99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, Aixeindar SAri aurretiazko administrazio baimena ematen diona 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkerako, zeina Oiongo (Araba) eta Aguilar Kodesko (Nafarroa) udal-mugarteetan kokatuta baitago

See/dgpem/sgee/propuesta resolución peol-459 (aap).

Aixeindar SAk (aurrerantzean sustatzailea) aurretiazko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu zituen, 2020ko abenduaren 3an, 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako. Eskaera hori 2020ko abenduaren 23an zuzendu zuen.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako eta Gobernuak Araban duen Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arlo Funtzionaletan, eta tramitatu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Aguilar Kodesko Udalak eman duen erantzunean ondorioztatzen da ez dagoela instalazioaren kontra. Sustatzaileari igorri zaio erantzun hori, eta ados dagoela jakinarazi du.

Acciona Generación Renovable SA, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendaritza eta Oiongo Udalaren erantzunak ere jaso dira, eta haietan baldintza batzuk ezarri dira. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Horrez gain, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendaritzak iradoki du beste aukera batzuk azter daitezela 4. eta 5. haize-sorgailuak kokatzeko. Sustatzailea prest agertu da gai hori aztertzen jarraitzeko tartean dauden administrazioekin batera, bai eta horri buruzko informazio gehiago emateko ere.

Labrazako Administrazio Batzarrak, baina, aditzera eman du ez dagoela ados proiektuarekin. Sustatzaileak onartu du 5. haize-sorgailuaren kokaleku berria, herritik gertuen dagoena baita, eta aditzera eman du horren eraikuntza-irtenbidea exekuzio-proiektuan txertatuko duela.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta Gorrebustoko Administrazio Batzarrari galdetu zaie, baina ez da haien erantzunik jaso; horrenbestez, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ados daudela ulertzen da.

Orobat, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoarekin bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen 2021eko martxoaren 24an (71. EAO), Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2021eko martxoaren 18an, eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, 2021eko martxoaren 15ean. Zenbait alegazio jaso ziren, eta sustatzailearen erantzuna jaso zuten.

Halaber, aurreproiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren separatak bidali zitzaizkien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari loturik egindako txosten eskaerekin batera, honako hauei: Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusia (Babes Zibila), Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza, Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, Arabako Foru Aldiko Babes Zibila, URA-Uraren Euskal Agentzia, Arabako Mendiak Aske, Lautadako Naturzale Elkartea, Kantauriar mendikatearen aldeko Plataforma, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako Zuzendaritza eta Oiongo Udala.

Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2021eko abuztuaren 18an. Gobernuak Araban duen Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2021eko urriaren 15ean.

Kontuan izanik ezen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantiboak behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Instalazioaren aurreproiektuari eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari (aurrerantzean, IIAZ) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin zaie, eta aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da (aurrerantzean, IIAD edo ingurumen-inpaktuaren adierazpena), zeina zehaztu baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko urtarrilaren 3ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen-ebaluazioaren ondoriozkoak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak barne. Behar bezala argitaratuta dago Estatuko Aldizkari Ofizialean.

IIADan ezarritakoaren arabera, proiektuari aplikatuko zaizkio ezarritako ingurumen arloko baldintzak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta, hala badagokio, IIAZn jasotako jarraipen-neurriak, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondoren onetsitakoak, eta informazio gehigarrian proposatutakoak, betiere IIADan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Ezertan galarazi gabe IIADan proiektuari ezarritako baldintza guztiak bete behar direla, hura baita nahitaezko txosten erabakigarria, ezartzen duena zer baldintzatan gara daitekeen proiektua gauzatzen eta ustiatzen den bitartean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat, proiektua definitzeko, bereziki eta besteak beste, IIADan xedatutako baldintza eta neurri hauek hartuko dira kontuan, eta, hala badagokio, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da:

–Lur gerakinen kudeaketari dagokionez, kokaguneen gaineko eskaera egiteko beharrezkoa izanen da ingurune naturala babesteko organo eskudunen balorazioa eta baimena. Nolanahi ere, eta 1.2.1.4 atalean jasota dagoenarekin bat, paisaia eta ingurumen intereseko plan bereziaren inguruan egon daitezkeen tokietatik kanpo kokatuko dira, eta bereziki, honako hauen esparrutik kanpo: bikain gisa katalogatutako «Labraza eta Pinar de Dueñas» paisaia eta «Arabako hegoaldeko mendilerroen KBE-HBBE» naturagune babestua.

–Sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari aurkeztuko dio, uraren arloko arauetan ezarritakoarekin bat, amaierako proiektuaren nahitaezko dokumentazioa; beharrezkoa denean, proiektuaren barruko jarduketetarako aurretiazko baimena lortu beharko da, organo substantiboak proiektua onetsi baino lehen, 1.2.1.5 atalean jasota dagoenarekin bat.

–Azterlan akustikoa proiektuari erantsi beharko zaio proiekturako baimena lortu baino lehen, 1.2.2.1 atalean jasotzen denarekin bat.

–Obrak hasi aurretik, obra-eremu guztietan zuinketa eginen da, halako moduz non zehatz-mehatz zedarrituta geldituko baitira mugak; ahal dela, ez da eremu horiez kanpoko landaredi naturala ukituko beharrezkoa ez bada. Materialak biltzeko tokiak eta makinentzako parkea nekazaritza eremuetan eta baso-jabari publikotik kanpo kokatuko dira, landarerik gabeko eremuetan edo parkearen zein bideen instalazioak ukituko dituen eremuetan, horrela, landaredi naturalaren gaineko eragina ez da izanen behar baino handiagoa edo ez da eraginik izanen eremuko habitatetan. Ukipenak murrizteko, bideak ahal beste doituko zaizkie lur naturalei, malda handiko eremuak saihestuko dira, eta zeharkako drainatzeak eginen. Horrez gain, tamaina handiko erkametzen oinak zuinkatu beharko dira, eta haiek ukitzea saihestu, eta gauza bera zangatik Las Llanas TAEraino dauden hostozabalen zuhaitzekin, hori guztia Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazten duenarekin bat, eta 1.2.3.2 atalean jasotzen denarekin bat.

–4. eta 8. haize-sorgailuen inguruko plataformaren kokagunea eta diseinua egokituko dira, ahalik eta gutxien ukitzeko Europar Batasunaren intereseko 9240 eta 9340 habitatak (BIH). Halaber, BIH delakoak ukitzen diren eremuetan oro har murriztuko da lan-eremuen okupazioa, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak adierazten duenarekin bat, eta 1.2.3.3 atalean jasotzen denarekin bat.

–Eraikuntza planaren barruan Landaredia Leheneratzeko eta Paisaia Integraziorako Plan bat txertatu beharko da, eskalan eta behar besteko xehetasunekin. Plan horretan bildu beharko dira sustatzaileak proiektuan sartu dituen leheneratze eta pantailatze jarduketa guztiak, ebazpen honetan adierazitakoak barne, honako hauek zehaztuta eta kuantifikatuta: lan-eremuak, lurzorua prestatzeko metodoak, erabiliko diren landare espezieak, ereintza edo landatze metodoak eta gainerako preskripzio teknikoak. Horiez gain, jarduketa guztien aurrekontua eta kronograma sartuko dira, eta autonomia erkidegoetako organo eskudunei bidali beharko zaizkie, obrak hasi aurretik, balorazioa eta onespena eman dezaten, 1.2.3.5 atalean jasotzen denarekin bat.

