99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, Desarrollos Renovables del Norte SLri aurretiazko administrazio baimena ematen diona 11,4 MW-eko potentzia instalatuko La Senda haize-parkerako, zeina Azueloko, Aguilar Kodesko, Arasko eta Vianako udal-mugarteetan kokatuta baitago; Nafarroako probintzian

See/dgpem/sgee/propuesta resolución peol-707 (aap).

Desarrollos Renovables del Norte SLk (aurrerantzean, sustatzailea), 2021eko uztailaren 23an, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen 11,4 MW instalatuko La Senda haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta tramitatu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna jaso da, eta ez da ondorioztatzen instalazioaren kontra dagoela. Sustatzaileari igorri zaio erantzun hori, eta ados dagoela jakinarazi du.

Honako hauek erantzun dute: Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusia, eta baldintza batzuk paratu dituzte. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Kontsulta eginda Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Diselcide-Berruezari, Nasertic-i, Arasko Udalari, Azueloko Udalari, Aguilar Kodesko Udalari, Vianako Udalari, Nafarroako Gobernuko Industriaren Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Ekologistak Martxan erakundeari, ez da erantzunik jaso, eta, beraz, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ados daudela ulertzen da.

Orobat, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoarekin bat, 2021eko 262. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, azaroaren 2koan, eta 2021eko 254. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, aldiz, azaroaren 5ekoan. Zenbait alegazio jaso ziren, eta sustatzailearen erantzuna jaso zuten.

Era berean, aurreproiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren separatak bidali zitzaizkien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari loturik egindako txosten eskaerekin batera, honako hauei: Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusia (Babes Zibila), Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Industriaren Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Diselcide-Berrueza, Nasertic, SECEMU, Gurelur eta Nafarroako Ekologistak Martxan.

Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2022ko martxoaren 22an.

Sustatzaileak 2022ko maiatzaren 18an eskatu zuen La Senda haize-parkearen ingurumen eragina zehazteko.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak ingurumen eragina zehazteko txostena eman zuen (aurrerantzean, IEZT edo ingurumen eragina zehazteko txostena), 2022ko abuztuaren 30eko Ebazpenaren bidez zehaztu zena. Txosten hori aldekoa da, eta bertan ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, barne daudela prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, egindako ingurumen-ebaluazioaren ondoriozkoak direnak. Behar bezala argitaratuta dago Estatuko Aldizkari Ofizialean.

IEZTan ezarritakoaren arabera, proiektuari aplikatuko zaizkio ezarritako ingurumen arloko baldintzak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta, hala badagokio, IIAZn jasotako jarraipen-neurriak, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondoren onetsitakoak, eta informazio gehigarrian proposatutakoak, betiere IEZTan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Onespena egin baino lehen, IIAZn eta IEZTan ezarritako baldintza eta neurri bakoitza definitu eta aurrekontuan sartu beharko du sustatzaileak proiektuan nahiz haren eranskin batean, xehakatuta, halako eran non aipatutako IEZTan zehaztutako neurri bakoitza identifikatzen ahalko baita.

Arestian aipatutakoa kontuan hartuta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioetan aldaketa egiteko eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak betetzeko.

2023ko urtarrilaren 11n, sustatzaileak aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 7. artikuluan ezarritako prozedura sinplifikatuari jarraituz (errege lege-dekretu horren bidez, presako neurriak hartzen dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan), 11,4 MW instalatuko La Senda haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako (20 kV-eko lurpeko lineak). Era berean, sustatzaileak jakinarazi digu, Nafarroako Gobernuaren Ingurumenaren txostena eta ingurumen eragina zehazteko txostena kontuan hartuta, aldaketa batzuk egin direla proiektuan ingurune naturalaren gaineko eragina murrizteko, eta zuzendaritza nagusi honek, aurkeztutako dokumentazioarekin, uste du IEZTan jasotako eskakizunak betetzen direla.

Kontuan harturik Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1. artikuluaren arabera ezin izanen dela sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko baimena lortu du, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoak betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan.

Beraz, energia elektrikoaren ebakuazio-azpiegiturak haize-parkea eta garraio-sarea lotuko ditu, 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan (Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa), garraio-sareak azpiestazio horretan duen posizioaren bidez.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluaren ondorioetarako, 2023ko martxoaren 22an, Desarrollos Renovables del Norte SLk eta Gestión de Recursos Corporativos SLk akordio bat sinatu zuten, La Senda haize-parkearen eta espediente honetatik kanpo dauden beste haize-parke hauen baterako ebakuazio koordinatua egiteko 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan: El Camino, Labraza, Las Llanas de Codés 1. fasea - Aguilar, Las Llanas de Codés 1. fasea - Azuelo eta Las Llanas de Codés 2. fasea - Aras.

Ezertan galarazi gabe ebazpen honekin, ingurumen eragina zehazteko txostenarekin eta sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzekin bat egin beharreko aldaketak, ebakuazio-azpiegituran honako jarduketa hauek aurreikusten dira:

–20 kV-eko 2 lurpeko zirkuitu.

