99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

767/2023 Ebazpena, 2023ko apirilaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekien arauak onesten dituena", Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean hartutako erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekien arauak onesten dituena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASKETA BEREKIEN ARAUDIA ONESTEN DUENA

Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 29an hartu zuen erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekien araudia onetsi zen. Hura onetsi ondoren, arau orokor berriak eman dira, eta beharrezkoa da haiek berrikustea.

Alde batetik, 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituenak, unibertsitateen ikasketa berekiei buruz hitz egiten du VIII. kapituluan, eta lehen aldiz ezartzen du prestakuntza horren oinarrizko erregulazio bat.

Bestalde, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak garrantzi handiagoa ematen dio prestakuntza jarraituari edo bizitza osoko prestakuntzari, eta unibertsitatearen irakaskuntza-eginkizunaren funtsezko dimentsiotzat hartzen du.

Bestela esanda, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak proposaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekien Araudia, eranskinean jasotzen diren baldintzetan.

Bigarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, fakultate, eskola eta sailetako zuzendaritzei eta dekanotzei, Unibertsitate-Gizarte Fundazioari, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.

Hirugarrena.–Erregelamendu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitate Sistemari buruzko 2001eko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz."

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN IKASKETA BEREKIEN ARAUAK

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak 2. artikuluan ezartzen duenez, unibertsitateen eginkizuna da ezagutza eta kultura gizarte osora transferitzea eta gizarte osoarekin trukatzea, prestakuntza jarraituaren bidez edo herritar guztien bizitzan zehar. Lege Organiko horrek garrantzi handia ematen dio prestakuntza horri. Hala, 3. artikuluak xedatzen du unibertsitateen autonomiaren barnean sartzen dela unibertsitateko ikasketa berekien eskaintzaren egitura eta antolamendua proposatzea eta zehaztea, bizialdi osoko prestakuntza barne, haiek ikasketa ofizialen eskaintzaren maila berean jarrita. Era berean, 6. artikuluak adierazten du unibertsitateko ikasketak eta prestakuntza honela egituratzen direla: alde batetik, Estatu osoan balioa eta eraginkortasuna duten ikasketa ofizialak –graduko, unibertsitateko masterreko eta doktoretzako tituluek osatuak–, eta, bestetik, titulu berekiak.

Ildo beretik, 2021eko uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuak, unibertsitateak eta unibertsitate ikastegiak sortu, aitortu eta baimendu eta instituzionalki egiaztatzen dituenak, 5. artikuluan xedatzen duenez, unibertsitateek, beren eskumenak gauzatzean eta bizialdi osoko prestakuntza-funtzioak garatzean, ikasketa berekiak bultzatzen ahalko dituzte, bereziki prestakuntza jarraituko irakaskuntza-programak, bai eta beren eskaintza akademikoaren kalitatea zaindu ere.

Bestalde, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak lehen aldiz ezartzen du unibertsitateek garatutako prestakuntza jarraituaren oinarrizko erregulazioa, malgutasunez baina prestakuntza horren egitura minimoki homogeneizatuz eta titulu horietan kalitatearen ebaluazioaren kultura sartuz.

Europako Erkidegoak honela definitu du prestakuntza jarraitua: "Pertsona baten bizitzan zehar egindako ikaskuntza-jarduera oro, ikuspegi pertsonal, zibiko, sozial eta/edo laboralari dagozkion ezagutzak, gaitasunak eta trebeziak hobetzeko edo zabaltzeko helburua duena". Definizio horrek berretsi egiten du informazioaren eta komunikazioaren gizartean berrikuntzarako eta ekoizpenaren garapenerako elementu estrategikoa dela hezkuntza, hain zuzen giza kapitalaren eta bizi kalitatearen balioa handitzeko duen inplikazio argiagatik.

Unibertsitateek funtsezko eginkizuna dute gobernuek ezarritako hezkuntza-helburuak lortzeko; beraz, beren irakaskuntza-eginkizuna "bizitza osokoa" izateraino zabaltzeko erantzukizuna dute, prestakuntza mota hori akademikoki baliozkoa, profesionalki erabilgarria eta pertsonalki aberasgarria izanen dela bermatuz.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak.

1. Araudi honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekiak erregulatzen ditu. Ikasketa horien xedea ikaslearen garapen profesionala, zientifikoa, teknikoa edota artistikoa hobetzea da, baita lanbidean aplikatzeko aukerak ematen dituzten ikerketa-arlo berriak hedatzea edo barneko edo inguru ekonomiko eta sozialeko eskakizunei erantzuteko jarduerak garatzea ere.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere autonomiaz baliatuz, titulu berekiak eta bestelako ziurtagiri akademikoak lortzera bideratutako ikasketa berekiak ematen ahalko ditu, eta horiek ez dute inola ere nahasterik sortuko titulu ofizialetan, ez formatuan ez izenean.

3. Ikasketa Batzordea da organo eskuduna ikasketa berekiei eragiten dieten auzietan. Haren osaera eta eginkizunak Gobernu Kontseiluaren erabakien bidez arautzen dira.

BIGARREN TITULUA

Ikasketa berekien tipologia

2. artikulua. Ikasketa berekien tipologia.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak mota hauetakoak dira:

a) Aldez aurretik unibertsitateko tituluren bat behar duten ikasketak. Prestakuntza jarraituko masterraren, espezializazio diplomaren eta adituaren diplomaren titulu berekiak lortzea dakarte.

b) Aldez aurretik unibertsitateko titulurik behar ez duten ikasketak. Unibertsitate zabalpeneko diplomaren eta unibertsitate zabalpeneko ziurtagiriaren titulu berekiak lortzea dakarte.

c) Unibertsitateko espezialistaren titulu berekia lortzea dakarten ikasketak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko ikasketa ofizialetako ikasleei daude zuzenduak.

d) Prestakuntza jarraituko ikastaroak, 1 eta 15 ECTS kreditu bitartekoak, aldez aurretik unibertsitateko titulua behar dutenak edo ez.

e) Bestelako ikasketak, unibertsitateak bere autonomia erabiliz diseina ditzakeenak. Ematen diren titulu eta ziurtagirien izendapenek ezin izanen dute inola ere erabili artikulu honetan jasotzen diren gainerako ikasketen izendapenekin nahasteko moduko terminorik.

2. Indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, ikasketak mikroegiaztagiri unibertsitarioen bidez akreditatzen ahalko dira, prestakuntza-jarduera horiei lotutako ikasketaren emaitzak egiaztatzeko. Ikasketa horiek ezin izanen dira inola ere nahasi erdi-mailako edo goi-mailako lanbide heziketako ikastetxeek eskainitako tituluekin.

3. artikulua. Prestakuntza jarraituko masterraren titulu berekia.

1. Prestakuntza jarraituko masterraren tituluak maila handiko prestakuntza espezializatua edo diziplina anitzekoa emateko graduondoko ikasketak dira, eta arlo akademikora edo lan mundura daude bideratuak.

2. Gutxienez ikasturte bateko iraupena izanen dute, eta titulua lortzeko ikasleek 60, 90 edo 120 ECTS kreditu egin beharko dituzte. Master Amaierako Lan bat izanen du nahitaez, gehienez ere kredituen %10eko luzera izanen duena.

4. artikulua. –Espezializazio diplomaren eta unibertsitateko adituaren titulu berekiak.

