116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

162E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, baimena ematen duena txerri-ustiategi misto baten funtsezko aldaketarako, elkarren ondoan dauden bi ustiategi elkartzeko proiektua gauzatzeko. Titularra Granja Los Alecos SL da, eta Irunberriko udal-mugartean dago. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman zitzaiona; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.14 taldean.

2023ko irailaren 18an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, elkarren ondoan dauden bi ustiategi –bata ziklo itxikoa eta bestea gizentzekoa– elkartzeko eta norabide zooteknikoa aldatzeko, ugalketarako granja bakar bat izan dadin.

2023ko azaroaren 15ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako irizpenean erabaki zuen aldaketa hori funtsezkoa zela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, aldaketa funtsezko hori ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Instalazioa ez dago sartuta irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan, zeinaren bidez neurri batzuk onetsi baitziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, udalaren eskumenekoa da, eta ez du lurzoru urbanizaezineko jardueraren baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimena ematea aldaketa funtsezkoa egiteko Irunberriko udal-mugartean dagoen zerri instalazio misto batean (Granja Los Alecos SL da titularra), elkarren ondoan dauden bi ustiategi elkartzeko proiektua gauzatzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02159090092024 zenbakiarekin. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1590050703/1/3 Plana onestea. Ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua bukatu eta abian jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Seigarrena.–Instalazioaren aldaketa ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Titularraren adierazpena, non hitzemanen baitu ezen, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero, lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratuko duela gehienez ere bost urteko epean.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamargarrena.–Aldaketa funtsezkoa egiteko baimen hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Granja Los Alecos SLUra, Irunberriko Udalera, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2407430