116. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

58/2024 FORU DEKRETUA, maiatzaren 29koa, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jantokiak.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 47. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola hezkuntza arautzeko eta administratzeko eskumen osoa, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren eta Estatuaren eskumen diren lege organiko guztien manuetan ezarritakoaren arabera.

Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren bidez unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari, eta hortaz Nafarroak bere gain hartu zituen unibertsitateaz kanpoko ikastetxe askoren funtzionamendua kudeatzeko erantzukizunak. Horren kariaz, uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jantokiak derrigorrezko hezkuntza mailetan arautzeko, baita ere Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Agindua, dekretu hori garatzeko.

Foru dekretu horrek indarrean jarraitzen du hogeita hamar urte geroago, eta oso baliagarria izan da eskola jantokiak kudeatzeko. Hala ere, komenigarria da, guztiz, foru dekretu berri bat onestea ikastetxe publikoetako eskola jantokien antolaketa, funtzionamendua eta kudeaketa arautzeko, egungo arau esparrura eta egungo gizartearen beharretara eguneratu eta egokitu behar baita, bai eta eskola adinerako elikadura osasungarriari buruzko gomendio eguneratuetara ere.

Gizarte modernoetan, hezkuntza sistemak funtsezko zeregina bete behar du pertsonen prestakuntzan. Oso garrantzitsuak dira, halaber, hezkuntza ekintza bera egiteko bitartekoak eta inguruabarrak. Hori dela eta, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak nabarmentzen du, beste helburu batzuen artean, oztopo ekonomiko, sozial eta bestelakoak ezabatu behar direla Konstituzioan aitortutako hezkuntza eskubidea behar bezala garatzeko.

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak ezartzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko duela eskualdeko ikastetxeek jantoki-zerbitzua ematea, eta sustatuko duela gainerako ikastetxeek ere zerbitzu hori emateko aukera izatea.

Bestalde, hezkuntza-eremuan elikadura osasungarri, jasangarri eta segurua garrantzitsua dela ezarri da osasunaren arloan indarrean dagoen araudian, bereziki urtarrilaren 16ko 3/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitateko haur-eskoletan eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan elikadura-estilo osasungarriak eta ariketa fisikoa sustatzeko.

Nafarroako gizartean gero eta ozenago eskatzen zaie administrazio publikoei hezkuntzarako sarbidea erraz dezaten. Horretarako, bada, neurri batzuk ezarri beharko dituzte, lagunduko dutenak lana eta familia bateragarri egiten, eta bide emanen dutenak gizonak eta emakumeak lan munduan baldintza berberetan sartzeko. Ildo horretan, agerikoa da eskola jantokiak ematen duen zerbitzuak lagundu egiten diela familiei lan-bizitza eta seme-alaben zaintza egokia uztartzen.

Gizartean eta hezkuntza sisteman izan diren aldaketak direla eta, komeni da eskola jantokiaren zerbitzua arautzea, halako moduz non, batetik, bermatuko baita hezkuntzaren osagarri den zerbitzu hau ematea bizi diren herritik kanpo derrigorrez ikasi behar duten ikasleei, eta, bestetik, aukera emanen baitzaie ikastetxeei zerbitzu hau eskaintzeko hala nahi duten gainerako ikasleei. Eskola jantokiaren zerbitzua hezkuntzaren arloan txertatuta dago, eta alderdi hori nahitaez hartu behar da kontuan, hain zuzen, zerbitzua aprobetxatu eta indartzeko. Ikasleek zerbitzu horren erabiltzaile gisa ikastetxean ematen duten denbora onuragarria izan behar du haientzat eta haien familientzat; izan ere, eskola-ingurunea osasuna sustatzeko gune bat da, eta haurren eta nerabeen ongizatearen oinarriak ezartzen lagundu dezake. Eskola jantokia da elikagai seguru, osasungarri eta jasangarriak eskuratzeko estrategietako bat. Ikasleek eskubidea dute kalitatezko elikadura izateko, eta, orobat, tarte hori aprobetxatu eta prestakuntza integrala jasotzeko, hezkuntza jardueren bitartez, zenbait gairi buruz (elikadura ohiturak, gizarte ohiturak, ohitura osasuntsuak...), hori guztia errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako giroa lagun.

Adierazitako helburuak kontuan hartuta eta ikastetxeen autonomia errespetatuz, era honetako eskola jantokiak erdietsi nahi dira: sukaldea eskolan bertan dutenak eta garaiko nahiz gertuko produktu freskoak erabiltzen dituztenak, baita ekologikoak ere, ahal denean.

Bestalde, laguntzak zabaldu dira despopulatze arrisku handi eta larrian dauden herrietan bizi eta herri horietako ikastetxeetan ikasten dutenengana.

Gainera, familia kontziliazioa errazteko eta Nafarroako Arartekoak gai horri buruz egindako gomendioei kasu egiteko, azken xedapen bat gehitu da Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren 12. artikulua aldatzeko (foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren zerbitzuaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta jantokirako banakako laguntzak), zaintza partekatuko egoeretan eskola garraio kolektibo antolaturako edo laguntza indibidualizaturako eskubidea zabaltze aldera, zehazki adingabeak bizilekua aldatzen badu guraso bakoitzarekin dagoen aldiaren arabera.

Foru dekretu honek hiru titulu, hamaika kapitulu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bakar bat eta hiru azken xedapen ditu.

I. tituluak eskualdeko jantokietarako eta jantoki arruntetarako xedapen komunak jasotzen ditu. I. kapituluan ("Xedapen orokorrak"), honako hauek jasotzen dira: xedea eta aplikazio eremua, eskola jantokiak baimentzea eta ikuskatzea, eskola jantokien sailkapena eta eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana. II. kapituluan ("Eskola jantokirako laguntzak"), eskola jantokirako laguntzen onuradunak eta laguntza horien ordainketa zehazten dira. III. kapituluan ("Segurtasuna eta higienea"), eskola jantokietako segurtasun eta higiene betebeharrak ezartzen dira, bai eta eskola jantokiko zerbitzuaren kontrola ere. Kontrol hori Osasun Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak eginen dute, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

II. tituluak "Eskualdeko eskola jantokiak" du izenburu. I. kapituluan ("Eskualdeko eskola jantokien antolaketa eta funtzionamendua"), eskualdeko eskola jantokiko zerbitzuaren kudeaketa arautzen da. II. kapituluan ("Eskualdeko eskola jantokiko zerbitzuaren erabilera"), plazak esleitzeko irizpideak eta menuen tipologia ezartzen dira. III. kapituluan ("Eskumenak eta betebeharrak eskualdeko jantokietan"), eskola kontseiluaren, ikastetxeko zuzendaritzaren, langile arduradunen, langile administratzaileen eta arretako langileen eginkizunak zehazten dira. Halaber, langile horien ordainsari araubidea eta ikuskapena aipatzen dira. IV. kapituluan ("Kudeaketa ekonomikoa"), eskualdeko jantokien finantzaketa, zerbitzuaren kuotak, familien ordainketak eta ez-ordaintzeak eta zerbitzuaren kontabilitatea jasotzen dira.

