116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Aldaketa, Herri-ondasunak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2024ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Funesko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan (15. ordenantza).

Erabakia 2024ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 19an, eta legez ezarritako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, eragozpen edo oharrik egin gabe; hortaz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Hala, osorik argitaratzen da Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan eginiko aldaketen testua.

Behin betiko onespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezarritako kasuetan, bi hilabeteko epean, argitalpen honen biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Funesen, 2024ko maiatzaren 7an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

ONETSITAKO ALDAKETA

3. ATALA.–BARATZEAK

33. artikulua. Azalera, onuradunak, epea, baimendutako instalazioak, arau-hausteak, zehapenak, kanona.

Funesko Udalak gehienez ere 2 erreguko baratzeak uzten ahalko dizkie halaxe nahi duten familia-unitateetako titularrei. Baratze bakarra adjudikatuko da familia-unitate bakoitzeko.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak izanen dira herri-lurretan familientzako diren baratzeen onuradunak. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

2. Familientzako baratzeak zuzenean eta pertsonalki landuko dira, eta ezin izanen dira inola ere ez errentan eman ez laga; izan ere, hala eginez gero, haiek erabiltzeko eskubidea galduko dute, adjudikazio aldia bukatu artean. Laborantza zuzen eta pertsonala da adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek zuzenean eta pertsonalki egiten dutena. Gerora ezintasun fisikoren bat sortzen bada edo lurra pertsonalki lantzea eragozten duen aldi bateko beste arrazoiren bat bada, Udalari jakinaraziko zaio, irtenbiderik egokiena har dezan.

3. Baratzearen onuradun izateko eskatzen diren baldintzak galtzeak edo haietakoren bat ez betetzeak familiako baratzea erabiltzeko eskubidea galtzea ekarriko du berekin. Adjudikazioa 8 urterako ezartzen da, 28. artikuluan xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

4. Adjudikazio aldian titular onuraduna hiltzen bada, familia-unitateko edozein kidek eskatzen ahalko du baratzea, eta Udalak aztertuko du ea betetzen diren eskualdatzea egiteko baldintzak, adjudikazioaren 8 urteak betetzeko geratzen den aldirako, 28. artikuluan xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

Mota guztietako barazkiak edo antzekoak ekoizteko baizik ez dira erabiliko lurzati horiek. Debeku dira bizilagunei eragozpenak sor diezazkieketen jarduera guztiak, bai eta baratzezaintzakoak ez diren erabilera guztiak ere.

5. Berotegiak instalatzen ahalko dira, nahitaez egitura desmuntagarria izanen dutenak, baldin eta hirigintzari buruzko indarreko araudiak horretarako bide ematen badu eta Udalak zehaztutako ezaugarri eta materialekin egin badira. Aintzat hartu behar da horiek ez direla inoiz hobekuntzatzat joko eta, hortaz, kendu egin beharko direla adjudikazio aldia bukatzean. Halaber, etxola desmuntagarriak instalatzen ahalko dira, Udalak adierazitako gehieneko azalera izanen dutenak eta Udalak zehaztutako eredu ofizialaren araberakoak izanen direnak, eta soilik erabiliko dira baratzeak zaintzeko erremintak eta lan horretan laguntzeko gainerako lanabesak gordetzeko.

Baratzea mugatu nahi bada, itxitura bat paratzen ahalko da, Udalak adierazitako garaierarekin eta materialekin egindakoa (zutoinak zurezkoak izanen dira eta iltzatuta egonen dira, eta itxitura sarezkoa izanen da); erabat baztertzen da hondakin-materialak erabiltzea.

6. Ezin izanen da zaborrik, txatarrik edo beste material organiko nahiz inorganikorik pilatu lurzatiaren barnean edo sarbidean (simaurra baino ezin izanen da pilatu, eta soilik lurzatiaren barrenean, eta norberaren baratzea ongarritzeko baino ez bada).

7. Ez da baimenik izanen inolako aziendarik eduki edo ustiatzeko, familiaren kontsumorako izanda ere. Era berean, debekatuta dago lurzatietan etxeko animaliak modu iraunkorrean edukitzea, salbu eta baratzea zaintzeko zakurrak badira, eta, betiere, 2 gehienez.

8. Baratzeetarako sarbideak Udalak erabakitzen dituen tokietan eginen dira. Kasu guztietan, bide edo sarbideen neurria ezin daiteke aldatu.

9. Behar bezalako baldintzetan eduki beharko dira erretenak eta ureztatze-ubideak, eta beharrezko garbiketa lanak egin beharko dira, premia denean.

Debeku da zulaketak edo putzuak egitea lurpeko ura atera eta ureztatzeko.

10. Baratzea urtebetez erabiltzen ez bada, uko egitearen parekotzat joko da, eta lurzati hori Udalaren esku geldituko da, berriz ere adjudikatzeko, hala dagokionean zehaztutako irizpideei jarraikiz.

11. Adjudikazioak dirauen bitartean, Udalak beretzat gordetzen du ikuskapenak egiteko eskubidea, baratzeak behar bezala erabiltzen diren egiaztatzeko. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak baratzea kentzea ekarriko du berekin.

Hala eta guztiz ere, adjudikatutako baratzea erabiltzen bada zati batean familia-baratze gisa eta, beste zati batean, debekatuta dauden beste erabilera batzuetarako, Udalak espediente bat izapidetuko du baimendu gabeko erabilerak bertan behera uzteko, eta adjudikaziodunari epe bat emanen dio, gehienez ere 6 hilabetekoa, baratzea garbi dezan eta erabilera debekatuak bertan behera utz ditzan. Kasu horretan, Udalak onuradunari utziko dio baratzea atxiki dezan, baldin eta erabilera debekatuak bertan behera uzten baditu eta baratzea osoki familia-baratze gisa erabiltzen badu; bestela (ez bada garbitzen eta erabilera debekatuak ez badira bertan behera uzten Udalak horretarako emaniko epean), Udalak herri-baratzea kenduko dio, eta adjudikaziodunari egotziko dizkio Udalak prozedura guztian jasan dituen kalte-galerak.

Iragarkiaren kodea: L2407363