek zehazturiko mugen barnean.

Dirulaguntza hauen helburua da aniztasun sexualarekiko eta genero aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen duten proiektuak bultzatzea eta, horrela, bermatzea pertsona guztien giza eskubideak, bereizkeriarik gabe.

2. oinarria. Onuradunak.

Hona hemen deialdi honetan parte hartzen ahalko dutenak: LGTBI+ elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta haien estatutuetan berariazko helburu gisa badago bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo laboralaren edozein eremutan LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzea eta/edo defendatzea, Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzera bideraturiko proiektuak garatzen badituzte eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. oinarria. Baldintzak.

Dirulaguntzen onuradun izateko, elkarteek eta irabazi asmorik gabeko bestelako entitateek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.

3.2. Irabazi asmorik ez edukitzea.

3.3. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3.4. Haien estatutuetan xede gisa agertzea LGTBI+ pertsonen egoera hobetzeko konpromisoa eta kolektibo horren berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzekoa, bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein esparrutan.

3.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu nahiz ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko epea 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30ra artekoa izanen da.

4.2. Diruz lagunduko dira aurreko puntuan adierazitako epean gauzatzen diren proiektuak, barnean dituztenak bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta laboralaren eremuetan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna –genero ikuspegiarekin ulertua–, parte-hartzea eta presentzia sustatzera bideratutako jarduerak, gizartean pertsona horien garapen pertsonal eta sozial osoa lortzeko helburuarekin.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduketa bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.

b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatuz.

c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.

d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin loturiko garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.

e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko asmoz, eta LGTBI+ pertsonei loturiko egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.

f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.

g) Beste aldagai batzuekin –besteak beste, adinarekin, dibertsitate funtzionalarekin edo egoera administratiboarekin– izandako intersekzionalitatetik sortzen diren diskriminazio moduen gainean jardutea.

h) LGTBI+ pertsonen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.

4.4. Elkarte edo entitate bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza eskuratzen ahalko du.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzak soilik erabiliko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, oinarriotan ezarritako epean eginak. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Laguntza teknikoko gastuak (enpresak kontratatzea, profesionalen eta hizlarien ordainsariak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea).

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da laguntza teknikoa eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kontu horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira (9. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria).

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2025ekoek jasoko dute dirulaguntza.

d) Diruz lagundutako proiektuaren garapen esklusiborako lokalak edo ekipoak alokatzeko gastua, entitatearen egoitzak sortutako ohiko gastuak kenduta. Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %50 baino handiagoa.

e) Proiektua gauzatzeko behar den material suntsigarrian egindako gastuak.

f) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean (ez beste inoiz) laguntza behar duten pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea, eta abar). Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %10 baino handiagoa.

g) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

h) Aisialdiko edo jostetako jardueren gastuak, betiere horietan sexu eta genero aniztasuna lantzen bada. Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %30 baino handiagoa.

4.5.2. Proiektuari loturiko zeharkako gastuak:

Objektiboki, honako hauekin lotutako zeharkako gastuei egozten ahalko zaie emandako dirulaguntza osoaren edo justifikatutako gastu osoaren %10 artekoa, hura baino txikiagoa bada:

a) Elkartearen edo entitatearen lokalaren alokairu gastuak, hornidura gastuak (argia, ura eta energia), eta komunikazio gastuak (telefonoa eta internet), betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan egiten den aldiarekin bat badatoz.

b) Diruz lagundutako proiektua garatzen duen elkarteko edo entitateko langileen gastuak (langileen nominak), betiere langile horiek proiektuan parte hartu dutela justifikatzen bada, dirulaguntza honetara aplikatutako ehunekoa eta arduraldi araubidea adierazita.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan genero ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin ikasgelan egindako proiektuak edo jarduerak, eskola orduetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik gauzatzen ari den Hezkidetza Planean ezarritakoarekin bat.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagozkion programak eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6.2. Ez dira deialdi honetan sartzen ahalko honako gastu hauek:

a) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2.b apartatuan ezarritakoa salbu.