III. tituluak "Eskola jantoki arruntak" du izenburu. I. kapituluan ("Eskola jantoki arrunten antolaketa eta funtzionamendua"), zerbitzuaren kudeaketa arautzen da. II. kapituluan ("Eskola jantoki arruntak baimentzea"), baimena emateko, funtsezko aldaketak egiteko eta baimena indargabetzeko prozedura jasotzen da. Gainera, menuen tipologia aipatzen da. III. kapituluan ("Eskumenak eta betebeharrak jantoki arruntetan"), eskola kontseiluaren, ikasleen guraso elkartearen, ikastetxeko zuzendaritzaren eta arretako langileen eginkizunak zehazten dira. IV. kapituluan ("Kudeaketa ekonomikoa"), finantzaketa araubidea, zerbitzuaren kuotak eta familien ordainketak eta ez-ordaintzeak ezartzen dira.

Foru dekretuak zazpi xedapen gehigarri ditu, gai hauei buruzkoak: Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur-eskolen kudeaketa arautzea, Hezkuntza Departamentuaren eta eskola jantoki arrunten arteko lankidetza, eskualdeko jantoki berriak izendatzea, eskualdeko jantoki-zerbitzuaren urteko plana, toki erakundeekiko hitzarmenak, eskola jantokiaren zerbitzua salbuespenez etetea, eta menuak planifikatzeko orientabideak.

Xedapen iragankor bakarrak Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko jantoki arrunten banku kontuak ezereztea agintzen du.

Xedapen indargabetzaile bakarra sartu da orain arte aplikatzen zen araudia indargabetzeko.

Foru dekretuaren amaieran hiru azken xedapen daude. Lehenengoak Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren titulua, 1. artikulua eta 12. artikulua aldatzen ditu (foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren zerbitzuaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola jantokirako banakako laguntzak). Bigarrenak foru dekretua erregelamendu bidez garatzeko ahalmenak aipatzen ditu, eta hirugarrenak, dekretua indarrean sartuko den eguna.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko maiatzaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. TITULUA.–XEDAPEN KOMUNAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea da eskola jantokiko zerbitzu osagarriaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. Foru dekretu hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei, zehazki Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenei, bai eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoei ere, baldin eta eskola jantokiko zerbitzu osagarria ematen badute.

Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten ikastetxe publikoei ere aplikatuko zaie baldin eta, antolaketa arrazoiak direla-eta, eskola garraioa partekatzen badute Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen duten ikastetxeekin.

2. artikulua. Eskola jantokiak baimentzea eta ikuskatzea.

1. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko du indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskola jantokiak irekitzeko eta jardunean jartzeko. Ofizioz ematen ahalko du edo ikastetxeko eskola kontseiluak eskatuta, eta, hala badagokie, hezkuntza ikuskaritzaren, hezkuntza azpiegituren eta osasun publikoaren arloan eskumena duten zerbitzuek aldeko txostena egin ondoren.

2. Eskola jantoki gisa jarduteko baimena lortzeko, jantoki horri alta eman beharko zaio elikadura-segurtasunaren arloan eskumena duen unitatearen osasun-erregistroan.

3. Hezkuntza Departamentuak eskola jantokien funtzionamendua ikuskatuko du, eskola jantokietan, hezkuntza azpiegituretan eta hezkuntza ikuskaritzan eskumena duten zerbitzuen bitartez, bakoitzak bere eskumeneko arloetan, eta jantokien antolamenduari eta kudeaketari buruzko aholkuak ematen ahalko ditu.

3. artikulua. Eskola jantokien sailkapena.

1. Eskola jantokiak, ikasleen eskolatze eremuaren arabera, bi motatan sailka daitezke: eskualdeko jantokiak edo jantoki arruntak.

2. Eskualdeko jantokiak dira Hezkuntza Departamentuak hala izendatzen dituenak, eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez, ikastetxeetan sortzen diren behar zehatz batzuei erantzuteko, hain zuzen ere eskolara joateko Hezkuntza Departamentuak antolatutako garraioa erabili behar duten ikasleak daudenean. Hezkuntza Departamentuak antolatuko ditu, ikastetxeetako eskola kontseiluekin eta zuzendaritzekin lankidetzan.

3. Foru dekretu honetan ezarritako ondorioetarako, Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantokitzat ematen ahalko ditu aurreko paragrafoan jasotako ezaugarriak betetzen ez dituztenak, baldin eta ikasle guztiek edo gehienek honako ezaugarri berezi hauetakoren bat badute:

a) Aukeratutako ikastetxean plazarik ez izateagatik inguruko batera bideratu diren ikasleak.

b) Aukeratutako hizkuntza ereduagatik beste herri batean ikasi behar dutenak.

c) Hezkuntza Bereziko ikasgela espezifikoetara bideratutako ikasleak.

d) Egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak.

4. Jantoki arruntak dira Hezkuntza Departamentuak baimendutako gainerako eskola jantokiak, aurreko apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.

4. artikulua. Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana.

1. Jantoki zerbitzua ematen den ikastetxeetan, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana egonen da, eskola kontseiluak onetsia, eta urteko programazio orokorrean txertatuko da; orobat, ikasturte bukaerako memorian ebaluatuko da eta, hala badagokio, hurrengo ikasturteetarako hobekuntzak proposatuko dira.

2. Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko planak, gutxienez, honako atal hauek izan beharko ditu:

a) Helburuak.

b) Antolaketa eta funtzionamendua.

c) Ikastetxearen bizikidetza plana jantokiko denborara egokitzea.

d) Jantokia hezkuntza ingurune gisa sustatzeko jarduerak.

