99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 28koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana. Horren bidez gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean egiten den errepideko bidaiari-garraio erregularrerako 2023ko maiatzaren 5eko 00:00etatik 2023ko maiatzaren 6ko 23:59ra arte deitua dagoen greba dela eta.

ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek greba deialdia egin dute Nafarroan errepideko bidaiari-garraioaren sektorerako, 2023ko maiatzaren 5eko 00:00etatik 2023ko maiatzaren 6ko 23:59ra.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba-deialdia dela eta, Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraio erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenez baliatuz.

Horregatik, ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek 2023ko maiatzaren 5eko 00:00etatik 2023ko maiatzaren 6ko 23:59ra egindako greba-deialdia dela eta, proposatzen da behar den foru aginduaren bidez ezar daitezela Nafarroako Foru Komunitatean errepideko erabiltzaile guztientzako garraio erregularraren eta erabilera mugatuko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, aurreko deialdien ezaugarriak eta deialdi horietan ezarritako gutxieneko zerbitzuak aztertu dira aldez aurretik. Horrela, deialdi hauetan aurkitzen ditugu aurrekariak:

–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 5eko 550/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 46/2009 Foru Agindua.

–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 43/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urtarrilaren 20ko 13/2011 Epaiak ez zuen onartu 43/2010 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 5/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 214/2011 Epaiak aipatu foru agindua berretsi zuen.

–2012ko irailaren 26rako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 41/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko ekainaren 8ko Epaiak ezetsi zuen ELA sindikatuak aurkeztutako errekurtsoa.

–2013ko maiatzaren 30erako (00:00etatik 24:00ak bitarte) greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 72/2013 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 8/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–2019ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren otsailaren 28ko 17/2019 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.

–Greba orokorrerako deialdia, 2020ko urtarrilaren 30eko lanaldian, 00:00etatik 24:00etara, ELA, LAB, ESK eta STEE/STEE-EILAS sindikatuek aurkeztua. Lurralde Kohesiorako kontseilariaren urtarrilaren 17ko 2/2020 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko ekainaren 8ko Epaiak ezetsi zuen ELA sindikatuak 2/2020 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.

Orobat, deialdi honetako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da grebaren lehen eguna –2023ko maiatzaren 5a, alegia– ostirala dela, eta, hortaz, laneguna eta eskola-eguna denez, deialdiak eraginen diela bai erabiltzaile guztientzako garraio erregularrari, bai eta eskola umeentzat egiten den erabilera mugatuko garraio erregularrari ere. Grebaren bigarren eguna, berriz, larunbata da (2023ko maiatzaren 6a); laneguna bai, baina eskola-eguna ez denez, erabiltzaile guztientzako garraio erregularrari eraginen dio.

Erabiltzaile guztientzako garraio erregularrean izanen duen eraginari dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu hori ematen duten 37 garraiobideren titulartasuna daukala.

Kontzesio horien ustiapen datuen arabera, kalkulatzen da urtean zehar 122.638 espedizio egiten direla, 1.997.490 bidaiari garraiatuz. Esan bezala, maiatzaren 5a, ostirala, laneguna eta eskola-eguna da, eta horrelako egunetan 6.500 lagun inguruk erabiltzen dituzte guztientzako hiriarteko garraio erregularreko zerbitzuak beren joan-etorrietarako. Maiatzaren 6a, larunbata, berriz, laneguna da, baina ez eskola-eguna, eta horrelako egunetan, bada, 6.500 lagun inguruk erabiltzen dituzte guztientzako hiriarteko garraio erregularreko zerbitzuak.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako egin beharreko joan-etorri horiei behar bezala erantzuteko.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da, orobat, grebak errepideko bidaiari-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik. Greba horrek garraio zerbitzu horretan bakarrik izanen du eragina; hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, garraio publikoan joan-etorriak egiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greban ere, greba orokor batean ez bezala.

Orobat, kontuan hartu da, ostiraletan (laneguna eta eskola-eguna) 706 espedizio egiten direla. Egun horretan, joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen dira, hala nola osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkieke erabiltzaileei eta, bereziki, ibilgailu partikularrik gabeko jendeari, adinekoei, mugikortasun murriztuko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe. Gainera, ostirala denez, jatorrizko herrietara itzultzeko joan-etorriak hartzen dira kontuan.