1. Edozein jakintza-arlotan espezializatzeko graduondoko ikasketek honako titulu hauek lortzeko bidea emanen dute, duten kreditu kopuruaren arabera:

a) Espezializazio diploma, 30 eta 59 ECTS kreditu bitartekoa.

b) Adituaren diploma, 10 eta 29 ECTS kreditu bitartekoa.

2. Ikasketa Amaierako Lan bat izaten ahalko dute, gehienez ere kredituen %10eko luzera izanen duena.

5. artikulua. Unibertsitate zabalpeneko diplomaren eta unibertsitate zabalpeneko ziurtagiriaren titulu berekia.

1. Prestakuntza espezializatua eskuratzera bideratutako titulu bereki hauetan sartzeko, ez da derrigor unibertsitateko profila eduki behar. Kreditu kopuruaren arabera, titulu bereki hauek lortuko dituzte:

a) Unibertsitate zabalpeneko diploma, 30 ECTS kreditukoa gutxienez.

b) Unibertsitate zabalpeneko ziurtagiria, 10 eta 29 ECTS kreditu bitartekoa.

6. artikulua. Unibertsitateko espezialistaren titulu berekia.

1. Unibertsitateko espezialistaren titulu berekia lortzea ekarriko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitateko masterreko ikasketa ofizialetako ikasleei zuzendutako ikasketek, zeinek helburu duten ikasleei profila osatzen eta enplegagarritasuna hobetzen lagunduko dieten zeharkako konpetentziak eta/edo konpetentzia espezifikoak eskuratzea.

2. 10 eta 24 ECTS kreditu artean izanen ditu, eta ez da Ikasketa Amaierako Lanik egin beharko. Salbuespen gisa, 30 ECTS ere izan ditzakete.

3. Salbuespen gisa, ikasketa horien memoriak unibertsitateko ikasketak egin dituzten pertsonei eta/edo profesionalei sartzen uzteko aukera ezartzen ahalko du.

7. artikulua. Prestakuntza jarraituko ikastaroak.

1. Prestakuntza jarraituko ikastaroak edozein jakintza-adarretako gai zehatzei buruzko prestakuntza espezifiko gaurkotua ematera daude bideratuak. Ikastaroak 1 eta 15 ECTS kreditu bitartekoak izanen dira, eta bertaratze ziurtagiria lortzeko balioko dute.

2. Prestakuntza jarraituko ikastaroak ebaluazio probak baldin baditu, proba horiek gainditzeak "Gai"/ "Ez gai" jartzen duen ziurtagiria lortzea ekarriko du.

3. Ikasketa horien memorian ezarriko da unibertsitateko titulu ofizial bat edo titulu baliokide bat edukitzea beharrezkoa ote den ikasketetan sartzeko.

4. Prestakuntza jarraituko ikastaroetarako ez da kanonik eta tasa administratiborik ordaindu beharko, ez eta titulua emateko tasarik ere, baldin eta ebaluazio-sistemarik ez badute eta lortutako ziurtagiria bertaratze-ziurtagiria bada.

HIRUGARREN TITULUA

Ikasketa berekien egitura eta edukia

8. artikulua. ECTS kredituak. Prestakuntza motak.

1. Prestakuntza-programa europar kreditutan egituratua dago (ECTS). Ikasleak ikasketa-planean aurreikusitako helburuak lortzeko egin beharreko ikasketa-lanaren eduki edo karga osoa neurtzen dute europar kredituek.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, kreditu europar bakoitza ikasleen 25 orduko lanaren baliokidea izanen da. Ordu horien barrenean sartuko dira azalpenak emateko eskola-orduak, mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak, tutoretzak, bai eta ebaluazio-probak prestatzeko eta egiteko eskatzen direnak ere.

3. Oro har, irakasgai bati dagozkion lan-ordu guztietatik, horien %30 eta %40 bitarte prestakuntza-jarduera presentzialak izanen dira.

4. ECTS kreditu sistemaren testuinguruan, titulu berrien prestakuntza-programetan sartutako ikaskuntza-metodo bat da tutoretza, eta aukera ematen du lan autonomoa ikasle bakoitzari egokitzeko, eta hura gainbegiratzeko eta ebaluatzeko. Tutoretzako parte-hartzea programatua dago, eta ikaslearen ikasketa-laneko orduak balira bezala zenbatuko da.

5. Ikasketa berekiak presentzialak, birtualak edo hibridoak izan daitezke.

–Presentziala: edukiaren %80 gutxienez aurrez aurre ematen denean eta irakasleak eta ikasleak espazio fisiko berean denbora errealean elkartzen direnean.

–Birtuala: edukiaren %80 gutxienez modu birtualean ematen denean teknologia digitalak modu intentsiboan erabiliz, eta irakasleak eta ikasleak ez daudenean espazio fisiko berean. Prestakuntza birtualaren barrenean honako hauek daude:

  • Prestakuntza sinkronoa: komunikazio sareak erabiltzeak aukera ematen dienean irakasleei eta ikasleei denbora errealean interakzioan aritzeko.
  • Prestakuntza asinkronoa: irakasleek eta ikasleek ez dutenean interakziorik denbora errealean.

–Hibridoa: edukia aurreko biak beste ehuneko batzuetan erabiliz ematen denean.

Ikasketa berekietan, moduluak modalitate desberdinetara egokitzen ahalko dira.

6. Ikasketa berekietan, Unibertsitateak irakaskuntza-helburuetarako dituen plataforma eta multimedia-tresna korporatiboak erabili beharko dira. Salbuespen gisa, plataforma alternatiboak erabiltzen ahalko dira, era justifikatuan, errektoreordetza eskudunak onartzen duenean. Ikasketa berekien garapena kanpoko erakunde bati enkargatuz gero, dagokion enkarguan zehaztuko da zein izanen den Unibertsitatearen plataforma eta multimedia-tresna korporatiboen erabilera.

7. Ikasketa berekiak antolatzen dituen unitateak edozein unetan eskuratzen ahalko ditu ikasketa berekien edukiak, gainbegiratzeko eta aurkeztutako memoriara egokitzeko, bai eta indarrean den araudira eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irudi instituzionalera ere, modalitatea edozein dela ere.

9. artikulua. Moduluak eta irakasgaiak.

1. Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketak modulutan eta irakasgaietan egituratuak egonen dira.

2. Honako hauek izan ditzakete: nahitaezko edo aukerako irakasgaiak, mintegiak, kanpo praktikak, atzerriko egonaldiak, Ikasketa Amaierako Lana eta beste prestakuntza-jarduera batzuk.

3. Titulu bereki bateko modulu guztiak bereizirik egiten eta gainditzen badira, eman eginen da titulu hori, dagozkion prezio publikoak ordaindu eta gero, betiere ikasleak titulu berekia egiteko baldintzak betetzen baditu eta memorian hala jaso bada.

4. Titulu bereki bat lortzeko ikasketa baten modulu guztien parte bat egiteak eta gainditzeak dagokion ziurtagiria lortzeko bidea emanen du, betiere memorian hala jaso bada.

5. Moduluek unibertsitateko mikroegiaztagiriak lortzeko balio dezakete, arlo horretan indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan, eta hala jaso beharko da memorian. Ikasketa horiek behar diren ebaluazio-proben bidez gainditzeak eskubidea emanen du, hala badagokio, dagokion ziurtagiria lortzeko.