3. Planaren helburuei dagokienez, eta eskola jantokia hezkuntza prozesuan integratzeko, honako helburu hauek bete beharko dira, gutxienez:

a) Osasunerako, higienerako eta nutriziorako hezkuntza sustatzea.

b) Elikadura ohitura osasungarriak eta jasangarriak sustatzea.

c) Ikasleen portaera egokia sustatzea jan bitartean, baita jan aurretik eta ondotik ere, eta aho-hortzen higienea zaintzea.

d) Ikasleen arteko lankidetza, elkartasuna, inklusioa, hezkidetza eta bizikidetza bultzatzea.

e) Ikasleen garapen psikologikoa, soziala eta afektiboa bultzatzea, bai eta ohitura soziokulturalak sustatzea ere.

4. Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitu beharko da.

II. KAPITULUA.–ESKOLA JANTOKIRAKO LAGUNTZAK

5. artikulua Eskola jantokirako laguntzen ikasle onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira eskola jantokirako laguntzaren onuradunak:

a) Eskola garraiorako eskubidea duten ikasleak, eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen araudiaren arabera.

b) Haur Hezkuntzako bigarren zikloa edo Lehen Hezkuntza egiten ari diren eta egoera ekonomiko ahulean dauden ikasleak.

c) Despopulatze arrisku handi eta larrian dauden herrietan bizi eta herri horietako ikastetxeetan ikasten duten ikasleak, toki administrazioaren eta despopulatzearen arloetan eskumena duen zuzendaritza nagusiak horri buruz ezarritakoaren arabera.

2. Salbuespen gisa, jantokirako laguntzak ematen ahalko zaizkie aurreko apartatuan ezarritako egoeretan ez dauden ikasleei, behar bezala justifikatutako inguruabarrak gertatzen direnean, ikastetxeak eskatuta eta eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez.

3. Laguntza horien zenbatekoa ikasturtero zehaztuko da, eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpenaren bidez.

6. artikulua. Eskola jantokirako laguntzak ordaintzea.

1. Eskola jantokirako laguntzak hiru hilean behin ordainduko dira. Horretarako, alabaina, ikastetxeak jakinarazi beharko die eskola jantokien arloan eskumena duen zerbitzuari eta, jantoki arrunten kasuan, ikasleen guraso elkarteari, zer ikaslerengatik eskatzen duen jantokiko laguntza, zehaztuta eskaeraren onuraduna zer motatakoa den, aurreko artikuluaren arabera.

Jantoki arrunten kasuan, ordainketak ikasleen guraso elkarteak emandako kontuan egiten ahalko dira hiruhileko bakoitza amaitu baino lehen, eta ondoren hurrengo ordainketekin konpentsatuko dira.

2. Hiruhileko bakoitza amaitzean, ikastetxeek edo ikasleen guraso elkarteak hiruhilekoko benetako zerbitzu-egunetan jantokia erabili duten ikasleen zerrenda bidaliko dute.

3. Eskola kontseilu edo ikasleen guraso elkarte bakoitzak zainduko du, emandako laguntzak zer ikaslerentzat diren, ikasle horiei soilik egiten dietela mesede.

III. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA

7. artikulua. Segurtasun eta higiene betebeharrak eskola jantokietan.

1. Ikasturte bakoitzean, jantokia martxan jarri aurretik, toki erakundeek bermatuko dute jantoki zerbitzurako lokalen garbiketa, desinfekzioa eta izurrien kontrola, bai eta sare elektrikoko instalazioen eta ur eta gas harguneen funtzionamendu egokia ere.

2. Jantoki zerbitzua ematen duenak betebehar hauek izanen ditu:

a) Segurtasun eta higienearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako eskakizunak beteko ditu.

b) Sukaldea, jangela, biltegiak eta jantoki zerbitzurako gainerako espazioak garbitu eta desinfektatuko ditu, baita ekipoak, lanabesak eta tresneria ere.

c) Biltegiratutako elikagaien kontrola bermatuko du.

d) Trazabilitate sistemak ezarriko ditu, bermatzeko giza osasunerako arriskuren bat badago elikagai bati lotuta, argi eta garbi mugatzen ahalko dela produktua eta berehala erretiratzen ahalko dela.

e) Sortutako hondakinak kudeatuko ditu.

f) Laginak izanen ditu, egunero prestatzen eta ematen diren janarien adierazgarriak, azterketa epidemiologikoak egin ahal izateko.

g) Elikagaien segurtasuna kudeatzeko sistema bat izanen du, garatzen duen jarduerarako egokia izanen dena.

8. artikulua. Eskola jantokiko zerbitzuaren kontrola.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:

a) Jantokien osasun egoera kontrolatuko du, toki erakundeek arlo horretan dituzten eskumenak alde batera utzi gabe.

b) Eskola jantoki guztien kontrolak eginen ditu erregulartasunez, arriskuaren arabera eta osasun arloan eskumena duten agintariek zehaztutako maiztasunarekin.

c) Eskaintzen diren elikagaien nutrizio-kalitatea ebaluatuko du.

2. Ikasturtearen hasieran, Hezkuntza Departamentuak zerrenda bat emanen dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, zeinetan bilduko baitira elikagaien segurtasunaren arloko unitate eskudunaren osasun-erregistroan alta emanda egon behar duten jantoki baimenduak.

3. Hezkuntza Departamentuak edo, hala badagokio, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak kontrol espezifikoak eta jarraipen kontrolak egiten ahalko dituzte beharrezkotzat ematen duten aldizkakotasunarekin. Horretarako, eskola jantokietara bisita programatuak edo programatu gabeak eginen dituzte, jantoki zerbitzuaren kalitate orokorra ziurtatzeko, honako irismen honekin:

a) Kalitate objektiboa: menuen kontrol higienikoak eta sanitarioak, eta ezaugarri dietetiko eta nutrizionalen kontrolak.

b) Kalitate subjektiboa: menuen ezaugarri organoleptikoen kontrolak eta menuen arrakasta.

II. TITULUA.–ESKUALDEKO ESKOLA JANTOKIAK

I. KAPITULUA.–ESKUALDEKO ESKOLA JANTOKIEN ANTOLAKETA
ETA FUNTZIONAMENDUA

9. artikulua. Eskualdeko eskola jantokien zerbitzuaren kudeaketa

1. Eskola jantokia zerbitzu osagarria da, ikasturteko eskola egun guztietan eman beharrekoa. Honako hauek barne hartzen ditu:

a) Janari zerbitzua, menuak programatzea, prestatzea eta banatzea barne, eta baldintza eta kontrol higienikoak eta sanitarioak betetzen direla bermatzen duten jarduketa guztiak eginda.

b) Hezkuntza zaintza eta arreta, bai jan bitartean, bai jan aurretik eta ondotik, osasuna, elikadura ohiturak eta gizarte trebetasunak sustatuta, bai eta kulturarekin, kirolarekin eta aisiarekin lotutako ohiturak bultzatuta ere.

