116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko maiatzaren 2an hartutako erabaki baten bidez, honako deialdi hau onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez betetzea lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat txanda irekian (plantilla organikoan 9.2 zenbakia duena), Eguesibarko Udalaren zerbitzuan jardun dezan. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da eta C maila du. Aipatu lanpostua lan publikoaren eskaintzan sartuta dago prozedura horren bidez betetzeko (Tokiko Gobernu Batzarraren 2018ko urriaren 29ko erabakia, 2018ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 29an).

1.2. Ordainsariak izanen dira C mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarreko araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honen lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaio.

1.5. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, lorezaintzako arduradunaren lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren; hori, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.7. Lanpostuan jarduteko izendatzen denak, besteak beste, honako eginkizun hauek izanen ditu, den-denak aipatzeko asmorik gabe:

–Egunerokoan taldeak antolatzea eta lorategi-zerbitzuko baliabide eta lanak banatzea.

–Lanen exekuzioaren gaineko kontrola eta jarraipena.

–Bere jardun-alorrekin zerikusia duten makinak eta erremintak kontrolatzeaz eta mantentzeaz arduratzea, bai eta erreminta eta makinen beharrizan posibleak aztertzeaz eta ebaluatzeaz ere.

–Zerbitzurako erreminta txikiz, lurrez, materialez eta abarrez hornitzea eta halakoak erostea.

–Azpiegituren eta lorategien gaineko zaintza- eta mantentze-lanak egitea.

–Lorategien egoera kontrolatzea.

–Azpikontratatuen landa-lanak kontrolatzea (noizean behin).

–Ingurumen teknikariaren (alorreko arduraduna) eta peoien arteko solaskidea izatea.

–Landa-lorezaintza arloko funtzioak gauzatzea.

–Ingurumen teknikaria ez dagoenean, hura ordeztea lorategietako arduradun funtzioetan.

–Gainbegiratzea, alorreko arduradunarekin batera, urbanizazio berrien proiektuak eta kanpoko enpresek egindako lanak, bai eta aipatutako lanen jarraipena eta onespena ere, eta arduradunari horren berri ematea.

–Prebentzio-lanak egitea.

–Eta, oro har, organo eskudunak agintzen dizkion oraingo eta etorkizuneko lan guztiak egitea, haren lanpostuarekin lotuta daudenak eta haren mailaren eta kategoriaren barnean.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo arau hauek aplikatzen zaizkion estaturen batekoa: langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua eta otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, hots, Europar Batasuneko herritarrak edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzkoa.

Horien ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta horien ondorengoek eta ezkontidearenek ere, zuzenbidez bananduta ez badaude eta, ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanez gero, haien bizkar bizi badira edo ezgaiak badira. Halaber, herritar horien aurreko ahaide zuzenek eta haren ezkontidearenek parte hartzen ahalko dute, zuzenbidez bananduta ez badaude eta haren kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta oro har erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Ez izatea bete nahi den lanpostuari dagozkion eginkizunekin bateraezina den eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik.

d) Ez izatea administrazio publikoen zerbitzutik kendua diziplina espediente baten bidez, eta ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua.

Espainiakoa ez den beste nazionalitate bat dutenek, gainera, frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik, beren estatuko funtzio publikoan jardutea eragozten dienik.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

f) B1 gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.

3.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, honako helbide honetan: https://sedeelectronica.valledeegues.es/catalogoservicios.aspx?area=577&ambito=1.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Ordainketa eginen da Udalaren egoitza elektronikoan izena emateko izapideak egitean.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia behin betiko baztertuko da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.5. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.

3.5.1. Dokumentazio hori telematika bidez aurkeztu beharko da, eskabidearekin batera.

3.5.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren fitxan, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean.

4.4. Tasa ez da itzuliko, izangaiak bazterturik gelditzen badira haiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitara emanen da izangai onartuen behin betiko zerrendarekin batera.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak
–edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

Merezimenduen balorazioko fasean, hots, lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera.