–3. haize-sorgailua Bonelli arranoaren intereseko eremu batetik gertu dagoenez, eta espezie hori (Hieraaetus fasciatus) kaltebera denez eta galzorian dagoenez –Animalien Ongizaterako Etika Batzordearen eta Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoaren arabera, hurrenez hurren–, haize-sorgailu hori eta 2., 4. eta 5. haize-sorgailuak, sustatzailearen arabera abifaunarekin talka egiteko arrisku maila handiena baitute, bat etorriz autonomia erkidegoetako erakunde eskudunek adierazitakoarekin, erabat geldituko dira otsailaren 1etik uztailaren 15era, baldin eta belatz arrunt ar baten tamaina bereko edo handiagoko hegazti bat hurbiltzen bada haize-sorgailuetatik 500 metrora edo gutxiagora, edo daraman ibilbidea ikusita talka arriskua badago. Horren gaineko jarraipena bi urtez egin ostean, neurria berrikusiko da, eta neurri alternatiboak proposatzen ahalko dira, lortutako emaitzek bermatzen badute talka arriskuaren gaineko kudeaketa egokitzeko modukoa dela. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak baliozkotu beharko dituzte lortutako emaitzak, 1.2.4.4 atalean jasotzen denarekin bat.

–Arabako Foru Aldundiak baloratuko ditu ikerketa arkeologikoaren emaitzak; zehazki, azaleratzen diren aztarnen garrantzia baloratu beharko du, 1.2.6.2 atalean jasotzen denarekin bat.

–Onura publikoko mendia okupatzeko administrazio prozedura eta zortasunaren onespena izapidetu beharko dira, kasuan kasuko autonomia erkidegoko administrazioarekin, 1.2.6.3 atalean jasotzen denarekin bat.

–Ingurumena zaintzeko programa prestatu beharko da, eta txostenak igorri organo eskudunei, 1.3 atalean jasotzen denarekin bat.

Onespena egin baino lehen, IIAZn eta IIADan ezarritako baldintza eta neurri bakoitza definitu eta aurrekontuan sartu beharko ditu sustatzaileak proiektuan edo haren eranskin batean, xehakatuta, halako eran non aipatutako IIADan zehaztutako neurri bakoitza identifikatzen ahalko baita.

Arestian aipatutakoa kontuan hartuta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da aurretiazko administrazio baimena lortu duten sortze instalazioetan aldaketa egiteko eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak betetzeko.

Kontuan harturik Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1. artikuluaren arabera ezin izanen dela sortze instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko baimena lortu du, sarera sartzeko bideragarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoak betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan.

Beraz, energia elektrikoaren ebakuazio-azpiegiturak haize-parkea eta garraio-sarea lotuko ditu, 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan (Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa), garraio-sareak azpiestazio horretan duen posizio berri baten bidez.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluaren ondorioetarako, 2023ko martxoaren 14an, Aixeindar SAk eta Acciona Generación Renovable SAUk akordio bat sinatu zuten, Labraza haize-parkearen eta espediente honetatik kanpo dauden beste haize-parke hauen baterako ebakuazio koordinatua egiteko 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioan: El Camino, La Senda, Las Llanas de Codés 1. fasea - Aguilar, Las Llanas de Codés 1. fasea - Azuelo eta Las Llanas de Codés 2. fasea - Aras.

Ezertan galarazi gabe ebazpen honekin, ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin eta sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzekin bat egin beharreko aldaketak, ebakuazio-azpiegituran honako jarduketa hauek aurreikusten dira:

–30 kV-eko lur azpiko 2 linea.

–30/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazio jasotzailea; posizio berri bat sortzea eskatzen du.

–220 kV-eko goi tentsioko aireko linea, Las Llanas de Codés TAE azpiestazioa 220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioarekin konektatzen duena, jardunean da, eta ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

–220 kV-eko Laguardia TAE azpiestazioa; jardunean da, eta ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko. Hala ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluaren arabera, sustatzaileak egiaztatu beharko du proiektua egiteko gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa duela. Horretarako, ebazpen proposamen bat bidali zaio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, dagokion txostena egin dezan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Ikuskapen Erregulatzailearen Salak txostena eman du, 2023ko apirilaren 13an egin bilkuran onetsi zena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenak sustatzaileari entzunaldia emateko tramitea bete du, eta sustatzaileak aldeko erantzuna eman du.

