116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

280E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdia Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egin daitezen 2024an. DDBN identifikazioa: 760083.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua (aurrerantzean, NABI) erakunde autonomo bat da, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikita dagoena eta araututa dagoena Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez. Haren eskumenak garatzeko, foru dekretuaren 3. artikuluak eginkizun hauek esleitzen dizkio, besteak beste: LGTBI+ pertsonak ez direla diskriminatzen bermatzeko, proposamenak eta gomendioak egitea politika publikoetarako, LGTBI+ arloko prestakuntzarako eta jarduketetarako; bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan; eta bermatzea ongi aplikatzen eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.

Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Legearen 3. artikuluak aplikazio-esparrua eta betetze bermea jorratzen ditu. Zehatzago, 3.2 artikuluan, honako hau dio: "Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko edo haiekin lotuta dagoen edozein entitatek, zuzenbide publiko zein pribatukoak izan, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, foru legea betetzen dela bermatuko dute, eta eraginkorra izan dadin behar diren baldintzak sustatuko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan. Ildo horretatik, sexu-joerari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruzko ekintza positiboak lagunduko dituzte, eta, halaber, Erkidegoko LGTBI+ asoziazionismoari eta dituen proiektuei sostengua emanen diete".

Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ pertsonek berdintasun soziala lortze aldera, LGTBI+ arloan eskudun den erakundeak laguntza eta aholkularitza emanen die Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko tokiko politikak sustatu eta bultzatu ditzaten, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko 2019-2022 Ekintza Planean bildu diren alderdiei dagokienez. Gaur egun, ekintza plan berria garatze bidean da.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatu dadin, NABIk uste du bidezkoa dela dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat 2024. urterako, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egiteko. NABIk badaki zeinen garrantzitsuak diren Nafarroako toki entitateentzako laguntzak LGTBI+ pertsonen eskubideak errazago erabil daitezen eta LGTBI+ pertsonek tokian tokiko gizartean parte har dezaten. Horregatik, babesten du LGTBI+ arloko tokiko plan eta diagnostikoak egitea, LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egitea eta jardueren programa berariazkoak diseinatzea alor horretan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira horien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

NABIk jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei norgehiagokako araubidearen bitartez emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia tramitatzea.

Deialdi honek helburu du toki entitateei laguntzea gastu hauek finantzatuz: LGTBI+ arloko diagnostikoak, azterketak, planak eta jardueren programak egitearen ondoriozkoak, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasun erreala sustatzen eta bultzatzen badituzte Nafarroan, eta arlo horretan herritar guztientzat 2024an ikusgaitasunean eta sentsibilizazioan egiten den lana.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta NABI erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egiteko 2024an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko 70.000 euroko gastua baimentzen da, 2024ko gastu-aurrekontuko "080001 08300 4609 232200 Nafarroako toki entitateei LGTBI+ sustapenerako eta babeserako dirulaguntza" aurrekontu-partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Nafarroako toki entitateei laguntza ematea, honako ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatuz:

a) LGTBI+ arloko tokiko diagnostikoak prestatzea.

b) LGTBI+ arloko tokiko planak prestatzea.

c) Herriaren errealitatera egokitzen diren LGTBI+ arloko azterlan sektorialak prestatzea.

d) Herritar guztientzat LGTBI+ arloan ikusgaitasunerako eta sentsibilizaziorako egiten diren jardueren programak gauzatzea, bai eta herriko LGTBI+ kolektiboak sustatzekoak ere.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako toki entitateei laguntza ematea LGTBI+ arloko politika publikoak garatzeko, LGTBI+ arloko eskubideak udalerrian edo udalerrien elkartean garatu eta bete daitezen sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Ekintza horiek 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte gauzatu beharko dira.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki erakundeek.