Deialdi honen faseak hurrenkera honetan eginen dira: oposizioaldia lehenik eta, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Proba egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen dira prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean.

6.2.2. Deialdi bakarra eginen da oposizioaldiko probarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo beren burua aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez dutenak.

6.2.3. Oposizioaldiko proba izanen da oinarri honetan zehaztutakoa, eta deialdiaren I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaien ingurukoa.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaproba egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.

6.2.4. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira:

–Proba teorikoa: test moduko 100 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, 120 minutuko gehieneko denboran. Galderok izanen dira deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Proba hasi baino lehen zehaztuko da zer irizpide erabiliko den proba baloratzeko eta zer penalizazio izanen duten aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsek.

Ariketa horretan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren web-orrian, aurkeztu diren izangaien zerrenda, behin-behineko puntuazioak adierazirik, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten.

Alegazioak aurkezteko epea bukaturik, oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

–Proba praktikoa: deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendaren inguruko proba praktikoa izanen da. Proba hasi baino lehen jakinaraziko du epaimahaiak zer irizpide erabiliko den proba baloratzeko, eta, orobat, proba egiteko behar den informazioa emanen du.

Proban 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Bazterturik geldituko dira probaren balioaren %50 lortzen ez duten izangaiak.

6.3. Lehiaketaldia.

6.3.1. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, II. eranskinean ezarritako merezimenduen frogagiriak aurkez ditzaten.

6.3.2. Dokumentazio hori aurkeztuko da Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, jarraian zehazten den dokumentazioa, hain zuzen.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Eguesibarko Udala ez diren beste administrazio publiko batzuetan eginiko zerbitzuak, II. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera. Bertan, honako hauek jaso beharko dira berariaz: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.

6.3.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.

6.3.4. Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

6.3.5. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.3.7. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-orrian, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

6.3.8. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, Udalaren web-orrian.

7.–Kalifikazioa.

7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, txanden arabera banaturik eta guztira erdietsitako puntuazioaren ordenan, izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak batuta.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea eta baldintzak frogatzea.

8.1. Izapide hori egin eta gero, deialdiko lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko duten lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen, 10 egun baliodunekoa, lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren web-orrian.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute, deialdiko lanpostuari dagokionez.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzeko 10 egun balioduneko epearen barnean, halaber, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, horretarako ezarritako bidea baliatuz:

–Deialdiaren 2.e) oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko eta frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Eguesibarko Udalaren webgunean.

9.2. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu, Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez eta 10 egun balioduneko epean, izendapen proposamena webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Epe horren barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsunea beteko da deialdiaren 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera hutsik geldituriko lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengo izangaiarekin.

10.–Izendapena edo kontratazioa, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, lanpostua bete dezaten, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak edo kontratazioak berekin ekarriko du izendatuak bihurtzea nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun finko, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), afiliaturik baldin badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

10.4. Izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Eguesibarko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Hautaprobak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.

11.2. Ebazpen baten bidez, hamar egun balioduneko epea emanen zaie –ebazpen hori eman eta biharamunetik hasita– aurreko apartatuaren arabera aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartzekoak direnei, honako agiri hauek aurkez ditzaten:

–Deialdiaren 2.e) oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

Ebazpen hori argitaratuko da, ukitutakoen zerrendekin batera, Eguesibarko Udalaren webgunean.

11.3. Eskatzen diren agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

11.4. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.5. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, hala behar badu, eta argitara emanen dira deialdiaren fitxan:

a) Hautaprobak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.

11.6. Hautaprobak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Bestalde, oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan ezarritako irizpideak, berdinketak zozketa bidez hausteari dagokionez.

Goian aipatutako zozketa lehendik egin ez bada, hautapen-prozesuaren une honetan eginen da.

11.7. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, jarraikiko zaio 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, epaimahaiaren ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Eguesibarko Udalaren webgunearen barnean.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Sarrigurenen, 2024ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Berariazko zatia.

1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa lorezaintzako mantentze-lanetan.

2. gaia.–Lorezaintza-lanak. Urteko lanen plangintza orokorra.

3. gaia.–Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak landatzea.

