99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43/2023 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Corellako udal-mugartean dagoen "Guardian" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren onura publikoa zehazki deklaratzen duena.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 26ko 81/2022 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman zitzaizkion Suno Energía 5 SLri, Corellako udal-mugartean "Guardian" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eraikitzeko (5005-CE espedientea).

2023ko urtarrilaren 2an, Suno Energía 5 SLk onura publikoa zehazki deklaratzeko eskatu zuen Corellako udal-mugarteko 17. poligonoko 188., 189. eta 190. lurzatietarako, instalazio elektriko horren ebakuazio-azpiegiturek ukituko baitituzte.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aurreko eskaera, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda barne, jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunez, iragarkia argitara emanda 2023ko 18. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 26koan, 2023ko urtarrilaren 27ko Diario de Navarran eta Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia bidali zitzaion Corellako Udalari, iragarki-taulan jar zezaten jendaurrean, eta espedientean jasota dago egintza hori egiaztatzen duen eginbidea.

Jendaurreko epea amaitu da eta ez da alegaziorik jaso.

Abenduaren 13ko 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluak honako hau xedatzen du:

Edozein unetan, onura publikoaren deklarazioaren eskatzaileak libreki hitzartzen ahalko du beharrezko ondasun eta eskubideen titularrekin ondasun eta eskubide horiek eskuratzea elkarrekin ados jarrita. Instalazioaren onura publikoa deklaratzen denean, akordio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako izaera eta ondorioak hartuko ditu, eta, beraz, horrek desjabetze espedientearen amaiera ekarriko du. Kasu horietan, onura publikoaren deklarazioaren onuradunak eskatzen ahalko dio agintari eskudunari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 59. artikuluan ezarritako mekanismoa aplikatzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatu du instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzea eta Suno Energía 5 SL enpresa aitortzea onuradun gisa desjabetze-espedientean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze-espedientean.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Suno Energía 5 SLri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau Corellako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 5ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2305669