Onuradun izan daitezkeen toki entitateek elkartze-akordioak egiten ahalko dituzte beste toki entitate batzuekin, dirulaguntza eskatzeko. Kasu horretan, eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluarekin bat etorriz, eskabidearekin batera erabakiaren testua aurkeztu beharko da. Testu horretan, elkartutako toki entitate bakoitzari aplikatu beharreko exekuzio-konpromisoak jasoko dira, eta pertsona bat izendatu beharko da elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar gisa, elkarteari entitate onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoarekin. Elkartea ez da desegiten ahalko harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea:

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko LGTBI+ diagnostikoak egiteko. 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era egin beharko dira.

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, zeinak datuak eta informazioa biltzen baititu udalerrian LGTBI+ arloan dauden eskariei eta beharrei buruz, gerora LGTBI+ arloko tokiko plana egiteko.

b) 2.modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko LGTBI+ planak egiteko. 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era egin beharko dira.

LGTBI+ arloko tokiko plana agiri bat da, zeinetan modu estrategikoan biltzen baitira zenbait gidalerro, neurri, ekintza eta baliabide, epe jakin batean beharrezkoak izanen direnak udalerrian, proposaturiko LGTBI+ arloko politika publikoak gauzatu daitezen. LGTBI+ arloko tokiko diagnostikoa LGTBI+ arloko plana prestatu aurreko urratsa da; hortaz, modalitate hau aukeratzen duten toki entitateek LGTBI+ arloko tokiko diagnostikoa eduki beharko dute.

c) 3. modalitatea:

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egiteko. 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era egin beharko dira.

LGTBI+ arloko azterlan sektorialak dira herriko LGTBI+ pertsonek bizi duten egoera, orokorra edo eremu jakin batekoa, islatzen dutenak, non jasotzen baitira haien iritziak (beren intereseko gaiei buruz).

d) 4. modalitatea:

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko jardueren programazioa 2024an diseinatu eta egiteak sortzen dituen gastuetarako edo dagokien planean aurreikusitakoei aurre egiteko.

LGTBI+ programazioa deitzen zaio udalerri batean LGTBI+ arloan herritar guztiei zuzenduta egiten diren jarduera planifikatuen multzoari.

2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era egindako jarduerak izanen dira diruz lagungarriak.

3. oinarria. Betebeharrak.

Nafarroako toki entitateek dirulaguntza eskatzen dutenean 2. modalitaterako (LGTBI+ arloko tokiko plan bat prestatzea), udalerriko LGTBI+ arloko diagnostikoa izan beharko dute, gehienez ere duela 5 urte egina.

4 oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki entitate bakoitzak (edo toki entitateen elkarte bakoitzak) modalitate bat baino gehiago biltzen dituen proiektu bat aurkezten ahalko du: 1, 2, 3 eta 4, 2. modalitaterako xedatutakoa izan ezik, aldez aurretik diagnostiko bat izan beharko baitu (3. oinarria). Horrela egiten ahalko da, esaterako: diagnostiko bat (1. modalitatea) eta jardueren urteko programa bat (4. modalitatea), edo azterlan sektorial bat (3. modalitatea) eta jardueren urteko programa bat, eta abar, kontuan hartuta, betiere, guztira diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa (eskatutako modalitate guztiak batuta) 6.000 eurokoa izanen dela (5.2. oinarria).

4.3. Deialdian adierazitako modalitateen arabera diruz lagungarri diren proiektuek, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:

1. modalitatea: Tokiko LGTBI+ diagnostikoa.

LGTBI+ arloko tokiko planaren aurretik eginen diren LGTBI+ arloko diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, LGTBI+ pertsonen eskari eta beharren identifikazioa, LGTBI+ pertsonek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, egungo politiken, zerbitzuen eta programen balorazioa eta egokitasuna, eta jarduketa ildoen definizioa.

2. modalitatea: LGTBI+ arloko tokiko plana.

LGTBI+ arloko tokiko planaren azken agiriak honako informazio hau izanen du, gutxienez: udalerriko LGTBI+ pertsonen egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, ezarpenerako aurrekontu ekonomikoa eta ebaluazioa.