6. Graduko edo unibertsitateko masterreko titulu ofizial baten, prestakuntza jarraituko master baten edo espezializazio edo unibertsitate zabalpeneko diploma baten babesean diseinatutako moduluak titulu berekitzat hartuko dira, baldin eta 10 ECTStik gorako luzapena badute eta hala jasotzen bada memorian.

10. artikulua. Kanpo praktikak.

1. Ikasketa berekiek kanpo praktikak izaten ahal dituzte. Memorian onetsitakoaren arabera zehaztuko da kanpo praktikarik dagoen eta nahitaezkoak diren.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horri buruz indarrean dauden xedapenek zuzenduko dituzte kanpo praktikak.

11. artikulua. Egonaldiak beste ikastegi batzuetan.

Ikasketa berekien barrenean Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetan egonaldiak egitea sar liteke. Egonaldi horiek ikasketak egiteko izanen dira, edo, bestela, Ikasketa Amaierako Lana garatzeko edo enpresetan eta erakundeetan geroago aitortuko diren praktikak egiteko.

12. artikulua. Ikasketa Amaierako Lana.

1. Prestakuntza jarraituko masterraren titulua lortzeko ikasketa-planetan, nahitaez egin eta defendatu beharko da Master Amaierako Lan bat, gehienez ere ECTS kreditu guztien %10eko balioa izanen duena, eta nagusiki Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak izanen dira horien zuzendari.

2. Espezializazio diplomaren eta adituaren diplomaren tituluak lortzeko ikasketa-planetan, Ikasketa-Amaierako Lana egin eta defendatzen ahalko da; lan horrek kreditu guztien %10 izanen du gehienez ere.

3. Modulutan antolatutako ikasketa berekietan, Ikasketa Amaierako Lanerako matrikula egiten ahalko dute titulua lortzeko beharrezkoak diren gainerako moduluak gaindituta dauzkaten ikasleek edota Ikasketa Amaierako Lanerako matrikula irakasgai horien matrikularekin batera egiten dutenek.

LAUGARREN TITULUA:

Ikasketa berekien onespena, ezarpena, berriztapena eta ezabapena

13. artikulua. Ikasketa berekien antolaketa eta kudeaketa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, modu lehenetsian, Unibertsitate-Gizarte Fundazioari aginduko dio ikasketa berekien antolamendua eta kudeaketa ekonomiko eta administratiboa egiteko. Agindu horren baldintzak urtero ezarriko dira, errektorearen ebazpen baten bidez.

2. Era berean, ikasketa berekien antolamendua eta kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagokion administrazio unitateak ere egin ditzake.

3. Halaber, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde eta unibertsitateekin lankidetzan ere antolatzen ahalko dira. Kasu horretan, hitzarmenean bertan ezarritakoak arautuko ditu ikasketa horiek.

14. artikulua. Titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamena.

1. Sailek, ikastegiek, ikerketa-institutuek eta errektoreordetzek zilegi dute 30 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea.

2. Lotura iraunkorra duten eta lotura iraunkorrik gabeko arduraldi osoko irakasle doktoreek, sailek, ikastegiek, ikerketa-institutuek eta errektoreordetzek dute zilegi 29 ECTS edo gutxiago dituzten titulu berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak egitea. Proposamena arduraldi osoko irakasle doktoreek (lotura iraunkorra izan zein ez) egiten badute, beren sailaren aginduzko txosten bat eskatuko zaie.

3. Araudi honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira proposamenak aurkezteko, baita dagokion gaian eskumena duen errektoreordetzak urtero ezarritako epeak ere.

15. artikulua. Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketen proposamen berrien edukia eta onespena.

1. Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketa berekiak ezartzeko proposamenek I. eranskineko memorian aipatzen diren edukiak izan beharko dituzte gutxienez, eta II. eranskinean ezarritako prozedurari jarraikiz onetsiko dira.

2. Gobernu Kontseiluari dagokio titulu berekiak ezar daitezela onestea, gai horretan eskumena duen errektoreordetzak proposatuta, Ikasketa Batzordeak eta, hala badagokio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Batzordeak aldeko txostena eman ondoren.

16. artikulua. Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketen berriztapena eta ezabapena.

1. Azken bi ikasturteetako batean emandako titulu berekiak berritzen ahalko dira. Azken bi ikasturteetako batean onetsi direnak ere berritzen ahalko dira, nahiz eta haiek ematera iritsi ez.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako epea igarota, ez da onartuko titulu berekirik berritzea. Horren ordez, berriro eskatu beharko da hura aurreko artikuluan jasotzen denaren arabera ezartzea.

3. Titulua berritzeko eskaera egiteko, proposamena egin duen unitatearen aldeko txostena beharko da, eta titulu berekiaren emaitzen adierazleen txostenarekin batera aurkeztuko da.

4. Titulu berekia berritzeko eskaeran izena, programa edo finantzabidea aldatzeko eskatuz gero, memoria berri bat aurkeztu beharko da, Ikasketa Batzordeak balioets dezan. Aldaketa-proposamenarekin batera, hala badagokio, aurreko edizioetako ikasleentzat egokitzapena egiteko plan bat aurkeztuko da.

5. Gobernu Kontseiluaren ardura da titulu berekien berriztapena onestea, ikasketa berekien gaian eskumena duen errektoreordetzak proposatuta.

6. Gobernu Kontseiluak titulu bereki bat ez berritzea erabakitzen duenean, erabakiak ezartzen ahalko du zer aukera emanen zaien matrikulatuta dauden ikasleei oraindik egin gabe dituzten titulu berekiko kredituak osatzeko.

17. artikulua. Prestakuntza jarraituko ikastaroak proposatu eta onestea.

1. Arduraldi osoan dauden irakasle doktoreek (lotura iraunkorra dutenak eta lotura iraunkorrik gabeak), sailek, ikastegiek, errektoreordetzek eta ikerketa-taldeek dute zilegi prestakuntza jarraituko ikastaroak ezartzeko eta berritzeko memoriak egitea.

Proposamena arduraldi osoko irakasle doktoreek egiten badute (lotura iraunkorra dutenak edo lotura iraunkorrik gabeak), beren sailaren aginduzko txosten bat eskatuko zaie.

2. Ikasketa berekien arloan eskumena duen errektoreordetzak prestakuntza jarraituko ikastaroak ezartzeko eta berritzeko memoriak aztertu eta onetsiko ditu, eta aldian-aldian Ikasketa Batzordeari jakinaraziko dizkio jaso dituen eskaera guztiak.

18. artikulua. Gainerako ikasketa berekien proposamena eta onespena.

Araudi honetako 2. artikuluko 1.e) apartatuan xedatutakoaren babesean eskaintzen diren ikasketa berekiak ezartzeko eta berritzeko proposamenak 14. artikulutik 16.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera arautuko dira, baldin eta titulu bereki bat ematea badakarte. Gehienez 9 ECTS kredituko ikasketa laburrak direnean, 17. artikuluan jasotzen denaren arabera arautuko dira.

19. artikulua. Aldaketak ikasketa berekietan, onetsiak izan ondoren.

Ikasketa berekiak onetsi ondoren, zuzendaritza akademikoak, unitate antolatzailearen bidez, ikasketa berekien arloan eskumena duen errektoreordetzaren baimena eskatzen ahalko du 16.4 artikuluan jasotzen ez den edozein aldaketa egiteko, zuzendaritza-taldeari edo edukiari buruzkoa.