Bestalde, larunbatetan (laneguna bai, baina ez eskola-eguna) 403 espedizio egiten dira. Joan-etorriak lana, aisialdia, erosketak edo bestelako izapideak direla-eta egiten dira. Gutxieneko zerbitzuak ezartzean, halaber, kontuan hartu da, larunbatetan, lanegun eta eskola-egun baten aldean, joan-etorri gutxiago izaten direla, eta garraioa erabiltzeko arrazoiak desberdinak direla.

Horiek horrela, beste greba-deialdi batzuen aurrekariak eta haien ebazpen judizialak ikusita, baita deialdi honen ezaugarriak eta egin diren gogoetak era, honako hau jotzen da bidezkotzat:

–2023ko maiatzaren 5rako (ostirala), 00:00etatik 23:59ra, %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularrean. Nolanahi ere, bermatuko da egunero bidaia bana eginen dela joateko eta itzultzeko, kontzesio bakoitzean nahiz kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

–2023ko maiatzaren 6rako (larunbata), 00:00etatik 23:59ra, %30eko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularrean. Nolanahi ere, bermatuko da egunero bidaia bana eginen dela joateko eta itzultzeko, kontzesio bakoitzean nahiz kontzesio tituluan baimendutako trafiko guztietan.

Arestian aipatutako joan-etorriei eskola umeentzat erabilera bereziko garraio publikoaren zerbitzu erregularraren bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie, 2023ko maiatzaren 5erako.

Eskola umeentzako garraio zerbitzua hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa kontuan hartuz gero. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, Hezkuntza Departamentuak eskolara joateko garraiorako eskubidea onartzen die irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei, Lehen Hezkuntzakoei eta Bigarren Hezkuntzakoei) eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako ikasleei, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Bada, 2022-2023 ikasturtean, gutxi gorabehera 14.000 ikasle dira Hezkuntza Departamentuak kontratatutako eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleak (278 ibilbide busez eta 115, berriz, taxiz). Kopuru horri gehitu behar zaizkio eskola-garraioa derrigorrezko hezkuntzaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan edo titulartasun pribatuko ikastetxeetan erabiltzen dutenak, ikastetxe horietan ikasleen garraiorako zerbitzuak ez baititu Hezkuntza Departamentuak kudeatzen. Ikasturte honetan, eskola-garraiorako 327 baimen eman dira, joan-etorriak egiteko bai titulartasun publikoko ikastetxeetara bai titulartasun pribatuko ikastetxeetara.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Izan ere, sektore hori babesik gabe aurkitzen da adina dela-eta autonomia pertsonalik ez dutelako eta, orobat, ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten garraiobide alternatiboak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (espedizioak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularraren zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin da espediziorik murriztu; izan ere, ikastetxera joateko espedizio bakar bat egiten da, eta beste bat erabiltzaileak etxera itzultzeko. Ezinezkoa da, bestetik, ibilbideak elkartzea, ibilgailuak edukiaren arabera kontratatuta eta erabat okupatuta daudelako.

Hortaz, beharrezkotzat jotzen da etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzuei eustea. Irizpide hori bat dator erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularrarentzat hartutakoarekin, non, kontzesio bakoitzean, bidaia bat joateko eta beste bat etortzeko eta trafiko guztien estaldura bermatzen baitira; irizpide hori eskola umeen garraioari aplikatzeak berekin dakar zerbitzuei eustea.

Desgaitasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuari dagokionez, aurreko kasuetan bezala, kolektiboaren ezaugarri berezien araberako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira, beste inork baino babes handiagoa behar baitute.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira 2023ko maiatzaren 5eko 00:00etatik 2023ko maiatzaren 6ko 23:59ra Nafarroan deituta dagoen greban errepideko bidaiari-garraioaren sektorerako:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

–2023ko maiatzaren 5ean, ostirala, 00:00etatik 23:59ra: erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularreko zerbitzu-kontzesioetan: zerbitzuen %40.

–2023ko maiatzaren 6an, larunbata, 00:00etatik 23:59ra: erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularreko zerbitzu-kontzesioetan: zerbitzuen %30.

Gutxienez ere, kontzesio bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen da egunero. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

–Ikasleen garraioa: etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

–Desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak ikastetxeetara eta zentro okupazionaletara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei: ELA, CCOO, UGT eta LAB sindikatuei; Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasunpekoak izanik, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularraren zerbitzuak ematen dituzten enpresei; Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari; eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 28an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2306826