116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, "Luis Morondo" Udal Musika Eskolan zeharkako flautako irakasle gisa aritzeko aldi baterako kontratazioetarako

Barañaingo "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako Patronatuak, 2024ko maiatzaren 20an egindako bilkura arruntean, deialdi bat onetsi zuen, izangaien zerrenda bat osatzeko, Barañaingo "Luis Morondo" Udal Musika Eskolan zeharkako flautako irakasle gisa aritzeko aldi baterako kontratazioetarako.

Hautapen-prozesu hori gauzatuko da gaiari buruz honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren beraren oinarriak.

Barañainen, 2024ko maiatzaren 21ean.–Patronatuko burua, María Lecumberri Bonilla.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, Barañaingo "Luis Morondo" Udal Musika Eskolan irakaslearen lanpostuan aritzeko, zeharkako flautaren espezialitatean.

Hautapen-prozesu hori gauzatuko da gaiari buruz honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren beraren oinarriak.

Aldi baterako kontratua eginen zaie, lan-araubidekoa; kontratua musikae skolaren behar puntualetara egokituko da.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek zeharkako flautako irakasle lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte.

1.3. Lanpostua kokatua dago Barañaingo "Luis "Morondo" Udal Musika Eskolaren eraikinean.

1.4. Ordainsaria hitzarmenean adierazitakoaren edo kontratazio motaren arabera dagokion araudiak adierazitakoaren araberakoa izanen da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautapen prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

d) Musikako erdi mailako titulua edo baliokidea izatea gutxienez, zeharkako flautako espezialitatekoa, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

e) Enplegu eskaeran alta eman izanaren edo hura berritu izanaren agiria edo enplegua hobetzeko agiria (DARDE) edukitzea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Barañaingo Udaleko erregistro orokorrean, Herritarrendako Harrera Bulegoan (Udaletxeko plaza, z.g., 31010 Barañain), Barañaingo Musika Eskolako erregistro orokorrean (Nafarroako Komunitatea kalea 2, 31010 Barañain) edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 15 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: NANaren fotokopia edo horren baliokidea den agiriarena; deialdi honen II. oinarriak eskatutako titulua; lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko eskatzaile gisa izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria eta adingabeen aurkako sexu-abusuekin lotutako delituengatik aurrekari penalik ez duela ziurtatzen duen agiria, bat etorriz Haurrendako eta Nerabeendako Babes Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legean ezarritakoarekin. Izan ere, lege horretan xedatutakoaren arabera, deialdiko lanpostuan aritu ahal izateko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

4.–Izangaien onarpena.

–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Barañaingo Udal Musika Eskolaren web-orrian argitaratuko dira deialdietara onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak.

Zerrenda horien kontra interesdunek zilegi izanen dute erreklamazio idazkiak aurkeztea eta akatsak zuzentzea, zerrendok argitaratu eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko edo akatsak zuzentzeko epea amaitu eta gero, eta haiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onetsi, eta Barañaingo Udal Musika Eskolaren web-orrian argitaratuko dira. Aldi berean, deialdian ezarritako hautaproba non, noiz eta zer ordutan eginen den jakinaraziko da.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, jarraikiz ezarritakoari Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

a) Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: María Lecumberri Bonilla, "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako Patronatuko burua, edo hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: Daniel Arias Elizari, "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako idazkaria, edo hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: Joaquín Lecumberri Muñoz, flautako irakaslea "Luis Morondo" Udal Musika Eskolan, edo hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: Alberto González Urroz, "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

Epaimahaikidea: David Orduña Ridruejo, "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako langileen delegatu sindikala, edo hark eskuordetzen duena.

b) Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

c) Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

d) Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta musika eskolari jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

A.–Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera adieraziko da probak egiteko eguna, ordua eta lekua.

B.–Hautapen prozesua honako hau izanen da:

–Obra libre bat interpretatzea.

–Eskola praktiko bat egitea, ikasleekin.

–Gehienez, 10 puntu emanen dira guztira. Obra librearen interpretazioak puntuazioaren %30 balioko du, eta, eskola praktikoak, berriz, %70.

1.–Obra libre baten interpretazioa: 10 puntuko balioa.

Izangaiak obra libre bat edo fragmentu bat interpretatu beharko du (lagun egiteko piano-jotzailea behar izanez gero, izangaiak berak eraman beharko du).

Alderdi hauek baloratuko dira: interpretazioa, instrumentua jotzeko trebetasuna, musikaltasuna eta instrumentuarekin lotutako beste alderdi guztiak.

Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Proba gainditu eta hurrengo proba egin ahal izateko, 5 puntu lortu beharko dira gutxienez.

2.–Proba praktikoa, ikasleekin: 10 puntuko balioa.

Izangaiak zeharkako flautako eskola praktiko bat eman beharko dio ikasle bati.

Alderdi hauek baloratuko dira: gaitasun pedagogikoa, sormena, ikasleak estimulatzeko eta motibatzeko gaitasuna eta edukiak modu argian eta ordenatuan azaltzeko gaitasuna.