BOSGARREN TITULUA

Antolamendua eta irakaskuntza

LEHEN KAPITULUA

Sarbidea, onarpena, matrikula, ECTSen aitorpena eta ikaslearen estatusa

20. artikulua. Sartzeko argibideak.

Ikasketa berekietako onarpen aldia hasi baino lehen, Unibertsitateak informazio hau argitaratu beharko du:

a) Ikasketa berekien izena, jakintza-arloa, hedadura eta ibilbideak.

b) Unibertsitate parte-hartzaileak eta/edo erakunde kolaboratzaileak.

c) Zuzendaritza Akademikoa.

d) Administrazio egutegia. Bertan adierazi beharko dira izena emateko, onartua izateko eta matrikulatzeko prozesuen tokia, datak eta ordutegiak. Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

e) Zer ikaspostu eskaintzen diren, eta ikaspostuak banatzeko zer betekizun dauden, halakorik balego. Ikasketak emateko gutxieneko ikasle kopurua.

f) Sartzeko eta onartua izateko baldintza espezifikoak eta hautagaiak hautatzeko balorazio-irizpideak.

g) Irakaskuntza-gidak eta prestakuntza-programa, moduluen arabera.

h) Ebaluazio-sistema eta -irizpideak.

i) Ikasteko behar den arduraldia.

j) Irakaskuntza-modalitateak eta irakasteko lekua.

k) Zein hizkuntzatan ematen den titulu berekia edo titulu berekiaren parte jakin batzuk, baldin eta ez badira gaztelaniaz ematen.

21. artikulua. Prestakuntza jarraituko masterraren, espezializazio diplomaren eta adituaren diplomaren ikasketa berekietara sartzea.

1. Prestakuntza jarraituko masterraren, espezializazio diplomaren eta adituaren diplomaren titulu berekietara sartzeko, unibertsitateko titulu ofiziala edo baliokidea eduki behar da.

Era berean, Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko hezkuntza sistemetako tituludunek sartzeko aukera izanen dute, beren tituluak homologatu edo baliokidetasun adierazpenaren beharrik gabe, betiere Unibertsitateak egiaztatuta titulu horien prestakuntza maila Espainian dagokien unibertsitate tituluaren baliokidea dela eta titulua eman den herrialdean ikasketa baliokideetara sartzeko gaitzen dituztela.

Sarbide modu horrek inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aurretik duen tituluaren homologazioa, ezta beste ondoriorik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egitearena ez bada.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Ikasketa Batzordeak, ikasketa berekien Zuzendaritza Akademikoak proposatuta, aukera izanen du proposatzeko ikasketa bereki horiek egiteko gaitzen duen unibertsitateko titulurik ez duten pertsonak onartu ahal izatea, baldin eta lan esperientzia aitortzeko prozedura baten bidez unibertsitateko prestakuntza akademikoaren baliokidea den gaitasun-mailako lan esperientzia egiaztatzen ahal badute, profesionaltasun hori agiri bidez egiaztatzen badute eta ikasketa bereki horiek egiteko eskatzen diren gainerako sarbide baldintza espezifikoak betetzen badituzte.

3. Zuzendaritza Akademikoak sartzeko baimena ematen ahalko die, Ikasketa Batzordeari entzun eta gero, Gradu Amaierako Lana eta irakasgai bat edo batzuk gainditu gabe dituzten ikasleei, baldin eta Gradu Amaierako Lanaren eta gainditu gabeko irakasgaien kreditu kopurua ez bada osotara 30 ECTS kreditutik gorakoa.

Unibertsitateko titulu ofiziala lortzen ez duen bitartean, ikasleak ezin izanen du eskatu prestakuntza jarraituko masterraren, espezializazio diplomaren eta adituaren diplomaren titulu berekia ematea, eta egindako moduluen eta irakasgaien ziurtagiri bat emateko eskubidea izanen du soilik.

4. NUPeko tituludunek lehentasuna izanen dute beste unibertsitate batzuetako tituludunen aldean.

22. artikulua. Unibertsitateko espezialistaren tituluaren ikasketa berekietara sartzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko edo masterreko ikasketa ofizialak egiten dituztenek Unibertsitateko Espezialistaren titulua lortzeko aukera ematen duten ikasketa berekiak egiten ahalko dituzte, baldin eta ikasketa horien eskaintzan berariaz adierazi bada lotura zuzena dutela ikasketa ofizial horiekin.

2. Ikasketa horietako memoriak gutxieneko prestakuntzaren eta/edo lanbidearen arloko baldintzak ezartzen ahalko ditu unibertsitateko egresatuak eta/edo profesionalak horietara sar daitezen. NUPeko tituludunek lehentasuna izanen dute beste unibertsitate batzuetako tituludunen aldean.

23. artikulua. Unibertsitate zabalpeneko diplomara eta unibertsitate zabalpeneko ziurtagirira sartzea.

1. Unibertsitate zabalpeneko diplomaren eta unibertsitate zabalpeneko ziurtagiriaren tituluak lortzeko aukera ematen duten ikasketa berekietara sartzeko baldintzak (prestakuntzari eta/edo lanbideari dagozkionak) dagokion memorian ezarritakoak izanen dira.

2. NUPeko ikasleek eta tituludunek lehentasuna izanen dute beste unibertsitate batzuetako tituludunen aldean.

24. artikulua. Gainerako ikasketa berekietara sartzea.

1. Prestakuntza jarraituko ikastaroen memoriak ezarriko du zein diren sartzeko gutxieneko baldintzak prestakuntzari eta/edo lanbideari dagokionez.

2. Aurreko artikuluetan zerrendatutakoez bestelako unibertsitateko titulu berekiak egiteko, Zuzendaritza Akademikoak zehaztuko ditu titulu horietarako sarbide-mailak. Ikasketa horiek araudi honetako 2. artikuluko 1.e) apartatuan xedatutakoaren babesean sortu dira.

3. NUPeko ikasleek eta tituludunek lehentasuna izanen dute beste unibertsitate batzuetako tituludunen aldean.

25. artikulua. Onarpena eta matrikula.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa berekiak egin nahi dituztenek ikasketa bakoitzerako ezarritako epean aurkeztuko dute onartuak izateko eskaera.

2. Onartua izateko prozedura ikasketa bereki bakoitzerako memorian ezarritako irizpideekin bat etorriz ezarritakoa izanen da.

3. Onarpena behin-behinekoa izanen da, eta, behin betikoa bihurtuko da izangai bakoitzak, matrikula egiteko unean, ikasketa berekian sartzeko betekizun espezifikoak eta onarpen irizpideak betetzen dituela frogatzen duenean.

4. Matrikula gauzatzeko, ikasleak epean eta forman ordaindu beharko ditu matrikula egiten duen ikasturtean indarrean diren ECTS kredituen prezioak eta tasak.

5. Ezarritako epean matrikula gauzatzen ez duten ikasleek matrikula egiteko eskubidea galduko dute, salbu eta ustekabeko kausa larri bat gertatu bada, eta ikasleek behar bezala egiaztatzen badute hori.

6. Istripu aseguru bat kontratatuko da, ikasle guztiak estaliko dituena titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketak egiteko aldian, bidaiak eta praktikak barne, halakorik balego. Aseguru horren zenbatekoa matrikularen prezioaren barruan sartuko da.

26. artikulua. Matrikula baliogabetzea eta aldatzea.