3. modalitatea: LGTBI+ azterlan sektorialak.

Azterlan sektorialek honako informazio hauek jasoko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterlanaren analisia eta herriko LGTBI+ arloko eragina.

4. modalitatea: urteko LGTBI+ programazioa.

2024. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu asmo diren emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Zeinahi aukeratan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira soil-soilik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira ezbairik gabe, 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira.

4.4.1. Zuzeneko gastuak:

a) Laguntza teknikoa. Pertsona fisikoen edo juridikoen kontratazioa baino ez da diruz lagunduko apartatu honetan. Toki entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, 1., 2. eta 3. modalitateetan. 4. modalitatearen kasuan, entitate onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen duen diruz lagundutako jarduerak ez du gaindituko diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %50.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitate eta zabalkunde gastuak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

f) Beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar), gastu horiek diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean bakarrik sortzen badira.

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %10 arte proiektuaren zeharkako gastuei egozten ahalko zaie, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, eta betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan LGTBI+ arloko eta generoko ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Aisiako jarduerak edo jostetako jarduera ludikoak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean LGTBI+ arloaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

c) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, 0-3 tartea barne, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola-orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4.1. ataleko f) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen ekipamenduak edo produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

e) Jarduerak grabatzeko gastuak.

f) Zenbatetsitako kostua merkatuko balioa baino nabarmen handiagoa duten gastuak.

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak. Deialdi honetarako, 70.000 euro bideratu dira guztira.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Proiektu bakoitzeko gehienez 6.000 euroko dirulaguntza emanen da (proiektu horrek modalitate bat baino gehiago hartzen badu ere), aurkeztutako proiektuaren kostua guztira zeinahi dela ere.

5.3. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

  • 81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.
  • 60-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskabide-eredua edo -ereduak (modalitate baterako baino gehiagorako dirulaguntza eskatuz gero) (3. eranskina), memoria barne. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den memoria horretan, proiektua eta horren jardueren aurrekontu xehatua deskribatuko dira. Garatuko diren jarduera guztiak banakatuko dira, eta proiektu horren aurrekontu globala ez da baliozkoa izanen. Zenbat modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, hainbat eskabide-eredu aurkeztu beharko dira.

Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren Tramiteen katalogoan lor daitezke ereduak (www.nafarroa.eus).

b) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (4. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian jasotako betekizun guztiak bete direla. Dokumentu hori soilik aurkeztu beharko da LGTBI+ arloko tokiko plan bat egiteko 2. modalitaterako dirulaguntza eskatu bada.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ez da zuzentzen ahalko. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez 10 egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), "Tramitatu" aukeratuz.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzean, instrukzio-organoarekin ariko dira NABIko LGTBI+ Zuzendariordetzako teknikariak. Irizpen lotesle bat eginen dute ebazpen-proposamenari dagokionez, eta beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egiten ahalko dituzte ebazpen-proposamena zehazteko erabiliko den informazioa zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaeren balorazioa 2. eranskinean jasotako irizpideen arabera eginen da, deialdi honetako 5.2 eta 5.3 oinarrietan adierazitakoari jarraikiz.

8.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean, entitate onuradunen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira (justifikatu beharreko zenbatekoak proiektuaren aurrekontutik onartutako gastuekin bat etorri beharko du), eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien. Hasieran emaniko dirulaguntzak hainbanatzen badira aurrekontu nahikorik ez dagoelako, justifikatu beharreko hasierako zenbatekoa hainbanaketa horretara egokituko da.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki entitate onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11 artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzak jasotzen dituztenean horien araudian jasotako baldintzetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Horretarako, dirulaguntzen gainean ebatzi ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.

