99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko esparruan, 2023ko apirilaren 28rako iragarrita dagoen lanuzte orokorrerako deialdia dela eta.

CGT-LKN sindikatuak lanuzte orokorrerako deialdia egin du 2023ko apirilaren 28rako, Nafarroako enpresa guztietako langile guztiei eraginen diena 3 orduz, zehazki, 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara edo 14:00etatik 17:00etara.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoz sostengatutako ikastetxe eta bulegoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela lanuztea egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2023ko apirilaren 28an ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, lanuztean parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin dezaten.

Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2023ko apirilaren 28rako iragarrita dagoen 3 orduko lanuzte orokorrerako deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Zaintzaile bakarra edo hezkuntza-laguntzako espezialista bakarra dagoen ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak betetzea hari egokituko zaio, eta horrelako langile gehiago dauden ikastetxeetan, zaintzaileen edo hezkuntza-laguntzako espezialisten plantillako %50i.

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta, hala bada, zer zaintzaile edo zer hezkuntza-laguntzako espezialista arituko diren.

b) 1.–Eskola-garraioa: Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu bat onetsiko du gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, eskola-garraioaren zerbitzu guztiak mantenduta.

2.–Eskola-jantokiak: eskola-garraio osoa bermatzen denez, beharrezkoa da garraiatutako ikasleei jantokiaren zerbitzua bermatzea eskualdeko ikastetxeetan. Hori dela eta, bi alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

2.1. Elikadura zerbitzua: gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da elikadura zerbitzua eskualdeko eskola-jantokietan, bai garraiatutako ikasleentzat bai zaintzaileentzat.

2.2. Zaintzaileak: jantokia duten eskualdeko ikastetxeetan, jantoki-zaintzaile batzuek egon beharko dute, ikastetxeak ratio hauen arabera hautatuko dituenak:

–Haur Hezkuntzako ikasleentzat: zaintzaile bat 25 ikasleko.

–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat: zaintzaile bat 30 ikasleko.

–Gainerako ikasleentzat: zaintzaile bat 50 ikasleko.

c) Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskoletan:

–Zuzendaria.

–Hiru haur-hezitzaile.

–Sukaldari bat.

d) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Langile horien lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau CGT-LKN sindikatuari jakinarazteko agintzea, eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, Hezkuntza Departamentuari atxikitako haur eskolei eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoari, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuari, Haur Eskolen Zerbitzuari eta Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari.

Iruñean, 2023ko apirilaren 26an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2306592