1. Bidezkoa izanen da matrikula baliogabetzea ikasturte bakoitzean ezarritako epeetan ordaindu ezean. Ikasle bati matrikula baliogabetu badiote ez ordaintzeagatik, ikasleak ordaindu dituen zenbatekoak galduko ditu.

2. Ikasturtea hasi baino 24 ordu lehenago gutxienez matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenei matrikulatutako edo onartutako ECTS kontzeptuan ordaindutako zenbatekoak baino ez zaizkie itzuliko. Inolaz ere ez dira itzuliko inskripzio-eskubideengatik ordaindutako zenbatekoak, ezta espedientea irekitzeagatik eta kudeaketa administratiboengatik ordaindutako prezio publikoak ere.

3. Ikasleak ikasturtearen edozein unetan eskatzen ahalko du matrikula baliogabetzeko, baldin eta gerora sortutako eta behar bezala justifikatutako salbuespenezko inguruabarrak gertatu badira eta, horien ondorioz, ikasleak ezin badu bere ikasketekin jarraitu ikasturtearen gainerako aldian. Baliogabetzea ikasketa berekien arloko eskumenak dituen errektoreordetzaren ebazpen bidez ebatziko da.

Ikasturtea hasi eta gero matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenek ez dute baliogabetze egunaren aurretik ordaindutako matrikularen dirua itzultzeko eskubiderik izanen.

4. Soilik ikastaroa bertan behera uzten bada itzuliko dira ordaindutako zenbateko guztiak.

5. Modulutan antolatutako ikasketa berekietan matrikula aldatzen ahalko da ikasleek aukera izan dezaten maila baxuagoko ikasketaren matrikula baliogabetu eta ikasturte berean maila altuagoa duen ikasketan matrikulatzeko.

6. Graduko edo unibertsitate masterreko ikasketa ofizialen babesean sortutako ikasketa berekien kasuan, matrikula baliogabetzeko eta aldatzeko araubidea kasuan kasuko gradu edo unibertsitate masterrerako ezarritako bera izanen da.

Hala eta guztiz ere, arlo horretan eskuduna den errektoreordetzak, Ikasketa Batzordeari entzun eta gero, baimena ematen ahalko du aurreko apartatuetan matrikula baliogabetzeari edo aldatzeari buruz xedatutakoa aplikatzeko, hala eskatzen bada eta behar bezala justifikatzen bada beste ikasketa ofizial bati lotutako ikasketa berekia onartzeko edo berritzeko memorian.

27. artikulua. Ebaluazioa, deialdi kopurua eta kalifikazioak.

1. Edozein ikasketa berekitako matrikularen barnean deialdi bakar bat izanen du ikasleak ebaluaziorako, matrikula egin den ikasturtean, jakina. Matrikulak eskubidea ematen die ikasleei ikasketetan zehar eskuratutako ikaskuntzaren emaitzak eta gaitasunak ebaluatu diezazkieten. Ebaluazio horrek azken kalifikazio bat sortuko du, eta espediente akademikoan agertuko da.

2. Modulu eta ikasturte bakoitzerako errekuperazioko ebaluazio proba bat eginen da irakastaldiaren barrenean.

3. Ikasketa berekia berriz ere ematen bada, matrikulatutako kreditu guztiak edo batzuk gainditu ez dituen ikasleak eskubidea izanen du hurrengo bi edizioetan ikasketa amaitzeko, eta, horretarako aurretik gainditu edo matrikulatu ez dituen ECTS kredituak matrikulatzeko. Matrikulatu ezean, bere espedientea itxiko da eta titulurako eskubidea galduko du. Salbuespenezko inguruabarrak daudenean, bi urtez luzatzen ahalko da aldi hori.

4. Ikasketa berekietarako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ebaluazio Prozesuen indarreko Araudian ezarritako kalifikazio sistema erabiliko da. Prestakuntza jarraituko ikastaroetarako sistema "Gai" / "Ez gai" izanen da, ebaluazio-sistema dagoenean.

28. artikulua. ECTS kredituen aitorpena.

1. Titulu berekiaren memoriak muga bat ezarriko du beste ikasketa ofizial edo bereki batzuk egiteagatik eta/edo egiaztatutako lan esperientziagatik aitortzen ahal diren ECTS kredituetarako, eta ezin izanen du gainditu titulua osatzeko behar diren kreditu guztien %25.

Salbuespen gisa, Ikasketa Batzordeak zilegi izanen du ikasketa bereki jakin baterako beste muga bat ezar dadila proposatzea, Zuzendaritza Akademikoak justifikatutako eskaera egin ondoren.

2. Ikasketa Amaierako Lana ezin izanen da inola ere aitortu.

3. Ondorio ekonomikoei dagokienez, ez da matrikularen prezioa murriztuko aitortutako ECTSengatik.

Graduko edo unibertsitate masterreko ikasketa ofizialen babesean sortutako ikasketa berekiek kasuan kasuko gradu edo unibertsitate masterrerako ezarritako deskontu berak izanen dituzte.

4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, modulutan antolatutako ikasketa berekietan, maila baxuagoko ikasketa bat amaitu eta maila altuagoko batean matrikulatu nahi dutenek egindako ikasketetan gainditutako ECTS kreditu guztien aitorpena lortzen ahalko dute, eta horien prezioa matrikulatik deskontatuko diete.

5. Zuzendaritza Akademikoari dagokio ECTSak titulu bereki batean aitortzeko erabakia, interesdunak eskatuta, betiere lortu nahi den tituluaren ikasketa-planean zehaztutako ezagutza, gaitasun eta trebetasunen koherentzia akademikoa eta prestakuntzakoa kontuan hartuta.

29. artikulua. Ikasketa ofizialetan ikasketa berekietan egindako irakasgaietako ECTS kredituak aitortzea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak ikasketa ofizialetan aitortzen ahalko dira, unibertsitateko titulu ofizialetan kreditu akademikoak aitortzeko eta transferitzeko prozedurari dagokionez 2021eko abenduaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekiak prestakuntza osagarriko jardueratzat hartzen ahalko dira graduko ikasketetan, graduko ikasketetako prestakuntza osagarriko jarduerengatiko kredituak aitortzeko araudiak ezarritakoari jarraikiz, eta arlo horretako eskumenak dituen errektoreordetzaren urteko ebazpenean jasota egon beharko dira.

Unibertsitateko espezialistaren titulu bereki batean gainditutako ECTS kredituak ezin izanen dira aitortu unibertsitateko espezialistarekin lotura zuzena duen graduko ikasketetan, zeharkako gaitasunak izan ezean eta 6 ECTS gehienez.

BIGARREN KAPITULUA

Zuzendaritza eta irakaskuntza

30. artikulua. Zuzendaritza Akademikoa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duen eta arduraldi osoan dagoen irakasle doktore baten esku egonen da ikasketa berekien Zuzendaritza Akademikoa. Salbuespen gisa, ikasketa berekien gaietan eskumena duen errektoreordetzak aukera izanen du lotura iraunkorrik gabeko arduraldi osoko irakasle doktore bat Zuzendaritza Akademikoaren arduradun izendatzeko.

2. Zuzendaritza Akademikoak aukera izanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen artean koordinatzaile bat izendatzeko.

3. Kanpoko erakunde batekin lankidetzan arituz gero, aukera egonen da zuzendarikide bat izendatzeko, zeina izaten ahalko baita beste unibertsitateren batekoa, profesional prestigiotsu bat, arlo sozialeko eta enpresa-arloko erakundeetako edo entitateetako langilea bat edo beste administrazio batzuetako kide bat.

