116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4763E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten baita, baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egin dezaten 2023an eta 2024an. DDBN identifikazioa: 760871.

Baso-suteengatiko larrialdietarako babes zibileko plangintzako oinarrizko jarraibideak, zeina azaroaren 15eko 893/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 3.3.3.3 puntuan xedatzen du ezen, lurraldean egiten den zonakatzearekin bat etorriz, autonomia erkidegoko planak zehaztuko dituela, kasuan-kasuan, zein eremu geografikotako udalerriek edo udalerri multzoek prestatu behar dituzten beren tokiko planak, ezertan galarazi gabe tokiko agintarien iritziz zilegi diren planak egitea, aurrekoez bestelako lurralde-eremuetarako.

Ondorio horietarako, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren (INFONA) azken aldaketan esaten da arrisku handiko eremuetan dauden udalerriek baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egin eta onetsi beharko dituztela, beren lurralde-eremuaren barruan baso-suteengatik geratzen diren larrialdi egoerei aurre egiteko.

Planaren 3. eranskina tokiko jarduketa planei buruzkoa da, eta hartan ageri da hala neguko arriskuagatik nola udakoagatik udal jarduketa plana egitera behartuta dauden Nafarroako Foru Komunitateko udalerrien zerrenda, horrek ezertan galarazi gabe beste udalerri batzuek halako planak egin eta edukitzeko gaitasuna.

Baso-suteengatiko larrialdietarako babes zibileko plangintzako oinarrizko jarraibideak ezartzen ditu baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planek kontuan hartu behar dituzten gidalerro eta eduki gutxienekoak. Eduki horiek osatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren 3. eranskina dago. Plana Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak homologatu dezan, jarraibide horiek bete beharko ditu.

Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezian eskatzen dena bete ahal izateko, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bada F43001 F4400 4609 134103 partida, "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izenekoa, xede duena baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egiteko lanak finantzatzea.

Ondorio horiekin, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren 56. artikuluan xedatutakoarekin bat, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari arlo hauetan emandako eskumenak baliatzea: babes zibila, larrialdien arreta, suteen prebentzioa eta itzaltzea eta salbamendua.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egin dezaten 2024an.

2. Deialdi honetako oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

3. 52.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izeneko F43001-F4400-4609-134103 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko betebeharrei aurre egiteko.

4. Aurrekontuko zuzkidura hori handitzen ahalko da, 30.000 euroan gehienez ere, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 3.a.1 puntuan aurreikusitako kasuetan eta b atalean ezarritako baldintzak betetzen badira.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari jakinaraztea.

6. Deialdi honen, oinarrien eta haren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat.

7. Ebazpen hau igortzea Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 7an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

ERANSKINA.–NAFARROAKO UDALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, BASO-SUTEEN ARRISKUARI ERANTZUTEKO UDAL JARDUKETA PLANA EGIN DEZATEN 2024AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da behar den araubidea ezartzea Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko, horien bidez baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egin ditzaten 2023an eta 2024an.

Diruz lagundutako jarduera onura publiko edo sozialekoa da plan horiek garrantzitsuak direlako, mekanismo gisa, baso-suteak gertatzeko arriskua dagoenean esparru organiko eta funtzional bat ezarrita edukitzeko, tokian-tokian. Izan ere, esparru horretan ezartzen dira hartu beharreko neurriak, larrialdiari aurre egiteko behar diren giza baliabideak eta bitartekoak eta aurreikusitako egoera gertatuz gero esku hartu beharko duten agintari, organismo eta zerbitzuak koordinatzeko eskema.

2.–Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko "Udal jarduketa planak sustatzeko dirulaguntzak" izeneko F43001 F4400 4609 134103 partidaren kargura finantzatuko dira, aurrekontuan dagoen kontsignazioa agortu arte, hots, 52.000 euro.

Aurrekontuko zuzkidura hori handitzen ahalko da, 30.000 euroan gehienez ere, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 3.a.1 puntuan aurreikusitako kasuetan eta b apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badira.

3.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako betebehar hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:

a) Baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana izatera behartuta dauden udalerrien zerrendan egotea, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabaki bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren 3.2 puntuan ezarritakoarekin.

b) Dirulaguntzarik jaso ez izana Nafarroako udalek baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egiteko 2023ko deialdian, hots, Barneko zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 35/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen horretan. DDBN identifikazioa: 677428. 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 21ekoa.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egitearen kostuaren %50 (BEZa barne) finantzatzeko behar adinakoa izanen da; 3.000 eurokoa, gehienez, onuradun bakoitzeko.

5.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko lanean bete beharreko baldintzak.

Nafarroako udalen baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planak egiteko gastuak izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta gastu horiek 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 2ra bitartean egin eta ordaindu badira, bi egun horiek barne. Ondorio horietarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.