2. Jantoki zerbitzua modalitate hauetakoren baten bidez emanen da:

a) Ikastetxean bertan prestatutako janariak banatzea.

b) Sukalde zentral batean edo hurbileko ikastetxe batean prestatu ondoren ikastetxera lerro beroan garraiatutako janariak banatzea.

c) Sukalde zentral batean edo hurbileko ikastetxe batean prestatu ondoren ikastetxera lerro hotzean garraiatutako janariak banatzea.

3. Eskola jantokiko zerbitzua, oro har, zeharkako kudeaketaren bidez emanen da, enpresa espezializatuen eskutik

4. Hezkuntza Departamentuak esleituko du eskola jantokiko zerbitzua, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearekin bat etorriz.

5. Hezkuntza Departamentuak hitzarmenak egiten ahalko ditu toki erakundeekin, zehazki eskola jantoki zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartu nahi dutenekin.

6. Salbuespen gisa, bazkaltiar gutxi daudenean edo beste inguruabar batzuek hala gomendatzen dutenean, erabaki ahalko da zerbitzu hori jendearentzat irekita dauden beste establezimendu batzuetan, entitateetan edo erakundeetan ematea, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzen badute. Jendearentzat irekita dauden establezimenduek edo entitate nahiz instituzio horiek osasun erregistroan jakinarazi beharko dute, jarduera hori gauzatzeko.

II. KAPITULUA.–ESKUALDEKO ESKOLA JANTOKIKO ZERBITZUAREN ERABILERA

10. artikulua. Plazak esleitzeko irizpideak.

Ikastetxeko eskola kontseiluak honako lehentasun hurrenkera honen arabera esleituko ditu jantokiko plazak:

1. Garraiatutako ikasleak.

2. Eskola kontseiluak onartutako irizpideen arabera lehentasuna duten ikasleak; horietan, arreta berezia emanen zaie familiaren egoera ekonomikoari eta 3.3 artikuluan zehaztutako gainerako inguruabarrei.

3. Laguntzaren onuradun ez diren ikasleak, ama genero indarkeriaren biktima bada.

4. Laguntzaren onuradun ez diren ikasleak, guraso bakarreko familiakoak.

5. Laguntzaren onuradun ez diren ikasleak, baldin legezko tutoreek lan egiten badute eta lan ordutegiak eta eskola ordutegia bateraezinak badira. Atal honetan, familia ugarietako ikasleek izanen dute lehentasuna.

6. Etxera joateko zailtasun handiak frogatzen dituzten ikasleak.

7. Ikastetxeko gainerako ikasleak.

11. artikulua. Eskualdeko jantokietako menuen tipologia.

1. Askotariko menu nutritiboa eskainiko da, adin talde bakoitzaren beharretara egokitua; erabiltzaile guztiek menu bera izanen dute, salbuespenezko eta justifikatutako arrazoiengatik bestelako bat behar dutenek izan ezik. Giza Nutrizioan eta Dietetikan prestakuntza egiaztatua duten profesionalek diseinatu eta gainbegiratuko dute menua, elikadura osasuntsua, jasangarria eta inklusiboa sustatuz eta nutrizio kalitatea bultzatuz eta kontrolatuz, haurtzaroan eta nerabezaroan gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitu eta kontrolatzeko.

2. Elikagai jakin batzuei alergia edo intolerantzia dieten ikasleen kasuan, edo elikadura espezifikoa behar duten gaixotasun edo nahasmendu somatikoak dituzten ikasleen kasuan, zerbitzuaren adjudikaziodunak patologiekin bateragarriak diren menu espezifikoak eman beharko ditu, betiere jantokiko arduradunaren aurrean egiaztatzen badira dagokion ziurtagiri mediko ofizialaren bidez.

Salbuespenez, menu espezifiko horiek eskaini ezin badira, ikasleek beren janaria eraman ahal izanen dute, eta beharrezkoak diren kontserbazio- eta berotze-bitartekoak emanen zaizkie. Bitarteko horiek janari horietarako baino ez dira erabiliko.

3. Ahal dela, menu bereziak eskainiko zaizkie erlijio, kultura eta etika arrazoiak direla-eta elikadura espezifikoa behar duten ikasleei, eskola jantokian gizarte inklusioa sustatzeko.

III. KAPITULUA.–ESKUALDEKO JANTOKIETAKO ESKUMENAK
ETA BETEBEHARRAK

12. artikulua. Eskola kontseilua.

Hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eginkizunak:

a) Eskola jantokiaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak zehaztea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Eskola jantokiko aurrekontuak prestatzea, ordaindu beharreko kuotak eta urteko balantzea onestea, eta jantokiaren funtzionamendurako funtsak behar bezala administratzeko jarraibideak ematea.

c) Jantokiko arduraduna, jantokiko administratzailea eta irakasle zaintzaile boluntarioak izendatzea.

d) Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana onestea eta ebaluatzea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

e) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

13. artikulua. Ikastetxearen zuzendaritza.

Hauek dira ikastetxeko zuzendaritzaren eginkizunak:

a) Jantokiaren antolaketa eta funtzionamendua gainbegiratzea.

b) Jantoki zerbitzua ematen den bitartean ikastetxeko bizikidetza araudia betetzen dela gainbegiratzea, eta araudian ezarritako neurriak aplikatzea.

c) Ikasleei ematen zaien hezkuntza arretaren kalitatea zaintzea.

d) Jantokiko arduradunarekin batera, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana egitea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

e) Ikasturte hasieran, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko planaren eta horren arauen berri ematea familiei.

f) Jantokian lan egiten duten ikastetxeko irakasleen buru izatea.

g) Kontabilitatearen kudeaketa kontrolatzea.

h) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

14. artikulua. Eskualdeko eskola jantokietako arduradunak.

1. Eskola kontseiluak ikastetxeko irakasleen artean jantokiaz arduratuko den pertsona bat izendatuko du. Pertsona hori ikasturte baterako aukeratuko da, eta aurreko ikasturte batean aukeratutako pertsona bera izan daiteke.