Atal honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Proba praktikoa gainditzeko 5 puntu lortu beharko dira gutxienez.

Lortu nahi duen lanpostuari buruzko galderak egiten ahalko dizkio epaimahaiak oposiziogileari.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena

Azken probaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Barañaingo musika eskolako iragarki-taulan eta haren web-orrian (www.escuelamusicabarañain.es) argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuen arabera ordenatuta, eta zerrenda igorriko dio, informazio ondorioetarako, Musika Eskolako Patronatuari.

8.–Lan-kontratua formalizatzea.

Lanean hasi aurretik Gizarte Segurantzako alta izapidetu behar zaionez, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu kontratua formalizatu aurretik Barañaingo Udal Musika Eskolako idazkaritzan: osasun-txartelaren kopia (Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia agerian duela) eta eskatutako titulu akademikoaren kopia.

Proposatutako kontratuek klausula bat izanen dute, eta horren arabera, izangaiak sei hilabeteko probaldia egin beharko du. Probaldi hori gainditzen ez badu, kontratua bertan behera geratuko da.

9.–Gainditu duten izangaien zerrendaren kudeaketa.

Barañaingo Udal Musika Eskolako zuzendaritza arduratuko da kontratazio-zerrenda kudeatzeaz, eta eskolako patronatuak izanen du kontratazioak egiteko eskumena. Zerrendaren kudeaketa Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen da, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Horretarako premia sortuz gero, Barañaingo Udal Musika Eskolak dei eginen die probak gainditu dituzten izangaiei, puntuazio-ordenari zorrozki jarraituz deitu ere, eta aldi baterako kontratua eskainiko diete, sortzen diren beharrei erantzute aldera. Eskaintza onartzen duen izangaiak eskolan agertu beharko du, eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko ezarritako epearen barnean.

Deiak, oro har, telefonoz eginen dira, eta zerendako ordenari zorrozki jarraikiz. Hau da, lehendabizi puntuazio handiena duenari dei eginen zaio.

Jendearekin harremanetan jartzeko ardura duen pertsonak fitxa bat beteko du, eman beharreko argibideekin eta telefono deiaren emaitzarekin. Honako informazioa hau emanen du: eskainitako kontratu mota, zer lanpostutan hasiko den, eginkizun eta eskumenen zerrenda laburra, lan baldintzen laburpen laburra eta zenbaterainoko iraupena kalkulatzen zaion kontratuari.

Horretarako betetzen den fitxan telefono deiaren emaitza agertuko da; hauetako bat izanen da:

–Saiatuagatik ere huts egina: pertsonarekin harremanetan jarri ahal izan ez denean.

–Saiatu eta arrakastaz: pertsonarekin harremanetan jarri ez ezik kontratazioa onartzen duenean.

–Harremanetan jarri baina uko egina: pertsonarekin harremanetan jarriagatik ere, kontratatzeko eskaintza onartzen ez duenean.

Kontratazioa baimentzen duen organoaren iritziz horretarako nahikoa denbora dagoenean soilik eginen da kontaktua posta ziurtatu bidez, eta telefono bidezko kontaktuetarako arau berberei jarraituko zaie.

Deien ondorioak: Telefono bidezko kontaktuak honako arau hauen arabera eginen dira:

–Iraupen laburreko kontratuetan (2 astetik beherakoak, alegia): Bi aldiz deituko zaio, deien artean bi orduko tartea utzita. Bi ordu igarota, ezinezkoa izan bada hautagaiarekin harremanetan jartzea, zerrendan hurrengoa denari dei eginen zaio.

–Iraupen ertaineko kontratuetan (2 astetik 6 hilabetera artekoak, alegia): Gutxienez hiru saiakera eginen dira egun berean. Biharamuna iritsi, eta izangaiarekin harremanetan jartzerik egon ez bada, a) puntuan ezarritakoari jarraituko zaio.

–Iraupen luzeko kontratuetan (6 hilabetetik gorakoak, alegia): gutxienez hiru saiakera eginen dira egun berean, eta Patronatuak hala erabakiz gero, posta ziurtatu bidez eginen da ahalegina.

Helbidean edo telefono zenbakian izandako aldaketak edo oinarri hauek aplikatu ahal izateko garrantzitsua den beste edozein datu behar den denborarekin jakinarazi beharko dizkiote izangaiek "Luis Morondo" Udal Msika Eskolako langileen administrazio-zerbitzuei.

10.–Zerrenden indarraldia.

Deialdi honen bidez eratutako zerrenda erabiliko da aldi baterako kontratuak egiteko Barañaingo Udal Musika Eskolan, eta indarrean egonen da bost urtez –epea luzatzen ahalko da beharren arabera–, edo zerrenda agortu arte, edo harik eta lanpostua behin betiko betetzeko berariazko hautapen-prozesua hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.

11.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Musika Eskolako Patronatuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Patronatuko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

12.–Datu pertsonalen tratamenduaren buruzko informazioa.