b) Banku kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Aperitibo, bazkari, askari eta antzekoen gastuak.

f) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

g) Entitatearen edo elkartearen publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

h) Jardueretan parte hartu dutenentzako, elkartekideentzako edo/eta hizlarientzako haborokinak edo opariak, edonolakoak.

i) Ordenagailuak, tabletak, inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

j) Jarduerak grabatzeko gastuak.

k) Onuradunarekin lotutako pertsonen gastuak. Onuradunarekin lotutako pertsonatzat joko da bertan Zuzendaritza Batzordeko kide gisa sartzen dena.

l) Merkatuko balioa baino kostu nabarmen altuagoa duten gastuak.

m) Proiektua aurrera eramateko beharrezkoak ez diren jarduerak edo deialdi honen xede ez direnak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Deialdi honetarako, 50.000 euro bideratu dira guztira.

5.2. 10.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere. Eskatzen den zenbatekoa 10.000 eurokoa edo txikiagoa izanen da.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ehuneko hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 60 puntuko balorazioa lortu badu:

  • 81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onarturiko kopuruaren %100.
  • 60-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

5.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren fitxan dauden ereduak erabiliz (horien lotura oinarri arautzaile hauen amaieran dago):

a) 3. eranskina. Eskaera. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) 4. eranskina. Proiektua. Balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen 2. eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa eman ahal izateko.

c) 5. eranskina. Funtsen aurrerakina (bidezkoa bada).

d) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak egiteko), eta dagokion erregistroko inskripzioa. Soilik aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuari dirulaguntzak eskatzen zaizkion lehenbiziko aldia bada, edo dokumentazio hori aldatu bada.

6.2. Nafarroako Gobernuari dirulaguntzak eskatzen zaizkion lehen aldia bada edo aurreko dirulaguntzak gordailutzeko erabili den banku kontua aldatu bada, beharrezkoa izanen da banku datuak jakinarazi edo eguneratzea, Nafarroako Gobernuaren Atariko "Tramitean" atalaren bidez, "Kontuen eta ordainketen kontsulta" azpi-atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta).

6.3. Agiri hauek ez dira eskatuko, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Eskabideak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazio kanala gaitutako helbide elektroniko bakarra izanen da (DEHú). DEHún jakinarazpenak ikusteko (https://dehu.redsara.es), beharrezkoa da ziurtagiri elektroniko balioduna izatea (ez da nahitaezkoa altan ematea).

7.2. Aurkezturiko dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, elkarteari edo entitateari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala jakinaraziko da zuzentzeko errekerimendua.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa (4. eranskina. Proiektua) ez da inola ere zuzentzen ahalko. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez ere hamar egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, diruz lagundutako proiektu guztiei dagokiena proportzionalki murriztuta.

8.2. Eskaeren balorazioan, 2. eranskinean zehazten diren irizpideen arabera egina, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren LGTBI+ arloko Berdintasunerako Zuzendariordetzaren teknikarien partaidetza izanen du, irizpen lotesle bat igor dezan. Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, ebaluazioa ikusita, Dirulaguntzen Foru Legearen 20.3 artikuluaren arabera.

8.3. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsiko dira.

Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.

Proiektua garatzeko onartutako aurrekontua entitate edo elkarteak aurkeztutako aurrekontuan diruz lagundu ezin diren gastuak eta zenbatu ezin diren gaindikinak kenduta ateratako emaitza izanen da.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak ebazpen-proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEH).

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak banatzen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean, agertuko dira entitate onuradunen zerrenda, diruz lagunduriko proiektuak, proiektu bakoitzari emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa (NABIk onartu dituen proiektuaren aurrekontuko gastuekin bat etorriko beharko du), eta, kasua bada, ezetsitako gainerako eskaerak, arrazoia zehazturik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, jakinarazi ondoko hilabetean, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren atarian honako hauek zehazturik: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera:

–Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena.

