99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

182/2023 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, ezartzen duena Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa abian jar dadila.

Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa arauturik dago Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen IX. tituluan, zeina foru lege horretan txertatu baitzen Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzeko uztailaren 1eko 20/2022 Foru Legearen 1. artikuluaren 32. zenbakian xedatutakoarekin bat.

Halaber, aipatu 20/2022 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezartzen da ezen foru legeak indarra hartu eta gehienez ere 9 hilabeteko epean jarriko dela abian Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa, eta hartan kontratuen inskripzioa egitea posible izanen dela; horretarako, etxebizitza arloan eskumena duen zuzendari nagusiak eman beharko du erregistroa abian jartzeko onespena, ebazpen bidez, eta ebazpen horrek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Laugarren xedapen iragankorrak ezartzen duenaren arabera, argitalpen horrek emanen dio hasiera egun horretan indarrean diren errentamendu kontratuak inskribatzeko epeari, zeina gehienez ere hiru hilabetekoa izanen baita.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa abian jartzeko datatzat ezartzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna.

2. Adieraztea inskripzioa egiteko berariazko eskabidea https://www.navarra.es/eu/tramiteak helbidean egonen dela eskuragarri, bai eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren webgunean ere (https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/).

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen Hedapenerako eta Ikuskapenerako Zerbitzura, Etxebizitza Zerbitzura eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko martxoaren 30ean.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2305301