Ez da inolaz ere diruz lagunduko baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa planik egitea, eguneratzea edo aldatzea, baldin eta plan horietarako dirulaguntza jaso bada Barneko zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 35/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren esparruan. DDBN identifikazioa: 677428. 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 21ekoa.

Baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egiteko men egin beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren (INFONA) 3. eranskinean –Tokiko jarduketa planak– ezarritakoari.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

7.–Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak egiaztatzea.

7.1. Epea.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkezteko modua.

Laguntzen eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa helbidean zuzenean edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzura zuzenduko dira.

Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

7.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.4. Zuzenketa.

Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa eransten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean okerra zuzen dezan, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta eskaerak baloratzeko irizpideak.

8.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen prozedura arrunta izanen da.

Norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

8.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1. Udalerria baso-suteetarako arrisku handiko eremu baten barruan egotea, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Bereziaren (INFONA) 3.2 puntuan (Lurraldearen zonakatzea) ezarritakoaren arabera: 10 puntu gehienez. Aipatutako irizpidea erabiliz puntu kopuru bat emanen zaio udal bakoitzari, honela:

UDALERRIA ARRISKU HANDIKO
EREMUAREN BARRUAN EGOTEA

PUNTU KOPURUA

Arriskua bai udan bai neguan

10

Arriskua udan bakarrik

5

Arriskua neguan bakarrik

5

2. Baso-suteen maiztasuna; kontuan hartuko da udalerri bakoitzean hektarea batetik gorako lur eremuak kaltetu dituzten suteen kopurua 2002tik 2021era, biak barne: 5 puntu gehienez. Bat etorriz III. eranskineko taularekin, zeina Nafarroako Gobernuak baso-suteei buruz dituen estatistiketatik lortu baita, udal bakoitzari aipatu irizpidearen arabera dagozkion puntuak esleituko zaizkio, honela:

SUTE KOPURUA

PUNTU KOPURUA

≥ 50

5

20 ≤ eta < 50

4

10 ≤ eta < 20

3

5 ≤ eta < 10

2

1 ≤ eta < 5

1

3. Udalerritik suhiltzaile-etxe hurbilenera dagoen distantzia; ulertuko da baso-sutea gertatzeko arrisku handiagoa dagoela suhiltzaile-etxe hurbilena urrutiago daukan udalerrian: 5 puntu gehienez. Kontuan hartuko da zer distantzia dagoen, kilometrotan, 112 SOS Nafarroak erabili ohi duen Open Route Service aplikazioak zehazten duen ibilbide laburrena aintzat harturik, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko erreferentziako suhiltzaile-etxetik (urriaren 20ko 112/2020 Foru Aginduaren araberakoa) udalerri horretan erreferentziako suhiltzaile-etxetik urrutien dagoen biztanlegunearen erdiraino, zeinak "Biztanleguneen mugaketa" geruzan sartuta egon beharko baitu Nafarroako geoatariaren IDENA bisorean. Distantzia horren arabera, udal bakoitzari puntu kopuru bat esleituko zaio, honela:

DISTANTZIA NSZko SUHILTZAILE-ETXE HURBILENERA

PUNTU KOPURUA

≥ 20 km

5

15 ≤ eta < 20 km

4

10 ≤ eta < 15 km

3

5 ≤ eta < 10 km

2

0 ≤ eta < 5 km

1

8.3. Eskaeren balorazioa:

Instrukzio organoak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, oinarriotan ezarritako irizpide eta lehentasunekin bat, erreferentziatzat harturik, baita ere, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA) prestatzean baso-suteen arriskua ikusteko egin zen azterketa. Behar den ebazpen proposamena eginen du, eta txosten bat, non adieraziko baita erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Udal guztiek aurkeztutako eskaerak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.

Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko ataleko 1. balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, berriz, 2023ko urtarrilaren 1ean biztanle gutxien duen eskatzailearen alde, Estatistikako Institutu Nazionalak 2023rako argitaratutako populazio zifra ofizialekin bat. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

9.–Dirulaguntza ematea.

Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea aurreko oinarrian ezarritako irizpideen arabera puntuazio handiena lortu duten eskatzaileen alde, aurrekontuko kontsignazioaren gehieneko muga gainditu gabe.

Aurrekontuan diru kontsignazio aski ez badago eta, horren ondorioz, erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, organo kudeatzaileak partidan gelditzen den diru kopurua esleituko dio, partida agortu arte.

Ebazpen arrazoitu batean, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da, adierazita helburua eta emandako zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

Ebazpenaren aurka, berariazkoa izan ala ustezkoa, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

10.–Epeak, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1. 2024ko urriaren 2an beranduenez (egun hori barne), erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gobernuko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari zuzenduak:

1. Egindako planaren kopia digitala.

2. Egindako gastuaren faktura osoa.

3. Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.

4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.

Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuak egiaztatuko du udal planek eduki eta gidalerro gutxienekoak txertatu dituzten, eta horren gaineko txostena eginen du. Gutxieneko eduki eta gidalerro horiek Nafarroako Foru Komunitateko baso-suteetarako Babes Zibileko Plan Berezian (INFONA) jasotakoak dira. Gutxieneko eduki eta gidalerroak jasotzen ez badira, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10.2. Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Benetan egin eta justifikatutako gastua aurrekontuan jasotako gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastuaren araberakoa izanen da, deialdi honen 4. oinarrian ezarritakoarekin bat. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

b) Laguntza erabiltzea soilik baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egiteko. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuri jakinarazi beharko zaio.

c) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren aurrean justifikatzea betebehar eta baldintzak bete direla.

d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

f) Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

h) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein dirulaguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak, Estatukoak nahiz nazioartekoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, dirulaguntza osoa edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da eta/edo kobratutako dirua itzuli beharko da, hori guztia bat etorriz arau horren 35. artikuluan xedatutakoarekin.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarrita dagoena, baina kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean araututako berezitasunak.

15.–Errekurtsoak.

Dirulaguntza arautzen duten oinarrien kontra eta horiek aplikatzearen ondoriozko egintzen kontra, interesdunek zilegi dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UDALENTZAKO DIRULAGUNTZA ESKAERA,
BASO-SUTEEN ARRISKUARI ERANTZUTEKO UDAL JARDUKETA PLANA EGITEKO

Izen-deiturak: ........................................................................................................................................

NANa: ................................................................

Telefonoa: ..........................................................

Posta elektronikoko helbidea: .................................................................................................................

Honako hau ordezkatuz: ........................................................................................................................

Udala: .....................................................................................................................................................

IFZ: ....................................................................

Helbidea: ...........................................................................................................................................

Telefonoa:...........................................................

Helbide elektronikoa: ..............................................................................................................................

HARTZAILEA: Barne Zuzendaritza Nagusiko Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua,

ESKAERA: ..................................(e)ko Udalerako dirulaguntza, baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egiteko, Barneko zuzendari nagusiaren ...................(e)ko ..../2024 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiko oinarrien arabera (2024ko ....... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...................aren ..............(e)koa).

Eta oinarri arautzaile horietan ezarritakoarekin bat:

1. Adierazten du deialdiaren 3. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

2. Adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik.

3. Dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez,

ADIERAZTEN DU:

Ez duela eskuratu edo eskatu inolako dirulaguntzarik edo laguntzarik administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren partetik, Estatukoak edo nazioartekoak izan.

Dirulaguntza edo laguntza hauek eskuratu/eskatu dituela administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren partetik, Estatukoak edo nazioartekoak izan:

ZEIN ENTITATERI ESKATU ZAION LAGUNTZA

ESKATUTAKO ZENBATEKOA

LAGUNTZAREN EGOERA
(eskatu da/onartu da/ordaindu da)

4. Datuak eguneratzeari dagokionez, adierazten du Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari idatziz adieraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, adierazpen honetan zehaztutako dirulaguntzetan izaten den edozein aldaketa.

5. Honako dokumentazio hau eransten du:

–Baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egitearen kostua (BEZa barne) zehazten duen aurrekontua, edo adjudikazioaren erabakiaren ziurtagiria.

–Udal idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena udalak deialdiko 3. oinarrian adierazitako betebehar guztiak betetzen dituela.

6. Baimena ematen dio organo kudeatzaileari behar diren datuak kontsulta ditzan egiaztatzeko zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Kontra egiteko eskubidea:

Nik, ...................................................................................................jaunak/andreak, ......................... NAN zenbakiaren jabe, ez dut baimenik ematen honako datu hauek kontsultatzeko:

......................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

Hauek dira arrazoiak:

.........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................

..........................................(e)n, 2024ko .............................aren ......(e)(a)n.

(Sinadura)

II. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUERAK FINANTZATZEKO LORTUTAKO BESTE DIRULAGUNTZA, LAGUNTZA, SARRERA EDO BALIABIDEEI BURUZKO ADIERAZPEN EREDUA

(Dirulaguntzaren ordainketarako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharrekoa)

Izen-deiturak: ..........................................................................................................................................

NANa: ..................................................

Honako hau ordezkatuz:

...........................................................................................................................................................

IFZ: ......................................................

Helbidea: ...............................................................................................................................

Barneko zuzendari nagusiaren ..................(e)ko ........./2024 Ebazpenaren bidez deialdi bat onetsi zen Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko, baso-suteen arriskuari erantzuteko udal jarduketa plana egin dezaten (2024ko ...... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, .............aren .............(e)koa). Erakunde hau dirulaguntza horien onuraduna denez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat, eta diruz lagundutako jarduerari dagokionez,

ADIERAZTEN DUT:

Ez dela eskuratu administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik.

Eskuratu direla administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide hauek

ERAKUNDEA

KONTZEPTUA

ZENBATEKOA

Idazkaria

Ontzat emana

Alkatea

Iragarkiaren kodea: F2407838