–Karguen ordainsariei buruzko adierazpena.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aipatutako informazioa entitate onuraduneko legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteak atalean argitaratutako deialdiaren fitxaren bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza, ez eta aurrerakinak ere, eta kobraturiko zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan xedaturikoaren arabera.

11. oinarria. Jazoerak proiektuak gauzatzean.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari idatziz jakinarazi beharko zaio, gutxienez 15 egun lehenago, Nafarroako Gobernuko erregistro orokorraren bidez, diruz lagundutako jarduerekin lotuta sortzen den edozein gorabehera, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak hura onartu beharko du.

12. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

12.1. Dirulaguntzaren ordainketa.

Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Hala ere, gizarte-ekintzako programak direnez, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Funtsen hornidura beharrezkoa dela justifikatzeko, entitateak, funtsak aurreratzeko eskaerarekin batera (5. eranskina), txosten bat aurkeztu beharko du, frogatzen duena ez duela nahikoa baliabiderik diruz lagundutako jardueraren gauzatzea aldi batez finantzatzeko.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun-betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek diruz lagundutako proiektu guztia justifikatu beharko du. Horretarako, 2024ko urriaren 31n beranduenez, agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntza hauen fitxan dauden ereduak erabiliz:

a) 6. eranskina. Memoria.

b) 7. eranskina. Gastuen eredua (Excela). Egindako ordainketak eta gastuak justifikatzen dituen zerrenda, eta jarduerak finantzatu dituzten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda.

Adierazi beharko dira diruz lagundutako jarduerak eta haien kostua, jarduerak gauzatzeko egin diren gastu guztiak zehaztuta, eta horiek bat etorri behar dute aurkeztutako fakturekin.

Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa justifikazio-kontu gisa aurkeztuko da. Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

c) 8. eranskina. Beste dirulaguntza batzuei buruzko aitorpena.

d) 9. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

e) Egindako jarduerak eta horiek egitetik edo zabalkundetik etorritako produktu oro frogatzeko agiriak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 4/2016 Foru Dekretuan arautzen dira.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoko laguntzen fitxan eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa, deskargatzeko moduan.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate- eta hedapen-lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaraturik dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza emateko jakinarazpena egin denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko bitarteko guztietan ezarri beharko dira, bai eta objektu hauetan ere: liburuxkak, afixak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webguneetan eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

12.3. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkezturiko justifikazioan, eskaera egin duen elkarteari edo entitateari errekerimendua eginen dio akats horiek zuzendu ditzan hamar egun baliodun igaro baino lehen.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa txikiagoa bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino, edo NABIk justifikatuta eta onartutako zenbatekoa, gastuak egiaztatzeko agirien edo ordainagirien bidez, txikiagoa bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, proiektua baloratzean ezarritako ehuneko bera aplikatuz NABIk justifikatutako eta onartutako zenbatekoari.

12.5. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko finantza gastuak, zerga gastuak eta Gizarte Segurantzarekikoak benetan ordainduak izatea, borondatezko likidazio aldia irekita ez egoteagatik ordaindu ezin badira.

12.6. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

13. oinarria. Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arauturiko dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio, entitatek edo pertsonak emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

Elkarte edo entitate onuradunak dirulaguntza honen xedeko proiektuaren esparruan garatzen diren jarduerak finantzatzera bideratutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu dituela jakinarazi beharko dio organo emaileari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, emakida egiaztatzen duen dokumentazioa erantsita, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen betiere.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bateragarriekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Hala gertatzen bada, kostu horren gainetik lortutako gaindikina itzuli beharko da.

13.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza eskatu den proiektu edo jarduera bererako jasotako diru-sarrerekin, laguntzekin edo dirulaguntzekin, horiek jaso badira Nafarroako Gobernuarekin edo Nafarroako bestelako administrazio publiko batekin hitzarmen izendun bat edo kontratu bat sinatua izateagatik.

14. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko; izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortu direla bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpenean honako informazio hau eman behar da: zenbat diru lortu den, diruz lagundutako jarduerak noiz egin diren eta zein diren beren kontzeptuak, ongi zehazturik. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen, kasu guztietan.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Diruz lagundu diren jardueretan emandako dirulaguntzari publizitate egokia ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, bai eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea ere.

i) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero-rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

j) Proiektuko ekintza guztiak doakoak eta irekiak izanen dira, eta zabalkunde egokia emanen zaie. Jarduera bat ez da diruz lagunduko baldin eta gauzatu aurretik zabaldu ez bada hainbat komunikazio-kanalen bidez (sare sozialak, kartelak, etab.). Salbuespen moduan, eta NABIri jakinarazpen arrazoitua egin ondotik, jarduerek prezio sinbolikoa izaten ahalko dute. Zenbateko horiek diru-sarrera gisa islatu beharko dira proiektuaren aurrekontuan eta proiektuaren azken justifikazioan.

k) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, onuradunek dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako 10. oinarrian ezarritakoarekin bat. Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

l) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskarian (3. eranskina) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari baimena eman beharko zaio inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

Kontsulta hori baimentzen ez bada, egunean egotea egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren fitxaren bidez.

15. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barnean harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Atalak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, gerakina aplikatuko zaion dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko, edo deskribaturiko gerakinak itzultzea erabakiko du.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere deialdiaren 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da garatu gabeko jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

19. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

Proiektuari loturiko irizpideak: 70 puntu arte.

BALORAZIO
IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTU
BERARIAZKOAK

PUNTU
OROKORRAK

Proiektuaren eduki tek­nikoa

Proiektuaren justifikazioa eta testuingurua. Deskribatu zein beharrizanetan eragin nahi den

5

30

Proiektuaren helburuak zehaztu (lortzeko modukoak eta koherenteak)

5

Ekintzak deskribatu (helburuei eta xedeko hartzaileei lotuta)

5

Biztanle hartzaileen profila

3

Gauzatzeko egutegia

3

Proiektua garatzeko lurralde eremua

4

Ebaluazio sistema, adierazle neurgarriak barne

5

Proiektuaren kudeaketa

Proiektuan baliabide propioak erabiltzea (giza baliabideak eta bitarteko materialak)

2

10

Aurrekontua, jardueraz jarduera xehakatuta. Aurreikusitako aurrekontuaren egokitzapena aurkeztutako proiektuarekiko

4

Sareko lana. Beste elkarte eta entitate sozial batzuekiko lankidetza proiektua garatzeko

4

Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea

Hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzea

4

15

LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian

4

Irisgarritasun unibertsala bermatzeko aurreikusitako neurriak

3

Proiektuan intersekzionalitatea sartzea (bai abiapuntuko analisian bai jardueretan)

4

Espero den emaitza

Proiektuaren komunikazioa eta hedapena ziurtatzeko aurreikusitako neurriak

4

10

Eragin eremua (inpaktua)

3

Jardueretan parte hartzearen ehunekoaren aurreikuspena

3

Berrikuntza

Presentzia sare sozialetan

3

5

Proiektua originala eta sormenezkoa den

2

Elkarte/entitate eskatzaileari dagozkion irizpideak: 30 puntu.

LGTBI+ pertsonen elkarteak

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea helburu bakarra

5

5

Esperientzia

Azken 3 urteetan antzeko jarduera eta proiektuak egitea

10

10

Gazteen (14 urtetik 30era bitartekoak) parte-hartzea sustatzea

Gazteentzako berariazko jarduerak egitea

2

5

Elkarteko gazteei buruzko adierazpena

3

Sustatzea 60 urtetik gorako pertsonek parte hartzea

Nagusientzako berariazko jarduerak egitea

2

5

Elkarteko nagusiei buruzko adierazpena

3

LBT emakumeen parte-hartzea sustatzea

LBT emakumeentzako berariazko jarduerak egitea

2

5

Elkarteko LBT emakumeei buruzko adierazpena

3

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskabidea eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa.

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvencion-para-el-desarrollo-de-proyectos-dirigidos-a-fomentar-y-promover-la-igualdad-social-de-las-personas-lgtbi

Iragarkiaren kodea: F2407710