Hautagairik ez badago, eskola kontseiluak pertsona bat izendatuko du ikastetxeko irakasleen artetik, nahitaez.

2. Arduradunak bazkalorduan eta bazkaldu aurreko eta ondoko denbora librean emanen ditu zerbitzuak.

3. Hauek dira jantokiko arduradunaren eginkizunak:

a) Jantoki zerbitzua antolatzea.

b) Zuzendaritza taldearekin batera, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana egitea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

c) Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana eta osasun, higiene eta segurtasun arauak betetzen direla zaintzea.

d) Jantokian lan egiten duten gainerako langileei aginduak ematea.

e) Jantokirako dirulaguntza duten ikasleak zerbitzua erabiltzen dutela gainbegiratzea eta kontrolatzea, eta informazio hori Hezkuntza Departamentura bidaltzea, hark emandako bitartekoen bidez.

f) Zerbitzua behar bezala ematen dela gainbegiratzea, batez ere programatutako menuak eskaintzeari eta elikagaien ezaugarriei dagokienez.

g) Inbentarioa egitea, eta antzemandako gorabeherak eta premiak jakinaraztea eskola jantokien arloan eskumena duen zerbitzuari, zerbitzu horrek emandako bitartekoen bidez.

h) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

4. Jantokiko arduraduna elkarlanean arituko da zerbitzua ematen duenarekin aurreko eginkizunak behar bezala betetzeko.

5. Jantokiko arduradunak erabiltzaileekin bazkalduko du, eta zerbitzu hori doan erabiltzeko eskubidea izanen du.

15. artikulua. Eskualdeko eskola jantokietako administratzaileak.

1. Eskola kontseiluak, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeko langileen artetik (irakasleak edo irakasle ez direnak), jantokiko administratzaile bat izendatuko du ikasturte baterako. Aurreko ikasturte batean aukeratutako pertsona bera izan daiteke, bai eta jantokiko arduraduna bera ere.

Boluntariorik ez badago, eskola kontseiluak berak aukeratuko du administratzailea.

2. Hauek dira jantokiko administratzailearen eginkizunak:

a) Ordainketak agintzea eta ordainagiriak eskola kontseiluari ematea.

b) Kobrantzak kudeatzea eta jantokiko kontuan sartzea.

c) Kontabilitatea eramatea.

d) Kontuak eskola kontseiluari aurkeztea.

e) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

16. artikulua. Eskualdeko jantokietako arretako langileak.

1. Hezkuntza Departamentuaren mendeko irakasle zaintzaile boluntarioak:

Eskualdeko jantokietan irakasle zaintzaile boluntario bat egon daiteke. Izangai bat baino gehiago badago, eskola kontseiluak zehaztuko ditu irizpideak ikasturterako irakasle zaintzaile hori izendatzeko.

Jantokiko irakasle zaintzaile boluntarioari honako eginkizun hauek dagozkio bazkalorduan eta bazkaldu aurreko eta ondoko denbora librean:

a) Jantoki zerbitzuaren hezkuntza arreta zaintzea.

b) Ikasle bazkaltiarren portaera zuzena zaintzea.

c) Jantokiko arduradunarekin elkarlanean aritzea eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana betetzeko.

2. Kontratuaren adjudikaziodunaren mendeko zaintzaileak:

Kontratuaren adjudikaziodunak behar diren zaintzaileak jarriko ditu, ikasturte bakoitzaren hasieran eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez zehazten diren ratioak kontuan hartuta.

Langile horiek bazkalorduan eta bazkaldu aurreko eta ondoko denbora librean emanen dituzte zerbitzuak.

Langile horien eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Ikasle bazkaltiarrak gainbegiratzea eta zaintzea jantokian, bai eta jantokian sartu aurreko eta ondoko denboran ere.

b) Beren kabuz moldatu ezin diren ikasleei laguntzea.

c) Ikasle bazkaltiarren portaera zuzena zaintzea eta haien arteko gatazkak saihestea.

d) Ikasleen portaera eta jokamolde egokia zaintzea jan bitartean, baita jantokiko tresneriaren erabilera eta kontserbazio egokia ere.

e) Laguntasuna, erantzukizuna eta lankidetza sustatzea zenbait ekintzatan, hala nola ogia edo ura banatzean, mahaiak jarri eta jasotzean edo ikasle bazkaltiar gazteenak zaintzean.

f) Bazkalorduan behar diren jarduerak egitea, ikasle bazkaltiarrek ohitura osasungarriak eta egokiak har ditzaten elikadurari, higieneari eta gizarte harremanei dagokienez.

g) Elikagaiak banatzen laguntzea eta jaten direla zaintzea, ikasleen apetitu-sentsazioa errespetatuz eta nork bere burua erregulatzen ikasteko aukera emanez.

h) Ikastetxeko jantokiko arduradunari jakinaraztea jantoki zerbitzuaren edozein gorabehera.

i) Jantokiko arduradunarekin elkarlanean aritzea eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana betetzeko.

j) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

3. Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntza laguntzako espezialistak:

Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntza laguntzako espezialistek arreta emanen dute jantoki zerbitzuan; beraz, enpresek ez dute zaintzailerik jarriko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Departamentuaren mende ari diren hezkuntza laguntzako espezialistek artatuko dute esleituak dituzten hezkuntza-premia berezidun ikasleen jantokiko zerbitzua, eta kontratuaren esleipendun den enpresako begiraleek zainduko dute jantokiko zerbitzu osoa.

Hezkuntza laguntzako espezialistek inklusio-gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta beren eginkizunak betetzeko behar adina denbora eta langile izanen dituzte, ikasleentzako kalitaterik handienarekin.

17. artikulua. Eskualdeko jantokietako langileen ordainsariak.

Irakasle zaintzaile boluntario, jantokiko arduradun edo jantokiko administratzaile direnek eskubidea izanen dute Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean langile horientzat urtero ezartzen den diru saria jasotzeko.

18. artikulua. Eskola jantokietako langileak gainbegiratzea.

Eskola jantokien arloan eskumena duen zerbitzuak gainbegiratuko du arduradunek, administratzaileek eta irakasle zaintzaile boluntarioek beren eginkizunak betetzen dituztela, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari hautemandako gorabeheren berri ematen ahalko dio.

IV. KAPITULUA.–KUDEAKETA EKONOMIKOA

19. artikulua. Eskualdeko jantokien finantzaketa.

