99. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

92/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 26koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak 2023ko apirilaren 28rako iragarritako greba orokorrerako deialdia dela eta.

Lanaren Konfederazio Nazionala (CGT) sindikatuak hiru orduko lanuzte orokorrerako deialdia egin du 2023ko apirilaren 28rako, zehazki, 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 17:00etara.

Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Larrialdi-egoerei erantzuteko ageriko arrazoiak direla eta, ezinbestekoa da Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzea. Izan ere, zerbitzu hori babes zibilaren arloko funtsezko zerbitzu publikoetako bat da, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen III. tituluan arautua dagoena, eta ezinbesteko bermea da larrialdi-egoerei aurre egiteko, espezializatuta dagoelako eta etengabe dagoelako erabilgarri.

Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,

AGINTZEN DUT:

1. 2023ko apirilaren 28rako iragarri den hiru orduko greba orokorrerako deialdia dela eta (zehazki, 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 17:00etara), honako hauek dira Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko gutxieneko zerbitzuak:

Barne Zuzendaritza Nagusia:

–Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuan:

  • Segurtasun arloko goi mailako 2 teknikari.
  • Prestakuntza eta Gainbegiratze Bulegoko burua.
  • Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.
  • Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazio Ataleko burua.
  • Goizeko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 7 operadore laguntzaile.
  • Arratsaldeko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 8 operadore laguntzaile.
  • Gaueko txandan, aretoko buru bat eta koordinazioko 4 operadore laguntzaile.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau Greba Batzordeari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Barneko Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko apirilaren 26an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2306551