4. gaia.–Zuhaitzen, zuhaixken eta heskaien mantentze-lanak.

5. gaia.–Ureztatze sistemak: motak, ezaugarriak eta mantentze-lanak. Automatizazioa.

6. gaia.–Izurrite eta gaitz nagusiak lorezaintzan. Borroka integratua. Tratamendu biologikoak.

7. gaia.–Erremintak: motak, ezagutza, erabilera. Segurtasun-baldintzak. Makinak: mantentze-lanak, egokitzea lan motaren arabera.

8. gaia.–Norbera babesteko ekipamendu (NBE) motak lorezaintzan, eta horien erabilera.

9. gaia.–Zuhaitzak inaustea. Beharra. Teknikak. Zuhaitzaren anatomia eta fisiologia eta horiek inausketarekin duten lotura. Erremintak eta makineria.

10. gaia.–Zuinketarako, landaketarako eta espezieen birlandaketarako teknikak lorategietan eta berdeguneetan. Soropilak ereitea. Mantentze- eta kontserbazio-lanak. Berdeguneak landareztatzea.

11. gaia.–Lorezaintza-lanetan lantaldeak antolatzeko teknikak.

Zati orokorra.

12. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak.

13. gaia–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Legearen xedea, printzipioak, aplikazio-eremua, kontratuen tipologia eta araubide juridikoa.

14. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

15. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria, antolaketa eta eskumenak. Errolda. Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea: Beharrezko udal organoen antolaketa eta funtzionamendua.

16. gaia.–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan-ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa.

17. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

18. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

19. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

20. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

21. gaia.–Eguesibarko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

a) Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiko lanpostuan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 3 puntu urte bakoitzeko.

2. Deialdiko lanpostuan, enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak: 2 puntu urte bakoitzeko.

3. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten lanpostuetan (lorezain-peoia, lorezain-ofiziala edo antzeko lanpostuak), edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak: Gehienez 20 puntu emanen dira a) atal honetan.

Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Izangaia egon bada prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran, halako aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzu gisa.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

Aurreko ataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean; halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.

b.1) Beste titulu akademiko batzuk:

Lanpostuarekin zerikusia duten titulu ofizialak eta master-tituluak (Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikaria, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza edo antzeko beste titulu batzuk, edo deialdiko lanpostuarekin zerikusia dutenak), maila berekoak edo goragokoak, baloratu gabe deialdia parte hartzeko bide ematen duen titulazioa: 2,5 puntu emanen dira titulu ofizial bakoitzeko, gehienez 2 titulu onarturik (gehienez 5 puntu).

Lanpostuarekin zerikusia duen prestakuntza ekintzak, betiere 2010eko urtarrilaren 1aren ondokoak badira: 0,05 puntu emanen dira prestakuntza ekintzetan eginiko ordu bakoitzeko (gehienez 2,5 puntu).

Zeharkako izaera duten prestakuntza ekintzek lanpostuarekin zerikusia dutela ulertuko da, baldin eta informatikaren, berdintasunaren edo prebentzioaren ingurukoak badira. Kontuan hartuko dira, halaber, lanpostuarekin zerikusia duten izaera espezifikoko prestakuntza ekintzak.

Ez dira aintzat hartuko prestakuntza ekintzak, baldin haien frogagirietan ez bada zehazten ekintza zenbat ordukoa izan den.

b.2) Frantsesa, ingelesa, alemana eta euskara: baloratuko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea –Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik– eta, orobat, euskara jakitea, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan: 3 puntu gehienez emanen dira hizkuntza bakoitzeko.

Euskara jakitea frogatu ezin dutenek eskatzen ahalko dute, deialdian izena emateko eskabidean, mailaketa proba bat egitea, merezimendutzat balora dadin.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari, emanen zaio aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 3 puntu EGA edo C1 izateagatik; 2,4 puntu B2 izateagatik; 1,8 puntu B1 izateagatik; 1,2 puntu A2 izateagatik, eta 0,6 puntu A1 izateagatik.

Iragarkiaren kodea: L2408168