Eskualdeko jantokien finantzaketa Administrazioaren ekarpenen eta ikasle bazkaltiarren kuoten bidez eginen da.

20. artikulua. Zerbitzuaren kuotak.

1. Eskola kontseiluak zehaztuko ditu ikasleek ordaindu beharreko kuotak.

2. Hezkuntza Departamentuak ikasle bazkaltiarrek jantoki eta ikasturte bakoitzerako ordaindu beharreko gehieneko kuota ezarri ahalko du, eta, halakorik bada, gehieneko kuotaren eta zerbitzuaren kostuaren arteko aldea bere gain hartuko du.

21. artikulua. Ikasleen ordainketak eta ez-ordaintzeak.

1. Kuotak ordainagiria jaso ondoren ordainduko dira, eskola kontseiluak ezarritako epeetan eta moduan.

2. Ikasleek kuotak ordaintzen ez badituzte, jantokiko plaza galdu ahalko dute. Plaza kentzeko erabakia eskola kontseiluak hartuko du.

3. Eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez zehaztuko du jantokirako laguntzak jasotzen dituzten ikasleek jantoki zerbitzura ez joateagatik ordaindu beharreko zenbatekoa.

22. artikulua. Zerbitzuaren kontabilitatea.

1. Ikastetxeek kontu propio bat izanen dute jantoki gastuetarako, funtzionamendu gastu orokorren kontutik aparte, zerbitzuaren funtzionamendutik eratorritako gastu eta diru-sarrerekin.

2. Administrazioaren ekarpenak ikastetxe bakoitzeko jantokiko kontuan sartuko dira zuzenean.

3. Jantokirako laguntzak jantokiko kontuan sartuko dira, eta laguntza horiek kontu horretan bakarrik erregistratu beharko dira.

4. Administratzaileak aginduak ematen ahalko ditu jantokiko kontutik ordainketak egiteko, ikastetxeko zuzendaritzak oniritzia eman ondoren. Halaber, jantokiko gastuen ordainketa gauzatuko du, gutxienez hiru hilean behin.

5. Urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen, jantokiaren administratzaileak eskola jantokien arloan eskumena duen zerbitzuari bidaliko dio aurreko ikasturteko balantze ekonomikoaren aktaren kopia, eskola kontseiluak onetsi ondoren.

6. Jantokiaren ustiapen superabita, ahal dela, eskola jantokiko instalazioak, lanabesak eta tresneria hobetzeko erabiliko da, bai eta bazkaltiarren kuotak murrizteko ere.

III. TITULUA.–ESKOLA JANTOKI ARRUNTAK

I. KAPITULUA.–ESKOLA JANTOKI ARRUNTEN ANTOLAKETA
ETA FUNTZIONAMENDUA

23. artikulua. Eskola jantoki arrunten zerbitzua kudeatzea.

1. Eskola jantokia zerbitzu osagarria da, eta honako hauek biltzen ditu:

a) Janari zerbitzua, menuak programatzea, prestatzea eta banatzea barne, eta baldintza eta kontrol higienikoak eta sanitarioak betetzen direla bermatzen duten jarduketa guztiak eginda.

b) Hezkuntza zaintza eta arreta, bai jan bitartean, bai jan aurretik eta ondotik, osasuna, elikadura ohiturak eta gizarte trebetasunak sustatuta, bai eta kulturarekin, kirolarekin eta aisiarekin lotutako ohiturak bultzatuta ere.

2. Zerbitzua kudeatu ahal izanen du ikastetxeko ikasleen guraso elkarteak, elkarte hori barnean biltzen duen ikasleen guraso elkarteen federazioak edo, hala badagokio, toki erakundeak, eta zeharkako kudeaketaren bidez emanen da zerbitzu hori oro har, enpresa espezializatuak erabiliz.

3. Jantoki zerbitzua modalitate hauetakoren baten bidez emanen da:

a) Ikastetxean bertan prestatutako janariak banatzea.

b) Sukalde zentral batean edo hurbileko ikastetxe batean prestatu ondoren ikastetxera lerro beroan garraiatutako janariak banatzea.

c) Sukalde zentral batean edo hurbileko ikastetxe batean prestatu ondoren ikastetxera lerro hotzean garraiatutako janariak banatzea.

4. Salbuespen gisa, bazkaltiar gutxi daudenean edo beste inguruabar batzuek hala gomendatzen dutenean, erabaki ahalko da zerbitzu hori jendearentzat irekita dauden beste establezimendu batzuetan, entitateetan edo erakundeetan ematea, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzen badute. Jendearentzat irekita dauden establezimenduek edo entitate nahiz instituzio horiek osasun erregistroan jakinarazi beharko dute, jarduera hori gauzatzeko.

II. KAPITULUA.–ESKOLA JANTOKI ARRUNTAK BAIMENTZEA

24. artikulua. Baimentzeko prozedura.

1. Eskola jantokia funtzionatzeko baimen-eskaera bidali beharko zaio eskola jantokien arloko gaietan eskumena duen Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusiari. Eskaerak ikastetxeko eskola kontseiluko presidentearen sinadura izan beharko du, bai eta ikastetxeko ikasleen guraso elkartearen berariazko konpromiso idatzia ere. Eskaerarekin batera, eskola kontseiluak jantokiari buruz hartutako erabakiaren akta aurkeztuko da.

Gainera, memoria labur bat erantsiko zaio, eskola kontseiluko buruak sinatuta, zeinetan deskribatuko baitira proiektatutako jantokiaren ezaugarri orokorrak. Memoria horretan honako alderdi hauek aipatuko dira:

a) Jantokirako eskatutako sailkapena eta funtzionamendu araubidea.

b) Ikastetxearen planoak, eskola jantokiko gela eta zerbitzuetarako espazioen kokapena erakusten dutenak.

c) Erabiltzaileen gutxi gorabeherako kopurua, edukiera eta, hala badagokio, bazkari txandak.

d) Bazkaltzeko txandaren aurreko eta ondoko denborarako programatutako jarduerak.

e) Jantokia finantzatzeko aurreikusitako sistema.

2. Baimena eman aurretik, ikastetxeko zuzendaritzari kontsulta egiten ahalko zaio, eta hezkuntza ikuskapenaren, hezkuntza azpiegituren eta osasun publikoaren arloan eskumena duten zerbitzuen aldeko txostena beharko da.