4. Zuzendariak eta/edo koordinatzaileak jasoko duten ordainsaria finkatzeko datu hauek hartuko dira kontuan: zein eginkizun dituzten eta eginkizun horiek egiteko zenbat ordu lan egin behar duten. Gero, behar den nominan ordainduko da.

Errektoretzaren ebazpenaren bidez, Ikasketa Batzordeari entzun ondoren, urtero finkatuko da zer konpentsazio ekonomiko jaso daitekeen gehienez arduraldi ordu bakoitzeko.

5. Hauek dira Zuzendaritza Akademikoaren eginkizunak:

a) Ikasketa berekia ezartzeko edo berritzeko proposamena egitea indarrean dagoen araudiaren arabera onetsia izan dadin. Proposamena egin duten organoekin eta balizko unibertsitate, entitate edo erakunde publiko edo pribatu laguntzaile batzuekin interakzioan aritzea, eta zuzendarikide edo koordinatzaile figurak izendatzea eta koordinatzea.

b) Ikasturte bakoitzean behar den informazio eguneratua prestatzea ikasketen publizitatea eta ikasleen matrikulazioa errazteko.

c) Irakaskuntzaren programazioa eta doikuntzak planifikatzea, argitaratzeko irakaskuntza-gidak prestatzea eta irakasleak proposatzea, 31. artikuluan jasotako jarraibideei jarraituz eta bateraezintasun araubidea kontuan hartuta.

d) Ikasketetan sartzeko baldintzak eta onartzeko irizpide espezifikoak proposatzea, eta izena eman duten pertsonen onarpena proposatzea.

e) Araudi honen araberako kreditu-aitorpenak ezartzea eta gauzatzea.

f) Ikaslearentzako harrera eta orientazio akademikoa ikastaroan zehar.

g) Ikastaroaren irakaskuntza eta edukiak koordinatzea, ikasketa-amaierako lanen defentsak barne, eta, hala badagokio, kanpoko praktiken koordinazioa ere bai. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen artean izendatzea nor izanen diren titulua egituratzen den modulu bakoitzeko arduradunak. Pertsona horiek ezarritako aldietan ebaluazioaz eta aktak sinatzeaz arduratuko dira, eta zuzendaritzari laguntzen ahalko diote atal honetako eginkizunetan.

h) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Sistema ezagutzea eta betetzen dela zaintzea. Kalitate prozesuen emaitzak jaso eta aztertzea, batez ere ez dutela eraginkortasunik edo ez dutela behar bezala funtzionatzen ikusiz gero, eta azken balorazioa egitea, hobetzeko proposamen eta guzti.

i) Ikastaroa egin bitartean sortzen diren gorabehera akademikoak artatzea eta konpontzea.

31. artikulua. Ikasketa berekietako irakasleak.

1. Ikasketa berekietako irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta beste unibertsitate batzuetako irakasleak izanen dira, lehentasunez doktoreak. Irakastorduen %25 gutxienez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek edo teknikariek, kudeaketako langileek, eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek emanen dituzte, edo haien parekoek. Irakastorduen %10 gutxienez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle doktoreek emanen dituzte. Azken betekizun hori ez da aplikatuko Zuzendaritza Akademikoak hala eskatzen badu, justifikatutako arrazoiengatik.

2. Aurreko atalean ezarritakoa ez zaie aplikatuko 10 ECTS kreditu baino gutxiago dituzten eta kanpoko profesional adituak behar dituzten ikastaroei.

3. Gehienez ere 100 irakastordu emanen dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek ikasketa berekietan ikasturte bakoitzeko.

4. Ikasketa berekiaren izaeraren arabera, irakaskuntzan parte hartzen ahalko dute Unibertsitatekoak ez diren beste hainbat ikertzailek edo profesional adituk, herrialdekoak edo atzerritarrak, hitzaldiak edo/eta mintegiak emanez, 2. artikuluan ezarri diren ikasketa berekien mota bakoitzean.

Unibertsitatetik kanpokoak izanik ere, gai batean adituak diren profesionalek lankidetza izan dezakete unibertsitatearekin, eta Unibertsitatearekiko harreman administratiboa izanen dute, kontratu publikoei buruzko foru araudiarekin bat etorriz, baina horrek ez du ekarriko lan loturarik Unibertsitatearekin.

5. Ikasketa berekietan parte hartzen duten irakasleek bateraezintasunei buruzko arautegia bete behar dute.

6. Jabetza intelektuala jardueran parte hartzen duen irakasle bakoitzarena izanen da.

7. Errektoretzaren ebazpen bidez, Ikasketa Batzordeari entzun ondoren, urtero irakastordu bakoitzeko eta beste ordu batzuetarako (tutoretzak, azterketak...) jaso beharreko gehienezko konpentsazio ekonomikoa finkatuko da ikasketa berekietan irakasten duten Unibertsitateko langileentzat. Ikasketa berekietan parte hartzeagatik jaso beharreko ordainsaria nominaren bidez ordainduko da.

8. Ikasketa berekiak antolatzea eta kudeatzea Unibertsitate Gizarte Fundazioari dagokionean, ikasketak emateko beharrezkoa den kudeaketa ekonomiko-administratibo guztia eta langile-kudeaketa guztia bere gain hartuko ditu Fundazioak, baita laguntza emanen duten kanpoko profesionalak atzematea ere, irakaskuntza zuzendaritzarekin lankidetzan.

HIRUGARREN KAPITULUA

Ikasketa berekien kalitatea, finantzaketa, antolaketa eta kudeaketa

32. artikulua. Ikasketa berekien kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa.

1. Ikasketa berekien kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketa berekietarako ezarritako Kalitatea Bermatzeko Sistemaren arabera eginen dira.

2. Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Batzordea eta Batzorde Iraunkorra arduratuko dira ematen dituen ikasketa berekien tutoretza akademikoaz, kontrolaz eta jarraipenaz, bai zuzenean, bai beste erakunde batzuekin lankidetzan.

3. Kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa urtero eginen da, horretarako ezarritako prozeduren bidez.

4. Interes taldeen gogobetetzea aztertu ondoren kontrako jarraipen txostenik egonen balitz, hobekuntza-proposamenak aurkeztea eskatuko da, hurrengo ikasturtean berehala konpontzeko. Konponbidea emateko proposamenik ez bada, edo horiek eskasak direla uste bada, Ikasketa Batzordeak, Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Batzordeak proposaturik, Gobernu Kontseiluari emanen dio horren berri, hala behar izanez gero, ikasketa berekiarekin jarraitzeko baimena ez ematea erabaki dezan.

33. artikulua. Finantzaketa.

1. Ikasketa berekiek autofinantzatu egin behar dute, eta memoriaren azterketa ekonomikoan orekatuta egon behar dute diru-sarrerek eta gastuek. Hauek izan daitezke diru-sarrerak:

a) Prezio publikoen eskubide ekonomikoak. Matrikularen prezio publikoak ezarriko dira Gizarte Kontseiluak ezarritako gehienezko prezioaren arabera eta kostuen irizpideei eta eskariaren eta lehiakortasunaren gaineko eskakizunei erreparatuz, bai eta beste diru-sarrera batzuen eraginaren arabera ere.

b) Erakunde publiko nahiz pribatuen dirulaguntzak edo ekarpenak.

