111. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

Batzordeak 2022ko maiatzaren 9an egin bilkuran, 2022rako lan publikoaren eskaintza onetsi zen, bete beharrez abenduaren 28ko 20/2021 Legeak xedatutakoa (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea). Errekurtsoa jarri zen 2022ko lan publikoaren eskaintzaren aurka, eta akats zuzenketa argitaratu zen 2022ko azaroaren 21ean. Errekurtsoa jarri da berriz ere, eta 2023ko urtarrilaren 17ko bilkuran erabaki zen lan publikoaren eskaintza deuseztatzea.

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen osoko bilkurak 2023ko urriaren 16an hartu erabaki baten bidez onetsi zen enplegua egonkortzeko 2022rako lan publikoaren eskaintza, abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraikiz (Enplegu Publikoan dagoen Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko Legea). Aipatutako erabakia argitaratu zen 2023ko 235. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 13an.

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2024ko otsailaren 15eko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea. Lanpostu hutsak eta ezaugarriak I. eranskinean zehazten dira:

Lanpostua: mendizain turistikoa. Lanpostu kopurua: 5. Sarbidea: salbuespenezko merezimendu-lehiaketa. Egoera: jardunean. Maila: D. Lanaldia: osoa, 7,5 hilabete. Aldizkako mugagabeak. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %7,99. Txandakako laneko osagarria: %6. Euskara jakitea: merezimendu gisa baloratuko da, %7 C1 mailarako; %5,6 B2 mailarako; %4,2 B1 mailarako; %2,8 A2 mailarako; eta %1,4 A1 mailarako. Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Lanpostua: larrezaina. Lanpostu kopurua: 1. Sarbidea: salbuespenezko merezimendu-lehiaketa. Egoera: jardunean. Maila: D. Lanaldia: osoa, 6 hilabete. Mailako osagarria: %12. Lanpostuko osagarria: %12,99. Euskara jakitea: merezimendu gisa baloratuko da, %7 C1 mailarako; %5,6 B2 mailarako; %4,2 B1 mailarako; %2,8 A2 mailarako; eta %1,4 A1 mailarako. Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

2. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Ezkarozen, 2024ko apirilaren 3an.–Batzordeko burua, Gustavo Goiena Agirre.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beteko dituzte beren lanpostuari dagozkion eginkizunak, eta izanen dituzte lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak, hots, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), eta sailkatuta geldituko dira I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako lanpostuen erreserbarik ere, ezta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Deialdi honen xedeko lanpostu bakoitzerako I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

g) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea eta autoa edukitzea.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurrez aurre aurkeztu beharko dira Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen bulegoetan (Arrotxapea kalea 16, 31690 Ezkaroze, Nafarroa), edo bide telematikoz, posta elektronikoko helbide honen bidez: junta@valledesalazar.com.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eta aurkeztu behar dituzte parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epea amaituko da azken egunaren 13:00etan. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Tasak.

Ez da tasarik ordaindu behar azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik, halakorik ez baitago jasota Batzordearen araudian.

4.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea (II. eranskina) aurkezteko unean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, ordenatuta, jarraikiz merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkerari.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatua.

–Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia izendatuko da deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta izendatu beharko da horien ordezkoen kopuru bera.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, joko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute eduki beharrik lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo bereko titulurik, ez eta ikasketa maila bereko titulurik edo goragokorik ere.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu egiten epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik, eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori, hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.6. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Batzordearen Idazkaritzako iragarki-taulan. Telematikoki ere jakinaraziko da, eta deialdiko izangai bakoitzari mezu elektronikoa bidalita.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen Idazkaritzaren bulegoetan edo posta elektroniko bidez.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta argitaratuko da Idazkaritzaren iragarki-taulan eta interesdunei mezu elektronikoa bidalita.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Nola eginen den merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozedura: baloratuko diren merezimenduak.

Merezimenduak baloratzeko fase bakar bat egonen da. Fase horretan, izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki-erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldia edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldia kontatuko da bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balitz bezala.

6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk: Prestakuntza: gehienez ere 40 puntu.

Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, merezimendu-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

b.1) Ingelesa eta frantsesa (6 puntu gehienez): Frantsesa eta/edo ingelesa jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 3 puntu gehienez haietako bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren pareko ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

b.2) Euskara: Eremu mistoan: Euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 7 puntu gehienez.

a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 1,40 puntu.

b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 2,80 puntu.

c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 4,20 puntu.

d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 5,60 puntu.

e) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko C1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 7,00 puntu.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Nafarroako edozein toki erakundetako egonkortze-prozeduretan, izangaiek, euskararen jakite-maila frogatzeko, merezimendu gisa zein nahitaezko betebehar gisa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakite-mailari buruz emandako egiaztagiriak aurkez ditzakete, baliozkoak izanen baitira xede horretarako dauden titulazio ofizialez gain.

b.3) Lanbide heziketako bigarren mailako edo goi-mailako titulua aurkeztea, baldin eta I. eranskineko lanpostuekin zerikusia badute: gehienez 10 puntu.

b.4) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, bai zentro ofizial publikoek, funtzionarioendako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek emandako ikastaroengatik, bai etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden eta plan horietako entitate, sindikatu edo prestakuntza zentroek ematen dituzten ikastaroengatik, betiere beteko den lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak izanik, gehienez 17 puntu:

–10 eta 19 ordu bitartekoak: 1 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–20 eta 39 ordu bitartekoak: 2 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–40 eta 80 ordu bitartekoak: 4 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–80 ordu baino gehiagokoak: 6 puntu ikastaro bakoitzeko.

Oharrak b.4) apartaturako:

1. Prestakuntzako merezimenduak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian datu hauek agertu beharko dira: ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak.

2. Iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 6 puntuko balorazioa emanen zaie.

4. Apartatu honetan ez dira baloratuko 10 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).

5. Merezimenduak baloratzeko, soilik kontuan hartuko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa eginda, aurreko apartatuek ezarritakoari jarraikiz, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen dutenek lortutako puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio, guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen bulegoetako iragarki-taulan, eta bide telematikoz jakinaraziko da, izangai bakoitzaren posta elektronikoaren bidez. Ordutik, 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dizkio, behar diren izapideak egin daitezen baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen apartatuan puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, apartatu horren azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) behar diren agiriak aurkez ditzaten, baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen edo beste hizkuntza ofizial baten hizkuntza eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa). Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak, mailakatze probak egitearen ondoriozkoak, aplikatuta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Mailakatze proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

9.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori Batzordearen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean, eta posta elektronikoz bidaliko zaie interesdunei.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen bulegoetan edo bide telematikoz, posta elektronikoa erabiliz (junta@valledesalazar.com), izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

10.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzionario izendatuko dira, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak adjudikatuko zaizkie.

11.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte toki-erakundeko funtzionario izateko edo lan-kontratudun langile finko izateko. Hala bada, deialdiaren 10.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan eta posta elektronikoaren bidez.

13.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Zaraitzuko Ibaxaren Batzordea.

Datuak babesteko ordezkaria: junta@valledesalazar.com.

Helburua: lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatutako helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira harik eta Batzordeak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izateari utzi arte. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondotik.

I. ERANSKINA.–Honako deialdi honen ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea)

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHAR DEN TITULAZIOA

HIZKUNTZAK MEREZIMENDUA

5

MENDIZAIN TURISTIKOA

D

Aldizkako langile finkoa

%100

Eskola-graduatua, erdi mailakoa edo baliokidea

Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa

1

LARREZAINA

D

Aldizkako langile finkoa

%100

Eskola-graduatua, erdi mailakoa edo baliokidea

Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa

2.–Baldintzak.

2.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa (lanpostu zenbakiak adierazi): 6.

2.2. Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

2.3. Lanpostu bakoitzerako, 1. puntuko taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea. Eskola-graduatua, erdi mailakoa edo baliokidea.

2.4. Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.5. Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.6. Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

2.7. B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea eta autoa edukitzea.

3.–Toki erakundearen deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira aurrez aurre Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen bulegoetan (Arrotxapea kalea 16, 31690 Ezkaroze, Nafarroa), edo bide telematikoz, posta elektronikoko helbide honen bidez: junta@valledesalazar.com. Epea amaituko da azken eguneko 13:00etan.

4.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2023/235/3

2023ko 235. aldizkaria, azaroaren 13koa.

5.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak 2024ko otsailaren 15ean egin ohiko bilkuraren bidez.

II. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_MERITOS_E.pdf

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN AUTOBALORAZIORAKO FORMULARIOA

https://www.valledesalazar.com/eu/egonkortze-prozesua/

Iragarkiaren kodea: L2407801