3. Eskola jantoki arrunt gisa jarduteko baimena lortzeko, jantoki horri alta eman beharko zaio elikadura-segurtasunaren arloan eskumena duen unitatearen osasun-erregistroan.

4. Hezkuntza Departamentuak baimena ematen badu, aukera emanen du eskola jantokiak zehazten den modalitatean funtziona dezan. Hezkuntza Departamentuak baimena emanen du behar diren lokalak aldi baterako eta doan erabiltzeko.

25. artikulua. Funtsezko aldaketak, eta baimena indargabetzea.

1. Jantoki baten funtzionamendua baimendu ondoren, ez da beharrezkoa izanen eskaera urtero errepikatzea, funtsezko aldaketak gertatzekoak direnean izan ezik; kasu horretan, aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio eskola jantokien arloan eskumena duen Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusiari.

Funtsezko aldaketa horiek aztertu ondoren, departamentuak jakinaraziko du aldaketak onartzen edo ukatzen dituen, arrazoiak emanda.

2. Jantoki arrunt bati emandako baimena indargabetzen ahalko da, baldin eta baimena ematea eragin zuten inguruabarrak aldatzen badira eta aurreko apartatuaren arabera aldez aurretik onartu ez badira.

26. artikulua. Jantoki arruntetako menuen tipologia.

1. Askotariko menu nutritiboa eskainiko da, adin talde bakoitzaren beharretara egokitua; erabiltzaile guztiek menu bera izanen dute, salbuespenezko eta justifikatutako arrazoiengatik bestelako bat behar dutenek izan ezik. Giza Nutrizioan eta Dietetikan prestakuntza egiaztatua duten profesionalek diseinatu eta gainbegiratuko dute menua, elikadura osasuntsua, jasangarria eta inklusiboa sustatuz eta nutrizio kalitatea bultzatuz eta kontrolatuz, haurtzaroan eta nerabezaroan gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitu eta kontrolatzeko.

2. Elikagai jakin batzuei alergia edo intolerantzia dieten ikasleen kasuan, edo elikadura espezifikoa behar duten gaixotasun edo nahasmendu somatikoak dituzten ikasleen kasuan, zerbitzu emaileak patologiekin bateragarriak diren menu espezifikoak eman beharko ditu, betiere ikasleen guraso elkartearen aurrean egiaztatzen badira dagokion ziurtagiri mediko ofizialaren bidez.

Salbuespenez, menu espezifiko horiek eskaini ezin badira, ikasleek beren janaria eraman ahal izanen dute, eta beharrezkoak diren kontserbazio- eta berotze-bitartekoak emanen zaizkie. Bitarteko horiek janari horietarako baino ez dira erabiliko.

3. Ahal dela, menu bereziak eskainiko zaizkie erlijio, kultura eta etika arrazoiak direla-eta elikadura espezifikoa behar duten ikasleei, eskola jantokian gizarte inklusioa sustatzeko.

III. KAPITULUA.–JANTOKI ARRUNTEN ESKUMENAK ETA BETEBEHARRAK

27. artikulua. Eskola Kontseilua.

Hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eginkizunak:

a) Eskola jantokiaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak zehaztea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Eskola jantokiko aurrekontuak, ordaindu beharreko kuotak eta urteko balantzea gainbegiratzea.

c) Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana onestea eta ebaluatzea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

d) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

28. artikulua. Ikasleen guraso elkarteak.

1. Ikastetxeko ikasleen guraso elkarteari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Jantoki zerbitzua antolatzea.

b) Zuzendaritza taldearekin batera, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana egitea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

c) Jantokian osasun-, higiene- eta segurtasun-arauak betetzen direla zaintzea, eta beharrezkoak diren neurriak aplikatzea osasun publikoko ikuskatzaileek egindako kontrol ofizialetan hautemandako ez-betetzeak zuzentzeko.

d) Jantokiko langileak gainbegiratzea eta horiei aginduak ematea.

e) Jantokirako dirulaguntza duten ikasleak zerbitzua erabiltzen dutela gainbegiratzea eta kontrolatzea, eta informazio hori Hezkuntza Departamentura bidaltzea, hark emandako bitartekoen bidez.

f) Zerbitzua behar bezala ematen dela gainbegiratzea, batez ere programatutako menuak eskaintzeari eta elikagaien ezaugarriei dagokienez.

g) Eskola jantokiko aurrekontuak prestatzea, ordaindu beharreko kuotak eta urteko balantzea onestea, eta jantokiaren funtzionamendurako funtsak behar bezala administratzeko jarraibideak ematea, eskola kontseiluak gainbegiratuta.

h) Kontabilitatearen kudeaketa kontrolatzea.

i) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

2. Ikasleen guraso elkarteak lehen aipatutako eginkizunak utzi ahal izanen ditu, bere zuzendaritzapean eta berak gainbegiratuta, zerbitzua ematen duen enpresa espezializatuaren esku, edo zerbitzua zer erakunderi agintzen dion, haren esku.

29. artikulua. Ikastetxearen zuzendaritza.

Hauek dira ikastetxeko zuzendaritzaren eginkizunak:

a) Jantokiaren antolaketa eta funtzionamendua gainbegiratzea.

b) Jantoki zerbitzua ematen den bitartean ikastetxeko bizikidetza araudia betetzen dela gainbegiratzea, eta araudian ezarritako neurriak aplikatzea.

c) Ikasleei ematen zaien hezkuntza arretaren kalitatea zaintzea.

d) Ikasleen guraso elkartearekin batera, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana egitea, ikastetxearen urteko programazio orokorraren barruan.

e) Ikasturte hasieran, eskola jantokiko zerbitzuaren urteko planaren eta horren arauen berri ematea familiei.

f) Hezkuntza administrazioak ezartzen duen beste edozein.

30. artikulua. Jantoki arruntetako arretako langileak.

1. Jantoki arruntetako zaintzaileen zerbitzua ikasleen guraso elkartearen ardura izanen da, eta zuzenean eman ahalko du, batzarrean aukeratzen dituen bazkideen zerbitzuak erabiliz, edo zeharka, eskola jantokiko zerbitzua emateko kontratatutako enpresaren bitartez.

Nolanahi ere, zaintzaileen eginkizunak eta zaintzailea-bazkaltiarrak ratioa eskualdeko jantokietarako ezarritakoak izanen dira gutxienez.

2. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Departamentuaren mende ari diren hezkuntza laguntzako espezialistek artatuko dute esleituak dituzten hezkuntza-premia berezidun ikasleen jantokiko zerbitzua, eta kontratuaren esleipendun den enpresako begiraleek zainduko dute jantokiko zerbitzu osoa.

Hezkuntza laguntzako espezialistek inklusio-gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta beren eginkizunak betetzeko behar adina denbora eta langile izanen dituzte, ikasleentzako kalitaterik handienarekin.

IV. KAPITULUA.–KUDEAKETA EKONOMIKOA

31. artikulua. Jantoki arrunten finantzaketa.

Jantoki arrunten finantzaketa ikasleen guraso elkartearen kontura izanen da, eta gastua ikasle bazkaltiarren kuotekin eta, hala badagokio, ikasleen guraso elkartearen eta Administrazioaren ekarpenekin estaliko da.

32. artikulua. Zerbitzuaren kuotak.

Ikasleen guraso elkarteak izanen du ordaindu beharreko kuotak zehazteko eskumena.

33. artikulua. Ikasleen ordainketak eta ez-ordaintzeak.

1. Kuotak ordainagiria jaso ondoren ordainduko dira, ikasleen guraso elkarteak ezarritako epeetan eta moduan.

2. Ikasleek kuotak ordaintzen ez badituzte, jantokiko plaza galdu ahalko dute. Plaza kentzeko erabakia ikasleen guraso elkarteak hartuko du.

3. Eskola jantokien arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpen bidez zehaztuko du jantokirako laguntzak jasotzen dituzten ikasleek jantoki zerbitzura ez joateagatik ordaindu beharreko zenbatekoa.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletako eskola jantokiak.

Hezkuntza Departamentuak departamentuari atxikitako haur eskoletako eskola jantokien kudeaketa arautuko du, kudeaketaren berezitasunak aztertu eta ebaluatu ondoren.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hezkuntza Departamentuaren eta eskola jantoki arrunten arteko lankidetza.

Hezkuntza Departamentua lankidetzan arituko da jantoki arrunt baimenduak dituzten ikastetxeetako zuzendaritzekin eta ikasleen guraso elkarteekin, segurtasun eta higiene gidak, elikadura ohiturak, menu osasungarriak eta eskola jantokien kalitatea hobetzeko interesgarria izan daitekeen beste edozein gai zehazteko.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Eskualdeko jantoki berriak izendatzea.

Hezkuntza Departamentuak azterlan bat eginen du, aztertzeko ea zer aukera dauden eskola jantoki arrunt jakin batzuk eskualdeko eskola jantoki izendatzeko, ikastetxe horietako ezaugarri bereziak aintzat hartuta. Azterketa hori 2026-2027 ikasturtea hasi baino lehen amaituta egon behar da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana.

Foru dekretu honen 4. artikuluan aipatzen den eskola jantokiko zerbitzuaren urteko plana 2025-2026 ikasturtea hasi baino lehen onetsi beharko da.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Hitzarmenak eskolako jantokiaren kudeaketa beren gain hartu nahi duten toki erakundeekin.

Foru dekretu honen 9.5 artikuluan aipatzen den eskola jantokiko zerbitzuaren kudeaketa beren gain hartu nahi duten toki erakundeekin hitzarmenak formalizatu ahalko dira, 2025-2026 ikasturtetik aurrera ondorioak izan ditzaten, ikasturte hori barne.

Seigarren xedapen gehigarria.–Eskola jantokiko zerbitzua salbuespenez etetea garraiatutako ikasle jakin batzuentzat.

Salbuespen gisa, jantoki zerbitzua emateari utzi ahalko zaio, unean-unean, garraiatutako ikasle jakin batzuei, baldin eta, eskola garraioko zerbitzuaren antolaketa premiak direla-eta, ibilbidea jantoki zerbitzurik gabe hasi behar badute.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Menuak planifikatzeko orientabideak.

Hezkuntza Departamentuak, Osasun Departamentuarekin lankidetzan, menuen plangintzari eta familiei eman beharreko informazioari buruzko orientabideak argitaratuko ditu.

Xedapen iragankor bakarra.–Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko jantoki arrunten banku kontuak ezereztea.

Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko jantoki arrunten banku kontuak, foru dekretu hau indarrean sartzen denean indarrean daudenak, gehienez ere sei hilabeteko epean ezereztuko dira, dekretua indarrean jartzen denetik aurrera. Horretarako, bertan dauden zenbatekoak ikasleen guraso elkarteen titulartasuneko banku kontuetara transferituko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen dira honako arau hauek:

–246/1991 Foru Dekretua, uztailaren 24koa, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jantokiak derrigorrezko hezkuntza mailetan arautzen dituena.

–Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Agindua, uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuan xedatutakoa garatzen duena (Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eskola jantokiak arautu zituen foru dekretu horrek).

–Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren VIII. kapitulua ("Jantokirako banakako laguntzak").

–Eta foru dekretu honi aurka egiten dioten xedapen guztiak, maila berekoak edo txikiagokoak.

Azken xedapenetako lehena. Aldatzea Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituena.

1. Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren titulua aldatzen da, honela:

"35/2022 Foru Agindua, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituena".

2. Nafarroako Foru Komunitatean eskola garraioaren antolamendua eta funtzionamendua eta jantokirako banakako laguntzak arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduaren 1. artikulua aldatzen da, honela:

"1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da eskola garraioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

Foru agindu honi dagokionez, eskola-garraiotzat hartuko dira ikasle onuradunak ohiko bizilekutik ikastetxeraino eta ikastetxetik etxeraino eramatea, modalitate guztietan".

3. Foru agindu horren 12. artikulua aldatzen da, honela:

"12. artikulua. Zaintza partekatuko egoeran dauden ikasleak.

Zaintza partekatuko egoeran dauden ikasleek, ohiko bizilekuaren arabera esleitua badute eskola garraio kolektiboko tokia, laguntza indibidualizatua eskatzen ahalko dute beste gurasoaren etxebizitzan bizi diren egunetarako.

Halaber, bigarren gurasoaren bizilekuari dagokionez, eskola garraio kolektibo antolatua edo laguntza indibidualizatua izateko eskubidea izanen dute, baldin eta, distantziaren baldintza betez gero, zaintza eta jagoletza partekatuko egoera bat badago eta adingabeak bizilekua aldatzen badu, guraso bakoitzarekin dagoen aldiaren arabera".

Azken xedapenetan bigarrena.–Araudiaren garapena.

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2408669