Kontuan izanik abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoaren ekoizleen betebeharren artean ezartzen duela energia elektrikoa ekoizteko beharrezkoak diren jarduera guztiak garatu behar direla baimenean aurreikusitako baldintzetan eta, bereziki, instalatutako potentziaren segurtasunari, erabilgarritasunari eta mantentzeari dagokienez eta eska daitezkeen ingurumen arloko baldintzak betetzeari dagokionez.

Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek,

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Aixeindar SAri aurretiazko administrazio baimena ematea 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako (ondoren zehazten dira), ebazpen honetan jasotako berezitasunekin.

Proiektuaren xedea da haize-parke bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta energia hori sarera eramateko.

Haize-parke honen ezaugarri nagusiak, 2020ko abenduko "Labraza haize-parkea" aurreproiektuan bilduak, honako hauek dira:

–Teknologia mota: haize-energia.

–Haize-sorgailuen kopurua: 8 haize-sorgailu, bakoitza 5 MW-ekoa.

–Instalatutako potentzia: 40 MW.

–Sarbiderako ahalmena, Red Eléctrica de España SAUk emandako sarbide eta konexio baimenetan ezarritakoaren arabera: 40 MW.

–Ukitutako udal-mugarteak: Oion (Araba) eta Aguilar Kodes (Nafarroa).

Ebakuazio-azpiegiturak, 2020ko abenduko "Labraza haize-parkea" aurreproiektuan bilduak, honako hauek dira:

–30 kV-eko lur azpiko 2 linea, haize-parkea 30/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazio jasotzailearekin lotuko dutenak.

–30/220 kV-eko Las Llanas de Codés TAE azpiestazio jasotzailea ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da, eta jardunean da, baina hartan posizio berri baterako baimena eman da.

Aurrekoa gorabehera, ekoizpen instalazioak egokitu beharko du ingurumen-inpaktuaren adierazpen horren edukira eta baimen hau izapidetzean sustatzaileak onartutako baldintzetara. Zehazki, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, ebakuazio-azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautu ziren), aurretiazko administrazio baimena lortu duten sortze instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira. Aurretiazko administrazio baimena lortu behar da ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzearen ondorioz proposatzen eta egiten diren aldaketetarako, baldin ez badira betetzen aipatutako errege dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak.

Sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak ere.

Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.

Baimen hau ematen da ezertan galarazi gabe aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere beharko dira.

Ebakuazio-azpiegituraren gainerakoa, garraio-sarearekiko konexiora artekoa, ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da, eta jardunean da.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, ez da eraikitzeko administrazio baimenik emanen harik eta espedienteek dagokien ebakuazio-azpiegitura eraikitzeko administrazio baimena lortzen duten arte.

Eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, hiru hilabete igaro baino lehen, sustatzaileak justifikatu beharko du IIADan eta ebazpen honetan ezarritako baldintzek aurretiazko administrazio baimen honetako potentzia instalatua murriztea dakarten edo ez, eta sartu beharko ditu, hala badagokio, aurkeztutako eskaeran hitzartutako potentzia mantentzeko hartu dituen neurriak; halaber, beharrezko jotzen duen beste edozein elementu aurkeztuko du. Era berean, aurkeztutako exekuzio proiektuari, zeina arloko erregelamendu teknikoen arabera prestatuko baita, aplikatzekoa zaion araudia bete dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin, behar den dokumentazioa erantsiko zaio, bai eta IIADan ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.

Baimen hau iraungiko da baldin eta aipatu epea iraganda sustatzaileak ez badu eraikitzeko administrazio baimenik eskatu, edo ez baditu eman arestian aipatutako agiriak, exekuzio proiektua gauzatu ahal izateko behar den eraikitzeko administrazio baimena lortzeari begira. Edonola ere, sustatzaileak ezarritako epea luzatzea eskatzen ahalko du, justifikatutako arrazoiengatik, baina beti kontuan harturik Ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako epeak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkaritzaren titularrari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2023ko apirilaren 17an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2306458