10.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza ordainduko da behin dirulaguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

10.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2024ko urriaren 31n, beranduenez:

–Memoriaren eredua edo ereduak (baldin eta dirulaguntza modalitate baterako baino gehiagorako eskatu bada) (5. eranskina), berariaz diseinaturiko eskaera-ereduetan aurkeztu beharko dira. Eredu horiek Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko dira.

−Toki entitatearen idazkariaren ziurtagiria (6. eranskina). Honako hau hartuko du barnean: diruz lagundutako proiektuaren gastu osoaren justifikazioa eta diruz lagundutako jarduketen eta haien kostuen adierazpena, haiek garatzean izan diren gastuak banan-banan zehaztuta. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuen ordainketa, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–Gastuen eredua (7. eranskina), kalkulu-orriaren formatuko zerrenda bat barne hartuta eta, bertan, egindako ekintzen gastu guztiak banakatuta.

−Enpresaren hautapenaren ziurtagiria (8. eranskina): Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Horietan, agerian gelditu behar da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra. Baldintza hori betetzeko, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuarekin lotuta sortzen den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak zati batean aldatu zuenean) xedatutakoari jarraituz.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona / Diruz laguntzen du". Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, tramiteen webgunean, eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

10.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioan akatsak badaude haiek frogatzeko orduan, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak aurkez ditzan 10 egun balioduneko epean. Toki erakundeak eskaeran adierazi duen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEb) eginen da errekerimendu hori, telematikoki.

10.4. Emaniko dirulaguntzen zenbatekoa doituko da, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren aldean, kasu hauetan:

–Diruz lagunduriko proiektuaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada.

–Gastua frogatzeko agirien eta ordainagirien bitartez justifikatutako eta NABIk onartutako zenbatekoa txikiagoa bada entitateak, dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean ezarritakoaren arabera, justifikatu beharreko zenbatekoa baino, hala badagokio, oinarri hauetako 9.2 puntuko lehen paragrafoan ezarritakoa aplikatuz, baldin eta ia osorik gauzatu bada, eta egiaztatu bada jarduketak zalantzarik gabe konpromisoak betetzera jo duela.

Deialdi honen baitako dirulaguntzen azken zenbatekoa lortzeko, justifikazioan aurkeztutako eta NABIk onartutako zenbatekoari aplikatu beharko zaizkio 5. oinarriak ezarritako ehunekoak eta, hala badagokio, oinarri hauetako 9.2 puntuko lehen paragrafoak ezarritakoa.

11. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

12. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen zeinahi aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean zeinahi aldaketa egiteko. Izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko, betiere aurkezturiko proiektuan funtsezko aldaketarik egin gabe.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, entitate onuradunari aplikatu behar zaion araudian agindutako moduan.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate, idatzizko edo ahozko zabalkunde motatan, eta testu hau adieraztea: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta".

h) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero-rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.

13. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere ordaindu, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina eta berandutze-interesak eskatuko dira.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

16. oinarria. Arau osagarriak.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK

1., 2. eta 3. modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA:

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

5

Herriaren azterketa soziodemografikoa egiten du

5

Metodologia azaltzen du

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

10

LGTBI+ herritarren eskariak eta beharrak identifikatzea

5

LGTBI+ pertsonek parte hartzeko erabiliko diren tresnak azaltzen ditu

5

Jarduketa-ildoen zehaztapena

5

Politika, zerbitzu eta programen egokitasuna

5

2. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) HEDAPEN ETA KOMUNIKAZIO EKINTZA PROGRAMATUAK

15

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA:

65

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

50

Proiektuaren helburu orokorra eta berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Proiektuaren aurrekontu egokia eta zehatza

15

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuan kontuan hartu da irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

15

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa: https://www.navarra.es/eu/web/servicios-empleado/tramites/on/-/line/subvencion-a-entidades-locales-de-navarra-para-desarrollar-proyectos-dirigidos-al-impulso-y-apoyo-lgtbi-.

Iragarkiaren kodea: F2407709