99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112E/2023 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko esnetarako behi aziendaren ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat biltzen dituen instalazio batean. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago, eta Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira haren titularrak.

Jadanik baden instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emana, esnetarako behi aziendaren ustiategi baterako eta hondakin organikoen biometanizazio zentro baterako, eta geroago aldatu zena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 27ko 1383/2021 Ebazpenaren bidez.

2017ko apirilaren 25ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzea eskatu zuen, proiektu bat egin ahal izateko. Proiektu horretan, honako hauek instalatu nahi dira: hondakin likidoetarako biltegi bat, zikloi-edukiontzi bat, bi pasteurizazio tanga, edukiontzi elektriko bat, Schumann motako bi biltegi, biogasa desulfuratzeko tanga bat, deskargatzeko eremu bat, harrera-tanga bat eta kogenerazio motor bat. Horrez gain, bulegoak eta bero-trukagailuak handitu nahi dira.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2017ko abenduaren 19an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa izan ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

2019ko martxoaren 8an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzea eskatu zuen, proiektu bat egin ahal izateko. Proiektu horretan, honako hauek instalatu nahi dira: hondakin likidoetarako biltegi bat, zikloi-edukiontzi bat, bi pasteurizazio tanga, edukiontzi elektriko bat, Schumann motako bi biltegi, biogasa desulfuratzeko tanga bat, deskargatzeko eremu bat, harrera-tanga bat eta kogenerazio motor bat. Horrez gain, bulegoak eta bero-trukagailuak handitu nahi dira.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea esnetarako behi aziendaren ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat biltzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago, eta Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira haren titularrak. Aldaketa horren xedea da proiektu bat egin ahal izatea, zeinetan hondakin likidoetarako biltegi bat, zikloi-edukiontzi bat, bi pasteurizazio tanga, edukiontzi elektriko bat, Schumann motako bi biltegi, biogasa desulfuratzeko tanga bat, deskargatzeko eremu bat, harrera-tanga bat eta kogenerazio motor bat instalatu nahi baitira, eta, horrez gain, bulegoak eta bero-trukagailuak handitu. Instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena aldatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen II. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Aldaketa abiatu aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bosgarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa, lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak azalduz.

–Ebazpen honen II. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, zeinetan adierazten baitu ezen baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela, gehienez ere bost urteko epean.

–Ebazpen honen IV. eranskinean adierazitako txosten teknikoa, UNE-EN 17025 arauari jarraituz baimendutako saiakuntza laborategi batek emana.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

Seigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hibridación Termosolar Navarra SLra, Valle de Odieta SCLra, Caparrosoko Udalera, Refresco Iberia SAra, Greenpeacera, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera eta Babes Zibileko Zerbitzura.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2305726