116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARRAKAZTELU

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu bat kontratatzeko oposizio-lehiaketa bidez

Alkatetzaren 2024ko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Zarrakazteluko Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionario araubidekoa. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, funtzionarioen araubidean eta lanaldi osoarekin, Zarrakazteluko Udaleko plantillan sartzeko.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira D mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarra duen araudiarekin, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une oro ezartzen diren osagarriak.

1.3. Kokapena egitura organikoan: Zenbait udal arlo, zerbitzu edo entitate.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta alta emanen zaie.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduarekin, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako, erantzuna eman dakien Zarrakazteluko Udalean sortzen diren beharrei.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, araudiaren arabera prestatutako edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, baina lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako probaldi bat ezartzen da, bi hilabetekoa, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.7. Hona hemen lanpostuaren eginkizunak, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:

–Virgen de la Oliva ikastetxe publikoko atezain-lanak.

–Udal instalazioen oinarrizko mantentze-lanak, kontserbazioa eta konponketa txikiak: elektrizitatea, iturgintza eta arotz-lanak (metala eta zura).

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea.

–Galdaren, ureztatzeko sistemen, lorezaintzaren, segurtasun sistemen kontrola.

–Udal instalazioen zaintza eta jagoletza: sarrerak eta irteerak, irekitzea eta ixtea, argiak piztu eta itzaltzea, berokuntza eta abar.

–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, agertokiak, hesiak, festa eta ekitaldi publikoetan erabilitako tresnak, etab.

–Lorezaintza eta nekazaritza lanak arboladietan, lorategietan, espazio publikoetan eta udal finketan.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak, eta bultzatzea zerbitzuen hobekuntza eta hartan laguntzea, eta, hartara, proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Laguntzea Zarrakazteluko Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, baita Zarrakazteluko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan.

–Parte har dezakete, orobat, Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako edukitzea Eskola graduatuen titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako gidabaimena izatea.

g) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, etxezain lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea egin beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Zarrakazteluko Udalari zuzendu behar zaizkio, eta modu telematikoan aurkeztu, Zarrakazteluko Udaleko egoitza elektronikoan (https://carcastillo.sedeelectronica.es). Udalaren erregistro orokorrean ere aurkezten ahalko dira (Elizako plaza 3-2, 31310 Zarrakaztelu), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea). Eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan.

3.3. Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta aginduko du argitara dadila Zarrakazteluko Udalaren egoitza elektronikoan. Izangairen bat kanpoan geratu bada, 5 egun balioduneko epea emanen da egindako akatsak zuzentzeko.

4.2. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzirik, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da arestian aipatutako tokian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

4.3. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

4.5. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina behin betiko osaera zehazten ahalko da izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

Epaimahaiburua: Olaia Fraile Gracia, Zarrakazteluko Udaleko alkatea.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat.

Lehen epaimahaikidea: Ana Isabel Aguas Zoco, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat.

Bigarren epaimahaikidea: Javier Miqueleiz Tamargo, Zarrakazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Bigarren epaimahaikideren ordezkoa: hark eskuordetutako bat.

Hirugarren epaimahaikidea: María Les López, Zarrakazteluko Udaleko langilea eta langileen ordezkaria.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko langile bat.

Laugarren mahaikidea: Diego Palacios Bescos, Zarrakazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Laugarren epaimahaikidearen ordezkoa: izendatuko den teknikari bat.

Idazkaria: Begoña San Martín Amor, Zarrakazteluko Udaleko idazkaria.

Idazkariaren ordezkoa: hark eskuordetutako bat.

5.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Zarrakazteluko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

5.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu, eta behar den denboraz argitara emanen. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu. Oposizio fasea eta merezimendu-lehiaketaren fasea. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

6.1. Lehiaketa-fasea. 20 puntu, gehienez.

6.1.1 Lehiaketa-fasean, epaimahaiak izangaiek alegatu dituzten merezimenduak kalifikatuko ditu, deialdiaren III. eranskinean dagoen baremoaren arabera. Fase honetan, gehienez, 20 puntu eskuratzen ahalko dira.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimendu guztiak agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

6.2. Oposizio fasea. 80 puntu, gehienez.

Hiru proba egin beharko dira; bat teorikoa, beste bat praktikoa eta balorazio psikotekniko bat. 80 puntu, gehienez.

Probak baztergarriak izanen dira. Horrek esan nahi du proba bakoitzean eskatutako gutxienekoa lortzen ez dutenek ezinen dutela hurrengo proba egin.

6.2.a) Proba teorikoa: gehienez, 35 puntu eskuratzen ahalko dira, eta hurrengo proba egin ahal izateko, 17,5 puntu, gutxienez, lortu beharko dira.

