99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116E/2023 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tebas-Muru Artederretako udal mugartean aglomeratu asfaltikoa egiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Asfaltos de Biurrun SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 69E/2023 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 16.7 taldean.

2023-03-06an, titularrak baimenduak dituen baldintzen aldaketa eskatu du. Zehazki, eskatu du 1. eta 2. fokuetako partikulen guztizko emisioen muga-balioak aldatzea, bai eta 1. fokuaren kanpoko kontrolen maiztasuna ere.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa horiek berrikusi ditu, eta ondorioztatu du bigarrena, kontrolen maiztasunari buruzkoa, onargarria dela autokontrolerako prozedura alternatibo bat ezarriz gero. Emisioen muga-balioei buruzko aldaketa, ordea, ezin da onartu, honako arrazoi hauengatik:

–Partikulen guztizko emisioen muga-balioari dagokionez: 1. fokuak mahuka-iragazkiak ditu. Mahuka-iragazkiak oso ezagunak dira industrian, partikulen emisioak tratatzeko sistema gisa, eta haien eraginkortasuna oso ezaguna da; izan ere, Europako erabaki batzuek 5-10 mg/Nm³ inguruko muga-balioak ezartzen dituzte emisioetarako. Beraz, iragazki horiek, behar bezala erabili eta mantenduz gero, nahikoak izan behar dute 20 mg/Nm³-ko muga-balioa betetzeko, baita txikiagoak ere. 2. fokuari dagokionez, instalazio honetarako kutsatzaile kritikoa ez denez, 50 mg/m³N balioa aplikatzen da, balio hori aplikazio orokorreko muga gisa ezarrita baitago urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren 3. eranskinean.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tebas-Muru Artederretako udal mugartean aglomeratu asfaltikoa egiteko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Asfaltos Biurrun SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Asfaltos de Biurrun SAra eta Tebas-Muru Artederretako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2306085