2. Beste erakunde batzuekin ikasketa berekiak egitea adosten denean, hitzarmen baten bidez jaso behar dira bi aldeen kontraprestazio ekonomikoak.

3. Salbuespen gisa, ikasketen garrantzia edo interes estrategikoa dela-eta, Unibertsitateak zilegi du, errektoreorde eskudunaren bidez, finantzabidearen parte bat bere gain hartzea, Unibertsitatearen diru-sarreren aurrekontu orokorraren kargura, bai eta defizita duten ikastaroak eman daitezela baimentzea.

4. Zilegi da beketara zuzendutako gastuen partida bat ikasketa bereki bakoitzaren aurrekontuan sartzea, betiere ikasketa berekiaren bideragarritasuna bermatuta. Bekak esleitzeko baldintzak onetsitako memorian jasoko dira.

5. Ikasketa bereki bat memoriaren azterketa ekonomikoan ezarritako gutxieneko matrikula kopurura iristen ez bada edo finantza-orekarekin bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko beharrezkoak diren dirulaguntzak lortzen ez baditu, unitate antolatzaileak, ikasketa berekia hasi baino lehen, ikasketa berekien arloko errektoreorde eskudunari eskatuko dio zuzendaritza akademikoarekin adostutako gastuak jaistea benetako diru-sarreretara egokitzeko, edo bertan behera uztea.

6. Ikasturtea amaitu ondoren, unitate antolatzaileak ikasketa berekien txosten ekonomikoa aurkeztuko du emandako ikasketa bakoitzaren xehetasunekin.

7. Aukera egonen da ikastaroren batean gerta daitekeen superabita artikulu honetako 3. apartatuan jasotako ikastaroen defizita ordaintzera bideratzeko, aldez aurretik errektoreordetza eskudunak baimena emanda. Ikasketa berekietan oraindik superabita badago, Unibertsitatearen edo Fundazioaren aurrekontuetara itzuliko da hori, bietako nor den unitate antolatzailea.

8. Salbuespen gisa, baldintza desberdinak ezartzen ahalko dira superabitaren xedean, kanpo-finantzaketarekin lankidetza-hitzarmen bat ezarri den ikastaroetan.

34. artikulua. Irakaskuntza, administrazio eta antolaketa kudeaketa.

1. Ikasketa berekien arloko errektoreorde eskudunari dagokio irakaskuntza mailako ebazpenak ematea, eta haien aurka gorako errekurtsoa jartzen ahalko da errektorearen aurrean.

2. Onartzeko eta matrikula egiteko prozedurak, bai eta administrazio tramite eta kudeaketako eta antolaketako beste edozein gai ere, kasu bakoitzaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitate Gizarte Fundazioko administrazio zerbitzuek kudeatuko dituzte.

3. Unibertsitate Gizarte Fundazioari eskatzen zaionean ikasketa berekien kudeaketa bere gain hartzea, Fundazioak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Unibertsitateko sail, ikastegi, ikerketa institutu eta beste organo batzuekin batera sustatzea eta lankidetzan jardutea ikasketa berekietako ikasketak eta jarduerak garatzen, eta haien zabalpena eta sustapena egitea bere ingurune sozioekonomikoan.

b) Gizartearen eskaria aztertzea, prestakuntza-behar horiek unibertsitateko komunitateari transferituz, erantzun arin eta malgua antolatu eta sustatzeko.

c) Ikasketa berekiak ezartzea eta/edo berritzea onesteko aurkeztutako dokumentazioa berrikustea, araudi honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuz, eta tituluen memorietan agertuko diren azterketa ekonomikoak egitea, zuzendaritza akademikoarekin koordinatuta. Zuzendaritza Akademikoari bere ikasketak planifikatzeko, garatzeko eta kudeatzeko gida praktikoak, kudeaketa ekonomikoko protokoloa eta aplikatu beharreko gainerako arau edo jarraibideak prestatzen laguntzea.

d) Agindu zaizkion ikasketa berekien antolamendua, administrazio kudeaketa eta kudeaketa ekonomikoa gauzatzea. Titulu berekiaren kudeaketa ekonomiko eta aurrekontu kudeaketarekin zerikusia duten ekintza guztiak eginen ditu, ikasketa berekian lankidetzan arituko diren Unibertsitatetik kanpoko aditu profesionalen kontratazioa, laguntzeko langileen kontratazioa, ikasketen eta prestakuntza jardueren jarraipenak, baita haiei laguntza administratiboa ematea ere, eta oro har mandatua aurrera eramateko beharrezkoak diren guztiak. Hori guztia ikasketa berekiaren Zuzendaritza Akademikoarekin lankidetzan eginen da.

e) Egiaztatzea, Zuzendaritza Akademikoarekin batera, eta matrikula egin eta dagokion titulua eman aurretik, ikasketa berekietan izena ematen dutenek betetzen dituztela ikasketa horietan sartzeko eskatzen diren baldintzak.

f) Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Sistemaren prozesuak etengabe hobetzen laguntzea.

g) Unibertsitatearen ikasketa berekiak sustatzea, kokatzea eta zabaltzea.

h) Ikasketa berekien arloan eskumena duen errektoreordetzari informazioa eta aholku ematea enkargatuta dituen ikasketa berekien garapenari buruz.

i) Unibertsitateak prestakuntza jarraituko estatuko sare nagusiekin lotuta jarrai dezala bermatzea, esperientzia berritzaileen trukea eta ikaskuntza ahalbidetzeko.

j) Arlo horretan eskumena duen errektoreordetzarekin lankidetzan, prestakuntza jarraitua aztertu, garatu eta hobetzeko ekimen berritzaileak sustatu eta bultzatzea.

k) Beharrezko urteko txostenak egitea.

l) Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Batzordean eta Batzorde Iraunkorrean parte hartzea eta ezarritako eginkizunak betetzea.

m) Gobernu Kontseiluak eskuordetzen dion beste zeinahi eginkizun.

35. artikulua. Tituluak eta ziurtagiriak.

1. Interesdunek eskaturik eta dagozkien prezioak aldez aurretik ordainduta, Unibertsitateak behar den titulu, ziurtagiri edo mikroegiaztagiria eginen du.

2. Tituluak, ziurtagiriak edo mikroegiaztagiriak Unibertsitateak ikasketa berekietarako duen Erregistroan jasoko dira. Halaber, titulua egiteko unean, kalifikazioen ziurtagiria ere emanen da.

3. Indarrean den araudiarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak, Ikasketa Batzordeak eskatuta, zilegi du titulu berekien inskripzioa egitea Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan, bai jendaurreko informazioari begira, bai egon daitezkeen aitorpen akademikoei begira.

4. Unibertsitatean gordeko dira titulu bereki bakoitzaren datuak, behin betiko matrikulaturiko ikasleen zerrenda eta ebaluazio akta.

5. Modulutan antolatutako ikasketa berekietan, ikasleak egin eta gainditu duen maila altueneko ikasketaren titulua edo ziurtagiria lortzen ahalko du, ez besterik.

6. Beste unibertsitate batzuekin egindako hitzarmenen arabera ematen diren ikasketa berekiek titulu bereki bateratuak ematea ekar dezakete, dagokion hitzarmenean adierazitako baldintzetan.

36. artikulua. Ikasketa berekien arloko ebazpenak.