–Datuen pertsonalen tratamenduaren arduraduna: "Luis Morondo" Udal Musika Eskolako Patronatua (Nafarroa Komunitatea kalea 2, Barañain, Nafarroa). Telefono zenbakia: 948 185 343. Datuen babeserako ordezkaria: dpd@baranain.com.

Helburua: Lan deialdiak kudeatzea.

Oinarri juridikoa: DBEO: 6-1-a artikulua, hautaketa-prozesuan parte hartzeko interesa duen pertsonaren baimena. DBEO: 6-1-c artikulua, legezko betebehar bat betetzea.

Datuak gordeko diren denbora: Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta musika eskolak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez.

Prozesuko emaitzak musika eskolaren web-orrian argitaratuko dira, hala ezarrita baitago deialdian.

Hautapen prozesuko emaitzaren gaineko informazioa web-orrian egonen da ikusgai, prozesua indarrean dagoen bitartean.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

Informazio gehiago: Pribatutasun politikari buruzko informazioa, gure web-orrian: https://escuelamusicabarañain.es/es.

ANEXO I.–CONVOCATORIA PARA LA CONTRATACIÓN TEMPORAL DE PROFESOR/A DE FLAUTA TRAVESERA AL SERVICIO DE LA ESCUELA MUNICIPAL DE MÚSICA "LUIS MORONDO" DE BARAÑÁIN /
ERANSKINA.–BARAÑAINGO "LUIS MORONDO" UDAL MUSIKA ESKOLAKO ZERBITZURA ZEHARKAKO TXIRULA IRAKASLE LANPOSTUAN ALDI BATERAKO KONTRATATAZIOAK BETETZEKO DEIALDIA

Datos de la persona solicitante /Eskatzailearen datuak:

Nombre y apellidos /Izen abizenak..................................................................................................................................

DNI /NAN...................................... Domicilio /............................................................................................................

...................................................................................................................................................................................

N.º /ZK. ................. Escalera /Eskailera ....................Piso /Solairua....................... Puerta /Atea ................................

C.P. /P.K............................................ Población /Herria .................................................................................................

Teléfono /Telefonoa .........................................................................................................................................................

Correo electrónico /Posta elektronikoa ............................................................................................................................

Expone /Azalpena:

Que reúne todas y cada una de las condiciones y requisitos exigidos, referidos a la fecha de expiración del plazo señalado para la presentación de instancias.

Que acompaña a la instancia fotocopia de:

–Documento Nacional de Identidad o documento equivalente.

–Titulación académica referida.

–Documento de estar inscrito/a como demandante de empleo o en mejora de empleo.

–Certificado de estar libre de antecedentes penales por delitos relacionados con abusos sexuales a menores

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Eskabidearekin batera honako dokumentu hauen fotokopiak aurkezten ditudala:

–Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea.

–Eskatutako titulazio akademikoa.

–Adingabeen sexu abusuekin zerikusia duten delituengatik aurrekari penalik ez duela frogatzen duen ziurtagiria.

–Enplegu-eskatzaile gisa edo enplegu-hobekuntzan

inskribatuta egotearen agiria.

Solicita /Eskaera:

Ser admitido/a para la constitución a través de pruebas selectivas de una lista de aspirantes para la contratación temporal en régimen laboral del puesto de profesor/a de Flauta Travesera al servicio de la Escuela Municipal de Música "Luis Morondo" de Barañain.

Barañaingo "Luis Morondo" Udal Musika Eskolaren zerbitzura Zeharkako Txirula irakasle lanpostuan aldi baterako kontratatazioak betetzeko zerrenda osatzeko deialdian onartua izatea.

Barañáin, a .......... de ..................... de 2024 / Barañainen, 2024eko ...........................ren ....... an

Firma del/de la solicitante /Eskatzailearen sinadura

PROTECCIÓN DE DATOS:

Responsable de tratamiento: Patronato Municipal de Música de Barañain.

Finalidad: Gestionar las convocatorias de empleo en el ejercicio de los poderes públicos.

Destinatarios de los datos: Los datos pueden ser cedidos a jueces y tribunales en cumplimiento de la legislación vigente y se publicarán en la web municipal y en los tablones de anuncios según se indica en la convocatoria.

Derechos: Tiene derecho a acceder, rectificar y suprimir los datos, así como otros derechos, dirigiéndose a las dependencias municipales.

Más información: Política de Privacidad de http://www.escuelamusicabaranain.es/proteccion-de-datos/

DATUEN BABESA:

Tratamenduaren arduraduna: Barañaingo Udalaren Musika Patronatua.

Helburua: Helburua: enplegu-deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.

Datuen hartzaileak: datuak epaile eta auzitegiei laga dakizkieke, indarrean dagoen legeria betez, eta udalaren.

webgunean eta iragarki-oholetan argitaratuko dira, deialdian adierazitakoaren arabera.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita beste eskubide batzuk ere, udal-bulegoetara joz.

Informazio gehiago: Pribatutasun-politika http://www.esecuelamusicabaranain.es/eu/proteccion-de-datos/

Iragarkiaren kodea: L2408484