–12/20/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazio jasotzailea; jardunean da, eta ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da. Nafarroako Foru Komunitatearen 2022ko abenduaren 21eko 169/2022 Ebazpenak baimentzen du instalazio horretara konektatzeko posizioa.

–220 kV-eko goi tentsioko aireko linea, 12/20/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazioa 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioarekin konektatzen duena, jardunean da, eta ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

–220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioa; jardunean da, eta ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko. Hala ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluaren arabera, sustatzaileak egiaztatu beharko du proiektua egiteko gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa duela. Horretarako, ebazpen proposamen bat bidali zaio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, dagokion txostena egin dezan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Ikuskapen Erregulatzailearen Salak txostena eman du, 2023ko apirilaren 13an egin bilkuran onetsi zena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak sustatzaileari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta sustatzaileak aldeko erantzuna eman du.

Kontuan izanik abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoaren ekoizleen betebeharren artean ezartzen duela energia elektrikoa ekoizteko beharrezkoak diren jarduera guztiak garatu behar direla baimenean aurreikusitako baldintzetan eta, bereziki, instalatutako potentziaren segurtasunari, erabilgarritasunari eta mantentzeari dagokienez eta eska daitezkeen ingurumen arloko baldintzak betetzeari dagokionez.

Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Desarrollos Renovables del Norte SLri aurretiazko administrazio baimena ematea 11,4 MW-eko potentzia instalatuko La Senda haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako (ondoren zehazten dira), ebazpen honetan jasotako berezitasunekin.

Proiektuaren xedea da haize-parke bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta energia hori sarera eramateko.

Haize-parke honen ezaugarri nagusiak, 2021eko uztailean aurkeztutako "La Senda haize-parkea" aurreproiektuan bilduak, honako hauek dira:

–Teknologia mota: eolikoa.

–Haize-sorgailuen kopurua: 2 haize-sorgailu, bakoitza 5,7 MW-ekoa.

–Instalatutako potentzia: 11,4 MW.

–Sarbiderako ahalmena, Red Eléctrica de España SAUk emandako sarbide eta konexio baimenetan ezarritakoaren arabera: 10,3 MW.

–Ukitutako udal-mugarteak: Azuelo, Aguilar Kodes, Aras eta Viana, Nafarroako probintzian.

Ebakuazio-azpiegitura, 2021eko uztailean aurkeztutako "La Senda haize-parkea" aurreproiektuan bildua, honako hau da:

–20 kV-eko lur azpiko 2 linea, haize-parkea 12/20/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazio jasotzailearekin lotuko dutenak.

Aurrekoa gorabehera, ekoizpen instalazioak egokitu beharko du ingurumen eragina zehazteko txosten horren edukira eta baimen hau izapidetzean sustatzaileak onartutako baldintzetara. Zehazki, ingurumen eragina zehazteko txostenean eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, ebakuazio-azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautu ziren), aurretiazko administrazio baimena lortu duten sortze instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira. Aurretiazko administrazio baimena lortu behar da ingurumen eragina zehazteko txostena betetzearen ondorioz proposatzen eta egiten diren aldaketetarako, baldin ez badira betetzen aipatutako errege dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak.

Sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen eragina zehazteko txostenean ezarritako baldintzak ere.

Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.

Baimen hau ematen da ezertan galarazi gabe aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere beharko dira.

Ebakuazio-azpiegituraren gainerakoa, garraio-sarearekiko konexiora artekoa, ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da, eta jardunean da. La Senda haize-parkea Las Llanas de Codés TAErekin lotzeko posizioa baimenduta dago Nafarroako Foru Komunitatearen 2022ko abenduaren 21eko 169/2022 Ebazpenaren bidez.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, ez da eraikitzeko administrazio baimenik emanen harik eta espedienteek dagokien ebakuazio-azpiegitura eraikitzeko administrazio baimena lortzen duten arte.

Eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, hiru hilabete igaro baino lehen, sustatzaileak justifikatu beharko du ingurumen eragina zehazteko txostenean eta ebazpen honetan ezarritako baldintzek aurretiazko administrazio baimen honetako potentzia instalatua murriztea dakarten edo ez, eta sartu beharko ditu, hala badagokio, aurkeztutako eskaeran hitzartutako potentzia mantentzeko hartu dituen neurriak; halaber, beharrezko jotzen duen beste edozein elementu aurkeztuko du. Era berean, aurkeztutako exekuzio proiektuari, zeina prestatuko baita arloko erregelamendu teknikoen arabera eta aplikatzekoa zaion araudia bete dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin, behar den dokumentazioa erantsiko zaio, bai eta ingurumen eragina zehazteko txostenean ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.

Baimen hau iraungiko da baldin eta aipatu epea iraganda sustatzaileak ez badu eraikitzeko administrazio baimenik eskatu, edo ez baditu eman arestian aipatutako agiriak, exekuzio proiektua gauzatu ahal izateko behar den eraikitzeko administrazio baimena lortzeari begira. Edonola ere, sustatzaileak ezarritako epea luzatzea eskatzen ahalko du, justifikatutako arrazoiengatik, baina beti kontuan harturik Ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako epeak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkariari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2023ko apirilaren 17an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2306459