99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

131/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2023ko apirilaren 28rako iragarritako legezko lanuzte orokorraren deialdia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen arloan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena.

Nafarroako Lanaren Konfederazio Nazionala erakundeak legezko lanuzte orokorrerako deialdia egin du apirilaren 28rako, lan txanda bakoitzeko 3 ordukoa, ordu-tarte hauetan:

–3:00etatik 6:00etara.

–11:00etatik 14:00etara.

–14:00etatik 17:00etara.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Gizarte zerbitzuen arloan, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta eguneko arretarako zentroak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute gizarte-larrialdietan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutako behar guztiak estaltzekoak, eta jarduera horiek ukituak gertatzen ahal direla greba orduetan.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Azkenik, Departamentuko Erregistroa zainduko duen pertsona bat egotea ere aurreikusten da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Estatuko araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko prozedurari buruzko foru araudiak herritarren eskaerak aurkezteko aitortzen duten eskubidea erabiltzen ahalko dela bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen eskumenen esparruko gutxieneko zerbitzuen proposamena Funtzio Publikoak igorri zion Greba Batzordeari, eta apirilaren 24an batzordeak bere ekarpenak igorri dizkigu, orokorrak. Haien ustez, gehiegizkoa da, arau orokor gisa, jaiegunetan behar izaten den langile kopuru bera ezartzea, baina horrek ez du esan nahi hutsaltzen direnik foru agindu honen azalpen zatian adierazitako erabiltzaileen eskubideetan kalterik ez dagoela bermatuko duten gutxieneko langile horiek behar izateko alegatu diren arrazoiak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2023ko apirilaren 28rako deitutako greba orokorra dela-eta, zeina, zehazki, 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 17:00etara bitarteko ordu tarteetan egiteko iragarri baita, grebarako eskubidea baliatzean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira gizarte zerbitzuen arloan:

A) Zentroen eremuan:

Adinekoei egoitza-arreta emateko Lizarrako Santo Domingo zahar etxean eta Iruñeko El Vergel zahar etxean, desgaitasuna duten pertsonei arreta integrala emateko Iruñeko San Jose zentroan eta Lur Gorri tutoretzapeko etxebizitzan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzeko asmoz, zehazki, zainketa pertsonalari, elikadurari, komunikazioari, joan-etorriei eta kontrol eta babesari loturiko arloetan (alde batera gelditzen dira, beraz, programei eta aisialdiari loturiko jarduerak), gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira:

–Jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

B) Departamentuaren egoitzan (González Tablas kaleko 7. zenbakian):

Pertsona batek nahitaez egon behar du Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Erregistro Orokorrean.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau egun horretan zerbitzua emateko izendatutako langileei, Greba Batzordeari eta Afera Sindikalen Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 25ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2306550