II. eranskineko gai zerrendarekin lotutako 35 galderako sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Erantzun zuzen bakoitzak puntu 1 emanen du, eta bi erantzun okerrengatik 0,50 puntu kenduko dira. Ezartzen den edukiaren araberakoa izanen da iraupena.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere; soilik bolaluma (urdina edo beltza) eta lapitza.

6.2.b) Proba praktikoa: gehienez, 35 puntu eskuratzen ahalko dira, eta hurrengo proba egin ahal izateko, 17,5 puntu, gutxienez, lortu beharko dira.

Zenbait proba praktiko eginen dira, arlo hauetakoak: makinak erabiltzea, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, iturgintza eta elektrizitateko eskemak, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makinak maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere loturik dagoena deialdi honetako oinarrietan aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuekin.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

6.2.c) Proba psikoteknikoa:

Proba batzuk egin beharko dira, neurtu dadin izangaiak noraino egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara.

Proba horiek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba psikoteknikoak gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 5 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

Proba nola eginen den:

–Profil profesiografikoa zehaztea: Proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio epaimahaiak, edo hark izendaturiko langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztuko dira, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

–Edukia eta zuzentzeko irizpideak: Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da. Horiek esanen diote probak zenbat atal dituen, eta emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.

6.3. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin; aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda hori www.carcastillo.es webgunean ere kontsultatzen ahalko da.

6.4. Bi probetarako, dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.5. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Zarrakazteluko Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, aldi baterako kontratazioetarako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

7.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.4. Proposatuak, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1.–Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

2.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

3.–Osasun ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honen xedeko lanpostua.

7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko apartatuan ezarritakoa bete ondoren.

7.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.2.1. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Zarrakazteluko Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukaturik, eta izangaiak aurreko 7.1.4 apartatuan aipatutako agiriak aurkezturik, proposatutako izangaia Zarrakazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du Alkatetzak. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, eta 7.1.5 apartatuan xedatuari jarraikiko zaio.

9. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Zarrakazteluko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zarrakaztelun, 2024ko maiatzaren 20an.–Alkatea, Olaia Fraile Gracia.

I. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Zarrakazteluko udalerria: kaleak, auzoak, alderdiak, errepideak eta abar.

2.–Zarrakazteluko Udala. Udal antolaketa. Osaera. Osoko Bilkura. Alkatea. Bilkuren araubidea.

3.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.

4.–Informatika, Word eta Excel erabiltzaile mailan.

5.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionarioak.

6.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...)

7.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

8.–Ohiko argien eta fluoreszenteen zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

9.–Iturgintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

10.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak.

11.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, kolak...)

12.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

13.–Barruko instalazioak. Bulego bateko oinarrizko instalazioak (koadroa, kanalizazioak, eroaleak eta mekanismoak).

14.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A.–Laneko eskarmentua: Apartatu honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Administrazio publiko batean lan egin izateagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (oinarri hauetako 1.7 apartatuan espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), betiere, hori frogatuko da kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez: 1 puntu urte oso bakoitzeko, eta urtearen zati bakoitzeko, proportzioan dagokiona.

–Enpresa pribatuetan lan egiteagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (1.7 oinarrian espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), baldin eta kasuan kasuko ziurtagiriaren bidez frogatzen bada: 0,5 puntu urte oso bakoitzeko, eta urtearen zati bakoitzeko, proportzioan dagokiona.

B.–Prestakuntza: Apartatu honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

A.1. Eskatutako tituluaz gain, beste titulu batzuk edukitzea (6 puntu gehienez).

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo baliokidea: 1 puntu.

–Gradu ertaina, LHI edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: 2 puntu titulu bakoitzeko.

–Goi mailako gradua, LHII edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: 3 puntu titulu bakoitzeko.

–Gorago aipatutakoak baino maila handiagoko titulazio teknikoak, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: 4 puntu titulu bakoitzeko.

A.2. Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten prestakuntza ikastaroengatik, gehienez ere 4 puntu.

–20 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,10 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–50 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 0,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–150 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–200 orduko edo gehiagoko ikastaroak: 1,50 puntu, ikastaro bakoitzeko.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dauzkaten ikastaroak.

A.3. Beste trebakuntza batzuk, gehienez ere 4 puntu.

Puntuazio hau ez dago loturik A.2 puntukoarekin, eta ez da onartzen bikoiztasunik puntuazioan:

–C motako gidabaimena edukitzea: D motako gidabaimenekin gida daitezkeen automobilak ez bezalakoak, 3500kg-tik gorako gehieneko masa baimendua dutenak, 7500kg-ak gainditu gabe, 1 puntu.

Puntuazio hau ez dago loturik A.2 puntukoarekin, eta ez da onartzen bikoiztasunik puntuazioan:

Beste titulu batzuk.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: oinarrizko maila, 1 puntu.

–Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela: maila kualifikatua, 2 puntu.

Iragarkiaren kodea: L2408185