Errektoreak edo gai horretan eskuduna den errektoreordetzak emandako ebazpen baten bidez, Ikasketa Batzordeak proposatuta, urtero aurreko ikasturtearen hasieran hauek onetsiko dira: ikasketa berekien proposamenak egiteko egutegia, ikasketak emateagatik jasoko den ordainsaria, Zuzendaritza Akademikoaren eta, hala badagokio, koordinazio eginkizunen ordainsaria, eta beste jarduera batzuek sortutakoak, hala nola tutoretzak, proiektuak eta azterketak.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ikasketa berekien arloko errektoreorde eskudunari eskumena ematen zaio bertan jasotzen ez diren gaiak ebazteko, bai eta araudi honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarraibide guztiak emateko ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Indargabetuta geratzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa berekien arauak, Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 29an erabaki baten bidez onetsiak.

2. Indarrik gabe geldituko dira araudi honetan xedatutakoaren kontraesanekoak edo kontrakoak diren maila bereko edo txikiagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Titulu bereki berriak ezartzeko eta berritzeko memoriek nahitaez izan behar dituzten edukiak

1.–Tituluaren deskribapena eta justifikazioa.

1.1. Deskribapena.

1.2. Tituluaren interesaren justifikazioa.

2.–Prestakuntzako prozesuaren eta ikaskuntzako prozesuaren helburuak.

2.1. Tituluaren prestakuntza-helburu nagusiak.

2.2. Tituluaren ikaskuntzaren emaitzak.

2.3. Ikasketaren xede diren egresatuen profilak.

3.–Sarbidea, onarpena eta aitorpena.

3.1. Sartzeko profila.

3.2. Onartua izateko betekizunak eta irizpideak.

3.3. Kredituak aitortzeko prozedura (hala badagokio).

3.4. Ikasketa berekietako ikasleen eta harrera-ikasleen mugikortasuna antolatzeko prozedura (hala badagokio)

4.–Ikasketen plangintza.

4.1. Ikasketen oinarrizko egitura.

4.2. Irakaskuntzako jarduerak eta metodologiak.

4.3. Ebaluazio sistemak.

4.4. Programaren hasieraren eta amaieraren egutegia.

5.–Kolaboratzaileak.

5.1. NUPeko kolaboratzaileak.

5.2. Kanpoko kolaboratzaileak.

5.3. Kolaboratzaileen laburpen taula.

5.4. Moduluen arduradunen laburpen taula.

5.5. Irakaskuntzan laguntzeko langileak (hala badagokio).

6.–Baliabide materialak, azpiegiturak eta zerbitzuak.

7.–Kalitatearen barne bermerako sistema.

7.1. KBSZ/KBBSaren egitura.

7.2. Oinarrizko adierazleak.

8.–Azterketa ekonomikoa.

8.1. Ikasle-kopurua.

8.2. Bideragarritasun ekonomikoaren azterketa: Unibertsitatearen gastu orokorrak jasotzeko canona jaso beharko du. Gastu horiek gehienez ere diru-sarrera guztien %10eko balioa izanen dute.

9.–Beste ohar batzuk.

10.–Data eta zuzendaritza akademikoaren sinadura.

II. ERANSKINA

Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko eta berritzeko proposamenak izapidetzea

1. Titulu berekiak lortzera bideratutako ikasketa berekien proposamenak ikasketa berekien arloko errektoreorde eskudunaren ebazpenaren bidez urtero ezartzen diren epeen barruan aurkeztuko dira. Ebazpen horretan, epez kanpo proposamen berriak aurkezteko aukera jaso beharko da, epez kanpo aurkeztea justifikatzen duten arrazoiak daudenean.

2. Titulu bereki berri bat ezarri behar denean, memoriak I. eranskinean adierazitako edukiak jasoko ditu. Errektoreordetzak memoriaren balorazioa eginen du, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak edo dagokion administrazio-unitateak indarreko araudira egokitzen dela eta azterketa ekonomikoa egin dela berrikusi ondoren.

Memoriekin batera, proposamena egin duen unitatearen edo unitateen aldeko txostena aurkeztu beharko da: ikastegia, saila, errektoreordetza edo ikerketa-institutua.

3. Balorazioa egin ondoren, memoria Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeari igorriko zaio.

Prestakuntza jarraituko master bat ezarri behar denean, Ikasketa Batzordeari memoria bidali aurretik, ikasketa berekien arloko eskumena duen errektoreordetzak memoria igorriko dio Unibertsitateko Ikasketa Berekien Kalitatea Bermatzeko Batzordeari, nahitaezko aginduzko txostena egin dezan.

4. Azken bi ikasturteetako batean emandako titulu bereki bat berritu behar denean, ez da beharrezkoa izanen memoria aurkeztea.

Berritzeko eskaeran aldaketak sartzen badira titulu berekiaren izendapenean, ikasketa-programan edo finantzaketan, proposamen bat aurkeztu beharko da, zeinak onetsitako azken memoria jasoko baitu, proposatzen diren aldaketak zehazten dituena.

Berritzeko eskaerekin batera, proposamena egin duen unitatearek edo unitateek egindako aldeko txostena aurkeztu beharko da, hau da, ikastegiak, sailak, errektoreordetzak edo ikerketa-institutuak egindako aldeko txostena.

5. Ikasketa Batzordeak proposamen bakoitzaren txostena eginen du. Txostena kontrakoa bada, edo aldekoa izanda ere baldintza jakin batzuk betetzera behartzen badu, erabaki hori arrazoitu egin beharko du, eta proposamena egin duenari zehaztutako epean zuzentzeko eskatuko dio.

6. Ikasketa Batzordearen txostena ikusirik, errektoreorde eskudunak titulu berekien eskaintza onartzeko proposatuko dio Gobernu Kontseiluari.

Titulu berekiak lortzera bideratuta ez dauden ikasketak ezartzeko eta berritzeko proposamenak izapidetzea:

1.–Titulu berekiak lortzera bideratuta ez dauden ikasketa berekien proposamenak ikasturtean zehar aurkeztuko dira.

2.–Prestakuntza jarraituko ikastaro berri bat edo aurrekoez bestelako ikasketak ezarri behar direnean, memoriak I. eranskinean adierazitako edukiak jasoko ditu.

3.–Azken bi ikasturteetako batean emandako prestakuntza jarraituko ikastaro bat edo aurrekoez bestelako ikasketa bat berritu behar denean, ez da beharrezkoa izanen memoria aurkeztea.

Berritzeko eskaeran aldaketak egiten badira izendapenean, ikasketa-programan edo finantzaketan, proposamen bat aurkeztu beharko da, zeinak, azken edizioko txosten ekonomikoaz gain, onetsitako azken memoria ere jasoko baitu, proposatzen diren aldaketak zehaztuta.

4.–Berritu beharreko memoriekin batera, proposamena egin duen unitateak egindako aldeko txostena aurkeztu beharko da, hau da, dagokion ikastegiak, sailak, errektoreordetzak edo ikerketa-institutuak egindako aldeko txostena.

5.–Ikasketa berekietan eskumena duen errektoreordetzak proposamena baloratu eta, hala badagokio, onartu eginen du, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak edo dagokion unitate administratiboak proposamena indarrean den araudira egokitzen dela eta azterketa ekonomikoa egin dela berrikusi ondoren, eta aurkeztutako proposamenen berri emanen dio urtero Ikasketa Batzordeari.

Iragarkiaren kodea: F2306510